EA.renV. Biltzarra -PONENTZIA POLITIKOA

[Sarrera][EAren proiektu politikoa] [EAren estrategia politikoa] [Eredu instituzionala]
[Lurralde osotasuna]


1.SARRERA

Batzuetan oso erakusgarria suertatzen da azken Biltzar Nagusiko ponentziak irakurtzea, geure burua gaur egungo egoeran hobeto kokatu ahal izateko. Orain lau urte nazio eraikuntzaren atzerakadaz ari ginen hizketan, indarkeriaren aldeko eta indarkeriaren aurkako abertzaleon arteko enfrentamendua, nazio-kontzientziaren urritasuna, abertzaleon aurkako erasoa, lurraldetasuna lortzeko bide oztopotsua eta autonomiaren geldialdia.

Gaur, orduan adierazten genituen arazo handiak oraindik bizirik dauden arren, beste batzuek mantso baina nabarmen hobetzeko bidea hartu dute. Euskal nazio kontzientzia nahi bezainbat indartu ez den arren, hala eta guztiz ere nabarmena da gaur egungo autogobernu maila gainditzeko gehiengoak duen gogoa. ETAren aldebakarreko su-eten eta mugagabearen ondoren, euskal alderdi abertzaleon arteko aurkakotasuna, komunikaziorik eza atzean utzi eta elkarrengana biltzen hasiak gara, ekintza bateratuak eginez, alderdi bakoitzaren interesak alde batera utzi eta gure Herriaren interes nagusien alde uztarturik lan egiteko.

Hori bai, lankidetza dinamika berri honek arrisku handiak izan ditzake lankidetzak eskatzen duena baino harantzago eraman nahi baldin bada. Operazio mota honek kostu politikoa izan dezake gizartean ezarpen urriagoa duten alderdientzat.

Guri dagokigunez, ez dugu ezkutatzen PNVra eta batzuetan EHra hurbiltzeko ahaleginen ondorioz gure alderdian barne-tentsioak edo tirabirak sortu direla. Hurbilketa hauek aukera estrategikoak izaten dira, EAren jatorrizko ideologiari eta funtsari kalterik, izan ere alderdikiderik gehienak mugimendu hauetatik kanpo daude eta EAren proiektu propioaren aldekoak dira.

Edonola ere, hala ez bada, Biltzar Nagusi honetan izango dugu hori eztabaidatzeko eta alderatzeko aukera; izan ere Biltzar Nagusi hau oso une egokia izan daiteke EAren BERRESPEN eta BIRFUNDAZIO politikoa gauzatzeko. Eztabaida ireki, zabal, leial eta demokratikoan gure nortasuna berretsi behar dugu, gure etorkizuna ezarri, berezko gehiengoak egiaztatu, ondorioak onartu eta behin-betikoz proiektu ideologikoaren inguruko borondate demokratikoa errespetatu, unean uneko gaietan sor daitezkeen desadostasun estrategiko legitimoen kaltetan izan gabe; hori dela eta, oso egokia litzateke Biltzar Nagusiak ideologiaren eta estrategiaren arteko muga ezartzea.

Aurretiazko eta derrigorrezko auzi hau argitu ondoren, eta barne batasuneko loturak indarturik, kanpoko esparru politikoari behar bezala aurre egiteko egoeran egongo gara, beste alderdi abertzaleekiko lankidetza formulei eta erlazioei buruzko erabaki egokiak hartzeko egoeran, abertzaleon proiektuei eraginkortasun handiagoa emanez. Hori ona da EArentzat eta Euskal Abertzale guztientzat, izan ere zenbat eta indartsuagoa izan barne batasuna, are eta handiagoa izango baita nazio eraikuntzarako ahaleginean egingo dugun ekarpena eta nabarmenagoa elkarlanean gure alderdiak izango duen lidergo-gaitasuna.

Hori izanik, laburbilduz bederen, barneko egoera, Lizarra-Garaziko Deklarazioaren eta ETAren aldebakarreko su-etenaren ondoren sortu den kanpoko jarduketa esparruak bloketako politika du ezaugarri: alde batetik euskal nazionalismoa eta IU-EB, eta bestetik nazionalismo espainiarra, bere buruari eufemismoaz baliatuz "konstituzionalista" deitzen diona, eta batzuetan harrotasunez eta lotsagabeki "estatutuzalea" dela esaten duena. EAk fronte-irudi hau alde batera uzteko ahalegina egingo du, bai eta itxurazko enfrentamendu politikoa herritarrengana ez iristeko ere. Honekin lotuta Herri osoarengan eragina izango duten politika integratzaileak bultzatuko ditu.

