|
EA.renV. Biltzarra -PONENTZIA POLITIKOA
[Lurralde osotasuna] 2.EAren PROIEKTU POLITIKOA EA bezalako alderdi gazte batek, 1986an oinarrizko printzipio orokor samar batzuen gainean sortu eta egituratu zelarik, bere itxura ideologikoa arian-arian zehazten joan behar du, Biltzar Nagusi batetik besterako bidean. Horregatik, ideologiaren eta estrategiaren arteko muga ezartzea korapilatsua suertatzen denez, gure kasuan esan dezakegu zirkunstantziek ezartzen digutela muga mugikorra izatea, garapen ideologikoek posizio estrategikoen lekua hartuz. Egin ditugun Biltzar Nagusiek edukiez hornitu gaituzte, abertzaletasunari, sozial-demokraziari eta humanismoari buruzko jatorrizko oinarrizko printzipioak aberastuz. V. Biltzar Nagusi honen aukerak fundazioko zikloa amaitzeko aukera eman behar digu, printzipioei eta bitartekoei proiektu politiko zehatz bat gehituz edo proiektuaren ildoak finkatuz behintzat. Horrela ideologiaren eta estrategiaren arteko muga ezarrita geratuko da, ideologiari Proiektua gehituz eta estrategiaren esku utziz proiektua lortzeko modua. XXI. mendeari begira, ezin dugu autodeterminazioari, independentziari eta abarri buruzko aldarrikapen ideologiko abstraktuekin jarraitu, baldin eta aurrerako urratsak egiten ez baditugu. Aldarrikapenetatik ekintzetara igarotzeko unea da, printzipioetatik haien ondorio praktikoetara igarotzekoa alegia. Horretarako gure nortasun ezaugarriak berresten hasi behar dugu. 1.EAren nortasun-ezaugarriak EA gure Herriaren eta bertako herritarren alde lan egiteko asmo argiarekin jaio zen. Une hartan (1986) EAren inguruan bildu zen jende-taldeak jadanik sobera frogatua zuen gizartearen aurrean bere gaitasun politikoa eta kudeaketarako ahalmena, zintzotasuna eta oinarri etikoen sakontasuna, euskaldunon borondate demokratikoaren aldeko defentsa sendoa eta hauteskundeetan gizartearekin hartutako konpromisoak betetzen zituela. EA alderdi "abertzale" aurrerakoia eta sozial-demokrata da, bakezko bide demokratikoen aldekoa, erakundeak baitira Euskal Herriak hauteskundeetan adierazten duen borondatearen ordezkariak. Bere nortasun "abertzalea" nazio-errebindikazio gisa berresterakoan Euskal Herriak bere erabakia hartzeko eskubidea duela adierazi nahi dugu; demokratikoki, Euskal Estatu bat, bateratua, independentea eta euskalduna osa dezan. Gauzak horrela, EAren abertzaletasuna honelakoa da: a.- identitarioa eta herritarra Herriaren edo Nazioaren eskubideak herritarren borondate demokratikoarekin uztartzen dituen neurrian, inposizio dogmatiko edo esentzialistarik gabe. Nazionalismo ez inposatzailea, baterabiltzailea baizik, nazio-balioak eraikuntza demokratiko berri, ireki eta eskuzabalarekin uztartu nahi dituena. b.- autodeterminazioaren aldekoa EArentzat autodeterminazio eskubidea bitarteko bat da, ez da helburu bat. Herri gisa antolatzeko eta beste herriekin harremanak izateko, zer-nolako barne-antolamendu politikoa izan nahi duen erabakitzeko gaitasun gisa. c.- independentziaren aldekoa EArentzat ez da nahikoa erabakitzeko subiranotasuna, subiranotasun politikoa lortu nahi baitu, edozein Estaturekiko legezko independentzia alegia; horrek, jakina, ez du esan nahi gaur egun existitzen ez den subiranotasun tradizionala nahi dugunik, independentzia juridikoa baizik, aurrerago ikusiko dugunez, hori guztia barne-elkartasuneko eta elkartasun europarreko testuinguruan, Planetako gainerako herriekiko elkartasunean halaber, kultur eta ekonomi arloetan gutxien garatutakoekin bereziki, nazioartean haiekiko egin diren injustiziak zuzentzearren. d.