HITZARMEN NAZIONALA Euskal Herrian, 1998ko abuztua

[Sarrera ] [Proposamen Politikoa][Hitzarmenerako Zutabeak] [Euskara] [Irakaskuntza] [Kultura] [Sozioekonomia] [Lurraldearen Antolamendua] [Botere Judiziala][ Kirola ]

1.- SARRERA OROKORRA

Euskal Herria bidegurutzera heldu da. Berriro ere, historian zehar aldioro egin izan den bezala, hautu bat burutzeko orduan dago gure herria. XXI. mendea gainean dugunean, erabaki bat hartu beharrean gara. Hau da, orain artean bezala, gure etorkizuna Espainia zein Frantziaren esku utzi ala, behin betikoz, burujabetasunaren aldeko apustua egin.

Garrantzi historiko handia du une honek. Historian zehar luze iraun duen lehia agerian dago euskal gizartean eta, aldi berean, aukera aparta dugu herri honen etorkizuna gure esku egon dadin eta bide horretan urrats nabariak eman ditzagun.

Badakigu ez dugula etsai txikirik, baina jakin ere badakigu, herri txiki honek, mendeetan zehar, frogatu duen erresistentzia maila eta bizirik irauteko kemena ez dela makala izan.

Horregatik, geure buruan sinisten dugu eta ausart jokatzeko garaia iritsi da: DENOK, gure seme-alabak eta gu geu ere bai, beste egoera berri batean, bakean eta askatasunean bizi ahal izateko.

Ez da epelkerietarako garaia, nor bere zokoan ezkutaturik egotekoa. Alderantziz, AUSARDIAZ ARITZEKO GARAIA IRITSI DA, askatasunez gure herria eraiki dezagun. Ate bat ireki nahi diogu Itxaropenari. Urte gogorrak bizitzen ari gara eta ez da makala Ezker Abertzalea ordaintzen ari den prezio samina. Baina horri ere aurre egiteko prest gaude, EUSKAL HERRIAK MEREZI BAITU.

Euskal Herria da, bere osotasunean, gure interes eta helburu bakarra eta Euskal Herria jarri behar dugu denok abiapuntutzat. Hemen ez dago hauteskunde jokorik, ez alderdi interesik; hemen, gure herriak merezi dituen arreta eta zintzotasuna exijitu behar zaizkigu denoi.

Honenbestez, Herri Batasunak hausnarketa hauek euskal gizartearen esku jartzea erabaki du eta, horretaz gain, gure gogoeta hauekin batera, proposamen zehatzak egitera ausartu gara, denon onerako izango direlakoan baikaude. Hemen, beraz, egoera politikoaren irakurketaz gain, proposamen zehatzak aurkituko dituzu, askatasunaren bidea jorratzen hasteko proposatuak, eskenatoki eta marko berri bateranzko bideak eskaintzen dituztenak.

Asmo horrekin eginak dira, hots, arduratuta dauden guztiei lan tresna gisa eskaintzeko; azken batean, bide hori egon badagoela ikus dezagun behin betikoz, Euskal Herriari itxaropenaren atea irekiz.

1,1,- EGOERA POLITIKOA

Euskal Herriaren egoera politikoa laburki aztertzerakoan, hiru faktore berri antzematen ditugu, itxaropentsu egoteko parada ematen digutenak. Azal ditzagun banan-banan, laburki bada ere, Herri Batasunak egungo eskenatoki politikoan azpimarragarri deritzen hiru atal hauek.

1,1,1.- Egungo marko politikoaren agortzea

Bizi dugun egoeran oinarriturik, gure iritziz, ukaezina da egungo marko politikoak agortuta daudela, eta herri honek pairatzen duen gatazkari nahiz dituen arazo larrienei aurre egiteko ez direla nahikoak.

Marko juridiko-politikoaren mugei buruz hitz egiterakoan, ez gara arazo konpetentzialei buruz ari. Aitzitik, autogobernu eredu hau, hots, lurralde-zatiketan eta burujabetasun gabezian oinarrituriko "España autonómica" delakoaren eredua agorturik dagoela adierazi nahi dugu.

