|
HITZARMEN NAZIONALA Euskal Herrian, 1998ko abuztua [Sarrera ] [Proposamen Politikoa][Hitzarmenerko Zutabeak] [Euskara] [Irakaskuntza] [Kultura] [Sozioekonomia] [Lurraldearen Antolamendua] [Botere Judiziala][ Kirola ] 10.- KIROLA. 10,1. EGUNGO MARKOAREN MUGAK.- Kirolaren arloan ere, gure herriaren burujabetasun gabezia nabarmena da. Hona hemen jarraian egungo marko juridikoaren ondorioz, kirolari dagokionez aurkitzen ditugun hiru eraentza desberdinen deskribapena. Hego Euskal Herriaren gainean 1978an inposaturiko Konstituzioa daukagu. Eskuduntzen alorrean, bere 148. artikuluan honela dio: "Komunitate desberdinek honako eskuduntzak berenganatu ahal izanen dituzte: ...19.) Kirolaren sustapena eta aisialdiaren erabilpen egokia." Konstituzioaren ostean, Gernikako Estatutuaren bitartez, Euskal Komunitate Autonomoak kirolaren gaineko eskuduntza edo konpetentzia esklusiboa eskuratu zuen, konpetentziaren eskualdaketa 1980an gauzatu zelarik, Errege Dekretu baten bitartez. Nafarroan ere, antzeko prozedura jarraitu zen, Amejoramendu Legearen bitartez, eskuduntza eskuratu zen 1986ko Errege Dekretu baten bitartez, konpetentzia esklusibo hura gauzatu zelarik. Hego Euskal Herriko bi Komunitateek eskuduntzaren garapen desberdina izan dute, era horretan, Baskongadetan 1988an Lege orokor bat aprobatu zen bitartean, Nafarroan, atalez ataleko Dekretu eta Foru Agindu batzuk besterik ez da argitaratu, Estatuko Legearen gehigarri gisa aplikatzen delarik. Ipar Euskal Herriari buruz ezer gutxi esan daiteke, izan ere, erregioaren errekonozimendurik ere ez dagoen bitartean, Ipar Euskal Herriak ezin baitu inolako eskuduntzarik eskuratu. Dena dela, Baskongadetan adibidez, nahiz eta kirolaren gainean eskuduntza esklusiboa eduki, oso argigarria da Estatuko legearen aitzinsolasa "...Estatu edo nazioarte mailako lehiaketen alderdi konpetitiboak, kirolari datxekionak, Estatuaren jokabidea jusvifikatzen du". Bestalde, Nazioarteko Federazioen Araubideak aipatu behar dira, Araubide gehienetan herri bakoitzetik Federazio bakarra onartuko dela agertzen baita, eta hauxe da Euskal Federazioek Nazioarteko Federazioetan integratu ahal izateko edukiko duten oztopo nagusia. Beraz, esan daiteke Euskal Herriaren
gaineko marko juridikoa aldatzen ez den bitartean, Euskal Selekzioaren
aldeko ekimen legegileak ustelak geratuko direla. Lege honek, trikimailu bat erabiliz, Euskal Selekzioen gxistentzia plano teorikoan aurrikusten du eta, era berean, beraien partehartzea nazioarteko lehiaketa ofizialetan ahalbidera dezake. Plano teorikoan segituz -bere gauzatzea egundaino ez baita izan- Legean aurrikusten den "Euskal Kirol Federazioen Batasuna"-ren figurak Baskongadetako markoa gainditu dezake, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko Federazioak, printzipioz, hor ere barnebil baitaitezke. Lizentziei dagokiela, Lege honek Euskal Lizentzia lehiaketa ofizialetan parte hartu ahal izateko, Estatukoa eduki gabe, nahikoa izango dela aurrikusten du. Euskal Federazioek ere ez dute derrigorrez Estatuko Federazioetan integraturik egon behar. Ipar Euskal Herriari buruz zera esan daiteke: kirolariek nazionalitate frantsesa duten bitartean, arazoak izan ditzakete Hego Euskal Herriko selekzioarekin maila ofizialean jokatu ahal izateko. Maila olinpikoan, Lege hau erdibidean geratu da, Euskal Komite Olinpikoaren sorrera aprobatu beharrean, "Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordea" izeneko erakundearen sorrera aprobatu baitu. Dena dela, zera gogoratu beharra dago: aipaturiko Legea Gernikako Estatutuaren sapaiaren mugetan dabilela eta dagoeneko Madrileko Gobernuak Lege honen aurka Konstituzio kontrako Helegitea iragarrita daukala. 10,2.- HITZARMEN NAZIONALERAKO PROPOSAMENA.- a.- Euskal Kirolariek Euskal Selekzioa behar dute.- Eskubide pertsonalaren ikuspegitik begiratuta, eliteko kirolari euskaldunek eskubide osoa izan behar dute, soinean bere nazio-ikurrak eramanez, nazioarte mailako lehiaketa ofizialetan parte hartzeko. b.- Kirol-Selekzioa Herri-Eskubidea da.- Euskal Herria nazio bat da, eta nazio moduan eskubidea izan behar du lehiaketa ofizialetan parte hartzeko. c.- Euskal Komite Olinpikoa.- Selekzioak edukitzea funtsezko
eskubide kolektibo bezala aitortzeak gure herriaren nortasuna
berrestea dakar ezinbestean, eta hau da Euskal Komite Olinpiko
bat sortu ahal izateko abiapuntua. |