|
Iruñea -Tutera, Bilbo, Donostia eta Gasteizko gotzainen idatzia Iruñea-Tutera, Bilbo, Donostia eta Gasteizko Gotzainok elkarrekin bildurik, gogoeta egin dugu ETAk egindako mugagabeko su-etenari buruz, baketze bidean garrantzizko gertakizun berri bezala. Gogoan izan ditugu ere su-etena gizartean eta, bereziki, talde politikoetan eta erakunde publikoen ordezkarietan eragiten ari den erantzunak. Jasotzen dugu eta geure egiten komunikatuak gehiengoarengan, batez ere orain gatazkaren ondorio mingarriak jasaten ari diren pertsonengan, sortu duen lasaitasun sentipena. Gure benetako gogoa da desager daitezela behin betirako antzeko egoerak. Asko dira itxaropen sendoko une historiko bat bizitzen ari garela uste dutenak, nahiz eta historia mailako arrazoiek eta hain beharrezkoa den bakea lortzeko dauden zailtasun objetiboek zuhurtasunez jokatzeko eskatzen duten. Egoera berri honek herritar guztiengandik jarrera eta jokabide egokiak eskatzen ditu, sortu diren itxaropenen zapuztetik etorriko litzateken frustrazio larria uxatzeko. Guztion artean sorrarazi behar dugun gizarte-giroaren esku egongo da, neurri handi batean, baketze helburua lortzeko politikoek egin ditzaketen ahaleginen eragina. Animatzen ditugu, batez ere, gobernatzaileak eta politikoak, une hauetan beraien gain dagoen erantzunkizun bereziaren aurrean maila emateko beharrezko diren goi-ikuspegi, malgutasun eta kemenaren jabe izan daitezen. Beude ziur gizarte osoak jakingo dugula bakearen aldeko beren ahaleginak aitortzen. Opa dugu izan dadila hau gure arteko adiskidetasun geroz eta osoagoaren borondate berritu baten hasiera, gure gizarteari dagozkion aniztasunaren eta legezko ezberdintasunen begirunearen barruan. Kristau elkarte osoari dei egiten diogu etengabe otoitz egin dezan gurekin batera, Jaungoikoak argi ditzan eta indartu baketze bidea bere betera eraman behar dutenak.
Gasteiz, 1998 irailak 17 |