EAJ- ABERRI EGUNA 2000

I .- GEURE BIDETIK

2000 urteko gure Aberri Eguna zuzenean zein zeharrean Aznar jaunak kontrolatzen edo bere eraginpean dituen komunikabideetako corifeoen kanpaina erraldoian murgilduta ospatuko dugu. Baina hori ez da inolako berrikuntzarik, agian bai kopuruari dagokionean, inoizko altuena delako, eta gobernuaren kontrolaren intentsitateari, hori ere inoizko nabarmenena baita. Enpresa publiko pribatizatuen bidez komunikabideak erostea eta gero "golden share-aren" (urrezko akzioa) bidez eskuztatzea.

Ibarretxe Lehendakariak bere gobernuarekin eta EAJ-PNVk bere zuzendaritza politikoarekin, gehiengo osoa duen eskuineko gobernuaren ehiza-piezarik preziatuena izatearen pribilegioa daukagu, lehen urteetan zehar Felipe Gonzálezen aurka egin zuen bezalaxe, gaur egun gure eta gure lehendakariaren aurka ahoskatzen du Aznarrek bere betiko lelo motela: "alde hemendik Ibarretxe jauna!"

Bada, gauza maila sistematikoan kritikatzea eta kontra egotean datza, gobernurik-ezaren egoera kaotikoa ereitea. Eta horrela da neurririk gabe eta elkarrizketa ere ukatu egiten dute, "Ibarretxe jaunak esaten duena eta egiten duena gora-behera", inoiz demokrazian inork esan duen esaldirik bortitz eta bitxienetakoa. Ez da atzean geratzen legebiltzarkide sozialista batena, gehiegizko ausardiarekin esan duelako Eusko Jaurlaritza "Moldakaitzen Gobernua!" dela.

Ez dugu indarrik alferrik galduko gure Jaurlaritza eta pairatu ditugun sozialisten Gobernuak erkatzen, erraza eta krudelegia litzatekeelako.

Baina kontuan hartuta Euzkadi eta Espainian, eta arestian adierazi ditugun hedabide horietan guztietan gure egintza positiboak ez direla inoiz azaltzen, eta bai ordea biolentzia egoera, eta ez guk hori guztia bukatzeko egiten dugun ahalegina, eta, aldi berean, ez gatozelako bat ez irtenbideei buruzko analisietan, eta ez dituztelako baimentzen gure Jaurlaritza eta gure Alderdiaren berariazko ekimenak arloan, uste dugu bidezkoa dela gure erakundeek eta batez ere Eusko Jaurlaritza egiten ari diren gauza positiboen berri ematea.

a) Hamabost urteko hazkuntza, elkarbizitza eta egonkortasun ekonomikoa.


- Gure inguruan daudenak baino hazkuntza tasa altuagoak. Azken urtean, 1999an, %4, Espainian %3'7koa izan zalarik, eta %2'3koa Europan.
- Historia osoan lanean izan dugun biztanleria kopururik handiena: 826.000 pertsona (E.A.E), eta langabezia tasa Estatuan dagoena baino 1'8 puntu baxuago.
- Inguruan dauden herri finantzarik sendoenak, aurrekontuen eta administrazioaren kudeaketa zurrunari esker.
- Azken 10 urte hauetan, etenik gabe, Euzkadiko errenta eta Europako batez-bestekoaren hurbilketa. Kontuan har bedi 1980an %80an geundela eta egun ia %100aren mugan gaudela.


b) Arlo ekonomiko berriak eta zientzia-teknologia sistema egituratua

  • Industri aniztasuna eta jarduera berriak, adibidez aeronautika eta telekomunikazioen arloan, eta aldi berean gora egiten ari diren ohiko ekoizteko arloak, esaterako siderurgia eta ontzigintza, duela urte batzuk ia desagertuta zeudenak, edota makina-erreminta, ibilgailuetarako osagarriak eta abar.
  • Zerbitzu eta turismoaren garapen benetan ikusgarria.
  • Teknologiaren Euskal Sarearen sorkuntza, gure industri bilbadurari egokituta dagoena, nahiz eta Gobernu Zentralak Estatutuaren 10. artikuluan berariaz ezarrita dagoen eskumena transferitzeari uko egin, eta kontuan hartuta Estatutu horren defentsa aldarrikatzen dutela.
  • Zientzia teknologia plan berria, Europarekiko hurbilketa horretan benetan jauzia eragingo duena I+Geko ahaleginean, B.E.G.ren % 1'7a joko duelako.


