|
EA.renV. Biltzarra -PONENTZIA POLITIKOA
[Lurralde osotasuna] 3. EAren ESTRATEGIA POLITIKOA Behin ildo ideologikoak ezarri ondoren, eta jatorrizko helburuei, biei eta Proiektu politikoari buruzko zehaztapen batzuk gehitu ondoren, Biltzar Nagusiari ildo estrategiko batzuen gaineko gogoeta egitea dagokio. 1.EAren estrategia propioa. Gure ustez iritsi da, gaur egungo estatutu-erregimena gaindituz, autodeterminaziora bideratutako pauso eraginkorrak emateko unea, hori bai, aurrerapauso guztietan alderdi politiko guztiek indarkeria-mota oro baztertzen dutela azaldu beharko dutelarik. XIX. mendea Foruen Abolizioaren mendea izan zelarik eta XX. mendea Autonomismoarena, XXI.ak autodeterminazioarena izan behar du subiranotasuna eta independentzia lortu ahal izateko. Helburu hau lortzeko oinarriak ondokoak izanik: herriaren borondatearekiko errespetua, gardentasuna, erakundeen protagonismoa, ahal den integraziorik handiena lortzea eta gizarte-hausturak saihestea, badira hainbat bide, jarraian azaltzen ditugunak: a.Gaur egungo ordenamendu juridikoan sakontzea. Estatutuaren eta Konstituzioaren Xedapen gehigarrien interpretazio aukerak zabalduz, konstituzioan zuzeneko erreformarik egin gabe, gure eskubideen aintzatespena lortzea litzateke. Ildo honetan bideratu dira zenbait akordio politiko eta legebiltzarreko aldarrikapen, autogobernuaren aurrerabidea Euskal Herriaren borondate demokratikoa onartzean oinarritzen dutenak, autodeterminazio eskubidea esplizituki eta zuzenean planteatu gabe. b.Negoziazio politikoa eta Espainiako Konstituzioaren zeharkako erreforma. Aurreko formula, bide honekin osa daiteke, agian egokiena izango baita. Negoziazio politikoaren eta adostasunaren bidez. autodeterminazio prozesuetan nazioartean harrera txarra duten alderdi traumatikoenak saihestuko genituzke. Era berean, zeharkako erreformak, mutazio edo konbentzio konstituzionalaren bidez, Espainiako Herriak konstituzioaren erreformari buruzko erreferenduma egitea saihestuko luke (ziur aski emaitza negatiboa izango lukeena), eta horrela, nahiz eta autodeterminazio eskubideari buruzko aintzatespenik ez lortu, hartaz baliatzea ahalbidetuko luke. Axola duena, onartzea baino gehiago, eskubide hori ez debekatzea da, Kanadan gertatu den bezala. c.Eskubidea espreski onartzea Bide hau, argia bada ere, ez da gertagarria, Espainiako estatuak onartuko ez duelako eta Espainiako herriaren erreferendum bidezko onarpen argia beharko luke, eta ez dirudi halakorik inoiz gertatuko denik. d.Euskal Lege bidezko Subiranotasun Aldarrikapena
Epe laburrean EAren estrategia a) eta b) ataletan azaldutako planteamenduen inguruan gauzatu beharko litzateke. Hala eta guztiz ere, denboraldi batean, legealdi batean alegia, emaitza positiborik lortzen ez bada eta negoziazio politikoaren bideak agortzen badira, beti izango dugu gure Lege bidez Subiranotasun aldarrikapen bat egiteko aukera, UNOren Eskubide Zibil eta Politikoei buruzko Itunen eta Herrien determinazio askerako eskubideari buruzko Biltzar Nagusiaren Aldarrikapenen babesean, Espainiako Estatuak 1977ko apirilaren 30ean berretsia azken hau. EAk neurri hau giro baketsuan egitearen aldeko jarrera azaldu nahi du, indarkeria-adierazpen oro baztertuz, eta gutxieneko akordio batean oinarrituz, ahal