|
EUSKADI TA ASKATASUNAREN AGIRIA
Euskadi Ta Askatasunak, nazio
askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaileak, agiri
honen bidez Euskal Herriak bizi duen egoerari buruz egiten duen
hausnarketaren berri eman nahi dio euskal gizarteari.
Laster beteko da urtea Euskadi
Ta Askatasunak ekintza armatuen etenaldi orokor eta mugagabearen
bidez bideratutako ekimena abiatu zuenetik. Ekimen horri emateko
garai hartan bizi zen egoeran azpimarratzen genituen faktoreen
artean garrantzitsuena Ezker Abertzaleak erakutsitako kemena
zen: urtetako borrokari esker, herria eraikitzen eta defendatzen
jakin izan baitu, egoerarik zailenetan ere.
Erresistentzia lan horri esker
beraz, Euskal Herriaren etorkizuna behin betirako lurperatu nahi
zuen marko juridiko-politikoa agortarazi dugu. Oraindik indarrean
dirauen marko juridiko-politikoek (Frantzia eta Espainako Konstituzioak
eta Moncloako Estatutuak eta Nafarroako Foru Hobekuntzak osatzen
dutenak) Euskal Herria ito egiten dute, Euskal Herrian dauden
indar ekonomiko, sozial eta kulturalak ito egiten dituzte.
Azken hogei urteotan Moncloako
Estatutuak abertzale epel batzuen nahia asetzeko edota txarra
eta okerragoaren arteko ezinbesteko hautaketa bezala, edota are
zinezko abertzale askoren engainurako tresna gisa ere balio izan
dute. Baina garai horiek gaindituak dira. Eragile politiko eta
sozial desberdinek onartzen dute hori. Beste zerbait behar du
Euskal Herriak. Izan ere, behar aspaldian behar zuen; baina itxuraz,
iazko udara inguruan ordura arte "status quo" franko-espainarrean
euskal herritarrak eroso bizitzera eraman nahi zituztenak berak
ere ohartu bide ziren bide horretatik Euskal Herriaren galbidea
zetorrela. Eta, horra berrikuntza, bazegoela aukerarik, hogei
urteren buruan Euskal Herri bertako indarrak bilduz beste marko
juridiko-politiko batetara igarotzeko.
Esperantza, ilusio eta azterketa
politiko horri eutsiz ekin zion ETAk bere bideari. Euskal Herriko
beste eragile politiko eta sozialen uzkurkeria astindu asmoz.
Egoera politiko berri batetarako baldintzak gauzatzen ari zirelakoan.
Gizartean, oro har, abertzaletasunetik landa, konponbide politiko
orokor eta behin betikorako baten aldeko gogoa eta jarrera ere
nagusi zirelako, bulego politikoetan (UCD, PSOE, EE, PNVren garaietan)
diseinatu eta komunikabide masiboen bidez txertatutako mamigabeko
bake-nahi mediatikoa gaindituz. Horren adierazgarri nagusia Lizarran
lehenik eta Garazin gero sinatutako Hitzarmen garrantzitsua,
Ajuria Eneko Ardanzaren garai ilunak gaindituz.
Zertan joan den urtea
Iaz abiatu prozesuaren lehenengo
ezaugarria sortutako ilusio eta esperantza da. Euskal Herrian
(ber)piztu ilusioak baieztatu zuen ekimenaren aurretik eginiko
irakurketa politikoa eta euskal gizarteak bere baitan duen indarra.
Indar hori azaleratu egin da eta oso aspaldian ez bezala euskal
gizartean askatasuna lor daitekeenaren ustea hedatu eta nagusitu
da.
Eta ilusioarekin batera, lehenengo
hilabetetan, euskal herritar eta gizarte talde anitzen kezka
nagusia, abian zegoen prozesuan parte-hartzea izan da, prozesua
bultzatu nahia. Euskal Herria ez zegoen jada Madril edo Pariseko
Gorteetako jauntxoen gogo-aldaketaren beha, baizik eta bere baitako
indarrak neurtzen, bere baitako aniztasuna ikusten, azter- tzen,
onartzen eta aniztasun horretatik abiatuz Euskal Herria eraikitzeko
urratsak nondik norakoak izan behar ote zuten... zai.
Hain zuzen ere, edo hain oker
esan beharko genuke, abiatutako prozesua indefinizio batean murgildu
da, ETAk ekimenaren arrazoiak eta norabidea argiro planteatu
arren. Prozesu politikoa desitxuratzeko eta mantsotzeko egin
diren saioak eta mahai gainean jarritako aitzakiak ugariak izan
dira. Gizartean piztutako pozari, bizi pozari ur izoztua bota
diote behin eta berriro, beren zalantza, motelkeria eta prozesua
gidatzeko ezjakintasuna (edo gogo eza esan beharko genuke?) erakutsi
duten politikari profesionalek.