    2 - Herriaren modernizazio fisikoa

  • Euzkadi Europa osoko erreferente bihurtu duten azpiegiturak (Guggenheim, Alderdi guztien kontra, Bilbo eta Donostiako Kongresu Jauregiak, Arabako eta San Telmo Museoak eta Bilboko Arte Ederretakoaren sustapena).
  • Barneko eta nazioarteko egituraketa osatzeko komunikazioetako azpiegiturak, ahalmen handiko bideekin (Eibar-Gasteiz, Beasain-Durango, Txorierriko igarobidea), eta hori Madrileko Gobernua gu isolatzeko egiten ari den ahaleginak gaindituz, adibidez Euskal Y-a edo Canfranc-etik Zaragoza-Tolouse A.H.T. bezalako proiektuak "sine die" atzeratuz, portuetarako edo Bilboko metrorako laguntzarik ez emanez edo Seranteseko tunela irekitzearena ez betez.
  • Getxo, Getaria, Hondarribia, Zumaia eta Orioko kirol portu berriak .
  • - Ibai-arroen saneamendua eta hondakinen arazoei konponbidea ematea, eta baita alderik kaltetuenetan 8.000 etxebizitza eraikitzea ere, azken hori abian dagoen proiektua.



    3 - Gure gizartea etorkizunari begi jartzea:
    globalizazioari aurre egitea eta Informazioaren Gizartea garatzea

  • Inbertsioak eta merkataritza gauzatzeko nazioarteko fluxuei irekitzea (1993-98 bosturtekoan esportazioak bikoiztea. Estatuaren osoaren %9'43ko esportazio tasa eta, horietatik, %70 Europara egiten da; igoerak %2'7koak izan dira 99an eta %3koa 2000n). Merkataritza balantza Espainiakoa baino sendoagoa da, eta estaldura tasa nabarmen da altuagoa (%132'09 euskaldunaren kasuan eta %76'06koa espainiarrean, eta gero eta esportazio eta inbertsio garrantzitsuagoak egiten ditugu hegoaldeko konoan eta Brasilen, eta baita Mexikon ere).
  • Informazioaren teknologien hedakuntza eta ingelesaren sustapena hezkuntzan (ordenadore bakoitzeko dauden ikasleen ratioa 20tik 10era murriztea eta hezkuntza eredu hiru eleduna sartzea). Arlo honetan funtsezkoa da presaz ibiltzea eta horren adibidea da egun bertan Alemanian Asiako herrietatik 200.000 (berrehun mila) informatiko inportatzeko beharrizanari buruzko eztabaida.
  • On line jardungo duen administrazioa eta zerbitzuak.
  • Ekonomia berriko eta merkataritza elektroniko seguruko enpresen sustapena.
  • Interneti lotuta dauden azpiegituren hobekuntza.
  • Sarean gureak geureak diren eduki kulturalak sustatzea (euskara, euskal entziklopedia).

 

4 - Giza Baliabideak eta gizarte babesa

  • Biztanleria gero eta prestatuagoa: %60ak ikasketa ertainak edo goi mailakoak ditu, eta Espainian portzentaia hori %44koa da.
  • Lanbide heziketa berrizalea eta gure ekonomiaren beharrizanei egokituta dagoena.
  • Gizarte babeseko sistemarik aurreratuenetakoa. Hobekuntzak prestakuntzen mailan (G.G.S. %20 hazi da 1998-2000n), eta pertsona baztertuen gizarteratzea kudeatzeko bitartekoetan (Gizarteratzeko hitzarmenak eta Auzolan)