izango balitz alderdi guztien artean lortu beharrekoa. Subiranotasun Aldarrikapen honek hainbat gauza ekarriko lituzke: Eskubidea erabiltzen hastea, estatuak eskubidea aintzat hartu edo onartu baino lehen. Dakigun bezala, autodeterminazioaren lehen edukia Herri gisa baieztatzea edo subiranotasun aldarrikapena egitea da. Urrats hori egiten ez den artean, kontraesan nabarmena izango da Espainiako ordenamendu Juridikoan, zeinak agindu batzuen indarrez eskubide hau onartzen baitu, eta beste batzuen arabera Herri batzuei ukatzen baitie, Euskal Herriari adibidez, zeina gutxiengo etnikotzat hartzen baitu. Neurri honek gatazka konstituzionala sortaraziko luke eta Auzitegi Konstituzionalaz gain nazioarteko Organoek ere parte hartu beharko lukete, nazioarteko itunak ezin baitira Estatuen barneko Zuzenbideko irizpideen arabera bakarrik interpretatu. Formula honek, EAk 1998ko Abenduan argitaratutako "Nazionalismoa, Autodeterminazioa eta Independentzia"-ri buruzko liburuan bere osotasunean landuta agertzen denak, gatazka juridikoa besterik ez luke sortaraziko, orain arte sortu ez den gatazka juridikoa hain zuzen ere; 1990ean Eusko Legebiltzarrak Euskal Herriaren autodeterminazio eskubideari buruz egin zituen adierazpenak Ez Legeko Proposamenak izanik testigantza gisako jarrerak izan baitziren. Hemen proposatzen duguna Aldarrikapena hitz beretan uztea da baina Lege maila emanez, eta prozedura guztiz demokratiko baten bidez eta ez bakarrik ONUren Itunetan oinarrituz, baizik eta baita Espainiako Ordenamendu Juridikoan oinarrituz ere, sistemaren kontraesanak agerian jarriz.
2.- Abertzaleon arteko lankidetza estrategia global gisa Nahiz eta EAk bere estrategia propioa planteatu duen, interesak eta ekintzak estrategia osatu batean baterabiltzeko beharraz jabetzen da, abertzale guztion elkartasunak bakarrik ahalbidetuko baitu gure eskubideak bakezko bidetik eta demokratikoki onartzea. Ideia honek, jadanik IV. Biltzar Nagusian azaldu zelarik, neurri batean bederen Lizarra Garaziko Deklarazioan eta ondoren izan diren Eusko Jaurlaritzako eraketarako konpromisoetan, legebiltzarrerako lankidetzan, eta beste hainbat ekimenetan hezur-mamitu da. Horrez gain, ekainaren 13ko hauteskundeetarako PNV-EA koalizioan ere gauzatu da; hala eta guztiz ere, hauteskundeetako emaitzak balorazio ezberdinak izan ditu alderdiaren barruan. Gai korapilatsu honi buruz EAk ez du ez eztabaida ezta iritzien alderaketa ere saihestu nahi, baina ikuspegi demokratiko eta anitzetik abiatuz, eta Biltzar Nagusi honetan ager daitezkeen ekimenei dagokienez, honakoa azaldu nahi dugu: a.Herriaren helburu orokorrak lortzeko euskal alderdi abertzaleekin ekintza bateratuak eta estrategia globalak sustatzeko eta garatzeko asmoz hasitako ildoan aurrera jarraitzeko borondate nabaria. b.Euskal alderdi abertzale guztiekin edo batekin harremanak estutzeko asmoa, beti ere bakezko bide demokratikoen barnean, baldin eta formula horiek: EAk alderdi politiko gisa duen nortasun politiko eta organikoa zuzenean edo zeharka arriskuan jartzen ez badute eta hura errespetatzen badute. Alderdiaren gehiengo natural eta demokratikoaren ustea islatzen badute. Alderdiaren organo nazionalei akordio horien administraziorako maniobra-marjina egokia ematen badiote.
