ELKARRI IZAN PROPOSAMENA

1.AURREKARIAK
Beharrak
Nafarroaren eta Euskal Autonomi Elkartearen kasuetan, Prozesu konstituziogile eta estatutugileak, aukera politiko desberdinen arteko nahi besteko akordiorik lortu gabe garatu ziren. Horren ondorioz, gaur egun oraindik, balore ulergarrien eta oinarrizko kontsentsuen falta adierazten dute, eta hauek dira, oraindik konpondu gabe dauden arazo eta gatazken arrazoiak. Disfuntzionaltasun egoera honek -etengabea eta pixkanaka areagotu dena- zuzenketa-mekanismoak behar ditu.
Aukerak
Ikusmolde demokratiko batetik, indarrean dagoen konstituzio-markoaren aukerak aztertzea justifikatua dago, Nafarroaren eta Euskal Autonomi Elkartearen egoeran bake juridiko handiagoa eta adiskidetze sozio-politikoa sendotzeko. Aukera hauetariko bat Konstituzioaren Lehen Xedapen Gehigarriak eskaintzen duena da, Carta Magnak, bi komunitateentzat eskaintzen duen berezitasun bat adierazten duelako.
Legezkotasuna
Lehen Xedapen Gehigarriak izate desberdin baten onarpena adierazten du, Konstituzioa bera baino aurretiagoko Eskubide Historiko batzuen errespetua eta babesean oinarritua. Funtsean, izateko eskubide baten aitorpena adierazten du eta gatazka politikoari irtenbide espezifikoa emateko behar adina aztertu ez diren aukerak eskaintzen ditu. Izateko eskubidearen gaurkotze ireki, eraikitzaile eta dinamiko honek, herritarren borondatea demokratikoki jaso eta irudikatzeko aukera ematen du. Ondorioz, Xedapen Gehigarri honen garapena aplikatua izan behar den une historikoaren errealitate sozialarekin bat etortzea ahalbidetzen du. Honela, printzipio, balore, eskubide eta prozedura demokratikoek osatzen duten markoak hainbat bide eta aukera zabaltzen ditu
Aukera
Gure historia hurbila aztertzerakoan, Konstituzioko Lehen Xedapen Gehigarriari buruzko eztabaida Transizioa eta prozesu konstituziogileko desadostasun-puntu adierazgarria izan dela ikusten da. Eztabaida hau berreskuratzea egokia izan daiteke oinarrizko kontsentsua berreraikitzeko ahalegin bat egiteko.
Erabilgarrritsuna
Lehen Xedapen Gehigarria, Konstituzio guztian, Nafarroa eta Euskal Autonomia Elkartea batera heltzen dituen erreferentzia bakarra da. Tratamendu bateratu hau bi komunitateak maila berdinean parekatuz egiten da. Eskubide Historikoak, gainera, elkarrizketa, hitzarmen eta itun tradizio baten erakusle dira. Hitzarmenean oinarritutako izaera honek eta bere tratamendu partekatuak egungo disensoak eraldatzeko erabilgarritasun handia eskaintzen du.
Bidegarritasuna
Lege proposamen honen lan-eremua agente politiko guztientzat iragangarria da. Eskubide Historikoak Nafarroa eta Euskal Autonomia Elkartean dauden tradizio desberdinentzat topagune bat dira. Gainera, Nafarroako Foru Hobekuntzako eta EAEko Autonomia Estatutuko Lehen Xedapen Gehigarriek Konstituzioko Lehen Xedapen Gehigarriaren edukia osatu eta garatzen dute. Baldintza hauek guztiak, abiapuntu honetatik, elkar-ulertze berri baterako saiakera egitea bereziki bideragarria egiten dute.
Koherentzia
Euskal Herriak bide baketsuak eta demokratikoak aurki ditzake legozkiokeen eskubideak baliarazteko; izan ere, prozesu demokratiko batean euskal herritar gehienen borondateak, era legitimoan adieraziak, aplikazioa izan behar du une bakoitzean indarrean dagoen ordenamendu juridikoan». Esaldi hau, Ajuria Eneko Mahaiak 1996ko urtarrilaren 11ean onartutako adierazpenetik hartua dago. Lege proposamen hau adierazpen honen edukiaren garapen koherentea eta hitzez hitzezkoa da. Azken finean, xedea hauxe da: edozein zilegizko helburuentzat bide politiko, demokratiko eta baketsuak alternatiba bat izan daitezkeela erakusten duten formulazio teorikoak praktikan zehaztea, Ajuria Eneko Mahaiaren adierazpena bezalakoak praktikan jartzea, alegia.
Demokratikoa
Denbora gehiegi pasatu da, gehiegizkoak izan dira eta izaten jarraitzen dute kostuek, disfuntzioek eta sufrimenduek. Zatiketa demokratiko eta banaketa sozial eta politikoa finkatzeko arrisku handia dago. Egoera hau era baikorrean eraldatzea edo luzatzen uztea eta betirakoa egitea gure esku dago. Saiatzeko eta bakeari eta normalizazioari aukerak eskaintzeko unea da.
Une egokia
Konstituzioaren Lehen Xedapen Gehigarriaren aukerei buruzko akordio politiko bat lortzeko hipotesiak abantailak eskaintzen ditu ikuspegi politiko eta demokratiko batetik ere. Egungo egoeraren desblokeoa eta gatazkaren irtenbide eta eraldaketa demokratikorako prozesu baten hastapena adieraziko luke. Azkenik, politikatik abiaturik, politikaren garaipena adieraziko luke, gizarte demokratiko baten printzipio eta baloreei buruzko oinarrizko kontsentsua errazterakoan.