    Egitate eta lorpen hauen zerrenda luzearekin jarrai genezake eta Osasuna aipatu, dudarik gabe inguruko onena, edota kultura, edo baserriaren ohiko habitataren lehengoratzea, edo gure herriko labela duten produktuak, baina uste dugu alferrik dela, aise frogatu dugulako gertaera eta datuekin hemen, gobernua gauzatu ezezik, hobeto egiten dugula; eta Aznar jauna "España va bien" esan eta esan ari bada, Ibarretxek eskubide osoa du erantzuteko Euzkadi askoz hobeto dabilela. Eta benetan doilorkeria dela prepotentzia hori gehiegikeriaz erabiltzea Euzkadiko gobernu onaren errealitatea ezkutatzeko, eta bere porrotik handienaren muga ukitzen duela: bere egoísmoa eta koldarkeria biolentziaren arazoari ekiteko, nahiz eta bere betebeharra izan. Eta zenbat eta Eusko Jaurlaritza eta EAJ-PNVren aurka gehiago jo, orduan eta nabarmenagoa da agintari mailan duen frustrazio pertsonala eta boterea botereagatik erabiltzeko politika.

    Egia esan ez da beharrezkoa profeta izatea esateko Suárezek, bere 23 F-a eta guzti, euskal arazoarekin topo egin bazuen, eta Gonzálezi, bere GALarekin, beste horrenbeste gertatu bazitzaion, Aznarrek ere bere temakeria eta inmobilismo horrekin porrota jasango duela esateko, aintzatetsi nahi ez duen eta ekiteko gauza ez den arazo honekin.

    Beraz, adierazi den honekin guztiarekin argi froga daiteke Euzkadi aurrera egiten ari den herria dela, eta bertakoen bizitza kalitatea altua dela oso. Ia hiritar guztiek esaten dute hemen bezala ezin dela beste inon bizi. Eta egia izan arren gu baino aberatsagoak diren herriak egon daudela eta horietan ere hiritarrek asebeteta bizi direla adierazten badute ere, onartu behar dugu gure lur honetan gure aurreko euskaldunek baino bizitza kalitate hobea dugula, inoiz hemen gure aurreko belaunaldiek izan dutena baino hobea alegia.

    Eta egoera hori denon ahaleginari esker da, euskaldun guztiok lan egiteko dugun gaitasunari esker eta gure ekoizteko sarea ia erabat haustu zuten hiru krisialdi atzera egin gabe gainditzeko izan dugun kemenari: petrolioaren krisia, Europar Batasunean sartzerakoa eta 1993koa. Eta, aparteko lehengoratze hau, eta ozen esan behar da, adierazi ditugun datu horien arabera inoren laguntzarik gabe, ezinezkoak da Gobernu ona gabe. Eta gaur egun Lehendakaria den jardunari dagokionean, hor daude Ardantzaren Jaurlaritzan Lehendakariorde izan zenean egin zuen lan eskerga, aurrekontuetan aplikatu zuen zurruntasuna, negoziaziorako eta Madrilekin hitz egiteko frogatu zuen gaitasuna eta ia bi urteko Gobernuan egin duen lana; argi dago bai berak eta bai bere taldeak kudeaketarako aparteko gaitasuna dutela.

    Eta, berriz ere esaten dut, sozialisten lerroetatik "Moldakaitzen Gobernua" esan duenak denok irain gaitu, baina batez ere bere gaitasunik-eza frogatu du, ez Jaurlaritzarena. Lehendakariari alde egiteko eskatzea baina hori betearazteko indarrik eduki gabe ahuleziaren isla da eta behin eta berriz inpotentzia hori adierazteak oraindik garrantzitsuagoa den beste mentsa bat uzten du agirian, adimen politikoaren falta.

 

II.- BAKE BIDETIK

Nork nahi du bakea?
Algeren porrot egin zuen Mahaitik abiatuta, PSOEk Madrileko Ituna taxutu zuen eta gero, abian zegoen prozesua laguntzeko eta nolabaiteko koltxoi politikoa sortzeko, Ajuria-Enea sortu zen; ondorioz, urteak egin ditugu "Euzkadiko bakeratzea eta normalizazio politikoa" lortzeko lanetan.

Ajuria-Eneako Mahaia ez zen beste "ETAren aurkako itun" bat izan, bakea lortzeko ahalegin erkidea baizik. Baina irtenbide hori zaila zen oso eta arazoa oraindik gehiago konplikatu zen batez ere Mayor Oreja jaunak mahai horretan Guimón jauna ordeztu zuenean eta banan-banan helburu eta oinarri guztiak lehertarazi zituenean: lehenengo eta behin, gizarteratzearena, gero, Nafarroari buruzkoa, Iruñeko Parlamentuko eta Madrileko Senatuko UPN eta PPren eskuhartzearekin. Eta bereziki 10. idatz-zatian, ETAri, baldin eta helburu politikoak lortzeko armen bidea uzteko benetako borondatea adierazten bazuen, elkarrizketan sartzeko eskaintza egiten ziona.

