EAJren ADIERAZPENA

ETAk kaleratu duen «eraso armatuen aldebakarreko etenaldi mugagabe eta orokorraren iragarpena», EAJ-PNVrentzat aparteko garrantzia duen albistea da. Aspaldidanik honen zai egon izanak ez du estaltzen, gaur, barne barnean daukagun poza.

ETAk ez du sekula honelako urratsik eman.

ETAren mehatxupean bizi direnek sentitzen duten poz eta alaitasunarekin bat egiten dugu, gaur batez ere PPko hautetsiekin.

Jakin badakigu hala ere, oztopoz betetako bide luze bateko urratsa dela, antzeko erabakiaz hasiera izan zuten bake prozesu paretsuek horrela erakusten digutelako.

Baina ETA mugitu da, urrats zaila eta oso garrantzitsua emanez, ez ditzagun ahaztu aurretik hiru hamarkadatik gorako iharduera duen erakunde batek dituen baldintzak.

Guri dagokigu orain, alderdi politikoei eta giza indarroi, pauso garrantzitsu eta emankorrak gauzatzea.

Honako ekimen garrantzitsu hau behin betirako konponbidean amaitzea guztioi dagokigulako.

EAJ-PNVk, gizarte baketsu baten alde ahalegin guztiak egiteko prest dagoela adierazi izan du beti, batez ere 1997ko otsailean kaleratutako komunikatuan.

Herritarron nahia eta agindua beteaz ihardun du. Gure gizartearen askatasuna, elkarbizitza eta bakearen alde jarraituko du.

Behin betirako BAKERAKO eskubidea dugula aitortuz, EAJ-PNVk dei berezia egin nahi die euskal herritarrei helburu horren aldeko jarrera tinko eta aldi berean zaintzailea hartzeko eskatuz. Gizarte askea, anitza eta tolerantea lortzeko.