Hasiera batean Baskongadetan eta geroago Madrilen prestatutako Estatutuaren bidez, espainiar Estatuak lortu du, euskaldunoi, federala ez den autonomien Estatua inposatzea, burujabetasuna eta botere konstituziogilea Espainiak baizik ez duela; baita Hego Euskal Herriaren lurralde, eta politika- zatiketa finkatzea ere.

Oso adierazgarria da Nafarroaren estatusa definitzen duen Foruaren Amejoramendua 1982an onartzea; hain zuzen ere, 1981eko Tejerazoaren ondoren Estatuko sektorerik atzerakoienek "Autonomien Estatua" berriro bideratzera behartu eta LOAPA inposatzen denetik urtebetera. Amejoramenduaren konpetentzien muga eta autonomiaren maniobra-aukera erabakita gelditu ziren Konstituzioan, eta Estatuarekiko dezentralizazio soil gisa finkatzen dira Lege Organiko horretan.

Amejoramendua Nafarroako herritarrei iritzirik eskatu gabe onartu zen. Amejoramendua onartuta, itxi egin zen Euskal Herriaren batasunari ekiteko bidea ezinezko bihurtzen duten erakundeen triangelua (Konstituzioa, Gernikako Estatutua eta Amejoramendua). Komeni da gogoratzea, horrenbestez, Amejoramendua ez zela Estatu espainiarretik eskuduntzak eta jardunbideak eskuratzeko diseinatu, Nafarroa gainerako euskal probintzietatik bereizi eta banatzeko baizik.

Argi dago, gure ustez, Espainiako Konstituziotik eratorriak diren Gernikako Estatutua zein Amejoramendua ez direla gauza gure herriarentzat eskatzen dugun burujabetasun ekonomikoa eta politikoa lortzeko. Hona hemen tresna juridiko-politiko horiek zertarako balio izan duten; hauen arabera, argi eta garbi somatzen ditugu zeintzuk diren marko honek Euskal Herriari ezartzen dizkion mugak:

1.- Nafarroaren eta Baskongaden arteko lurralde-zatiketa areagotzeko.

Erakundeen bikoiztasuna normalizatu da arlo guztietan. Ez dago legezko prozeduretan sartzeko modukoa den batasunerako egitasmo politikorik, Nafarroak eta Baskongadak batera jardun dezaten. Jarduera-arlo askotan gero eta nabarmenagoa da sakabanaketa hau:

Oraindik ere nazio osorako egitura eta jarduera dituzten erakunde herritarrei, hala nola, Ikastolen Federazioari, AEKri, etab.-i, gero eta oztopo handiagoak datozkie Administrazioaren aldetik, Hego Euskal Herriaren lau herrialdeetarako dinamika bateratuaren eragozgarri.

Hainbat kirol-elkarte, ( Mendizaleen Elkartea esaterako), frankismoaren garaian ere lau herrialdeetan bat bera izan arren, gaur egungo markoan beren burua zatitzera behartu dituzte.

Hego Euskal Herrian bat bera ziren alderdi politikoek ere zatitu egin dituzte beren batzorde exekutiboak, zatiketa administratibo-politikoari jarraituz.

Autonomi Elkarte bakoitzak bere Udal Elkartea sortu du, ondorioz udalak ere behartuta aurkitu direlarik, eguneroko jardun beharrari men eginez, batasunari uko egitera.

Europako Batasunean sartzeak finkarazi egin du Euskal Herria hirutan zatitzea: Baskongadak, Iparraldea eta Nafarroa.

2.- Berreuskalduntzearen mugak.

Hizkuntz normalizazioaren prozesuak eskatzen dituen bideak bultzatzeko borondate politikoa eta ausardia izanez gero, erakunde horiek egiten dutena baino gehiago egin lezaketen arren, handiak dira, zalantzarik gabe, egungo markoak ezartzen dizkien mugak:

Euskara-Gaztelania harremanean Konstituzioaren 3. artikuluak egindako formulazioa, eskubidea eta betebeharrarena, alegia, ezin da gainditu. Esan nahi da, legez, euskaldunok behartuta gaudela gaztelania ikastera, baina gaztelaniaz hitzegiten dutenak euskara ikastera ez.

Legez, debekatua daukagu gune elebakarrak sortzea, hori defendatzen duen Udal Elebakarren Mankomunitatearen aurkako epaiek erakusten duten bezala.

Errealitatean, handiak dira funtzionarioak euskalduntzeko eta erakundeak berak euskaraz aritzeko legeak ezartzen dituen oztopoak.

Legeak oztopoak jartzen ditu, halaber, Nafarroako eta Iparraldeko erakundeekin lan bateratua egiteko.

3.- Eskubide historikoen bideak baliorik ez.

Estatutwaren Lehenengo Xedapen Gehigarriak Konstituzioaz gaineko ahalbiderik baduela defendatzen aritu da PNV-EAJ azken hamabost urte hauetan. Hona zer dioen xedapen horretako testuak: "Estatutu honetan ezartzen den autonomi erregimena onartzeak ez du esan nahi Euskal Herriak historiaz zegozkiokeen eskubideei uko egiten dienik, eskubide horiek eguneratzerik izango baita, ordenamendu juridikoari jarraiki".

Konstituzio-Auzitegiak, ordea, baliorik gabe utzi ditu, argi eta garbi, tesi gradualista horiek, Konstituzioaren gainetik inolako eskubide historikorik ez dagoela adieraziz. Eskudantza guztiak, hierarkiaz, Konstituzioaren menpekoak dira: beronetatik kanpo ez omen da ezer gelditzen, 88ko apirilaren 26ko epaiak dioenez.

4.- Autodeterminazio-eskubideari uko.

"Estatutuarekin Autodeterminazioa" aldarrikatzen zutenen gezurra agerian gelditu da, orduan bertan ere ezker abertzaleak garbi salatu zuen bezala, Estatutuaren testuan ez baita inon horrelako ahalbiderik ez aipatzen ez iradokitzen.

Egunero autodeterminatzen garela esanez, jendearen iritzia nahasten ahalegindu zirenek onartu beharra leukakete, izan ere, autodeterminazioa nazio guztiei dagokien funtsezko eskubide demokratikoa dela, bakoitzak bere barne-antolamendua, garapen-eredua eta kanpoarekiko harremanak erabakitzeko. Hain zuzen ere, Espainiako ordenamendu juridikoan jaso ez baizik espreski ukatu egiten den eskubide bat alegia, Konstituzioaren 2.1 artikuluak honela baitio: "Konstituzioak Espainiako batasun hautsiezina du oinarri".

5.-Estatutua Amejoramendua, espainiartze tresna.

Urte hauetako Estatutu-aldiak ez du euskaldunen nazio-kontzientzia indartu. Aitzitik, aukera espainolistek zenbaterainoko indarra duten ikusi besterik ez dago, Estatutua, azken batean, proiektu espainola txertatzeko tresna gertatu dela egiaztatu ahal izan dezagun.

Hogei urte, berez, aski lirateke gizartearen kohesioak eta hizkuntz integrazioak aurrera egin zezaten. Urruti gaude, ordea, bai batetik bai bestetik, nazio eraikuntzarako egitasmo sendo eta bateraturik egon ez denez, herritarrak ilusio eta atxikimenduaren pizgarri izan zekiekeen erreferentziarik gabe aurkitu baitira.

Hogei urte, berez aski lirateke ekonomia indarberritu eta bertako sektore ezberdinak berriro abiarazteko. Jasaten ari garen lantegien ixteak, nekazaritza eta abeltzantzarekiko dagoen utzikeriak eta arrantzaren egoera kritikoak argi erakusten dute, ordea, herriarentzako ekonomi egitasmo egokirik ez dagoela.

