|
Eusko Alkartasunaren Deklarazioa Eusko Alkartasunako gizon-emakumeek, gure ideiekiko konpromisoa abiapuntu izanik, gure Herriaren askatasuna eta gure Herrikide guztien ongizatea lortzeko eguneroko lana aintzat hartuta ospatzen dugu milurteko berriaren atarian dagoen Aberri Egun hau. Eta Gernikan ospatzen dugu, gure Herriaren sufrimenduaren eta, era berean, elkartasunaren sinboloa delako. Izan ere, ezin dugu ahaztu Gernikako Arbola kantaren letrak dioen bezala Euskal Herria munduko Herri guztietara zabaldu nahi dugula. Denon ahotan dago gure herriak une zailak bizi dituela Lizarra-Garaziko Deklarazioaren ondorengo su-etenak ekarri zuen ilusiozko etenaldia amaitu eta gero. Une zailak, indarkeriaren fenomenoaren itzulerak berriz ere sufrimendua ekarri baitigu, indarkeriak sortutako tunel luze horren amaiera ikusten hasi ginela uste genuenean. Eta une zailak, gure herriak bizi duen gatazkari elkarrizketa eta negoziazio bidezko irtenbide bat planteatzeko gero eta zailtasun handiagoak daudelako irtenbide hori bizkortzeko erantzukizun historikoa duten alderdien itxikeriaren ondorioz. Euskadirentzako une historiko honetan, Eusko Alkartasunak ondokoa aldarrikatzen du Aberri Egun honen aurrean: 1.- Azken lau hamarkadetan gure herrian sortutako ilusio-aldirik handiena ahalbidetu zuen egoerara itzultzen saiatzeko erabateko asmoa. Horretarako, Eusko Alkartasunako gizon eta emakumeon lan guztia horretara zuzenduko dugu. 2.- Herritar guztientzako herri bat eraikitzeko asmo tinkoa eta, ondorioz, bide demokratiko eta baketsuekiko eta giza eskubideekiko errespeturik handienetik abiatuta, euskaldunak, gure herriko indar adierazgarrien arteko akordioaren eta herritarren berrespenaren bitartez, esparru politiko berri baterantz abiatu ahal izateko prozesu dinamiko bat bultzatzeko asmo tinkoa. 3.- Gure ideia sozialdemokrata eta aurrerakoiei jarraituta, gero eta zuzenagoa den gizartea eraikitzeko helburu aldaezina dugu. EAren iritziz ez dago nazio abstrakturik, hiritar guztien askatasunean eta ongizatean oinarrituta eraikitako nazioa baizik, eta halaxe aldarrikatzen dugu gaur, gure Aberri Egunean, gure Nazioaren Egunean. 4.- Gernikako Arbolari Iparragirrek egin zion kantaren izpirituari jarraituta, "eman da zabal zazu munduan frutua" leloarekin bat egiten dugula aldarrikatzen dugu, hau da, mundu osoari zabalik gaudela aldarrikatzen dugu; honela, Euskal Herriko gazteen belaunaldi berrien lehentasuna hemengo zein mundu osoko gizarte-justizia lortzea eta guztiontzako ongizatearen, ezagutzaren, informazioaren eta kulturaren gizartea lortzea izan dadin. 5.- Gu bezala
pentsatzen ez dutenen ideiak errespetatuta –abertzaletasunaren aurkako
horrenbeste kanpaina errukigabe, bidegabe eta latzen aurrean eskatzen
dugun errespetua–, gure Herriko abertzale guztiei dei egin nahi diegu,
bakoitzak duen erantzukizuna aintzat hartuta eta eguneroko lanaren bitartez,
guztion artean lankidetza behar bezala bideratzeko gai izan gaitezen,
gure herriak behar duen eta aldarrikatzen duen askatasunean, oparotasunean
eta bakean oinarritutako etorkizuna eraiki ahal izateko. 2000. urteko
Aberri Egun honetan Eusko Alkartasunako gizon-emakumeek gure Herriarekin
ditugun konpromisoak aldarrikatu nahi ditugu, hau da, gure Herria bakealdiko
eta negoziazioko egoera baterantz bideratuko duten baldintzak sortzeko
konpromisoa; guztiok elkarrekin bizitzeko esparru juridiko-politiko
berri bat eraikitzeko konpromisoa; gizarte aske, zuzen eta solidarioago
baterantz eramango gaituzten ongizate eta aurrerapeneko helburuak sakontzeko
konpromisoa; mundu osoko gainerako Herriekin batera lan egiteko konpromisoa,
eta Euskal Herrian etorkizunean biziko diren belaunaldiek etorkizun
baketsua izan dezaten guztion arteko ahalegina bultzatzeko konpromisoa
aldarrikatu nahi dugu. Gernika, 2000ko apirilak 23
|