Lizarra-Garaziko Batzordearen agiria

Ordu luzeetako eztabaidaren ostean, Lizarra-Garaziko Batzorde Iraunkorrak agiria plazaratu zuen atzo. Agiriak
alderdi guztien babesa jaso zuen, IUrena izan ezik. Hona hemen Lizarra-Garaziko sinatzaileek egindako
adierazpena.

EUSKAL Gizarteak urte gehiegitan izaera politikoa duen konpongabeko gatazka historiko baten ondorioak nozitu
izan ditu, baita bortizkeriaren nahiz desadostasun politikoaren existentzia eta eraginenak ere. Iazko irailaren 12a
arte egoera hau gainditzeko egindako saio, bide eta ahaleginak kontaezinak izan dira. Aurreko estrategien emaitza
aski ezaguna dugu: arazoak areagotu eta gaiztotu egin dituzte.. - Orain funtsezko datu objektibo bat badaukagu:
denbora honetan guztian bakea erdietsi eta gatazka politikoa konpontzeko aukera argi bakarra, hain zuzen, duela
urtebete luze Lizarra-Garaziko Adierazpenak irekitakoa izan da. Izan ere, proposamen honen inguruan ahaleginen
metatze garrantzitsua gertatu da, gure herrira behin betiko bakea ekar dezakeen irtenbide demokratikoa bilatze
aldera. Prozesu honen garapena erraztu egin zuen ETAk 1998ko irailaren 16an iragarri zuen su-etenak.

Atzera begira, hobeto egin beharreko gauzak badaudela badakigu. Prozesu honek bi gauza bateratzeko lan zaila
eskatzen du: bakearen lorpena eta gatazka politikoaren beharrezko irtenbide elkarrizketatua. Gizarte honi uste
osoz ziurtasun bat helarazi behar zaio: sistema benetan demokratiko batean hori posible da.

Bestalde, beharrezko zen zenbait laguntza ere ez dugu izan. Aitzitik, Gobernu frantsesak eta PPren gobernu
espainolak temaz atzeratu izan dituzte prozesua erraztu eta konponbide fasera eramateko beharrezko ziren
erabakiak. Alderdi sozialistak, bere aldetik, bidelagun akritiko legez jokatu du PPren eta Gobernuaren denbora
iragaten uzteko taktikarekiko. Hedabide batzuk estrategia oztopatzaile horretan lankide izan dira.

Igaro diren hamalau hileotan frogatu dugu eragile horiek gatazkaren konponbideari elkarrizketa eta negoziaziotik
abiatuta ekiteari uko egin diotela, eta eraso estrategia burutu dela zuzen-zuzen prozesua saboteatzeko helburuaz.
Gaur, ETAk alde bakarreko su-etena amaitutzat ematearekin batera, Lizarra-Garazik proposatzen duen
konponbide ereduaren garapen eta aurrerabiderako ekarpen objektiboki positiboetako bat desagertzen dela
ikusten dugu.

Faktore guztiok egoera guztiz zaila dakarte berekin.

Alabaina, hiru puntutan bat gatoz:

Ezin dugu etsi eta fatalismoan erori, eta irtenbidea ere ez da iraganean kateatuta geratzea.

Orain arte objektiboki bakera eta irtenbide politiko batera hurbildu gaituen bide bakarrak eskaintzen dituen
aukera guztiak bere muga demokratikoraino agortu behar dira.

Gure herria demokrazia eta bakezko egoerara eramateko konfiantza eta konpromisoari eusten diogu.

Beraz, honako hau adierazi nahi dugu:

1.Lizarra-Garaziko Adierazpeneko edukien gaurkotasuna eta balioa berresten dugu, baita proposatzen duen
irtenbide politiko ereduan sakontzeko borondatea ere.

2.Bide demokratiko eta politiko hutsekiko gure konpromiso irmoa eta aldaezina da.

3.Egungo egoera aldarazteko ezein bitarteko demokratikori ez diogu uko egiten.

4.Prozesu honen nondik-norakoak erabaki ditzaketen alderdi guztiei zera eskatzen diegu: azter eta berrikus
ditzatela beren erabakiak, norberak dagokion erantzukizunaren arabera, abiatutako prozesua atzeraezin
bilakatzeko baldintzak sortu eta posible egin ditzaten.

5.Konpromiso bat hartzen dugu, eta gizarteari dei egiten diogu hala egin dezan: elkarbizitza politikorako
marko berri bat bultza dezagun, gure herriaren errealitate anitzaren araberakoa eta Euskal Herriko
emakume zein gizonen borondatearen onarpenean oinarritua izango dena.

Bilbo, 1999ko abenduaren 2a