Ipar Koreak bere instalazio nuklear nagusiaren erregaia behin baino gehiagotan eskaini zien AEBei, laguntza ekonomikoaren truke. Obamak proposamen guztiak arbuiatu zituen. Horrela azaldu du Russian Today hedabideak gaur, 2011n AEBetako Estatu Departamentuko funtzionario ohi Joel Witek Foreign Policy aldizkarian idatzitako artikulua berreskuratuz.
Israelek uko egin dio NBEk proposatutako Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Itunari (NPT) eta nazioarteko ikuskatzaileei beraien instalaziotako ateak irekitzeari. Israelen iritziz, proposamen hori “zentzurik gabeko erabaki mekaniko bat da” eta NBEk “Israelekin zuen konfiantza galdu du”.
Mundua hondamenditik uste baino gertuago egon zela erakusten dute Kubako Misilen Krisiaren 50. urteurrenean argitaratu diren dokumentuek. John Fitzgerald Kennedyk prest zeukan irlaren inbasioa iragartzeko diskurtsoa, bere anaiaren artxiboko materialen arabera.
AEBetako hauteskunde kanpainari buruzko informazio asko ari da argitaratzen mundu osoko hedabideetan. Baina, zein dira Barack Obamak eta Mitt Romneyk aipatzen ez dituzten gaiak? Noam Chomsky irakasleak Mexikoko La Jornadan idatzitako artikulua aldatu dugu gurera.
Ernesto Alonso Malvina Uharteetako gudari ohia da, 19 urte zituela Argentinako armadak hara behartuta. Gerra hartatik 30 urte bete direnean, diktadurak hartu zuen erabakiaren gaineko berrirakurketa egin du CECIM (Centro de ExCombatientes de las Islas Malvinas) erakundeko kideak: zergatik deitu zen gerra, nortzuk diren “Malvinetako heroiak”, eta bertan gertatu ziren tortura eta hilketak. Uharteen subiranotasuna aldarrikatzeko bide diplomatiko guztiak ikusten ditu egoki eta itxaropentsua iruditzen zaio Latinoamerikak jarrera bateratu izana.
Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahu eta AEBetako presidente Barack Obama bildu egin ziren atzo, Iranen aurkako balizko erasoaz hitz egiteko.
Zuzeneko erasorik ez da gertatu oraino, azken urteotan behin eta berriro iragarritakoa gezurtatuz. Aldiz, AEBak eta Israel gerra sekretuan ari dira Iranen kontra, uranioa aberasteko programetan buru diren zientzialarien hilketak lekuko. Gerra ez da osorik lehertzen baina bakerako edozein urrats deusetan geratzen da nahasmenean korapilatuta.
Azken bi urteotan, Alberto Pradilla kazetari iruindarrak (1983) Israel-Palestina gatazkaren berri eman du hainbat hedabidetan. El judío errado liburua kaleratu du orain, Israelgo gizarteari buruz. Palestinarrez asko hitz egin da, baina gutxi dakigu israeldarren barne-gatazkez, kontraesanez, gorrotoaz, eragin erlijiosoaz, segurtasunarekiko obsesioaz… eta Pradillak beharrezkoa deritzo haiei entzutea, ez israeldarrak justifikatzeko edo konprenitzeko, tragediaren dimentsioa ulertzeko baizik.
Hitzak, hitzak, hitzak, goizetik gauera telebistan, irratian, prentsan, Interneten. Gure garaiaren ezaugarria da etengabe albisteak jasotzea eta nola hala liseritzea. Baina prozesu horren ostean nekez gertatuko da gertakariak ulertzen lagunduko duen ezer. Hedabideen industria-egiturak ezinezko bihurtzen du informazioa, paradoxa badirudi ere.
Hego Korearekin muga blokeatu berri duen Koreako Herri-Errepublika Demokratikoak 60 urte bete zituen pasa den irailaren 9an. Kim Il Sung estatu-fundatzailearen izena daraman plazan, milioi bat lagun bildu ziren ospakizunetan. 170 metro garaierako jutxe dorrearen sugarren zaintzapean milaka soldadu eta tankek desfilatu zuten. Egun seinalatu horretan ordea, ez zen Kim Jong Il lider nagusia inondik ere ageri.
Iranek bonba atomikoa eskuratzea gauza larria litzateke mundu guztiaren iritzian. Baina askoz arreta gutxiago ipini zaio erabaki horren atzean dagoen arrazoiari; alegia, aurretik badagoela Ekialde Hurbilean indar nuklear bat, Israel, bere monopolioari eutsi nahi diona. Krisia aurreikusi zitekeen...
«Stop US/Israel attack on iran», titulu hori zeraman martxoaren 2an Indymedia gune alternatiboak plazaratu zuen albisteak. Eta ondoren izenburuan: «AEBek eta Israelek Irani erasotzeko plana daukate petrolioa kontrolatu eta dolarra defendatzeko». Beste alde batetik, zenbait komunikabidetan (Mexikoko...