|
EUSKAL PRESO POLITIKOEN AGIRIA
EUSKAL HERRIARI
Gertakizun zirimola izugarria izan da azken hileotan euskal presook,
euskal gizarte osoak bezala, bizi ahal izan duguna. Euskal Herriko
agente politiko, sindikal eta sozialek Lizarra-Garazin sinatutako
hitzarmena, Euskadi Ta Askatasunak euskal gizarteari eskainiriko
su-etena, "Bai euskarari!" euskararen aldeko kanpainaren
arrakasta, Bilbon euskal presoen eskubideen alde izandako manifestazio
jendetsua, Parisko kaleetan aldarrikapen berberagatik burututakoa,
Euskal Herriko Udalerrien ordezkarien Biltzarraren sorrera, Euskal
Departamenduaren alde Baionan buruturiko manifestazio haundia...
Urte luzetako borrokaz eta sofrikarioz, ezker abertzaleko kideekin
eta euskal herritar askorekin batera garatu dugun jardueraren
zuzentasuna baieztatzen dizkiguten hainbat eta hainbat gertakari
dira. Bistan da Euskal Herria urrats sendoz jarri dela abian.
Gu zuzen-zuzenean ukitzen gaituen
gaia izaki, euskal presoen eskubideen aldeko aldarrikapenaren
hedapena azpimarratu nahi dugu lehenik eta behin; are gehiago,
euskal preso politikooi buruz hainbeste mintzatzen den honetan
gure iritziak agertarazteko aukerak, behin eta berriro, zanpatzen
dizkigutenean.
Hiru urte baino gehiago pasa
dira, Euskal Herrian bilduak izan gaitezen eta gure eskubideak
errespeta ditzaten borrokan hasi ginenetik. Etengabeko borroka
honetan burututako gose grebek, txapeoek eta era guztietako ekintzek
kartzelaren eta kartzeleroen zigorra areagotzea zekarten arren,
gure borroka zuzena zela jakiteak eta gure oihuak euskal gizartean
jasotzen zuen gero eta oihar-tzun handiagoak sofrikario guztien
gainetik aurrera egiteko indarrak eman dizkigu.
Egun, Bilbon bildu den jende
erauntsiak ezinhobeto erakutsi du oihu hau zein ozena den, giltzapean
gauzkatenek belarriak estali eta begiak itxita ere ezkutatu ezin
dezaketena. Euskal Herriko erakunde ugariren atxikimenduaz gain
eta Euskal Herriko kaleetan egunez egun burutzen diren mobilizazioez
gain, Parisko kaleetara ere iritsi da aldarrikapen hau, 20.000
herritarren eta politikari ugariren sinaduraren babesean. Gaur
bertan, Bilbon burutzekoa den ekitaldiak ere ekimen horiek guztiek
eduki duten indarra izango duela espero dugu.
Presoon sakabanaketa politika
diseinatzerakoan jarrera aktiboa izan eta urte luzez politika
hori defendatu duten alderdiak ere lotu zaizkio aldarrikapen
honi. Ongi etorriak bitez. Bazen garaia. Baina hainbeste urte
eta gero, hainbesteko mina jasan ondoren, merkeegi egiten zaigu
diskurtsora mugatzen den atxikimendua. Borondatea ez baita hitz
soilez frogatzen, ez eta une zehatz bateko ekitaldiko argazkian
agertuz ere. Benetako borondateak egunez eguneko jarduera erabakiorra
eskatzen du.
Estatu espainiar eta fran-tziarrek
uko egiten diote Euskal Herriaren hitzari, euskal gizarteak herri
eta auzoetan egindako mobilizazioetan eta instituzio ani-tzen
adierazpenetan ezin gardenago adierazitako hi-tzari. Presook
sakabanatuta diraugu, jipoiek bere horretan iraun eta areagotu
ere egin dira, kondenaren hiru laurdenak beteta kalean egon beharko
luketen lagunek bahituta diraute, gure senideek milaka kilometro
egitera behartuta jarraitzen dute, eta errepideetan hiltzen segitzen
dute, euskal herritar gisa gure herrian egon eta beroni ekarpenak
egiteko oztopo guztiak ezartzen dizkigute. "Indarkeria"
hainbestetan aipatzen den honetan, bizi-bizian eta egunez egun
ezagutzeko zoritxarreko aukera dugu guk.
Penintsulatik kanpo zeuden kideak
penintsulara eramanez (hori bai, Euskal Herritik urrunen dauden
kartzeletara, gaitzerdi, zeren "ia-ia itsasoan erori baitzaizkien")
"keinua" egin duelakoan omen dago Estatu espainiarra.
Eskubideak direnak mailakatzerik balego bezala. Maiz esan dugun
gisara, merkantzia politikorako txanpon trukea besterik ez baikara
beraien-tzat, ezker abertzalea eta Euskal Herri osoaren ibilia
baldintzatzeko trukerako txanpona. Zein oker dabilen iruzur horretan
eroriko garela pentsatzen duena!
Estatu espainiarraren joku maltzurrak
Estatu fran-tsiarrarenean dauka segida. Parisen bertan entzun
behar izan zuen oihuari muzin eginez "Estatu espainiarraren
afera" gisara agertarazi nahi du euskal preso politikoon
gaia, eta aitzaki hori erabiltzen du sakabanaketari eusteko,
estradizioei segida emateko eta lagunak Espainiaratzen jarraitzeko.