HBk orain artean onartzen zuen indarkeriaren aldeko estrategia anti-instituzionalak ezartzen zuen distantzia zela eta, lankidetzarako aukera bakarra PNVrekin lor zitekeena zen. Horrela, 90-94 legegintzaldian, PNV-EA-EE Gobernua bultzatu genuenean (geroago zapuztu zena) eta 1994an eta 1998an egin genituen proposamenetan EAk PNVrekin lankidetzan jarduteko bidea hartu zuen, publizitate erretorikoetatik eta proposamen lausoetatik urrun. Lizarra-Garazin eta ETAren su-etenean gauzatu diren akordioek, ikuspegi berriak irekitzen dituzte. Giro berri horren adierazgarri Legebiltzarrean PNV, EH eta EAk 1999-2002 bitartean EAEko legegintzaldirako sinatutako Lankidetzarako Oinarrien akordioa dugu. Ikuspegi hori sendotzeko ordea EHk eta ENAMek bide zibilak onartu beharko dituzte, bakezko politika, demokratiko eta instituzionala, instituzionaltzat hartuz herriak libreki azaldutako borondatearen gauzatzea. EAko IV. Biltzar Nagusiak, bestalde, hauteskunde eskaintza propio eta bereizia eskaintzeko apustua berretsi zuen. Ezohiko egoerek, Lizarrako akordioaren ondoren Espainiako nazionalismoak bultzatutako erasoak bereziki, PNVrekin batera agertzeko erabakia hartzera eraman gintuen, zeina hasiera batean pentsatzen genuena baino zabalagoa izan zen, balio estrategiko berezia zuten helburuak lortzeko asmoz. EAren proiektu politiko abertzale eta sozialdemokratak euskal hautesleen zati handi baten errealitatea islatzen duela eta euskal alderdi abertzaleen barnean beharrezko eskaintza ideologikoa dela sinesten dugunez, EAk alderdi politiko orok bezala bere proiektu berezia eta desberdindua aurkeztuko du, bere kandidatura propioekin, baldin eta ezohiko zirkunstantziak direla eta koalizio-formula bereziak erabakitzen ez baditu; horretarako Biltzar Nagusi arteko goreneko organoak, Batzar Nagusiak emandako botoen 3/4 biltzen dituen gehiengoaren adostasuna lortu beharko litzateke.
3.- Estatuko, Europako eta nazioarteko alderdiekiko harremanak Autodeterminazio eskubidearen oinarrizko izaera demokratikoak, euskal herritar guztiei irekita egongo den eta herritar guztientzat egokia izango den nazio eraikuntza lortzeko konpromisoak, eta gure proiektua bakezko prozedura adostu eta ez traumatikoetatik bideratzeko beharrak, alderdi guztiei prozesu honetan parte hartzeko gonbidapena egitera behartzen gaituzte. Hori lortzeko honako ahalegina egingo dugu: PNV, EA, EH eta IU-EBren ordezkariek sinatutako akordio eta itunetako partaidetza zabaltzea, alderdi politiko guztiak bilduko dituen elkarrizketa bultzatuz. Autodeterminazioranzko bidea erraztuko duen itun handi bat lortzeko negoziazio politikoa bultzatzea. Ahal den neurrian, frontegintza eta bloke politika saihestea. Barne laguntza politikoak geureganatzea, geure asmo legitimoek Europan eta Nazioarteko Komunitatean harrera hobea izan dezaten, hemen konpontzen ez dena Europan konponduko ez dela jakinik.
Horrela beraz, akordio-giroa eta harreman onetako politika ezarri behar dugu Espainiako eta Frantziako estuetako alderdiekin, bai eta gainerako alderdi nazionalistekin ere, ildo horretako ahaleginak indarberrituz eta gizarte-atxikimendurik handiena ahalbidetuz, autodeterminazioaren estrategian traumarik sortu gabe eta bide baketsuetatik aurrera egin nahi badugu. Lortu beharko genukeena zera da; autodeterminazioa, eskubide demokratikoa denez, abertzaleon nahia izatetik guztion helburu izatera igarotzea. Ezberdintasunak Proiektuetan azaldu behar dira, ez zuzenbidean. Quebec-en desadostasunak izan ziren independentziaren, subiranotasunaren, elkartze librearen edo Kanadarekin bat egiteko aukeren inguruan, baina alderdi bakar batek ere ez zuen zalantzan jarri herriaren eskubidea, eta denok onartu zuten Erreferenduma. Goi Mailako Auzitegiak berak, 1998ko abuztuko epaian legitimotzat eta konstituzionaltzat onartu zuen Quebec-eko independentziaren aldeko aukera.
