|
EAJren GUTUNA ETAri Aipamen batekin ez gaude batere ados, bestelakoa uste duzuen arren, EAJk ez dauka egun, inolako loturarik ez PPrekin ez eta PSOErekin ere. Edozein eratara, EAJri dagokionez, sinatutakoari, 1998ko abuztuaren 13ko datarekin EBBk eranskina gehitu zion. Akordio eranskinetik ez gara deus aldendu. Esaldi hau egiaztatzeko, guk esatearekin nahikoa da, hitzeko Alderdia garelako. Baina hitzez gain, eguneroko praktikan ikus daiteke oso argi aipatu bi alderdiok zer nolako kruzada antolatua duten gure Alderdia, Lizarra-Garazi eta Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoari irtenbide demokratikoa bilatuko dion edozein bidezidorretik ateratzeko. Azterketa puntualak alde batera utzita, azken 22 urteetan gauzatutako norabide politiko kontrajarria erabat aldatzen hasia da, pasatu diren 12 hilabeteotan eman ditugun pausoak, perspektiban ikusita, ikaragarriak izan dira. Inork gutxik pentsa zitzakeen elkarlanerako bilguneak sortu eta fruituak eman dituzte. Ikuspegi horretatik, ezin daitezke oraindik klitxe zaharkituak diskurtsoan erabili. Errealitatea lausotzen dutelako, eta ñabarduretara jotzeak mamia ikustea galerazten duelako. Bigarrengo atalari dagokionez. Aurtengo uztailaren 11n edukitako bileran bertan ezezkoa eman genion Hitzarmen berriari. Orduan erabili genituen arrazoiak ez goaz oraingo honetan errepikatzera. Baina hitz batean esateko, proposamen horrek duen akatsik handiena zera da, egungo Euskal Herriaren errealitatetik kanpo dagoela guztiz. Zuek proposatzen diguzuen bidean sartu aurretik, herritarren babesa bilatu nahi baldin bada, pedagogi lan itzela egin beharra dago. Esku artean daukagun erronka garrantzitsuegia da gauzak ondo baino hobeto lotu gabe abiatzeko. Euzko Alderdi Jeltzalearen ustez, gatazkari irteera emango liokeen proposamena ondokoa da: a.- Euskal Herriak, ERABAKITZEKO ahalmena duen HERRIA dela aitortuz, bere historiaren protagonista izanik, Euskadiren nazio izaera aitortua izan dadin, beharrezko eta egokia izango zaion status politikoa eta juridikoa antolatzeko helburua berresten du. b.- Euskal Herriak autodeterminatzeko daukan eskubidea abiapuntutzat hartuz, sei lurraldeetako hiritarrek gauzatuko duten prozesu politiko eta soziala bultzatuko dugu, proiektu politiko honetan, gure Herriaren barne antolaketa eta beste Estatuekin izan beharreko harremanak zehaztuko lirateke, eta aldi berean, une historiko honetatik abiatuz, gure Herriak datozen hamarkadei begira, behar duen status politikoa eta botere maila finkatuko lirateke. d.-
Prozesua garatu eta burutu eta gero, bertatik sortutakoak euskal gizartearen
gehiengoaren babes demokratikoa jaso ondoren, egun euskal gizartearen
etorkizuna baldintzatzen duten erabaki esparruek errespetatu beharko
dute prozesutik irtendakoa, herri borondate aske eta demokratiko horretara
egokituz dagozkion marko juridiko politikoak. Guzti honetaz eta honen
ingurukoaz zuekin nahi dugu hitz egin. 1999ko ekainean igorri genizuen
eskutitzean gauza bera eskatzen genizuen. EAJ eta zuen arteko bilera,
beste inor gabe. Orduan eskatutakoari ez diozue erantzunik eman. Zuen
zain gelditzen gara. |