|
ELA, LAB, EHNE, ELB, ESK, STEE
eta HIRU SINDIKATUEK KALERATUTAKO
AGIRIA ABERRI EGUNA DELA ETA
Aberri Eguna ELA,
LAB, EHNE, ELB, ESK, STEE/EILAS eta HIRU erakunde sindikalentzat esparru
desberdinetan ‹politika, erakundeak, kultura, gizartea, ekonomia‹ gure
herri nortasuna garatzeko konpromisoa berresteko aukera da. Halaber,
gure herria bere egitura instituzionala askatasunez erabakitzeko eskubidea
duen nor dela aintzat har dezaten eskatzeko unea ere bada. Aberri Egunak,
gainera, zein egoeratan ospatzen den aztertzea eskatzen digu, egoera
horren funtsezko ezaugarriak zehaztu eta, behar izanez gero, gure ekimena
aipatutako helburu haiek lortzeko moldatzearren.
Bistan da aurtengo
Aberri Egunaren testuingurua eta iazkoa ez direla berdinak. 1999an egoeran
«osagai berri eta itxaropentsuak» ageri zirela genioen: luzaz elkarrengandik
urrun, eta are, aurkako izan ziren indarrak elkarrizketari ekin eta
akordioak lortzen hasiak ziren; agortutako aro politiko batentzako aukera
berria itxuratzen ari zen, eta gure gizarteko zati handi batentzat Lizarra-Garazi
erresistentzia edota konformismoaren garaiak gainditzeko oinarri bilakatu
zen. ETAk su-eten aldebateko eta mugagabea deitu izanak itxaropena ematen
zion euskal gizarteari, eta Lizarra-Garaziko adierazpenaren inguruan
hasitako prozesuak garatzeko giro egokia zekarren.
Egiaztapen positibo
hauekin batera estatuen eta indar zentralisten jarrera mugigaitza aipatzen
genuen, baita egoera berriari erantzuteko agertzen zuten gaitasun eza
eta euskal gizartean sumina, zatiketa eta liskarra hedatzeko ahalegina
ere.
Urtebete igaro
delarik, egoera zailagoa da: estatuak eta indar zentralistek uko egiten
diote elkarrizketari eta konponbide demokratikoak lortzeko aukerari.
Gainera, areagotu egin dute irtenbide horien bila dabiltzanen aurkako
erasoa, eta errepresioa eta gizarteko sumina areagotuz erantzuten dute;
jokabide honen adierazpen bereziki larria da indarrean dagoen espetxe-politika,
legeria eta gizabide ororen aurkakoa. Bestalde, hasitako prozesua moteltzen
duten desadostasunak eta zailtasunak sortu dira Lizarra-Garaziko adierazpenarekin
bat egin duten indarren artean. Su-etenaren hausturak eta beste ekintza
bortitz batzuen jarraipenak osatzen dute, azkenik, egoera zail hori.
Horrek guztiak
bake eta konponbide demokratikozko prozesuaren hasierarekin fidaturik
ziren hainbat herritar eta sektoreren itxaropena ahuldu, eta are, honda
dezake. Baina erakunde sozial eta politikoei dagokie era honetako prozesu
batean beharrezko perspektibari eustea, eta gizarteak zailtasun nahiz
oztopoei eman beharreko erantzunaren aitzindari izatea. Une erabakigarri
hau aukera bilakatu eta oinarri zabaleko proposamenak lantzeko gai izan
behar dugu, egungo egoeraren mugak gainditurik dinamika berri batera
eramango gaituzten proposamenak, non Euskal Herriko herritarren borondatea
funtsezkoa izango den.
Halere, ez dezakegu
ibilitako bidea ahatz. Oso urrats garrantzitsuak egin ditugu, eta horiek
aintzat hartu beharra dago. Batetik, Euskal Herriko iparraldean departamenduaren
eta euskara hizkuntza ofizialtzat onartzearen aldeko aldarrikapenak
gero eta hedatuago daude; bestetik, hegoaldean indar soberanistek amaitutzat
eman dute indarra kentzen zien bakartze eta inkomunikazio aroa. Ondorioz,
adostasunak eta lankidetza prozesuak finkatu dira ‹hau, noski, hamalau
hilabetetan izan den aldebateko distentsio egoerak erraztu egin du‹,
azterketa ildoak zein lan-esparruak bateratzen hasi dira eta, batez
ere, eztabaidaren erdigunean kokatu dira euskal gatazkaren sakoneko
arazo politikoa eta Lizarra-Garaziko adierazpenak eginiko konponbide
demokratiko- rako proposamena. Estatuen eta indar mugigaitzen erantzuna,
ezkorra izateaz gainera, argigarria gertatu da. Urteetan bakearen eta
demokraziaren bidetik edozein proiektu politikoren alde egitea zilegi
zela esan arren, orain ez dira elkarrizketarako deia onartzeko gauza
izan, ideia eta proposamenak era demokratikoan eztabaidatzeari uko egin
diote, eta beren jardun politikoaren zein hedabide sistema erraldoien
zati handi bat Lizarra-Garaziko proposamena ezkutatu eta nahasteko erabili
dute. Gainera, proposamen horri eusten dioten indarrak deskalifikatu
eta politika nahiz gizarte mailan bakartzen saiatu dira.