4.- Gizarte Zibilarekiko harremanak
Behin eta berriz errepikatzen dugun arren, ezin dugu atal hau Gizarte Zibilaren lankidetza eskatu gabe amaitu. Protagonismo politikoak alderdiena izaten jarraitzen du, baina gero eta indar handiagoz sortzen dira autodeterminazioa, bakegintza, gizarte normalkuntza eta abar lortzeko helburu bateratuak dituzten hiritar mugimenduak. Era berean enpresaren, kulturaren, sindikatuen eta gizartearen alorreko elkarteak eta taldeak ere gero eta indar biziagoa agertzen dute Euskal Gizartearen alde lan egiteko, nazio eraikuntza denon lana denaz jabetu baitira. Alderdi politikoen "autismoa" oso hutsegite larria izango da, izan ere alderdiek beren proiektuetan gizarteko ordezkarien itxaropenak sartzeaz gain proiektuen eraginkortasunerako "input" edo eragingarriak jaso behar baitituzte. Aurrerago azaldu den bezala, naziotasunean eta Herriaren eraikuntzan norbanakoen eta erakunde zibil, ekonomiko, profesional eta kooperatiboen, ganbaren, erakunde finantzarioen eta unibertsitatearen laguntza eta identifikazioa lortzea, beste herrialde batzuetan ikusi ahal izan denez, funtsezko eragile bazterrezina da. Ildo honetan, EAk gizarte-erakunde mota ororekin harreman egonkor eta jarraituak ezartzeko konpromisoa hartzen du, iritziak, proposamenak eta errebindikazioak elkartrukatuz, eta horrez gain erakundeen aurrean bozeramale lanerako prest dagoela adierazi nahi du, orain artean gizarte-talde askorekin harremanik izan ez den aldiari amaiera emanez. EAk Euskal Herriko elkarte-mugimenduaren erreferente politikoa izan nahi du, gizartearen aldakuntzarako, etikaren aldeko eta konpromiso militantearen aldeko printzipioak bere eginez.
5.- Baketzea eta normalizazio politikoa Euskal herriak gaur egun bizi duen prozesuak denboran aurrera egin ahal izan dezan, beharrezkoa da, beste neurri askoren artean, euskal gatazka gizartiatzeko plan bat garatzea eta bertan parte hartzea. Plan horren oinarrian biktima guztientzako ordain sozial, moral eta ekonomikoa egongo da, giza eskubideen aintzatespena eta espetxe-legeriaren ezarpena, presoen hurbilketari dagokionez behintzat. Behin-betiko baketzea lortzen denean, baliteke beste zenbait exijentzia planteatzea, hala nola presoak espetxeetatik irtetea, gizarteratzea eta laneratzea, etab..., dena den, justizian eta norbanakoaren eta taldearen eskubideen errespetuan oinarritutako bakearen kultura garatu beharra dago. Horrek guztiak gizartearen eta herritarren parte hartzea eskatzen du, bai eta gizarte-hedabideen laguntza erabakigarria ere, indarkeriaren kultura behin-betiko saihestuko duen talde-kontzientzia eratzeko, bizi dugun prozesuaren alderdi onak nabarmenduz eta prozesuan parte hartzeko erabakia hartu duten alderdien ekimen politikoak kontzienteki eta erantzukizunez bultzatuz, ikuspegi zabalez eta Herriaren onura beste helbururik ez dugula. Eskaera bera egiten diogu Madrilgo eta Parisko gobernuei, espetxe-legeria betez, gutxienez presoak Euskal Herrira hurbil ditzaten eta Eusko Legebiltzarreko erabakiak eta ebazpenak bete ditzaten. Era berean, ETAri zera adierazi nahi diogu: protagonismoa Euskal Gizartearen ordezkaritza duten alderdi politikoetan datzala eta elkarrizketa politikoak ezin duela su-etenen araberakoa izan, ETAk su-etena bakearen alde bideratu behar baitu. Ez da berradiskidetzerik ez eta normalkuntza politikorik lortuko hegemonian oinarrituz, ez eta inposaketan ere; borondate eta aukera demokratikoen topaketaren emaitza izango baita.
|