Izan ere, Euskal Herriaren zapalkuntzarekin gertatzen den bezala,
Estatu espainiarrarekin eskuz esku joka-tzen baitu berak ere.
Kartzelak egunez egun ezartzen
digun oinazearen gainetik, ordea, pozik egoteko moduko uneak
bizi ditugu. Eta ez soilik euskal gizartearen gehiengo zabala
gure eskubideen alde agertu izanak arnas freskoa damaigulako.
Pozik eta itxaropentsu egoteko uneak badira, batez ere eta behingoz,
Euskal Herri askea eraikitzeko urrats sendoak egiten ari direlako
da.
Lizarra-Garaziko Hitzarmenaz
geroztik abiatu zen prozesuak Euskal Herriko Udal Ordezkarien
Biltza-rrean izan du segida. Ilusioz ikusi ditugu hitzez beren
buruak abertzaletzat jo eta ekintzez urte luzez espainiarrekin
batera aritu diren indar politikoak ezker abertzalearekin alboan
etorkizuneko Euskal Herri askearen oinarriak finkatzen. Lehen
aldiz, Euskal Herriak bere osotasunean biltzen duen egitura instituzionala
baitauka. Amesten eta desio dugun Euskal Herri aske horren lehen
zertzeladak ez ezik, zuhaitz oparoaren hazia ere izan dadila!
Bada hogei urte euskaldunok bizi
dugun egoeraren parekorik ezagutu ez dugula. Euskal Herriak eta
euskal herritarrok galdutako hogei urte. Izan ere, orain Euskal
Herriaren alde mugitzen diren indar horietako batzuek duela hogei
urte Estatu espainiarraren itxikeriaren aurrean amore eman zuten.
"Ezin da besterik egin" aitzakiarekin gure herriaren
interesei baino, norberaren interesei makurtu izan ez baitzaizkie,
oso bestelakoa litzateke gaur egungo egoera. Gutariko askok zuzenean
bizi izan genuen une hori, eta gutariko ba-tzuk hogei urteok
giltzaperaturik eman ditugu. Ez da atzera begiratzeko momentua,
begirada aurrera jartzekoa baino.
Ahoz aho dabilen hitza da "bake
prozesua". Eta bat egiten dugu geuk ere. Euskal Herriaren
eskubideen errespetuan oinarritutako bakea da betidanik bilatu
duguna eta horren alde borrokatu gara. Lagun askok bizia ere
eman du jardun horretan. Euskadi Ta Askatasunak su-eten mugagabea
aldarrikatu zuenean argi agertu zuen euskal gizarteari eta bertako
agente guztiei elkar hartzeko aukera eskaintzen ziela. Horri
heltzen gaitzaizkio gogoz eta borondatez: Euskal Herriak bere
izaera onartua eta hitza errespetatua izan dezan denok batera
aritzeko aukerari.
Estatu espainiarrak eman du bere
erantzuna: Euskal Herriak ez du hitzik, ez du eskubiderik. Bake
bakarra menpekotasunean oinarritutako da. Beste modu batera adierazita,
hizkuntzaren biribilketa egin eta "bakea" dioen tokian,
"guda" esan nahi du.
Ez da horratio hori euskaldunok
desio eta behar dugun bakea. Gure bakea Euskal Herria eraikitzetik
etorriko den zinezko bakea da. Presook ez gaude prest Espainia
eta Frantziaren "bake" horren pean kalera-tzeko. Ez
gaude prest "bake prozesu" izena besterik ez duen irteerarik
gabeko bi-dean txanpon gisa erabil gaitzaten. Euskal Herriaren
alde borrokatzeagaitik gauzkate preso eta Euskal Herriaren alde
borrokatzen segitzeko borondate irmoa dugu. Gure desiorik handiena
horixe baizik ez da: guztiok batera aritzea, eskuz esku eraikitzea
Euskal Herria askearen oinarriak. Inork ez dezala atzera egin
eta uzkurtasunak, beldurrak edo norberekeriak ez dezala gure
herriaren aukera itzal. Ez dugu zalantzarik zapaltzen gaituzten
Estatuek ez digutela bidea xamur egingo. Baina bizi dugun unea
galtzeak gure herriaren zanpanketaren iraupena eta espetxeak
euskaldunez betetzen segitzea baino ez baitu eragingo. Bakea,
benetako bakea, gaur bertan, bihar, hemendik bost, hamar edota
hogei urtera euskaldun batek ere Euskal Herriaren defentsan borrokatu
behar izateagaitik espetxeratuta egoteko arrazoirik ez izatea
da. Herri eraikuntza prozesua, Euskal Herri askea sortzea da
benetako bake prozesua.
Zinez une itxaropentsuak bizi
ditugula errepikatuko dugu ordea, euskal gizartearen taupadak
gogo eta bihotzean sentitzen ditugulako. Borboka oztopo eta muga
guztiak gainditzen dituzten taupadak dira. Jakin badakigulako
herri oso bat oinez abiatzen denean ez dagoela abiada hori geldiaraziko
duen indarrik. |