Zalantzarik gabe, Lizarra-Garaziren aurkako eraso latz horrek bere mezua
azaldu eta hedatzeko ahaleginak, eta bere aldekoen artean abiatutako
lankidetza prozesuak eragotzi ditu. ETAk iragarritako aldebateko distentsio
epearen amaiak kanpoko zailtasunak areagotu egin ditu; ibilbide, proiektu
eta lan egiteko era oso desberdinak dituzten erakundeen arteko harremanak
eragiten dituen barne-zailtasunak erantsi behar dizkiogu horri. Baina,
era berean, zailtasun horiek prozesuan gertatzen diren oztopoak ulertzeko
lagungarri dira eta elkarrekin egindako urratsen balioa ere handitzen
dute.
Hori guztia dela medio, agiri hau sinatzen dugun erakunde sindikalok
Lizarra-Garaziko adierazpenean esandakoari eusten diogu, eta eutsi ere
han agertutako konponbide demokratiko prozesua garatzeko konpromisoari.
Beharrezkoa deritzogu, gainera, indar abertzaleek espazio demokratiko
bat finkatzeko ahaleginari, baita herritarren atxikimenduan oinarrituko
den burujabetza proiektua landu eta zehazteari.
Beraz, gure ardurari
dagokionez, manifestu hau sinatzen dugun sindikatuok beharrezko ikusten
dugu hutsegiteak zuzendu eta prozesuaren taxutze sozialean agertzen
diren hutsuneak osatzea. Gure aburuz, akordio eta proiektu politiko-instituzionalei
eman zaien erabateko lehentasunak eduki sozialak lausotu egin ditu,
eta erakunde sindikalak, beste talde batzuk bezalatsu, aski bazterturik
utzi ditu, proiektu eta akordio haiekiko bigarren mailako edo laguntzaile
huts bihurtuz. Agian erakunde sindikalok ez gara behar besteko kemenez
estrategia autonomoa garatzeko gauza izan, hots, ordezkatzen ditugun
kolektiboen ikuspegia, interesak eta lehentasunak argi islatzen dituen
estrategia, baita gatazka politikoaren konponbideari eta aukera instituzionalen
taxutze sozialari dagonez ere. Izan ere, taxutze sozial hau ezinbestekoa
da, euskal gatazkaren konponbide demokratikoak eta burujabetza-egitasmoak
aurrez aurre aurkitzen dituzten zailtasunak eta aurkako jarrerak gainditzeko
bide bakarra baitago: gizartearen gehiengoaren atxikimen- dua eta konpromisoa
erakartzea. Horregatik guztiagatik, 2000 urteko Aberri Eguna dela eta,
ELA, LAB, EHNE, ELB, ESK, EE/EILAS eta HIRU erakunde sindikalok honako
puntuak adierazi nahi ditugu:
- Euskal Herri
burujabean justizia eta elkartasunezko gizartea eraikitzeko konpromisoa
berretsi nahi dugu, eta dei egiten diegu gure erakundeak osatzen dituzten
emakume zein gizonei, baita langile guztiei lantegi horretan protagonista
izan daitezen.
- Helburuok lortzearren
lankidetza sindikala sakontzeko asmoa dugu, iritzi desberdinak gaindituz
eta prozesuan ager litezkeen arazoak konponduz; gauza bera eskatzen
diegu Lizarra-Garazirekin konpromisoa hartu duten indarrei.
- Lizarra-Garaziko
adierazpenarekiko atxikimenduari eusten diogu, euskal gatazkaren konponbide
demokratikoa lortzeko eta Euskal Herrian elkarbizitza baketsu eta
demokratikoa ezartzeko bide den aldetik.
- Halaber, gure
afiliatuei eta langile guztiei dei egiten diegu Udalbiltzak eta Iparraldeko
alderdi politikoek Aberri Egunerako luzatu dituzten deialdi bateratuetara
bil daitezen.
Gora Euskadi Askatuta!
Euskal Herrian 2000ko apirilaren 19an. 
|