Ardantzaren ekimena "in extremis" egin zen ahalegina izan zen, agintealdia bukatzen zuelako eta bere esperientzia eta aginte horretatik abiatuta bereziki adierazi dugun 10. puntu horretan aurrera egiteko formula planteatu zuen, guztiok gauza guztiei buruz hitz eginez irtenbidea aurkitzeko alegia. PPk gaitziritzi egin zion, eta PSOE ez zen ausartu PPren jarrera horretatik alde egiten eta urruntzen, hauteskundeen beldur zelako.

Ardantza bidea, onetsi genuenok, beste inork ezer ez zuelarik proposatu, gero "Lizarrako Mahaia" eratu genuen eta horren berrikuntza, Ardantzaren eskaintzarekiko, sindikatuak eta Iparraldeko alderdiak sartzea izan zen, nahiz eta ekarpen hori sinbolikoa izan, eta denok aritu gara bakearen bila, euskaldunok landua eta euskaldun guztiontzat dena.

Lizarra xehea bezain ezikusia da, eta, batez ere, iraindua. Jakina, erabat da bidezkoa horrekin ados ez egotea. Baina erantzunik gabeko galdera nagusia hau da, zergatik inork (inork horretan jarri PP-PSOE) ez du oraindik Lizarrako proposamenarekin erkatzeko beste alternatiba bat aurkeztu bakeratzeko bi bideak neurtzeko eta eztabaidatzeko? Madrilek duen fede txarraren froga ez dago "Lizarrako irtenbideari" gaitziriztean, bakeratzearen arazoari ekiteko borondaterik ezean baizik, salbu eta bide horiek polizialak badira, nahiz eta aditu guztiek beti adierazi ETArena bezalako arazoak ezin direla inoiz konpondu bide polizial hutsa erabiliz.

Beste alde batetik, EAJ-PNVri dagokionean, euskaldunek argi eduki behar dute ondokoa:

a) Azken urte hauetan begi onez ikusi ditugu PSOEren gobernuen ahaleginak biolentziaren azkena bilatzeko elkarrizketa-mahaietan.

b) Duela bi urte ohartu ginen ETAren munduan aldaketak ari zirela gertatzen eta bide politikorantz abiatzeko mugimenduak zeudela, Irlandan gertatzen zen bezala, eta guk izugarrizko ahaleginak egin genituen aldi berean PPk ere elkarrizketan oinarritutako irtenbidearen aldeko mugimendua has zezan.

c) Aznar jaunak erabat egin zion uko espetxeetako politikan ezer aldatzeari, nahiz eta aldaketa hori txikiena izan, eta orduan gure erantzukizuna onartzea erabaki genuen eta berariaz Aznar jaunari jakinarazi ondoren, HBrekin eta gero ETArekin kontaktuak izan genituen, politika negoziatzaile berria lortzearen ondoreetarako; gero bide horrek ez du arrakasta osoa lortu baina gutxienez ikuspegi desberdina taxutzen eta elkarrizketaren bidez bakea lor daitekeela adierazten duen iradokizuna hurbildu du.

d) Halaber, argi geratu da PP eta Aznar jaunarena ez dela bake prozesuak aktibatzeko ardurarik-eza baino izan, benetan tematiak izan direlako EAJ_PNV euskal nazionalismoaren egintza bateratuaren aukera eragiten duen bide guztietatik kentzeko ahaleginetan (Udalbiltza, Lizarra, EHrekin Legebiltzarrean sinatu zen hitzarmena), Euzkadin gehiengo politikoa eta sindikala duen nazionalismoa alegia, eta indar zentralistentzat kontrolaezina dena.