- estatutasun propioa Estatutasun propiotzat zera ulertzen dugu: ez Estatu tradizionalaren eraketa (gaur egun aldatzen ari den estatu tradizionala), baizik eta beste edozein Estatutik independentea den antolamendu politiko baten eraketa; Estatu bateratua, bere nortasun propioaren jabe eta ez bestek emandako nortasuna duena, Europa barruan, honako oinarrizko elementuez hornitua: hiritartasun propioa lurralde propioa botere konstituziogile propioa e.- estatu bateratua EAk Euskal Herriaren lurralde osotasunerako eskubidea aldarrikatzen du, bertako herritarren erabakiak eta erabakien mailaketa errespetatuz. f.- Europa barnean EAk "Independentzia Europan" lortu nahi du, eta XXI. mendeko testuinguru politikoaren barneko estatutasun modernoa defendatzen du, hori baita interes ekonomiko eta sektorialak babesteko berme bakarra. Exijentzia hau ez da erretorika politiko hutsa, izan ere Kontzertu Ekonomikoaren inguruko azken gertakariek bi gauza gutxienez frogatu baitituzte: geure ahots propioa behar dugula Europan eta Espainiako estatua ez dela gure babesle edo defendatzailerik onena ez orain ez eta inoiz ere. g.- aurrerakoia eta sozialdemokrata EAk bere lan politiko eta soziala helburu baterantz bideratzen du: gizarte bateratuagoa, justuagoa, bidezkoagoa, askea eta solidarioa lortzea; herrikide guztiek oinarrizko ondasunetarako aukera eta sarbidea lortzeko berdintasuna ziurtaturik izan dezaten: hezkuntza, kultura, gizarte eta osasun asistentzia, etxebizitza, lana, eta abar, bai eta oinarrizko errenta bat ere, gizarte bazterkeria eta marjinazioa jasaten duten taldeek gizarteratzeko ahaleginean bizitza duina izan dezaten. EAk bere leku propioa du. Nazio-helburu ohikoetan bat etor gaitezkeen arren, EA, beste aukera nazionalistek ez bezala aniztasun politiko-sozialaren aldekoa da, eta onartzen du gizarte-arazoei aurre egiteko aukera ezberdinak daudela. Beraz, alderdi abertzale bakarra eratzeko saioen aurrean, gizarte-aukeren aniztasuna eta Euskal Gizartearen alderdi aurrerakoiaren itxaropenen ordezkari eta bideratzaile izateko eskubidea defendatzen du. 1.Bideak EAk bere helburuak bakezko bide demokratiko eta instituzionalen bidez lortu nahi ditu. Indarkeriaren aurkakoa da beraz, eta pertsonaren duintasunaren eta giza eskubideen aurkako edozein ekintza politiko gaitzesten du, oinarrizko errespetu horiek bere helburu politikoen gainetik ezarriz. Lehenik pertsona, eta haren zerbitzura ideiak. Salbuespen gisa eta printzipioak aldarrikatu ondoren, ez du baztertzen bere helburu politikoak lortzeko bide bakar bat ere, Gizarteak ezartzen duen mailaketari jarraituz. Ez du baztertzen beraz, gehiengo demokratikoak hala erabakitzen badu, egungo marko juridikoan sakontzea edota eskubide historikoen garapena, ezta Estatu ereduaren erreforma ere, ezta negoziazio politikoa ere. Hala eta guztiz ere, prozedurarik egokiena autodeterminazio eskubidea onartzea da, funtsezko eskubidea baita; horrela beraz ondokoa adierazten du: a.- Euskal Herria, Herri eta Nazio gisa, autodeterminazio eskubidearen subjektua eta jabea da, eta horren arabera, erabakitzeko eskubidea dagokio, baita botere konstituziogile propioa ere. b.- Eskubide hori onartzeko negoziazio politikoa proposatzen du, konstituzioaren erreforma eta, bestela, Eusko Legebiltzarrak subiranotasuna Lege gisa aldarrikatzea. c.