|
HITZARMEN NAZIONALA Euskal Herrian,
1998ko abuztua [Sozioekonomia] [Lurraldearen Antolamendua] [Botere Judiziala][ Kirola ] 5.- IRAKASKUNTZA.- 5,1.- EGUNGO MARKOAREN MUGAK.- Gizakiaren garapen osoa helburu harturik eta biztanlegoari hezkuntza jasotzeko eskubidea bermatuz, euskal nazio-identitatearen kontzientzia piztu eta kohesio soziala areagotuko duen Hezkuntza Sistema Propioa behar dugu. Nazio eta herri gisa bizi dadin, Euskal Herriak bere eskola propioa, bere Eskola Nazionala eta bere Unibertsitate Propioa behar ditu. mundu osoan ez dago Hezkuntza Sistema Propiorik gabeko Naziorik eta gure herriak ezin du salbuespena izan. Bitarteko hau ukatzea, gure nortasuna eta kultura garatzeko eskubidea baztertzea litzateke eta beraz, gure naziotasuna ezabatzeko bidea hartzea. Egin behar honetan ez gara hutsetik abiatzen. Urte asko dira herri honek lanean diharduela esparru honetan eta hainbat urrats eginak ditugu dagoeneko. Ikastolen mugimenduaren sorrera eta garapena, irakaskuntza publikoan euskarazko hezkuntzari dagokionean emandako aurrerapausu ukaezinak... Hainbat herritar, guraso, irakasle eta ikasleren lan eta ekarpen aberatsari esker, amesten dugun biharko Euskal Hezkuntzaren Egitasmo Nazionalaren sustraiak finkatuak ditugu. Azken urteetan, Euskal Irakaskuntzan baino, Euskarazko Irakaskuntzan, aurrerapen nabarmenak eman dira Euskal gizartearen borondateari esker, honek hautu argia egina duelako eta urtero erakusten du haurrak matrikulatzeko garaia iristean. Halere, asko eta ondo egin dugula aitortzeak ez du esan nahi errealitatea baikorra denik orohar, ez eta lortutako urrats horiek atzera ezinak direnik ere. Hego Euskal Herriak urte hauetan bi administrazio autonomiko izan baditu ere, hauek ez dira gauza izan Hezkuntza Sistema euskaldun baten oinarriak finkatzeko, Madrileko gobernua izan delarik Lege Organiko ezberdinen bidez Heziketa Sistema Estatu osorako arautu duena: LOU, LODE, LOGSE... Baskongadetan adibidez, 16.artikuluan, Irakaskuntzan eskuduntza osoa ematen baldin badu ere, praktikan hori, urte guzti hauetan ezer gutxian zehazterik izan da, eman diren aldaketa gehienak herri lana eta gizartearen borondatearen presioaren ondorio izan direlarik. Oraindik ere, Euskal Herriak egoera gordina bizi du belaunaldi berrien euskalduntze prozesuari dagokionean, azken finean, ikasketa guztiak behetik hasi eta goren mailaraino euskara hutsez egiteko aukerarik ez baitugu. Nafarroan edo eta Iparraldeko herrialdetan eskubidea ezagutu ere ez zaigu egiten eta beste hiru herrialdetan, egunerokotasunean ezintasuna da nagusi.
Horrez gain, joera uniformatzailea indartu besterik ez da egin azkenaldi honetan, aspaldiko erasorik espainolizanteena jasaten ari garen era berean eta une berean. Estatu mailako alderdi nagusien aldetik jarrera guztiz erasokorra da: Humanidadeen dekretua, euskara eta ikastolen aurkako eraso kanpaina mediatiko-politikoak.... Aparteko aipamena da unibertsitate munduak behar duena. Euskal Herrian unibertsitate ezberdinak ditugularik, bat bera ere ezin esan Euskal Unibertsitatea denik, egokia litzateke ordea, Euskal Herrian dauden unibertsitate publiko zein pribatuak, bai hizkuntzaz zein ikasketa planen diseinuaz, zein irakaslego figuraren antolaketari dagokionez...espainol edo frantses imitazioak direla esatea. Euskal Herriaren ukazio politikoa egiten den neurrian, bera egituratzeko funtsezkoa litzatekeen unibertsitate propioa eraikitzea ere, ukatu egiten zaigu. Gure herriaren zatiketa bermatzen duten administrazio instituzional politiko bakoitzeko, unibertsitate publiko bana dugu eta zenbait pribatu ere bai. Guztiak euskalduntzea lortuko bagenu ere, ezingo litzateke benetako Euskal Unibertsitateaz mintzatu. Batipat nazio izaeran sustraituak ez daudelako, Euskal Herriak behar duenaren arabera antolatuak ez daudelako, ez ikasketa planei dagokionez, ez ikerkuntza planari dagokionez, ez eta irakaslego propio baten esistentzia beharrezkoari dagokionez.... Horretarako, politikoki aurre egin eta erabakiak hartzeko gaur ez dagoen borondate, ahalmen eta gaitasuna eskuratzea beharrezkoa izango da, ezinbestekoa, Euskal Unibertsitatearen propioaren eraikuntzan oztopo diren araudi, lege hipotekatzaile guztiak gainditzeko. Premiazkoa dakusagu, Euskal Hezkuntz Esparrua garatzeko prest dauden, gauden guztiak elkarlanean urratsak ematea, tendentzia eta eraso zentralistei aurre egin eta geure Sistema propioa, osoa, eraikitzeko bidean, tarteko baina era berean ezinbesteko bideak eta helburuak lantzen, jorratzen hastea. 