Eta hori gero eta argiago azaleratu da. Gaur egun arazoa ez da legebiltzarreko ituna edo Lizarra bera, argudioa edozein dela Gobernu espainiarraren helburua euskal nazionalismoari gehiengoa kentzea baizik, batasuna ekiditea eta Euzkadiko Gobernua eratzeko alderdi espainiarren egintza bateratua. Horretarako egunero horien hedabideen aparatua etenik gabe saiatzen da Ibarretxe Lehendakariaren eta bere Jaurlaritzaren aurka, eta baita EAJ-PNVko agintarien aurka ere.

Jokaera hori ez da bakearen bila dabilenaren jokaera. Hauteskunde mailako edo norbanako mailako etekin politikoak lortzeko gerra ere aprobetxatzen dutenen jarrera da. Hau da jendaurrean PPri eta Aznar jaunari egiten diegun salaketa. Horien lehentasuna, eskuratu duten boterea erakustea eta areagotzea dira, beraien taldearen bidez ahalik eta bitarteko ekonomiko eta finantziero gehien kontrolatzea. Eta hortik gorako guztia, bahiketak eta odola barne, balekoak dira baldin eta bi helburu horiek lortzeko balio badute. Beraz, gure gizartean gero eta handiagoa den amoralitatearen eta politika eta politikoen ospe txarraren adierazkaririk eta sustatzailerik onenak bihurtzen dira.

EAJ-PNVk bakea nahi du. Hori da gure lehentasun bakarra. Egiten ari garen guztia, zuzen zein ez hain zuzen, hori lortzeko da. Eta hori horrela da ospea galtzea edota botoak kostatzea gora-behera.

Hedabideen eguneroko eraso horregatik beldurtu diren guztiek eta horregatik gure politika aldaraztea eta aurreko eskemara bueltatzea nahi dutenek, benetan abertzaleak badira, aintzat hartu behar dute Madril eta bertako gobernuak hedabideetako bitartekoak biltzen dituzten bakoitzean guk gure bidea aldarazi behar badugu eta era eraginkorrean gure politika aldatzen badugu, hobe gure nazionalismo honetan etsitzea eta horien ustez "erregionalismo jatorra" denari ekiten badiogu. Une horretan EAJ-PNV morroi politiko hutsa baino ez da izango eta, hori ezezik, dena prest utziko dugu erradikalenen asmoetarako.

EAJ-PNVren apustua beti da epe luzekoa. Ez du bere politika gauetik egunera aldaraziko. Ez du esperantza galtzen utziko beste irtenbiderik eduki ez arte. Aldatuko du, baina benetan plangintzak porrot egin duela frogatu denean. Ordura arte, ez.

Scylla eta Caribdis-en artean

Euskal fundamentalismoan ETA deritzon atala dago, eta 40 urte egin ditu armak erabiliz Euzkadi batua, askea, sozialista eta euskalduna lortzeko borrokan.

Sasoi baten diktadura militarrak ados ez zeuden era guztietako borondateak adieraztea eta azaleratzea eragozten zuen. Egoera horretan hiritarrak altxatzeko eskubidea zuen, agian baita armak erabiltzekoa ere. Gaur egun egoera beste bat da. Ahotsa daukagu, nahiz eta Euskal Herriaren eskubide guztiak bideratzeko aukerarik ez izan oraindik.

Gaur egun gure esparru honetan inork ezin du onartu armak erabiltzea helburu politikoak lortzeko. Eta arau honek denontzat balio du. Ildo honetatik, ETAk armak erabiltzen ditu, baina Estatuak biolentzia erabiltzen zuen ETA sortu aurretik eta hori egon denean zehar, GAL sortu eta Intxaurrondoko zorigaitzeko gertaerak igaro arteko trantsizio aldian barne.

Legearen aurkako biolentzia erabili duten ETAren eta Estatuko indarren arazoa iraganari begi egote hori gainditzea eta etorkizunari aurre egitea da, elkarbizitza bilatzea, idilikoa izan ez arren, bai gutxieneko humanitate eta elkarrekiko begirunea izan dezakeena.

Gaur egun argi dago inork ez duela ulertu ETAk su etena haustu ondoren izan duen jokaera. Gure ingurutik kanpoko borondate oneko begirale batek ETAn satorrik dagoen galdetuko digu, egiten duen guztia, atentatu eta kale borrokak, nazionalismoari egiten diolako kalte eta Madrileko eta Pariseko indarrik erreakzionarioenen onurarako delako.

