|
EAJren AGIRIA: EUSKAL PRESOEN AGIRIARI ERANTZUNA Euzkadi Buru Batzar honek, Euskal Preso Politikoen kolektiboak gaurkoan plazaratu duen agiriaren aurrean zera adierazi nahi luke: 1. EAJ-PNV-k, askatasunik gabe dauden pertsona orori dagozkion eskubideen defentsaren aldeko konpromiso tinkoa hartua daukala. Zentzu honetan, EAJ-PNV-k, oro har euskal presoen eskubideen aldeko, eta bereziki hurbiltzearen eta baldintzapeko askatasuna lortzeko epeetan sartu diren eta gaixotasun sendaezinak dituztenen kaleratzearen aldeko ekimenak aurrera eramateko prestutasuna bere horretan mantentzen du. 2. EAJ-PNV-ren ustetan aurrera eraman beharreko ekimenak, edozein kasutan, ekimen positiboak izan behar dutela kontutan izanik, ez deritzo Greba Orokorrerako deialdi batek baldintza hori beteko lukeenik. Azken finean, eta azken deialdiak gure herrian izandako erantzuna gogora ekarriaz, gure ustetan, Greba Orokor bat ez da euskal gizarteak gai honen inguruan duen sentsibilitatea adierazteko modurik eraginkorrena, ez eta gutxiagorik ere. Guzti honen ondorioz, Greba Orokorrerako deialdia egitearen proposamenari gure erantzuna ezezkoa behar du derrigorrez. Hala eta guztiz ere, eta aurretik aipaturiko konpromisoaren ildotik, Euzkadi Buru Batzarrak, gai honen inguruan aurrera eraman daitezkeen bestelako ekimenak aztertzeko duen borondatea bere horretan mantentzen duela adierazi nahiko luke. EAJ-PNV-ren Euzkadi Buru Batzarra. Bilbao, 2000ko apirilaren 28an |