 

Konstituzioaren Lehen Xedapen Gehigarriaren garapena eta aukerei buruzko printzipioei dagokien

2.LEGE PROPOSAMENA
XXI. mendearen atarian, giza eskubideen errespetuak, justiziak, demokraziak eta bakeak elkarbizitza aurrerakoi baten eta helburu gizatiar sakonenaren sintesia osatzen dute. Helburu honek gure gizarteak dituen arazoei irtenbide demokratikoak eskaintzeko borondate ausarta eta irtenbide horien diseinua eta definizioa konpartitzea ahalbidetuko duten prozesuen ezarpena eskatzen du. Kontestu honetan, eta printzipio eta prozedura demokratikoetan oinarritutako komunitate baten markoan, herritar gehienen borondatearen zilegizko adierazpenak etapa historiko bakoitzeko ordenamendu juridikoan aurkitu behar du bere aplikazioa.

Konstituzioaren Lehen Xedapen Gehigarriak printzipio hauen garapenari eta erabilpenari zabaltzen dio ordenamendu juridikoa, gure errealitate sozio-politiko eta instituzionalean. Eskubide Historikoen babesa eta errespetua azaltzen duen honek, identitate historiko eta desberdin baten onarpena adierazten du. Lurralde historikoen egungo autogobernuaren berezitasuna bera, nazio-anitzeko historia duen Estatu baten markoan, Eskubide Historikoetan datza. Konstituzioaren Lehen Xedapen Gehigarriak Estatuarekiko harreman berezi baten harrera konstituzionala adierazten du, hitzarmen sistemaren bidez adierazia eta bi aldeen onarpenean oinarritua. Harreman hori momentu bakoitzeko egoeretara molda eta gaurkotu daiteke prozesu zabal batean.

Horren guztiaren ondorioz egokia da ondorengo Lege Proposamena onartzea.

1. artikulua. Jatorri foraleko komunitateetako herritar gehienen borondatearen adierazpen demokratiko orok, bere egungo estatusean eragina edo aldaketa suposatzen duen adierazpen demokratiko orok, Konstituzioaren Lehen Xedapen Gehigarrian babestu eta errespetatutako Eskubide Historikoetan aurkitzen du bere zilegitasun espezifiko bat, eta Eskubide horien izate bereko hitzarmenaren bidez bidera daiteke.

2. artikulua. Herritarren borondate demokratikoaren adierazpena eraginkorra egingo duten mekanismo eta prozedura bereziak arautuko dira legez, aipatutako hitzarmen sistema osa eta hobe dezaten. Lege hau Legebiltzarreko erakunde eskudunek onartu beharko dute.

3. artikulua. Lege honen aurreproiektuaren lantzea batzorde bati eskatuko zaio. Batzorde honetan, Nafarroako eta Euskal Autonomi Elkarteko parlamentuetan ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek parte hartu ahal izango dute. Aurreproiektu hau lantzeko epea hamabi hilabetekoa izango da. Kontsentsu handiena lortzearren, batzorde honek ikusten dituen behar adina kontsulta egingo ditu, agente sozial desberdinen partaidetza eta konpromisoa benetan gauza dadin.

3.AINTZAT HARTZEKO

Dokumentu hau sinatzen dugunok, "Konstituzioaren Lehen Xedapen Gehigarriaren garapena eta aukerei buruzko printzipioei dagokien Lege proposamenaren" zirriborroa, eta azken bi urte hauetan egin den ikerketa-lana ezagutzen dugunok, zera adierazi nahi dugu:

Proposamen
honek behar bezain urratuak izan ez diren irtenbideak aztertzen eta partaidetza-prozesu berriak bultzatzen dituela deritzogu. Zentzu honetan, gure sinadurak ez du adierazten proposamenaren eduki osoarekin bat gatozenik, etorkizunerako erabilgarria eta interes handiko lan-hipotesi baten aurrean gaudela baizik.
Horregatikproposamen hau dagokien Legebiltzarretan aurkeztea, aintzat hartzea eta ondorengo eztabaida erraztea eskatzen diegu talde politiko guztiei.