LIZARRA-GARAZI ADIERAZPENAREN URTEMUGAKO AGIRIA

1998ko irailaren 12an Lizarra-Garaziko Adierazpena sinatu zenetik urtebete igaro da. Urtemuga honetan, gure herriaren historian garrantzi handia duen akordio hau sinatu genuen erakunde politiko, sindikal eta giza mugimenduok honoko agiri hau plazaratzen dugu, aurrera begira betiere.

Hasteko, azpimarra dezagun jatorri eta izaera politikoa duen gatazka historikoari konponbide politiko eta demokratikoa eskaintzen dion proposamena dugula Lizarra-Garaziko Adierazpena. Azken urte honetan, gatazkaren konponbidean erantzukizun handia duten hainbat indar politikok ez du inolako alternatibarik aurkeztu, eta, erosotasun arduragabean murgildurik, arazo politikoaren izatea bera ere ukatu izan du.

Urtebete honetan zehar Lizarra-Garazi Foroak tinko eutsi dio Adierazpenaren eduki demokratikoak gizarteratzeko lanari, nahiz eta ibilbide honetan zehar, eta batez ere aurrera begira, hobetu beharreko zenbait atal egon badauden. Foroaren eginbeharra bake prozesu eta akordio demokratiko bat ahalbidetzea dela kontutan izanik, garai berri bat jorratzen hasteko unea iritsi dela argi ikusten dugu. Euskal gizarteak, zalantzarik gabe, zehaztasunak eta urrats eraginkorrak eskatzen dituelako.

Adierazpenean bertan agertzen den bezala, lurraldetasuna, erabaki-subjektua eta burujabetza politikoaren inguruan islatzen eta gauzatzen dira gatazkaren sorrera eta mantentzeari buruzko ikuspegi desberdinak. Aipaturikoak dira, besteak beste, konpondu beharreko oinarrizko arazoak.

Gatazkaren konponbidea aurkitzeko, inplikaturik dauden eragile guztien partehartzea ezinbestekotzat jotzen dugu, horretarako bideak elkarrizketa eta negoziaketa direlarik.

Hainbat alderdi politiko eta erakundek elkarrizketari uko egin dio, eta zenbait komunikabideren laguntzarekin, prozesuaren erasotzaile bihurtu da.

Hau horrela izanik, aurrera jotzeko garaian ezinbestekoa ikusten dugu:

Prozesu politikoari eutsiz, gizarteratze eta harreman prozesu baten bitartez gure konpromisoa sakontzea eta irtenbide demokratikoa bilatzea.

Elkarrizketa eta negoziazioa bere osotasunean defendatu eta garatzea, eta antolatu daitezkeen elkarguneetan Lizarra-Garaziko Adierazpenaren edukiak defendatzea.

Gatazkari lotuta azaltzen diren indarkeriazko adierazpenak eta beronen ondorio diren arazo guztiak desagertarazten, eta besteak beste presoen egoerari erantzun eraginkorrak emanaz.

Lan honi ekiterakoan, ezinbestekoa iruditzen zaigu behin berriro ere azpimarratzea, Lizarra-Garazi Adierazpenaren inguruan biltzen gaituen edukirik garrantzitsuena, bakea lortzea eta euskal arazoaren konponketa bultzatzea dela, euskal hiritarrek bere etorkizuna erabakitzeko duten gaitasuna bermatuz eta inplikaturik dauden estatuek hitz hori bete betean errespetatuko dutelarik.

Gure herrian proiektu politiko desberdinak izanik, Euskal Herriaren hitzaren errespetoan oinarritzen den konponbidea bilatzeak batzen gaitu.

Euskal Herriak behar duen frontea, bakearen eta demokraziaren aldekoa baino ez da. Lizarra-Garazi Adierazpenak duen oztoporik nagusiena, berriz, aurrean aurkitzen duen inmobilismoa da. Gure uste apalean enfrentamenduak elkarrizketa eta elkarlanari utzi behar die tokia, ahalegin honetan guztiok parte hartu behar dugularik. Desberdintasun eta hika-mika guztien gainetik, euskal gizarteak duen aniztasuna errespetatuz, garai garrantzitsu honek eskatzen duen neurriko ardurarekin lan egingo dugula hitz ematen dugu.

Amaitzeko, pozik aldarrikatzen dugu, duela urtebete pentsaezina zen ilusioz eta esperantzaz beteriko egoera gauzatu dela euskal gizartean. Ziur gaude datozen garaietan ere gure herriak bide beretik jarraituko duela, eta euskal gizartearen ilusioa, eta batez ere, konpromisoa direla prozesuaren bermea.

 

Lizarra-Garazi Foroa

Durangon, 1999ko irailaren 12an.