Hara zer zioen Ricardo de la Cierva-k Estatutua onartu ondoren politikari askok azaldutako pozaren aurrean: "Jesus Viana, Pejenaute, Bandres eta Vizcaya bat baldin badatoz poz horretan, zentzuak agintzen du Estatutu hau komeni ere komeni zaiola Espainiari".

6.- Erabaki politiko eta ekonomikoak hartzeko guneak, erakunde horietatik urruti.

Aginte-gune politiko eta ekonomikoak Estatutu eta Amejoramendutik sortutako erakundeetatik kanpo daude.

Industriaren berregituraketa, gure lurraldean produkzio-sarea desegitea besterik izan ez dena, Madrilen programatu eta erabaki da; autonomi elkarteetako gobernuek hark esandakoari jarraitu besterik ez dute egin. Gasteiz zein Iruñeko gobernuek ez dute tresnarik industriaren etorkizuna planifikatu eta programatzeko, eskuduntza hori Estatuarena ez bestearena baita; bestalde, banka kontrolatzeko, monetari buruzko erabakiak hartzeko, bertarako politika fiskala diseinatzeko dugun eskuduntza ahalmena hutsa da.

Europan ez da, gainera, erakunde baskongadoen eta nafarren ahotsik entzuten. Gure herriko arrantzaren, nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta industriaren etorkizunerako funtsezko erabakiak Europako erakundeetan hartzen dira, Estatutu Amejoramendutik sortutako erakundeek horietan parte hartzeko inolako aukerarik ez dutela.

Hemengo erakundeez ez dute ordezkaririk batere horietako ezein foroetan, eta, ondorioz, ez ahotsik ez botorik gure herriaren interesak defendatzeko.

7.- Euskaldunon arteko gatazka-bidearen eragingarri.

Hogei urtetako estatutualdian erakundeek gatazka bultzatu eta negoziaketerako bideak itxi dituzte. Paradoxa mingots eta mingarri batez, ezker abertzaleari egotzi izan zaio beti, etengabe, Espainiako boteretik eta agintari autonomikoengandik gerra egoera honen erantzukizuna, baina errealitateak hamaika aldiz frogatu izan du ENAM osoaren bake nahia eta negoziaketarako jarrera zinezkoak direla, eta aldiz, Estatuaren eta alderdi politiko gehienen geldikeria nahiz maltzurkeria nabari utzi ditu. Erakusgarri nabarmenak izan daitezke Argeleko elkarrizketak eta HBren zuzendaritza osoa espetxeratzea, bakerako egitasmo bat defendatzeagatik.

Estatu zapaltzailearen aurrean eskubide nazionalen defendatzaile izan ordez, Espainiako nazionalismo handiaren ordezkari bihurtu dira hemengo alderdi balizko autonomista gehienak; eta Estatuari errepresio-politika indartzeko beharrezko babesa eman diote. Erakunde autonomikoek Estatu zentralistaren eredua eta tesia bere eginik, Estatua zilegiztatzen ari dira.

Euskal gizartearen aniztasuna jaso eta egoerek eskatu bezalako erakundeetan haren ordezkari izaten ahalegindu ordez, Ezker Abertzalea "jipoitzeko" egitekoa bere kontu hartu nahiago izan dute. Nazioarteko ordena berriari eta Madriletik datozen aginduei jarraiki, sektore abertzale eta ezkertiar borrokalarietan aurkitu dituzte azpiratu beharreko "etsaiak". Gure herriaren disidentzia politikoa kriminalizatuz eta jipoituz errealitate bihurtu dute zentralismoaren amets zaharra: Estatuarekiko gatazka euskaldunen arteko gatazka egitea.

Baina gaur, gure ustez, inoiz baino indar gehiagorekin esan dezakegu Euskal Herriak bozkatu ez zuen Konstituzio espainarretik sorturiko autogobernu eredua (autonomista) agorturik dagoela. Gure herria, behin betikoz, ahuldu eta desnazionalizatzeko erabili izan diren tresnen agortzeaz, Amejoramendu eta Estatutoaz, mintzo gara.