EAJ-PNVren ardura bakarra bakea dela eta ez nazio eraikuntza baieztatzea abaguneko sofisma baino ez da, erabat delako zentzuzkoa jakitea ezin dela ezer serioa eraiki hiltzen jarraitzen den bitartean.

Hori guztia gora-behera, EAJ-PNV ez da inoiz egon eta ez da egongo hiltzen duenarekin, nahiz eta horrek barreak eragin nazionalisten batasunari beldur gehien diotenen artean.

ETAk bere ikuspegi propioa izango du. Gurea hau da: edo indarkeria guztia ezabatzen da eta Euskal Nazioa denon artean eraikitzen dugu, edo, lehen bezala, nork bere bidea egin dezala, hau da, gu ere hiltzen gintuztenekoa, erretzen gintuztenekoa eta egoitzak deusezten zizkigutenekoa, edota gure etxeak gorri eta horiz pintatzen zizkigutenekoa.

Azken bolada honetan, PPko agintari batek esan duen demokraziaren aurkako astakeri izugarria albora utzita, eta kontuan hartu behar da eta argi eta garbi errepikatu behar da, Ibarretxerekin ezer ere ez, "esan edo egingo duena gora-behera", nolabaiteko lehia dago EAJ-PNV jarrera batetara edo beste batera eramateko, baina biak muturrekoak. Alde batetik ezker abertzalea, horrek "Ibarretxe lagunduko dugu baldin eta prozesua berriz abian jartzen badu", eta beste aldean "PP prest dago Ibarretxeri eusteko baldin eta EAJ-PNVk Lizarrako Itunarekin bukatzen badu", edota Moncloatik honelakoak adierazten dituztenean "kabineteko kide batek, beti ere egun egunkari gubenamental nagusia denak esan zuenaren arabera, baieztatu zuen PPren estrategia ez dela Ibarretxe kentzea, razionalitate politikoa berreskuratzen laguntzea baizik".

Adierazpen kontrajarri horien guztien artean guk oso argi daukagu gauza bat: ETAk bere diktat-en menpean nahi gaituela, inposiziozko bere kulturari lotuta. Eta PPk hau guztia hautsi egin nahi duela, berdin dio nola, eta horretarako berdin dio gizartea haustea, nazionalisten ustezko batasuna apurtzea eta berriz ere EAJ-PNV "demokraten batasuna" deritzon multzora eraman.

Etorkizuna

Argi dago, bada, ezin dugula geratu atzera begira, LOTen emaztea gatz bihurtu zenean egin zuen bezala; aurrean dugun etorkizuna ez da gauza erraza izango, baina zilegi da eta itxaropenik badugu. Ez dugu onartzen bi aldeek tranpa bezala eskaintzen diguten Estatutuaren edo Subiranotasunaren dilema. Herri bat beti da subiranoa. Beste kontu bat da hori ezin betearaztea, kasu askotan gure herriari gertatzen zaion bezala. Eta gure Estatutua subiranotasunaren ariketa partziala da, inoiz osoa izateko asmoa duena. Eta guk ez dugu hartzen Europar Batasuna subiranotasuna galtzeko esparrutzat, horien betearazpidetzaren atal bat lagatzeko tokitzat baizik, baina gure geure borondatez eta gure onerako egiten den lagapena da eta hori osatzen duten gainerako nazioek egiten duten neurrian.

Euskal Nazioa eraikitzeko ataza horretan hainbeste da oraindik egiteke daukaguna. Baina eragiketa hori konplikatua izan arren euskaldunok ezagutzen dugun gure historia osoan herri mailan inoiz izan daukagun proiekturik itxaropentsuena da: elkar ezagutzea, gure haran eta leinuen ohiko ixtura gaindituz; elkar ulertzea, euskalkiak integratu dituen euskara batuarekin; gainerako herrien aurrean gure geure nortasun erkidegoa erakustea; inoren botere esparruetatik ezartzen zaigun asimiliazioaren aurka borrokatzea; denon artean gure ekonomia sustatzea eta euskaldunek ondo bizitzeko emigratu egin behar duten eskualdeak ekiditea; bisitariari herri ederra eskaintzea, atsegina gure itsaso eta mendiekin, arte eta gastronomiarekin, hau da, jendeak ikus dezala bakean bizitzeko eta horretaz gozatzeko gogoa dugula.