Irailaren 18az aurretiko egoerara
itzultzeko saio ugari egin da, herri eraikuntza, Euskal Herriaren
eraikuntza, Euskal Herriaren eraikuntza alde batera utzi eta
mamirik gabeko bake prozesu ustela bideratu nahi izan dute, nortzuk
eta ustez prozesu horretan burubelarri eta gidari ibili beharko
zuketen PNVko batzuk. Eta horretarako ustezko abertzale horiek
Espainia eta Frantziaren "inmobilismoan" eta euskal
herritar askoren ezinegonaren adierazle diren ekintzetan babestu
dute lotsagarriki beren epelkeria eta txepelkeria. Galdera ez
baitzen PPk eta PSOEk zer eginen zuten. Irailaren 18an abiarazitako
prozesuaren gakoa ez zen gure betiko etsaiek zer egingo ote zuten
. Hori jakina zen hasieratik (ustegabekoak ongi etorriak izanen
baziren ere!). Gakoa, ordurarte zegoen Euskal Herriaren aurkako
marko juridiko-politiko horren alde aritu izan direnen jarrera
aldaketa zenbaterainokoa izanen zen ikustea baitzen.
Estatu espainiar eta frantsesak
bake-borondaterik ez duenak egin dezakeen gauza bakarra egin
baitute: bere horretan jarraitu, mugitu gabe, alde batera ala
bestera emaniko ezein urratsek mendetan Euskal Herriaren inguruan
ehundu duten kartzelaren ormak bertan behera jar zitzakeelakoan.
Beraz, atxiloketak, orain arteko errepresioa berdin mantendu
eta nahasmena eragin izan da beste urtebetez eskaini diguten
elikagai aldagabe, sekularra.
Hala ere iragan urte honetan
bi aldi desberdin antzematen dira: Euskal Herriko Udal Ordezkarien
Biltzarraren sorrera artekoa lehena, non hastapeneko ilusio eta
pozak gidaturik euskal gizartearen gehiengo zabalak gatazka gainditzeko
oinarri politikoak eta metodologia adosteaz gain, eraikuntza
nazionalaren bideari ekin zitzaion. Gizartean sortutako espektatibei
erantzun eta norabidea argitzean zetzan hilabete horietako erronka.
Abertzale orok horixe eskatzen baitzuten, Euskal Herriaren aldeko
apustu politiko argia egitea. EHUOB-ren sorrerak aldaketa kualitatiboa
erakarri zuen: Historia hurbilean lehenengo aldiz nazio mailako
instituzio bat sortu baitzen. Alta, abiapuntu besterik ez zena
Otsailaren 7rako izozturik zegoen.
Ondoren, Estatu espainiar eta
frantsesen eraso batzuei erantzun zabala eman arren, hauteskunde-lehiaren
menpe geratu da prozesu politikoa. Eta Ekainaren 13ko hauteskundeen
ondoren okerrago, prozesua indar berriz abiarazi beharrean, jarrera
kezkagarriak oso agertu dira, atzera egiteko keinu nabarmenak,
alegia. Oraingoan Ezker abertzaleak erakutsitako babes zabalak
izua eragin die Estatuburuei eta beren itsumutilei.
Aipatu dugu egungo marko juridiko-politikoaren
agorpena, Euskal Herriaren askatasun bidean oztopo gisa asmatutako
egitura administratibo zatikatzaileen higatzea. Agortua bai,
baina indarrean dago euskal herritarren nahi eta beharrei muzin
egin eta gatazka luzatzeko tresna gisa. Eta Estatu espainiarraren
erasoen beldur edota interes pertsonal-partidistei lehentasuna
emateagatik, hogei urtez Euskal Herriaren eraikuntza oztopatu
duen marko hori egokitu eta berritu nahiko lukete batzuk: Espainian
eta Frantzian eroso bizi direnek eta Euskal Herria askatzea "ameskeriatzat"
duten ustezko abertzale "nostalgikoak" ororen buru.
Ezker abertzaleak bereak eta
bost gehiago jarri ditu prozesu honetan. Umiltasun osoz gainera,
gustuz, jarri dituela esan behar. Sufrimendua gainetik kendu
ez eta hala ere kontsentsuzko jarrerak bihotz-zabal bilatu ditu.
Horren ordaina ustelduta dagoen marko juridiko hori indartzen
saiatzea izan da batzuen aldetik.
Euskal Herriaren aldeko gudarien
aurka aritzea erraza zaie oraindik ere. Zein erraza den euskal
presoak beren borreroen eskuetara bidaltzea, senideak sakabanaketa
eta urruntzearen gurpilak ekan ditzakeen "istripuen"
mesedetan uztea eta PPko Gobernuak deus egin nahi ez duelako
aitzakiatan posizio politiko "zentrala" bereganatu
nahi izatea!