Aipamen berezia merezi du, zentzu honetan eta ikuspegi nazionala kontutan hartuta, bai Hego zein Iparraldean, non instituzioaren aldeko apostua garbia den, markoaren agortze fase batetaz mintzatzen hasiak garela.

Eta agortzeaz edota ezintasunezko egoeraz hitz egiten dugunean, ez dugu azterketa hau planteatzen nonbait Herri Batasunaren gutizia analitiko bat burutzeko, ezta orain dela 20 urte eginiko apustu politikoaren zuzentasuna frogatzeko ere. Aitzitik, etorkizuna aitzaki, garbi daukagu, euskaldunok ditugun arazoei aurre egiteko tresna juridiko-politiko berriak behar ditugula eta, horra hor, gure azterketaren zergatia.

Euskal herritarrok ditugun arazoei, zintzotasunez eta seriotasunez erantzuteko, euskaldunoi dagokigun boterea berreskuratu beharrean gaude. Gure arazoei aurre egiteko bide bakarra egungo marko zatikatzailetik burujabetasunean oinarrituriko beste marko nazional batera joatea dela konbentzituta gaude.

1,1,2.- Sektore berrien agerpena

Garbi dago orain eta"arestian eginiko hausnarketa, Herri Batasunak, historikoki, mantendu duen gogoeta dela eta, orain dela gutxi arte, hausnarketa horren eremu soziala, ia soilki Ezker Abertzalean kokatu izan dela.

Azken urte hauetan, ordea, gero eta sektore zabalagoak hurbildu dira hausnarketa honetara. Sindikalgintza munduaz gain, azken urte hauetan eginiko lan iraunkorrak beste sektore garrantzitsu batzuk ere horrelako azterketak egitera erakarri ditu: besteak beste, euskaltzale mundua, abstentzioan zeuden sektoreak, ...

Gure ikuspegitik, aipamen berezia zor zaio LABek eta ELAk buruturiko elkarlanari. Guretzat ez baita kasualitatea, espreski, euskal langile mugimendutik etortzea egungo markoaren ezintasunaren salaketa eta subiranotasuna eta lurraldetasunaren aldeko aipamen eta aldarrikapenak egitea.

Garbi dago, beraz, gure ikuspuntutik, badagoela gure herrian gehiengo sozial, sindikal eta soziologiko bat, bizi dugun egoeraren orria pasa eta elkarlanean beste eskenatoki batera joateko prest.

Indar, nahi eta asmo hori politikoki operatiboa izatea da, egun, daukagun erronkarik nagusienetarikoa.

1,1,3.- Irteera polizialaren antzukeria

Urtetan bakarrik ibili gara gatazkaren irtenbiderako tresna bakarrak negoziazioa eta elkarrizketa direla esanez. Garbi dago, guretzat bederen, gero eta sektore handiagoak direla arlo honetan ere negoziazio eta elkarrizketaren aldeko jarrerak agertzen dituztenak une honetan, bakoitzak bere ñabardura propioekin egiten badu ere. Euskal Herrira ezezik, Irlandako prozesuaren ondorioak Europa osora ere islatu dira eta une honetan Madrilen ere halako ahotsak entzuteko aukera izan dugu.

Arazoaren muin eta iturri politikoa ukatzen dutenek, beraz, beren jarrera politikoa gutxiengo sozial nabari batean oinarritzen dute.

Ez dago arazo polizial edota teknikorik, arazo politiko bat bizi dugu eta arazo horri heldu behar zaio, behin betiko, gure herria beste egoera batean kokatzeko.

1,2.- Ondorio gisa

Arestian eginiko egoera politikoaren azterketarekin bat etorriz gero, gure lehentasuna eta apustu politiko garrantzitsuena, egoera honetatik (zatiketa eta subiranotasunik ezetik) beste egoera batera abiatzea litzateke. Herri Batasuna bide hori egiteko bere proposamen politiko zehatza planteatzera doa.

Proposamen Politikoa Hitzarmenerko Zutabeak Euskara Irakaskuntza Kultura Sozioekonomia Lurraldearen Antolamendua Botere Judiziala Kirola