|
INDARKERIARI BURUZKO LEGEZ BESTEKO PROPOSAMENA
EHk, EAJk eta EAk indarkeriari
buruzko PPren legez besteko proposamenari ondorengo osoko zuzenketa
egin zioten. Legebiltzarrean aipatu hiru alderdien eta IUren
babesarekin onartu zen.
1. Herritar eta alderdi politikoei
deialdia egin, guztion artean Euskal Herria bake eta demokraziazko
etorkizunera bideratuko dituzten baldintza objektiboak sor daitezen;
eta klase politiko eta mediatikoan ezarri nahi den krispazio
giroa salatu. Sortu nahi den giro hori pasa den irailean ETAk
iragarritako mugagabeko treguak eragin zuen itzelezko itxaropenaren
kontrakoa da guztiz.
2. Azken bost urteetan harturiko
zenbait ebazpen parlamentariotan jasota geratu den espetxe politikari
buruzko jarrera berretsi. Espainiar Gobernuak ondo baino hobeto
daki ebazpen horietan jasotzen diren irizpideen arabera aplikaturiko
espetxe politika batek guztion artean gainditu behar dugun gatazkaren
ondorioetako bat bigunduko lukeela.
3. Hain konplexutasun handikoa
den prozesu batean egoera perfekturik ez dagoela aldarrikatu.
Baina egoera honi -izaera politikoa duen gatazka batean- erantzukizunez
ekin behar diogunok negoziazio eta ebazpen prozesu hau indarkeria
espresio guztien gabezia iraunkorrean gara dadin aldeko apustua
egiten dugu.
4. Erakunde politiko, sozial
eta sindikalen arteko lankidetzarako guneak finkatu, eta euskal
herritar ororentzat elkarbizitza demokratikoaren sendotzea errealitatea
izan dadin beharrezko diren ekimen, tresna eta eszenatokiak garatu;
norbanakoen eta taldeen eskubideak urra dezakeen edozein jokabide
(jarrerak, ekintzak) eta erreakzio ekiditeko ahaleginetan sakonduz,
izaera demokratikozko metodo eta portaerekin ez baitatoz bat.
5. Euskal Herria bakea eta demokraziazko
eszenatoki definitiboan kokatuko duen prozesuari bidea eman eta
sendotu, gatazka politikoa gaindituz, euskal gizartean dagoen
sofrimendua desagertarazteko helburuarekin. Legebiltzarrak honakoa
eskatzen die gainontzeko erakundeei: Euskal Herrirako bakea eta
demokraziazko etorkizuna eraikitzeko beharrezkoak diren ekimen
guztiak garatzeko hartutako konpromisoetan ahalegin are handiagoak
egin daitezela.
 |