- Herritarrei dagokie eskubideaz baliatzea, eta horretarako geure erakundeek hiritartasunaren autodefinizio proiektu bat planteatuko dute, euskaldunaren egoera zibila eta politikoa bereiziz. d.- Autodeterminazio eskubidea Euskal Herri osoari eta kokatuta dagoen lurralde osoari dagokio, Iparraldean eta Hegoaldean bizi diren errealitate soziologikoari beraz. Eskubidea, Nafarroako, Iparraldeko eta EAEko herritarrek eskatzen duten neurrian erabiliko da, herritar hauen eskubidea baita hartaz baliatzea. Hau da, titulartasun kolektiboa onartzen dugu, eta autodeterminazio eskubideaz libreki eta demokratikoki baliatzeko aukera. Ildo honetan, Euskal Herriaren errealitate politikoa onartu behar dugu, non hiru herrialdek, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak, beren estatutuan "beren naziotasunaren gauzatzea" aldarrikatu baitute; Nafarroako egoera, zeinari horrela "gauzatzeko" legezko aukera onartzen baitzaio eta Iparraldea, bere autogobernu propioa edo Euskal Herriaren gainerako lurraldeekin erkidetutako autogobernua osatzeko aukera onartzen dion inolako tresnarik gabeko lurraldea. Egoera honen aurrean, EAk, Euskal Herri osoaren autodeterminaziorako eskubidea aldarrikatzen duelarik, onartzen du orain arte "beren euskal naziotasunaren gauzatze" gisa autogobernu elkartua aukeratu ez duten edo aukeratu ezin izan duten lurraldeen erabakia. Hala ere, autodeterminazio proiektu batean gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoan barne hartutako lurraldeekin batera erabakirik hartzen ez badute ere, onartu egin behar zaie Euskal Herriko erkidego natural eta historikoaren zati izateko eskubide iraunkorra. e.- Eskubide honen indarrez, herritarrei dagokie euren erregimen politiko, sozial eta ekonomikoari buruzko erabakia, bai eta beste Herri eta estatuekin izan nahi dituzten harremanei buruzko erabakia ere. 1.Proiektu politiko, ekonomiko eta soziala Gaur artean euskal alderdi nazionalista gehienak autodeterminazio eskubidea aldarrikatu besterik ez dute egin. EAk aldarrikapenetatik ekintzetara igarotzeko unea iritsi dela uste du, bere proiektu politikoaren ildo nagusiak azalduz. Alderdi politiko orok du bere proiektua Gizarteak onartuko duelako itxaropena, eta horretarako leialtasun ideologikoaren eta gizarte-aperturismoaren arteko oreka zaila lortu beharko du. Orrialde hauetan azterlan oso bat egiteko lekurik ez dagoen arren, adieraz daitezke nazio-eraikuntzako proiektu batean kontuan hartu behar diren erreferentzia nagusiak, eta besteren artean, hauexek: Gizarte-instituzionalizazioa Eredu politikoa Eredu ekonomikoa Eredu soziala 1.Gizarte-instituzionalizazioa Autodeterminazio eskubidea Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean onartutako funtsezko printzipio demokratikoa den arren, gaur egun errebindikazio politiko eta partidista gisa ikusten da eta gizartean normalkuntza lortzeko edo normalkuntzaz ikustetik urrun dago oraindik. Gizarte kulturaren eta bizitzaren zati arrunt edo natural bihurtu artean ezinezkoa izango zaigu eskubide hori instituzionalizatua dagoela esatea. Horretarako arreta handia jarri behar dugu gizartean hedatzeko eta ezagutzeko, sortarazten dituen zalantzak eta kezkak ezabatuz, herritarren aldeko jarrera euskal nazionalismoaren jarrera integratzailearen araberakoa izango dela jabetzen baikara. Gizartearen erakarpena lortzeko ideia baino garrantzitsuagoa da autodeterminazio askearen bidez ezarri nahi den proiektu zehatza. Zalantzak eta kezkak sortarazten dituena ez da eskubidea bera, eskubidearen atzean dagoen eskaintza politiko eta soziala eta haren ondorioak baizik. Proiektua bakezkoa bada, lasaigarria, irekia, anitza eta demokratikoa eta, batez ere, euskal herritarrentzat onuragarria bada, eskubidearen gizarte instituzionalizazioan bide handia egina izango dugu. Baina, gizarte-exijentzia horiekin batera arreta berezia eman behar zaie ere euskal planteamendu nazionaletik ondorioztatzen direnei ere. Proiektuaren adostasuna eta gizarte-irekiera, eraginkorra izan eta arrakasta lor dezan, ezin gaituzte ideia nazionalistak erabat baztertzera behartu, politikaren arloan subiranotasun politikoa eta geure Estatua lortzeko itxaropena baitugu. Oreka horretantxe dago gakoa, esparru politiko baten barruan helburu sozial eta ekonomikoak errazago lor daitezke baliabideak egokiago administratuz eta nork bere interesei arreta eskainiz. Azken finean, edukitzailearen eta edukiaren arteko ezberdintasunaz jabetzean dago gakoa; alde batetik boterearen antolamenduari buruzko nazionalismo politikoaren koherentzia ideologikoa eta bestetik eredu sozio-ekonomiko ireki eta partaidetzazkoa. 2.Eredu politikoa Autodeterminazio eskubideak barneko eta kanpoko antolamendu politikoari buruzko aldarrikapenak baldin baditu, bi interesen arteko bereizketa egin beharko da. Barne autodeterminazioari edo Euskal Herriaren barne erregimen politikoaren itxurari buruzko erabakiari dagokionez, EA Errepublika moduko Zuzenbidezko Estatu Sozial eta Demokratikoa sortzearen aldekoa dela adierazi nahi du; bere forma politikoa, EAEko estatutua eta Nafarroak eta Iparraldeak parte hartzea nahi dugunez, federala edo ia konfederala izan daitekeelarik. Kanpo autodeterminazioari dagokionez, EAk Estatu independentea lortu nahi duela berresten du. Elkartze librea, integrazioa, agregazioa, eta bar bezalako beste aukeren aurrean, independentziaren alde agertzen da, zentzu europar eta modernoari eutsiz. Europaren integrazio-prozesuan gauden honetan Estatu Independente baten errebindikazioa zaharkitutako helburua dela diotenen kritikak ezagutzen ditugu. Baina guk ez dugu joan den mendeko eredu zaharkiturik proposatzen, kontzeptuak eta errealitateak eguneratu besterik ez dugu egin nahi. Dakigunez, ez dago Estatu bakar bat ere Batasun osoan bere nortasuna edo independentzia alde batera utzi duenik. Beste kontu bat da estatuek eta batasunak aldaketa sakonak jasan izana. Estatuaren kontzeptuari dagokionez, krisialdiak edo aldaketak estatua osatzen duten elementu guztiengan izan du eragina; Herriarengan, Lurraldearengan eta Boterearengan, baina guztiek diraute bizirik. Horrela: Herria, hala bere herritartasun bertsioan nola botere konstituziogilean, gaur egun bateragarria da hiritartasun europarrarekin eta nazio eta lege subiranotasun tradizionalen borondatezko automugatzeekin batera. Lurraldea, oraindik bere mugak zorrozki gordetzen badira ere, antzinako lurralde subiranotasunaren ordez arian-arian mugen eta defentsa mekanismo tradizionalen desagerpena gertatzen ari da. Boterea izan da, eremu politiko, ekonomiko, militar edo diruzkoan eskumen jakin batzuen multzo gisa ulerturik, mugarik gehienak izan dituena Europako Batasunari libreki lotu ondoren. Baina, hala eta guztiz ere, Estatuez hitz egiten jarraitzen badugu, ez zaio beste esanahirik eman behar gure estatu errebindikazioari, Estatu tradizionala baita krisialdian sartu dena, ez ordea Estatuen Europaren formularen azpian Europa eraikitzeko oinarria izan den Estatua. Horrela beraz, guztiz legitimoa eta egungoa da Euskal Herriak proiektu europarraren ildoan bere estatu propioa lortzeko nahiari eustea, Europako hiritartasunarekin batera hiritartasun propioa izanik, bere lurralde propioaren jabe mugen desagerpena gertatzen ari denean eta botere eratzailearen ondoriozko eskumenak gauzatzeko Europako Batasunak ezartzen dituen mugak onartuz. Estatuari buruz esan dugunak, berdin balio du independentzia edo subiranotasun politikoaren kontzeptuetarako. Subiranotasun tradizionalak gaur egun jasaten dituen mugek zeharo aldatu dute subiranotasunaren kontzeptua. Eraldaketa hauen ildoan, hau da EAk independentziatzat ulertzen duena: bere botere edo konpetentziez zuzenean baliatzeko subiranotasuna baino gehiago, bere botereen barne antolamendua edo botere horiek kanporantz lagatzeko gaitasuna ematen duen subiranotasuna. Hau da, beste Botere edo estatuei dagokienez legezko subiranotasuna edo independentzia izatea, boterea lagatzeko edo botereaz baliatu ahal izateko garaian. Laburbilduz, Estatu Independente baten errebindikazioak beste Estatuen parean berdintasun egoeran egotea esan nahi du, eta muga berak eta bere botereen lagapena edo transferentzia egiteko aukera izatea. Baina era berean, gainerako Estatuek dituzten berme eta erreserbez hornitua egotea, bai eta Europako eraketa politikorako prozesuan presentzia ekinkor eta zuzena izatea ere. 3.- Eredu ekonomikoa Ez dugu orain eta hemen funtzionamendu ekonomikorako eredua garatuko, funtsezko premisa bat azaldu baizik ez dugu egingo; hau da, edozein eredu baino lehen, EAk independentzia ekonomikoa lortu nahi du independentzia politikoaren derrigorrezko baldintza gisa. Proiektu politiko orok proiektu ekonomiko bat izan behar du lagungarri, funtzionamendu egokia bermatzeko eta beharrezko baliabideak eta finantzaketa ziurtatzeko. Mundu edo planeta mailako ekonomia elkarlotua eta globalizatua duen testuinguru batean, bitxia izan daiteke independentzia ekonomikoaz hitz egitea. Baina ez gara arlo guztietan (dirua, zergak, industria, lana, nekazaritza, arrantza, hezkuntza, enplegua, etab.) politika ekonomikoak ezartzeko botere ahalguztiduneko ikuskera tradizionalaz ari, gainera bateraezina litzateke merkatu bakarrarekin, moneta bakarrarekin eta zentralizatutako moneta eta truke politikak gauzatzen ari diren unean; guk azaldu nahi duguna zera da: eskumen batzuk Batasuneko organoen esku utzi daitezkeela eta beste eskumen batzuk politika propioak burutzeko gordetzea, Europako Batasuneko beste edozein Estatuk bezalaxe. Ikusi ahal izan denez, finantza autonomiarik gabeko autonomia politikoa ezinezkoa gertatzen bada, are arrazoi handiagoak daude independentzia politikoa independentzia ekonomikoaz eta politikoaz hornitzeko. Hain zuzen ere Nazioarteko Erkidegoak Estatu berriak sortzeko ezartzen dituen baldintzetako bat, banantzen direneko Estatuari kosturik ez sortarazteaz edo pobretzerik ez sortzeaz gain zera da; estatu berriak ekonomikoki bideragarriak izatea, Nazioarteko Erkidegoaren baliabideak ez murrizteko, eta baliabide horien lepotik bizi behar ez izateko. Hori ikusirik, horrela ulertutako independentzia ekonomikoaren onurak eta ordainak aztertu behar dira. Onurei dagokienez, Estatuaren eta EAEren arteko finantza-fluxuen azterketak independentzia lortuko bagenu euskal egoera finantzarioa nabarmen hobetuko litzateke, eta horrek honetarako aukera emango liguke: Geure zerga sistema propioa eratzea nahitaezko harmonizazio europarrarekin bateragarria dena, euskal