Hala euskal nazionalismo tradizionalak nola erradikalago eta estremistagoak, EAk defendatzen dituen jarreretarantz jo dute. PNVek, zeinarekin gure nazio-ikuskera biziagoa zela-eta desadostasun handiak izan baikenituen, errebindikazio-jarrerak hartu ditu. HBren aldaketa ere nabarmena izan da hala erakundeetan parte hartzeari dagokionez, nola indarkeriari babes politikoa emateari dagokionez ere. Objektiboki, harrokeriarik eta protagonismo faltsutan erori gabe, baina harrotasunez esan dezakegu euskal nazionalismo osoa izan dela EAren jarrera politikoetara hurbildu dena.

ERREFERENTZIA izan gara, orain ere ERREFERENTZIA gara, ERREFERENTZIA izaten jarraitu behar dugu, eta argi eta garbi esan behar dugu, horretarako eskura dauzkagun bitarteko guztiak erabiliz.

Euskal nazionalismoaren ahalegin honek ez du merezi zuen ordaina jaso eta estatuko alderdiek ere ez dute merezi zuen neurrian baloratu. Abertzaleon batasun estrategikoaren erreakzio gisa, eta bere ondorio politikoen beldur izanik, modu askotan saiatu dira euskal giroan izan den aldaketa nabarmena desitxuratzen:

Su-etenaren keinu politikoari garrantzia kenduz edo erabaki hori ETAren nekearen ondorioa edo herriaren presioaren ondorioa besterik izan ez dela esanez. Keinua gezurrezkoa dela esan dute, ETAri zentzugabeko erronka jo diote. Nazionalismo demokratikoaren jokabidearen lepotik barre eginez, HBren agindupean eta haren menpe dagoela adieraziz. Euskal gizartean izua eragin nahian eta gezurrezko frontegintzak eta bazterkeriak asmatuz. Bat-batean estatutuzale bihurturik, noiz eta hogei urtez geure autonomiaren oinarriak puskatzen saiatu eta gero. Hori guztia legearen arabera eskatzeko eskubidea dugu keinurik egin gabe eta inmobilismo arduragabea salatuz.

Europako esparrura begiratuz gero, Estatuen protagonismoa nagusi delarik, gauzek ez dute itxura hoberik. Europak euskal nortasun nazionala onartzeko aukera inoiz baino urrunago dagoela dirudi, erregimen autonomikoa ulertzeko eta onartzeko ere nahi ez dutela ematen baitu, Kontzertu Ekonomikoaren zerga berezitasunak errespetatu nahi ez dituztelarik.

Testuinguru honetan euskal abertzaleon batasuna inoiz baino beharrezkoagoa da guztion nazio helburuak defendatu eta lortzeko.

Baina beharrezkoa da halaber geure barneko argitasuna eta ekintza-batasuna, alferrikako odolustutzeak saihesteko, gure indarra ahultzen baitute eta guztion helburua lortzeko gure ekarpena indargabetu dezaketelako. Lankidetzan aritzea ez da bestearen barruan desagertzea, ahultasunaren ordez indarra ematea baizik.

Horregatik, Euskadiko etorkizunerako urte garrantzitsuen atarian gaudelarik, eta EAk ondare politiko garrantzitsua duelarik eta horrez gain bere espazio politiko propioa eta garrantzitsua betetzen duela ikusirik, gure nortasuna indarberritzeko unea da, euskal alderdi nazionalistekin eta Euskal Herriaren nazio-eraikuntza adostuaren alde lan egiten dutenekin lankidetzan jarduteko unea, bai eta Espainiako nazionalismoari bat eginik erantzuteko unea ere, probokazio frontegileetan erori gabe, errebindikazio legitimoak gizarte-proiektu ireki, zabal, aurrerakoi eta solidarioekin txandakatuz. Nortasun eta lankidetzako ardatzak ahaztu gabe, bi eskaera horiei erantzun egokia emateko beharrezkoa da bi auzi garatzea: