HITZARMEN NAZIONALA Euskal Herrian, 1998ko abuztua

[Sarrera ] [Proposamen Politikoa][Hitzarmenerako Zutabeak] [Euskara] [Irakaskuntza] [Kultura]
[Sozioekonomia] [Lurraldearen Antolamendua] [Botere Judiziala][ Kirola ]

6.- KULTURA

6,1.- EGUNGO MARKOAREN MUGAK.-

Kulturaren hainbat definizio ezberdin eman daitezkeela badakigun arren, hauxe aipatuko genuke guk geuk: "Herriek beren etorkizuna eraikitzeko dituzten jarrera, ezagutza, ohitura, ideia, sentimendu, tresna eta eraldatze eta sortze-ahalmenen multzoa da kultura".

Beraz, kultura herria eraikitzeko tresna bat da. Herritarrei kolektibitate zehatz baten partaide izatearen kontzientzia pizten dion tresna, kolektibitate horri atxekitzeko sentimenduak lantzen dituen tresna, herritarren arteko komunikazioa bideratzen duen tresna..., hau da, herri baten nortasuna adierazten eta baldintzatzen duen tresna.

Kultura helburua ere bada. Herri batek bere nortasunari egokiro eutsi ahal izateko kultura sendo, aberats eta zabala behar du. Bere baitako kultura bat landu ez duen herri batek heriotz arrisku handia du. Beraz, "kultura indartzea, aberastea eta eraberritzea lortu beharreko helburua da. Kultura errealitate dinamikoa denez, suspertu edo ahuldu egin daiteke eta, ondorioz, herriaren etorkizunaren motorra edo galga izan.

Egun, euskal kulturak presio-mota askoren eragina jasaten du etengabe, munduko beste kultura guztiek bezalaxe. Euskal kulturari zuzen-zuzenean eragiten dioten indarren artean bi dira azpimarragarrienak: planeta osoan hedatu eta nagusituta dagoen merkatu-sistema, batetik, eta Euskal Herria beren administraziopean daukaten Estatu Espainiarra eta Frantziarra, bestetik.

Merkatu-sistemak negozio egiteko bitarteko bezala erabiltzen ditu kultura ezberdinak. Merkatu sistema honen hariak mugitzen dituzten multinazionalek kulturaren esparruan murgiltzen direnean, beren dirutza handitzea besterik ez dute helburu, ez herriek eta populazioek dituzten beharrak asetzea. Sistema honetan, gizabanakoak kontsumitzaile gisa soilik gara aintzakotzat hartuak kulturen osagaiak, berriz, merkatuen baldintzen arabera bultzatu edo baztertu egin daitezkeen diru-iturritzat soilik.

Parametro hauetan, kultura ezberdinen egoera orokorra herri langilearena bera da: zalantzaz beteriko etorkizuna eta, horrexegatik hain zuzen, borrokari lotu beharreko premian. Multinazionalek eta sostengua ematen dieten gainerako eragileek "Kultura Unibertsala" izeneko baliabidea asmatu dute, "moderno" izatearen etiketaz, kulturaren uniformetasuna helburu izanik, hainbat hedabide eta teknologia izugarri indartsuren bitartez planeta osoan hura inposatzen saiatzen direlarik. Ondorioz, herrietako kulturak, "atzeratu" etiketarekin, beren heriotza bilatzen duten hedabide eta teknologia izugarri horien eraso iraunkorrari aurre egin beharrean aurkitzen dira, bizirik iraun nahi badute behintzat. Hausnarketa honek munduko kultura guztientzat balio duen bezalaxe balio du euskal kulturarentzat ere.

Euskal kulturari zuzenean eragiten dion bigarren faktore nagusia Estatu Espainiarraren eta Frantziarraren politika suntsitzailea da. Interes ekonomikoengatik "Kultura Unibertsala" indarrez inposatu nahi izateaz gain, interes politikoengatik euskal kontzientzia ezabatzeko asmoz, euskal kultura deuseztatu nahi duena. Euskal kulturaren indarra desaktibatuz, aurkari politiko garen euskaldunok, geure burua babesteko dugun tresna horretaz gabetu egin nahi gaituzte. Euskal Herriaren aurkako gudu honetan, espainiar eta frantses estatuek Administrazioa dute tresna politiko nagusi. Beronen bitartez, beren gogorako legeak, arautegiak eta dirulaguntza-politikak finkatzen dituzte. Diskriminazioaren bidez, euskal kultura itotzea dute helburu.