Hori da Alderdiak ehun urte egin zituenean argitaratu genuen aldarrikapenean aipatzen genuen nazio eraikuntzaren oinarria.

Erkidegoaren lan horretarako ados jarri behar dugu gure herria euskaldun guztion aberria dela adierazten duen ikuspegi bera daukagunok, euren burua espainiar edo frantsestzat dutenak zapaldu edo bazter utzi gabe, elkarrizketa eta demokraziaz baliatuz, jendea konbentzituz eta gehiengoak erabiliz.

ETAk, berak bakarrik erabaki zuen su eten mugagabea bukatzen zuela iragarri zuenean hainbeste eta hainbeste euskaldunen ilusioa hil zuen. EAJ-PNVk adierazpena egin zuen 1999ko abenduaren 2an eta, horretan, gaiari buruzko bere iritzi gordina ezezik, bake prozesua blokeatuta egon arren sendo ezarri zituen bere planteamendu politikoaren terminoak: ...

"Gure aburuz nazio eraikuntza nazio kontzientzia sortzen eta hedatzen duten ideia guztietan lan egitea da, borondate politikoa maila demokratikoan egiteko oinarri moduan.

Horretan funtsezkoa da nazio proiektu bera daukagunon lankidetza, gure arteko gainerako aldeak gaindituz.

HB bide politiko demokratikoetara etorri denetik urrats erraldoia eman du nazio eraikuntzaren sendoketari dagokionean.

Euskal alderdi nazionalistek konpartitzen dugun erronka politiko eta demokratiko horretatik, EAJ-PNVk, betetzen dituen errealitate politikoa eta indarrean dauden esparru juridikoetatik abiatuz, eta sortu zenean hartu zuen ildo horrekin batera, inolako dudarik gabe euskaldun guztiak atzematen dituen esparru juridiko-politikoaren aldeko apustua egin du, gure nazio izaera eta errealitate historikoa, kulturala eta linguistikoa begirunez zainduko dituena, eta baita bere etorkizuna zehazteko eskubidea duena ere, bere barneko taxuketa eta bere kanpoko harremanak.

Europarekin eta horren barruko esparruko nazio eta mugen artean izan diren doikuntzekin sortu den ikuspegi berria kontuan hartuta, ziur gaude Euskal Herriari ozen hitz egiteko eta unea heldu zaiola, eta bere baitan herri bezala eta Europako esparruan izan behar duen tokiari dagokionean erkidegoaren borondatea adierazteko batasun eta baieztapen baldintzak sortzekoa.

Horregatik indar nazionalistak gonbidatzen ditugu, eta bereziki EH-HB, ados jarrita eta elkarren arteko aldeak begirunez zainduta, proiektu honen oinarriak ezartzera, horrek eskatzen dituen eduki, era eta erritmoekin.

Alderdi nazionalistentzako dei honetan ez dugu ahazten ez Euzkadiko aniztasun sozio-politikoa eta ez beste proiektu politiko batzuk daudela.

Begirune horretatik abiatuta, EAJ-PNVk berriz ere elkarrizketan aritzeko eta ezar daitezkeen erakundeen bilgune politiko guztietan eskuhartzeko prest dagoela adierazten du, baldin eta helburua euskal arazo politikoari ekitea eta hori konpontzeko bide bateratuan saiatzea bada.

Horixe da gure proiektua, eta ez dago besterik. Etsai handiak ditu, esaterako Madril eta Paris. ETA horren jardunean jartzen ari den oztopoak, bere dogmatismo politikoarekin eta ezarpen praktikoekin, itxuraz gainditu ezinak dira eta, edozein kasutan, ez dute bidezkoketarik ezta beraien inguruan ere.

Guk bide honetatik jarraituko dugu, bakarrik izan arren. Eta abaguneko zailtasunengatik ahul gaudenean Irlanda gogoratuko dugu bidea luzea, zaila eta gogorra delako, baina gu ekinak gara, eta ekina izatea euskaldunen ezaugarria da, guk ere, eta agian uste duguna baino arinago, Agindutako Lurra ikusiko dugu.
Gora Euzkadi Askatuta


EAJ-PNV, 2000 urteko Aberri Eguna