ETAri ELKARRIZKETA

"Lizarra-Garaziko Hitzarmenak balio berbera du, izatekotan, gehiago"

Adierazpenaz gainera, APS agentziak ETAren ordezkariei galdera batzuk luzatzeko aukera izan du. Elkarrizketa
horretan adierazpenaren inguruko zehaztasun gehiago eskaintzen du ETAk.

Hainbat komunikabidetan zabaldu da ETAk PNV eta EArekin akordioa sinatu duela. PNVk eta EAk
hori gezurtatu egin zuten arren, ETAk dio akordio hori sinatu egin zela. Ba al dago horren frogarik?

Egia da mundu guztiak hitz egin duela horretaz ETAk izan ezik. Guk baietz esan dugu eta baietz esan dugunean
halaxe da.

Urte honetan zehar Gobernu espainiarrarekin harremanak izan dituzue. Zertan dira harreman horiek?
Zein da Gobernu espainiarraren jarrera?

Harreman horietan esan beharreko lehenengo gauza da ekimena hasi zenean Gobernu espainiarra erabat jokoz
kanpo geratu zela, ekimena nondik nora zihoan eta nola erreakzionatu zezakeen jakin gabe. Gerora, bere asmo
bakarra negoziaketa prozesu birtual faltsua eraiki nahi izatea eta denbora irabazi nahi izatea izan da. Jakina denez
eta erakundeak argitara eman duen bezala, bilkura bakarra izan da Gobernu espainiarraren ordezkarien eta
erakundearen ordezkarien artean, eta bilkura horretan hitz egindako gauza apurrak ere ez ditu errespetatu
Gobernu espainiarrak. Espainiaren eta Frantziaren jarrera urte honetan zehar berdina izan da: errepresioa
mantentzea eta konponbide demokratiko eta baketsua etengabe eragoztea. Ez dute urrats txikiena ere eman
konponbide hori bilatzeko.

Su-etena hautsi ondoren zer gertatuko da Lizarra-Garaziko Hitzarmenarekin eta Udalbiltzarekin?

Lizarra-Garaziko Hitzarmenak bi atal eta bi funtzio nagusi ditu. Bata gatazka politikoaren diagnosia egitea,
gatazkaren ezaugarriak azalaratzea, hau da, hemen gatazka politiko bat dago eta gainditu egin behar da. Eta
bigarren atal eta ekarpen gisa hori gainditzeko metodologia eskaintzea; nola konpontzen den, nola ematen zaion
irtenbidea. Eta beraz pentsatzen dugu balio berbera duela, bai orain dela sei hilabete, eta baita sei hilabete barru
ere, etorkizunean. Izatekotan gehiago, gatazka gainditzeko metodologia eskaintzen duelako. Beraz, ez dugu
ikusten zergatik gertatu behar den ezer Lizarra-Garazirekin, ez bada lana areagotzea eta indar gehiago jartzea
bere zereginetan.

Udalbiltzari dagokionez, Udalbiltzak berak kaleratutako txostenetan agertzen den bezala, Euskal Herriaren
errealitate bati erantzuteko sortzen da, hau da, Euskal Herrian dauden hutsune eta arazo batzuei aurre egiteko. Eta
hor planteatzen da arloz arlo aztertzea zein den Euskal Herriaren egoera, ekonomian, kuturan, euskara arloan eta
abar. Eta, era berean, aztertu egiten da zeintzuk diren falta zaizkigun baliabideak, eta, besteak beste, baliabide
instituzionalak. Eta horretan ari dira lanean. Ez dugu ikusten borroka armatua hasiz gero arazo horiek desagertuko
direnik. Eta, beraz, Udalbiltzaren arrazoia eta funtzioa berdinak izango dira, eta uste dugu aurrera jarraituko duela.