Herri borrokaren espresio batzuk
Ezker abertzaleari presio egiteko erabiltzea iraingarri eta lotsagarria
da. Estatu frantziar eta espainiarren biolentziarako tresnak
bere horretan zutik dirautenean, aktibo dirautenean, aktibo dirautenean,
inork gutxik ­ezker abertzaletik kanpo ulertu behar da, noski­
erran du deus hamarkada eta are mendetako biolentzia horri buruz.
Aski da aitzakiak erabiltzeaz, euskal herritar asko eta askoren
ezinegonaren adierazle diren ekintzen aurrean mikrofonoarekin
beren burua eta barrenak lasaitzen dituzten politikarien jokabide
zekenaren ondorio ere bazen eta Irailaren 18ra arte bizi izan
genuen egoera. Horrexetan ari dira gaur egun batzuk, itzali gabeko
sutara olio beroa jaurtikiz.
Non gauden eta nora goazen
Edozein borroketan bezala, ez
da dena zuri eta ez da dena beltz. Euskal Herriak urte honen
buruan aurreratu duena asko da, egoera politikoa astindu eta
gatazka gainditzeko norabidean kokatu izana ez da gutxi, nahiz
eta gehiago aurrera zitekeen, bide horretan kide izan ditugun
batzuk arrakasta eta gogo txarrez abiatu ez balira.
Orain une kritiko batetan gaude:
aurrera egin eta prozesua bururaino eraman ala egoera nola usteltzen
den ikusi ezer egin gabe, egindako bidea erabat zapuztuz.
Euskal gizartean badago aski
indar abiatutako prozesuan aurrera egiteko, proiektu politikoa
argitu eta bideratzen joateko. Gogo eta grina edukitzeaz gain
zinezko aukera dago hainbeste desio ditugun helburuak lortzeko.
Horretarako urte honetan zehar kaltegarri izan den indefinizioa
alde batera utzi eta indar berriz ekin behar zaio prozesuari,
gizartea jakinaren gainean jarriz nondik nora joanen diren hurrengo
urratsak.
Baina Euskal Herri ezin da eraiki
gaur egungo baldintzetan, oztopoak handiegiak dira. Beste baldintza
batzutan, baldintza demokratiko batzutan, zalantzarik ez da egin
behar aski indar eta jakinduria politiko egonen dela Euskal Herria
eraikitzeko. Baldintza demokratiko horiek lortzeko urrats eraginkorrak
egin behar dira ahalik eta lasterren.
Beraz, egoeraren larritasunez
jabetu behar gara guztiok eta ondorioz egoera honek eskatzen
duen koherentzia guziaz aritu. Dagoeneko somatzen den "impasse"
egoera hori ezin da luzatu, eta denbora galdu gabe gaur egungo
egoera juridiko-politikoa gaindituko duen proposamena egin eta
martxan jarri behar da. Arduragabekeria galanta litzateke euskal
gizartean sortu den ilusio guztia zakarrontzira botatzea norberak
bere interesak aurrean jartzen dituelako.
Berriz, gogoak eta aukerak ez
dira aski. Proiektu zehatzak behar dira ere. Ezker Abertzaleak
aspaldidanik agertu du bere proposamen politikoa, Euskal Herriaren
hitza adierazteko aukera eman eta errespetatua izan dadin baliabideak
jartzea hain zuzen ere. Halere proposamen hori ez da Ezker Abertzalearen
patrimonioa, euskal gizarteari eskaini eta honek berea egin duena
baizik. Gaur egun, Espainia eta Frantziaren errealitate zanpatzailea
inposatu nahi dituztenez gain inork gutxik ukatu dezakeen kontzeptua
baita.
Euskal demokraziaz ari gara,
eta demokrazia guztietan bezala Euskal Herriak bere konstituzio
propioa beharko du. Egoera demokratiko hori arautuko duena alegia.
Baina konstituzio bat ez da bakarrik dokumentu batean biltzen
den arautegi bat, praktikan eraiki eta aritzen den egitura instituzional
eta politikoa baizik.
Prozesu hori aurrera eramateko,
euskal demokrazia eraikitzeko Euskal Herriak bere ordezkaritza
instituzionala behar du. Nazional eta subiranoa izanen den gune
eta ordezkaritza instituzionala. Euskal Herriak bere parlamentu
nazionala behar du. Eta horretarako ezinbesteko baliabideak eta
prozedura demokratikoak martxan jarri beharko dira berandu baino
lehen. Urrats garrantzitsua eta eraginkorra litzateke, gatazka
gainditze bidean jarri eta gizarte osoaren parte hartzearekin
prozesu kostituientea abiaraziko lukeena.
Dei egiten diegu beraz euskal
herritarroi aurrean dugun erronkari gogoz heldu eta indar berriz
Euskal Herria
askatzeko borrokan aritu daitezen. Etorkizuna Euskal Herriarena
da. |