Hegoaldean, Administrazio espainiarraren adar moduan, bi Administrazio autonomo dauzkagu. Interes politiko-ekonomikoengatik politika orokorrean Estatu Espainiarrarekin irmo lotuta daude eta ez dute euskal kultura aurrera ateratzeko Administrazio Espainiarraren erasoei erantzuteko behar den ez sendotasunik ez ahalmenik. Administrazio autonomo hauen kultura-politikak duen beste ezaugarri bat erabat konplexupean aritzearena da: "kultura unibertsala"-ren aurrean burumakur azaltzen dira, bertakoa bultzatzeko batere adorerik eta kemenik gabe.

Eraso ezberdin eta gogor hauei aurre egiteko garaian, euskal kulturak izan duen defenditzailerik sutsuena herri-mugimendua izan da, Euskal Herri osoan bolondres gisa diharduten milaka lagun horien multzoa. Herritarren dinamika aberats honi esker dirau bizirik arbasoengandik jaso dugun euskal nortasunaren sustraiak eta berari esker aberastu da beste kulturek egindako ekarpenez. Herri mugimendu honek badu arazo handi bat, ordea: milaka bolondres horiek erabat atomizatuta dagoen sare bat osatzen dutela, elkarren berririk gabe, ekimen amankomunik garatzeko baldintzarik gabe, pertsona eta talde bakoitza bere herri edo auzo dinamiketara soilik mugatuta... Sakabanaketa horren medioz euskal kulturak duen energiaren zati handi bat desaktibatuta geratzen da.

Orain arte esandakoak ez du inola ere adierazi nahi beste herrietako kulturei Euskal Herriko ateak itxi nahi dizkiegunik. Kultura ezberdinen arteko elkar trukaketak positiboak izan daitezke. Horretarako borondatez eginak izatea aski da, inposaketa eta bortxarik gabe alegia. Kultura guztiek dute zer emana, positiboki. Hartzen jakin behar. Demokrazian eraiki nahi dugun Euskal Herri honen kulturarekiko begirunea exijituko dugu, guk beste kulturei errespetu osoa eskainiko diegun bezalaxe.

6,2.- HITZARMEN NAZIONALERAKO PROPOSAMENA.-

1.- KULTURAREN KONTSEILU NAZIONALA sortuko da, Euskal kultura Euskal Herri mailako ikuspegi zabal eta bateratu batez suspertzeko.

a.) Kontseilua nazionala denez, herrialde guztietako ordezkariak izanen dira bertan.
b.) Kontseiluaren funtzio nagusia kultur-alor ezberdinetako politika zehaztu eta bizkortzea denez, kultur-alor guztietako jendearen presentzia ziurtatuko da.
c.) Hiritar erakundeen eta herri organismoen partaidetza bermatuko da, horien autonomia erabat errespetatuz.
d.) Kultur esparruan nazioarte mailako harreman eta trukeak finkatuko ditu.

2.- KULTURA-POLITIKAREN ARDATZ NAGUSIAK, Kontseilu Nazionalak bultza ditzakeenak hauek izan daitezke:

a) FOLKLOREA, OHITURA ZAHARRAK ETA HERRI KIROLAK.
b) MONUMENTU ETA ARTE-ONDARE HISTORIKOAK.
c) EUSKARAZKO LITERATURA ETA MUSIKA
d) EUSKAL BIBLIOTEKA NAZIONALA.
e) ARTISAUTZA ETA ARTE-LANAK.
f) ZINEMAGINTZA ETA ANTZERKIGINTZA.
g) HEDABIDEAK.
h) LEKUKO AZPIEGITURAK.
i) MUGAZ GAINDIKO HITZARMENAK.