Gasteizko Eskola Ari Da Serio

Xabier Erro


1983-10-23

Gasteizko bertsolari eskolakoei elkarrizketa

Gasteizko Eskola Ari Da Serio

Euskara dugu aspalditikan

guretzako maitagarri

nahiz ta aspaldi honetan egon

gure hizkuntza negargarri

ekaitza edo negua izan

hemen gatoz gu kantari

guk ahaleginak eiten ditugu

nahiz eta izan elbarri

prestuak gaude zale guztiok

nahi badezute etorri.

Gonbitea eginez agertu behar, eta ostegun gauean egon ginen Gasteizko bertsolari eskolakoekin. Abel Enbeita irakaslea, ikasleak hogeitabosten bat.

Talde hau duela urte bete jaio zen. iazko Irailean joan ziren batzu Abelen etxera eta hilabete,geroago hasi ziren klaseak. Hasiera batetan Lantzale izeneko elkartean batzen ziren, gero, otsaila aldera, lokale hura utzi behar izan zuten eta Txusta tabernara etorri; orain taberna honetan biltzen dira ostegunero.

A.Udaletxeari eskabide bat egin diozue lokale eta materiala eskatuz; zer problema dituzue momentu honetan?.

B.E.Gaur bertan ikusten duzun problema; hau toki publiko bat da, taberna bat eta hemen probisionalki gaude. Lokal hau probisionala da eta orain hor dauzkagu alboan batzu afaltzen ari direla.

Horrez aparte bi maila egin dugu aurten eta gela bat lortzeko gaizki bagabiltza, pentsa bi lortzeko.

A.Dirua ere beste problema bat izango da.

B.E.Bakoitzak bere poltsikotik erosi ditu liburuak etabar. Hemen gauza asko beharko litzateke, kasetak, zintak, materiala, arbela.. eta irakaslea badago baina bere kontura etortzen da eta ez du ezer kobratzen.

Eta gainera lokalea balego, materiala... seguraski jende gehiago etorriko litzateke.

A.Zergatik etortzen zarete hona? Plazara irtetzeko asmotan edo...

B.E.Ez. ondo pasatzeko; baten batzuk badaukate zerbait egiteko pretentsioa, begira, igandean (urriak 16) aterako dira hemengo lau Rezpalditzan.

Gehienek esan dute ondo pasatzeko -mintzo da Abel-, baina barruan badute kolorroa, bihar edo etzi plazara txapelketara presentatzeko.... eta aterako dira!.

A.Asko hitzegin da bertsolari eskolei buruz, orain agian ez hainbeste, baina lehen bazeuden eskola hauen kontra zeudenak, e.a. Zuek nola ikusten dituzue bertsolari eskolak?

B.E.Niretzat bi puntu dira Abel ari da. Lehenengoa bertsolari eskolak euskaldunberriari laguntzen dio izugarri; hemen konturatu gara, iaz bazegoen mutiko txiki bat "Toki Eder" ikastolakoa eta hiru bat hilabete egin zituen gurekin eta multzoko mutila zena, euskaraz behintzat kriston maila igo zuen ikastolan. Eus karaz pentsatzen ikasten da eta azkar pentsatzen. Bigarren, gure herriko kultur berezia da eta bertsolari edonor izan daiteke, goi puntakoak ez dira guztiak izango baina... Eskolak hor daude, bi urte daramatzate Bizkaiko eskolak eta iaz bigarren faseraino, bertsolari zaharrak atzera utzita, iritsi ziren bertsolari eskoletatik ateratakoak

A: Halere Gasteizko errealitatera itzultzen gara, "Gasteizen berezko bertsolaria sortzeko ez dago girorik", esaten digu ikasle batek, eta horrelaxe da. Beraiek tabernan eta bertsotan ari diren bitartean Goizuetan baleude bezala daude, baina gero kaleratzean... Tabernatik kanpo zerbait egin ahal den galdetu diegu eta orain arteko esperientziak aipatu dituzte.

B.E.Jaietan proposatu zen, Santa Agedan ere atera ginen, Kultur astean ere eta aretoa bete zen.... eta ostegunero gauetan Gasteizko tabernetan bertso-saioa da

A.Abel urrutirago doa, bertsolari eskolen beharra aipatzen digu, ikastoletan sartu beharra.

B.E.Bertsolari eskolak euskara aldetik zorroztasuna sortzen du eta euskaraz pentsatzeko inportantzia du. Baina bertsolari eskolak askoz inportantzia gehiago edukiko lukete ikastoletan beste asignatura bat bezala sartuko balitz, euskara ikasteko metodorik onenetarikoa baita. Gipuzkoan hor dago Mendizabal eta iazko esperientzia oso ona da; Bizkaian Lopategi dago.

Ni iaz Toki Ederren hasi nintzen, baina hemen diru problema dago eta ni ezin naizela ibili bueltaka.

A.Gasteizen daudenen artean erdia gutxigorabehera da euskaldunberri, eta erdia ere arabarra.

B.E.Badaude ere Bizkaitik eta Gipuzkoatik etorriak, eta iaz bazegoen nafar bat

A.Azkenik, eta elkarrizketa nahiko informal honi amaiera emateko, beste eskolekiko harremanengatik galdetu diegu.

B.E.Aiarako eskolarekin bai, harremanak dauzkagu (Abel hangoa da) eta afari bi izan dugu. Santurtzikoek ere, esan ziguten haiekin harremanetan sartzeko eta afariren bat egiteko... Asmoa badago. UEUn edo, elkartzen zara eta bai, baina oraindik ez gara mugitu, harremana egon beharko litzateke, baina beti gaude litzateke horrekin.

Desafioa egunkarietan ez dugu sekula erabili sistematikoki.

A.Halere, hemen dago ARGIAren bidez botatakoa, ea nork erantzuten dion!

Euskal Herri aldean dago

hainbat genio

Gasteizko eskola ari da serio

baldin ta gure hitzak du

orain balio

beste eskola guztiek guk

gaur desafio

Xabier E.

Txusta tabernan egiten dira

gure bertsozko jardunak

hementxen biltzen gara pozarren

Arabako euskaldunak

Batzuek gutxi, besteek nahiko

bereak beti ahalduna

baina gustora pasatzen dira

orduak eta egunak

Urte gutxira Arabakoak

Euskadiko txapeldunak.

24-25

Gaiez\Kultura\Bertsolarit\Bertso esko

Egileez\ERRO1\Kultura


Argia.com 2012