5.2- HITZARMEN NAZIONALERAKO PROPOSAMENA Elkarlanaren oinarria eta helburua, Hezkuntza Sistema Propioa eraikitzea denez, urrats berriak bide honetan zehazten dira: 5.2.1.- Euskal Eskola Nazionala eraiki. Egungo alderdien arteko Eskola Itunaren mugak gaindituz, hezkuntzako eragile guztien partaidetzarekin, Eskola hitzarmen zabala bultzatzen dugu. Euskal Eskola Nazional horren zutabeak bi dira gaur, ikastolak eta ikastetxe publikoak. Euskal Eskola Nazionalerantz, gaurko eskola errealitatetik abiatzeko,honako ezaugarrietan sakondu beharra dago: lurraldetasuna, euskalduntasuna, titularitate eta finantziazio publikoa, kudeaketa demokratikoa, ikastetxeen autonomia, aniztasuna... Ardatz hauen inguruko Eskola Hitzarmen zabala da bultzatu nahi duguna, Hezkuntz erakundeen eskuhartzearekin. 5.2.1.1.- Hasierako mailetatik goi mailako ikasketetarainoko
ibilbidea, euskaraz egin ahal izatea bermatu. Goi mailako ikasketetan
euskaraz jarraitzea ahalbideratuko duen hizkuntzaren ezagutza
bermatuko zaie Euskal Herriko ikasle guztiei, derrigorrezko hezkuntza
bukatzen dutenerako. B eredua sustatzen duen " Elebitasun dekretua " ezabatzea proposatzen dugu. B ereduan ari diren irakasleetatik erdiak, ez euskaldunak izan daitezkeela dion dekretua alegia. Hizkuntza ez normalizatu batek trataera berezia behar du. Irakasle-haurren ratioak ezin dira berdinak izan, ikasleei ahalegin berezia eskatzen zaie, irakasleek hainbat inertzi gainditu behar dute, erreziklatu, beraz, ezinbestekoa da eskolei baliabide berezi eta premiazkoaz jaztea. 5.2.1.2.- Dagoeneko martxan dauden " Hizkuntz
normalkuntzarako proiektuak" bultzatzea proposatzen dugu.
Epe laburrean proiektu honek izan duen arrakastak, irakaskuntzan
euskararekiko dagoen sentsibilitatea erakusten du. Ikastetxe
publiko, ikastola zein ikastetxe pribatuak biltzen dituen proiektu
honen garrantzia berebizikoa izan daitekeelakoan gaude euskalduntze
prozesuan. Euskara hutsean funtzionatuko duten ikastetxeen zerrenda gehitu egin behar da. Gutxienez, DBH euskaraz egin duten ikasle guztiek, bermatua izan behar dute bakoitzak bere zonaldean, euskaraz ikasten jarraitzeko aukera. DBH , B ereduan egiten ari direnentzat, baliabide bereziak ziurtatzea proposatzen dugu, gero benetan ikasleek hautaketa egiteko orduan euskara hutsezko ikasketak jarraitzeko gaitasuna izan dezaten. Beraz, B eredua errefortzatu, gai guztiak edo gehienak euskaraz ematera iritsi arte. Irakasle laguntzaileak ziurtatu. Heziketa zikloetarako plangintza zehatza beharrezkotzat jotzen dugu. Hortarako zenbait erizpide proposatzen ditugularik: Eskarien arabera planifikatzea, hau da, abiapuntua ikasleek euskaraz ikasteko duten eskubidea izatea. Zerbitzu arloko ikasketei lehentasuna ematea. Lurralde osoan eskaintza bakarra duten heziketa zikloak euskarazko adarra edo eskaintza ziurtatzea. 5.2.1.4.- Euskarazko irakaskuntzaren garapena ziurtatzeko, irakaslegoaren erreziklai eta prestakuntzan neurri tinkoak eta zehatzak hartzea proposatzen dugu. Euskararen ezagutza ziurtatzeaz gain euskararen kalitateari ere arreta berezia ezarri behar zaio. Euskal gizartearen borondatea gero eta nabarmencgo euskarazko irakaskuntzaren aldekoa den heinean, ganorazko eskaintza egin beharra dago eta oinarri hori kontutan, irakaslegoa profesionalki gaitua izan dadin ezinbestekoa da, euskaldun elebiduna izatea. Halere garbi dago irakaslegoaren euskalduntzeak ezin duela irakaslegoaren baitan ematen diren desorekak guztiz konpondu. Beraz, irtenbide berri eta imajinatiboak planteatzen hasteko garaia iritsi da. Hala nola: Irakasle euskaldunen kontratazio berriak, aurrejubilazioak, lanpostu alternatiboak hezkuntza sistematik kanpo, baja sarituak... Irakasleen euskalduntze egitasmoak, defizit estrukturalak ditu eta beraz era eta maila bereko irtenbideak proposatu beharrean gaude. 5.2.1.5.- Hizkuntzaren ofizialtasuna Euskal Herri osoan bermatzea ezinbesteko aldarrikapena da. Ondorioz, Ipar Euskal Herri eta Nafarroako egoerak irauli behar dira. Ofizialtasun ezak eta hizkuntz zonaldekako politikak, euskarazko irakaskuntzaren zabalkundea ekiditu du Nafarroan. Lehentasunezko deritzogu, herrialde honetako egoera normaltzeko ekimenari heltzea, euskarazko irakaskuntza, Euskal Herritar guztientzako eskubide den heinean, nafar guztien eskubide gisa berma dadin. Euskal Herritar orok, bere ikasketa guztiak haurtzaindegitik unibertsitateraino euskaraz burutu ahal izateko eskubidea du. 5.2.1.6.- Sare pribatuari arreta berezia jarri behar zaio euskalduntze prozesuan muga bat izaten jarrai ez dezan, gazteleraren gotorleku bilakatu ez dadin. Ikastetxe kontzertatuei ezinbestean, euskararekiko konpromezua esijitu egin behar zaie. 5.2.2.- Euskal Kurrikuluma diseinatu.- Hezkuntzaren edukinek, helburuek, egiturek, euskal gizartearen beharrei erantzun behar diete, berezko hizkuntzaren eta kulturaren transmisioa bermatuz. Ikuspegi propio hau izango da dimentsio unibertsalagoetara iristeko abiapuntu naturala. Kulturarik gabeko hizkuntzak bizitza mugatua dauka. Hizkuntza batek, ez du irauterik izango kultura propio aberats eta herrian ondo sustraiturik ez badago. Euskal Kurrikulumaren planteamendua ez da, gaurko sistemaren defendatzaileek adierazten diguten legez, apostu eta jarrera partidista bat. Kulturaren aldeko jarrera da, euskal kulturaren aldekoa, Euskal Herriaren aldeko apostua. Alor honetan egun lantzen ari
diren esperientziak baliotsuak izanik ere, urrats berriak egiteko
ordua heldua da, Lehen Hezkuntza, DBH eta honen ondorengo kurrikulum
ofizialak euskal ikuspegitik berraztertuz eta landuz. 5.2.3.- Irakasleria Propioa sortu.- Haurtzaindegitik unibertsitateraino bide osoa jasoko duena. Irakasleriari buruzko legedi propioa sortu eta Euskal Herri mailako negoziazio kolektiboa bultzatzea proposatzen dugu. 5.2.4.- Euskal Unibertsitate Nazionala sortu.- Unibertsitateak autonomiaz, Euskal
Herriaren hizkuntza, kultura, zientzia, teknika eta gizarte mailako
beharren arabera, irakaskuntza sisitema propioa planifikatuko
da, euskal ezagutza nazionalen eta unibertsalen transmisioa ziurtatuz
eta eduki berrien ikerkuntza bultzatuz. Espainia edo eta Frantziako unibertsitateen delegazio edo eta kopia hutsak izatetik, unibertsitate propioa izan dezagun bidea egin beharrean gaude. Hasteko Euskal Herriko partizio instituzional politikoa gaindituz, elkar ezagutza, elkarlan eta kolaboraziorako bideak ireki behar dira Euskal Herriko unibertsitate guztien artean. Unibertsitateak, bai barrura zein gizarteari begira, Euskararen normalkuntza helburu izan behar du, prozesu hortan gizarteari begira erreferentzi gune izan behar du. Beraz, plangintza serioa egitea beharrezko du, unibertsitateak, geroz eta talde haundiagoa diren ikasleen, euskaraz ikasteko demandari, erantzun behar dio ezinbestean eta era berean euskal gizartearen beharrei begiratu beharra du. Horren arabera, iharduera akademiko, ikerkuntzako zein administratiboetarako lehentasunak ezarriko ditu. Garrantzi berezia izan behar
du titulatu euskaldunen prestakuntzak, kalitatea eta berdintasuna
zainduz. Unibertsitateak Euskararen normalkuntzarako
bidean, xede bera darabilten erakunde publiko zein pribatu eta
elkarte ororekin elkarlanean iharduteko ahaleginak egingo ditu
eta ahal duen heinean Euskal Herri osorako itun edo eta ekimen
bateratuak bultzatuko ditu. Euskal Unibertsitatearena ez
da soilik hizkuntza edo eta kultur proiektu bat, Euskal Herriaren
eraikuntzan txertatu beharreko ardatz nagusietako bat baizik.
Horrexegatik, eredu berri eta demokratiko batetan oinarritutako
unibertsitatea behar dugu, sektore ezberdinen parte hartzea benetan
ziurtatuz. |