EA.renV. Biltzarra -PONENTZIA POLITIKOA

 

[Sarrera][EAren proiektu politikoa] [EAren estrategia politikoa] [Eredu instituzionala]
[Lurrarlde osotasuna]


V. LURRALDE OSOTASUNA

Autodeterminazio eskubideari buruz hitz egin dugunean, adierazi dugu jadanik Nafarroako eta Iparraldeko egoerak ezberdinak direla, eta eurei dagokie beraz, Euskal Herriaren funtsezko zati direnez, autodeterminazio eskubideaz baliatzeko "tempus"-a erabakitzea, euren errealitate politiko eta soziologikoaren arabera.

Hala eta guztiz ere, uneko salbuespena salbu, Nafarroa, Iparraldea eta Euskal Autonomia Erkidegoaz osatutako Euskal Herria da gure esparru politiko bakarra eta gure ideia politikoekin derrigorrez lotutako elementua dela adierazi nahi dugu. Gune edo espazio horretan Estatu bat sortu nahi dugu, Europako Batasuneko gainerako Estatuak bezalako estatu berri bat.

Badakigu eraketa politiko horrek kanpoko eta barneko zailtasunak topatuko dituela, batzuk Espainiako eta Frantziako estatuen interesek sortutako oztopoak izango dira, eta beste batzuk herritarren artean euskal nazio kontzientzia behar bezainbat ezarri ez delako sortutakoak.

Horregatik beharrezkotzat ikusten dugu politika instituzionalak kultur eta gizarte ekintzekin uztartzea, horrela lortuko baita gero eta euskal herritar gehiagok ikustea euren burua euskal erkidego nazionalaren barruan, eta egoera horrek ematen dituen eskubide politikoen jabe.

Euskal nazionalismoak urte askotan lurralde osotasuna amets eta helburuko ideia gisa hartu du, estrategia praktikorik plazaratu gabe. Gaur egun, zorionez, denon artean adostutako estrategia nazionalerako lehen urratsak ematen hasiak gara, eta horri esker Euskal Herriaren ideia espazio komun edo erkide gisa ikusteko loturak sortuko dira.

EAk urteak daramatza abertzaleon arteko estrategia bateratuaren alde lanean, protagonismo publikoa eta pribatua bereiziz. Eremu publikoan Nafarroaren eta EAEren arteko itun politika bultzatzen jarraituko du, lankidetza programak poliki-poliki nazio erakuntzarako politika bihurtzeko ekimenak bideratuz.

Eremu pribatuan beharrezkotzat jotzen dugu euskal kutsuko gizarte, ekonomi eta kultur erakundeekin lankidetza estrategikoa indartzea norabide bereko programa bateratuak lantzeko eta plan horiek politikoki eta ekonomikoki ezartzeko laguntza izan dezaten.

Nafarroaren berezitasun historiko eta politikoak arreta berezia merezi du EArentzat, eta horregatik landu behar da estrategia espezifiko bat, "Zabal-Zabalik" foroaren ondorioak ere gaindituz.

EAk ez du baztertzen gure nazioz kanpoko alderdi politikoekin itun politika egitea, horrela une egokian erakundeetan parte hartzea ahalbidetu eta ekintza eta programetan eragina izatea lortzen bada. Era berean, helburuetan mugatuak badira ere, mugaz gaindiko lankidetza akordioek eta proposatutako gainerako tresna guztiek eskaintzen dituzten aukera guztiak erabili behar dira, Nafarroako Foru Erkidegoaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Gobernuarteko Batzorde Iraunkorra adibidez.

"NFE-EAE Dieta" bat osatzeko ideia azpimarratu nahi dugu, Hego Euskal Herriaren artikulazio ia konfederala lortzeko formula izan baitaiteke, baita Iparraldearekin kultur, ekonomi eta kirol gaietan lankidetzan aritzeko tresna gisa ere. Lankidetza horren bidez, mugarik gabeko Europako esparruaren barnean, hurbilketa soziologikoa lortuko genuke, bizipen politikoak bateratu eta autogobernu komun edo erkideturako esparru berri baten aitzindari gisa.

Azkenik, EAk, Iparraldeak Frantziako Estatuaren barnean administrazio batasuna lortzeko ahaleginak bultzatuko ditu, Autonomia Estatutua lortu eta bere berezitasuna aldarrikatzeaz gain autogobernua garatu eta Hegoaldearekin instituzio mailan harremanak izan ditzan.