HITZARMEN NAZIONALA Euskal Herrian, 1998ko abuztua


[Sarrera ] [Proposamen Politikoa][Hitzarmenerako Zutabeak] [Euskara] [Irakaskuntza] [Kultura]
[Sozioekonomia] [Lurraldearen Antolamendua] [Botere Judiziala][ Kirola ]

9.- BOTERE JUDIZIALA

9,1.- EGUNGO MARKOAREN MUGAK

Estatu espainar eta frantsesean, euren estatu egitura sendotzen joan den ahala, Botere Judizial zentralistak pixkanaka ezartzen joan dira. Esaterako, Estatu espainolean Felipe V.-ak "Decretos de Nueva Planta" ezarri zituen, estatuan zeuden berezko eskumen edo antolakuntza judizialak deuseztatuz, eta Botere Jurisdikzional bakarra ezarriz Erresuma osorako. Euskal Herrian geratu izan zan aztarna bakarra, berezko duen Foru Zuzenbidea izan zan, baina halaere Zuzenbide hori interpretatu eta aplikatu behar zuen Jurisdikzioa, Espainakoa zen. Frantziako Estatuari dagokiola, 1789. urteko Iraultzaren ondoren, Botere Judiziala Estatuko hirugarren zutabe edo botere gisa definitua izan zen; Botere independientea, baina aldi berean Botere bakarra estatu osorako.

Estatu espainiarrean, Errepublikaren aldarrikapenaren ondoren sortutako aldian, Euskal Herriko botere judizial propioa- ren aldeko ekimenak sortu ziren; ekimen horiek Konstituzio errepublikarra onartua izan aurretik landuriko Estatutu proeiktuetan konstante gisa ageri dira.

Hel diezaiogun jarraian gaur egungo egoerari:

Iparraldeko Justizia Administrazioaren antolaketa ez dator bat, Ipar Euskal Herriaren lurralde mugekin, zenbaitetan lehendabiziko instantziak eta kasu guztietan gorajotze helegiteak, Euskal Herritik kanpo ezarrita dauden Auzitegietan burutu behar direlarik. Bestalde, hainbat auzi Pariseko salbuespeneko Auzitegien aurrean egin behar dira derrigorrez.

Hego Euskal Herriari dagokionez, Autonomia Elkarte bakoitzak (Euskal Autonomi Elkartea eta Nafarroako Foru Elkartea) bere Auzitegi Nagusiak baditu ere, Kasaziorako helegiteak Madrilgo Auzitegi Gorenaren aurrean izapidetu behar dira. Konstituzio espainiarraren aginduz "Auzitegi Gorena Espaina osoko jurisdikzioaz, maila guztietako gorengo organoa jurisdikzionala da". Hemen ere, eta gaiaren arabera, zenbait auzi salbuespeneko Auzitegia den Madrileko Entzutegi Nazionalaren aurrean burutu behar dira.

Gaur egungo marko juridikoek ez diote aitortzen Euskal Herriari bere Botere Judizial propioa izateko eskubiderik. Antolaketa aldetik, organu jurisdikzionalak ierarkikoki ordenatuta daude, piramide horren gailurrean, estatu osora eskuduntza eratzen duen Auzitegi Gorena dagoelarik. Bestalde, Justizia aplikatzea dagokien Epaile eta Magistratuek, estatu mailako gorpu judizialetan daude integraturik. Bi hitzetan, Euskal Herriak ez du Botere Judizial propioa eratzerik gaur egungo kontestu politiko legalean.

Gure gainean dauden bi estatu zapaltzaileek, antolakuntza jurisdikzionalean, Jurisdikzio batasuna hartzen dute oinarri. Era horretan, Hegoaldeko Elkarte Autonomikoetan nolabaiteko deszentralizazio sasipolitiko-administratiboa (legegintza eta exekuzio-administrazio arloetan) egon bada ere, Justiziaren alorrean, egituraketaren klabe nagusia zentralizazio monolitikoa da. Autonomia Elkarte guztietan eratutako Auzitegi Nagusiek deszentralizazio itxura eman nahi duten arren, oso eskuduntza murritzak dituzte, egituraketa piramidala desorekatzerik ez dutelarik.

Egun, arestian bezala, Botere Judizialak zeregin argia du, estatu espainol eta frantsesaren legalitatea aplikatzea, eta bide batez, legalitatea, bere horretan mantentzea eta estatusa sendotzea..

9,2.- HITZARMEN NAZIONALERAKO PROPOSAMENA.

1.- Euskal Herriak, eskubidea izan behar du, bere Botere Judizial propioa sortzeko eta antolatzeko. Justiziak, Euskal Herrian, euskal herritarrak izan behar ditu jatorri, eta Euskal Herriaren izenean aplikatu behar da.

Euskal Herriak bere egituraketa judizial propioa izan behar du. Jurisdikzio ahalmenaren iharduketa Epaile eta Magistratuen esku egongo da, beraiek Euskal Gorpu Judizialean integratuta egongo direlarik.

2.- Euskal Herriko Justizia Auzitegi Gorena sortu behar da. Auzitegi Gorenak orden jurisdikzional guztietako organoetatik gainekoena izan behar du; instantzia judizial guztiak agortuko dituelarik.

Euskal Herriko Auzitegi Gorenari dagokio, Euskal Herriari berez dagozkion eskuduntzei buruz gerta daitezkeen gatazkak konpontzea, Euskal Herriko lurralde-instituzio desberdinei dagozkien eskuduntzen gainean izan daitezken liskarrak arteztea eta baita euskal herritarren oinarrizko eskubideen eta askatasun publikoen urraketak konpontzea ere.

3.- Euskal herritar orori, berton epaitua izateko eskubidea aitortu behar zaio. Oraindik ere indarrean dauden salbuespeneko Auzitegiak deuseztatu behar dira.

EUSKAL HERRIAn, 1998ko abuztua