ekonomia bezalako industri ekonomia batentzat egokiagoa; zerga iruzurra murrizturik, hoberantz nabarmen egingo lukeena. Aurrekontu eta zorrerako politika autonomoa egitea. Herritarren benetako beharretatik hurbilago dauden politikak gauzatzea. Baliabide bolumen handiagoa, Euskal Herritik eta Euskal Herriarentzat kudeatua. Baliabideen erabilera alternatiboa, helburu zibil eta sozialetan oinarritua, gaur egun armak erosteko erabiltzen den dirua adibidez, eta abar. Birbanaketan oinarritutako politika ekonomikoa planteatzea. Laburbilduz, zerga subiranotasunak gizarte justuagoa eraikitzeko finantzabidea emango liguke, enplegua ziurtatuz, industria garatuz, bizi-maila hobetuz, zerbitzu eta azpiegiturak lortu, hezkuntza politikak ezarri, eta abar. Horretarako nahi dugu independentzia politiko eta ekonomikoa, ez narzisismo politiko hutsa asetzeko. Ordainei dagokienez, hondamen ekonomikoa, errepresalia komertzialak eta trantsizio kostuak aipatzen dira.. Hondamen ekonomikoari dagokionez, prozesuak bakean eta negoziazioen ondoren burutzen direnean ez dute zergatik izan behar ondorio txarrik. Hortxe daude ESTONIA, LETONIA EDO GEORGIAKO kasuak, besteren artean, edo TXEKIA eta ESLOVENIAkoak. Errepresalia komertzialaren argudioak ere ez du funts handirik. Kontsumoak eta ekonomiak euren arau propioak dituzte eta ez dute planteamendu nazionalistekin zerikusi handirik ez dutenak. Bestalde, merkatuen globalizazioak kontsumoaren oinarri nazionala ezabatzeko joera du, prezioa eta kalitatea izanik harreman komertzialaren elementu nagusiak. Azkenik, trantsizio kostuak "estatuen oinordetza arauen" arabera bideratzen dira eta ondoriozko birdoikuntza ekonomikoa lortzeko prozesua (zorraren onarpena, aktiboen eta pasiboen konpentsazioa, eta abar) ez da bi urtetik gorakoa izaten. Edonola ere, ez da ahaztu behar nazio eraikuntza garapen ekonomikoan eta bertako agente ekonomiko eta finantzarioen (Merkataritza Ganbarak, Kooperatibak, Sindikatuak, eta abar.) bategitean oinarritu behar dela. QUEBECeko adibidea sakonki aztertzea eta ikertzea oso interesgarria izan daiteke. Planteamendu politikoak eta erreferenduma baino lehen, bertako sare finantzario eta industriala sortzen hasi ziren, proiektu nazionalekin lotuta zegoen sarea hain zuzen ere, gero proiektu politikoen euskarri ekonomikoa izan dena. 4.-Eredu soziala Nazio eta gizarte eraikuntza guztion zeregina da eta guztion partaidetzarekin egitekoa da beraz. Ezinezkoa da gizarte-politikarik gabeko nazio-eraikuntza. Nazionalismoak nortasuna, balioak, historia, hizkuntza, kultura eta forma edo eredu politikoak ekartzen ditu, Gizarte Proiektuaren edukiak ordea irekia izan behar du, demokratikoa, anitza eta Gizarte Zibilarekin adostutakoa. Herritarrak, erakundeak, elkarte zibilak, ekonomikoak, finantzarioak, profesionalak eta kulturalak gizarte proiektu batekin identifikatzea funtsezko faktore bazterrezina da. Sektore ez nazionalistak ez ditugu argudio politikoekin bakarrik geureganatuko, Nazio Proiektuak dakartzan gizarte abantailen arabera baizik. Eredu politiko batek dauzkan abantailak erakustean dago gakoa; proiektu horrek garapen ekonomikoa, ongizatea, hezkuntza, azpiegiturak, pentsioak, enplegua, aniztasuna eta abar hobetuko dituela frogatu behar zaie. Horregatik, gure eredu sozial, solidario eta aurrerakoiak, dagokion ponentzian azaltzen den bezala, gizarte sektore guztien ekarpenak jaso behar ditu "Euskal Herria III. Milurtekoa" Dokumentuan adierazi genuen ildoan.
|