Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-12-02 16:46:18
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

1974-12-08 -- 614.zenb

Koldo Olazabal

Juanjo Eizagirreri elkarrizketa.

"MENDARO TXIRRISTAKA"-ren OMENEZ
- Jaio zeneko ehun urtehurrena Mendaron
- Bertso-paper Sariketaren arrakasta
Oraintxe datoz juxtu juxtuan ehun urte Eusebio Mugerza ð"Mendaro Txirristaka"ð jaio zenetik. Gaitzizenak berak dioenez, Mendaron jaioa zen, Kilimon erreka bazterrean jaio ere.
Ehun urtehurren hau dela eta, Mendaroko "Gurutzpe" Elkarteak zenbait saio eratu du haren omenetan, hala hitzaldiak nola bertso-paper sariketa, eta, baita, haren bertso bildumaren aurkezpena ere.
Guzti honetaz Juanjo Eizagirre mendarotarra mintzo zaigu, "Gurutzpe" Elkarteko zuzendarietako bat denez gero.
-Zer eratan sortu zen "Mendaro Txirristaka"ren ehun urtehurrena ospatze hau?
ðAita Zabalak aspaldi zuan Mendaro Txirristakaren bertso liburu bat erdi taxutua. Zenbait eragozpen zela eta ez zuan, ordea, liburu hura argitaratzeko betarik. Nahi eta ezin honetan iritsi zuan Txirristaka bera sortu zeneko ehun urtebetetzea, eta Mendarora etorri zitzaiguan zerbait egin asmoz.
-Ideia Aita Zabalarena ote, beraz?
ðBai. Aita Zabala Mendarora etorri zuan, eta ehun urtehurren hori gogorarazi ziguan. Bai guk pozik haren asmoak ontzat hartu ere. Zer esanik ez, Mendaro herria zorretan dik Txirristakak.
ðZer dela eta zor hori?
ðSeme ospetsu baten ehun urtehurrena beti duk, berez, nahiko zor edozein herrirentzat. Baina, horrez gainera, Txirristakak behin eta berriz Mendaro aipatzen dik bere bertsoetan. Ez zuan gero saltzeko bere sorterria. Ez horixe. Kilimon erreka ondoko "panaderokua" errotan jaio zuan, eta bere buruari "Duque del Kilimon" zeritzaan. Jaiotetxeaz badik zenbait bertso:
Zortzi seme ta iru alabak
ziran mundua ekarriak
nere gurasuak Pedro eta Juana
zorionekuak biak
panaderia etxian eta
errotan iru arriak
astuak eta zaldi bikaña
uztarria eta beiak.

Milla zortzireun irurogeita
amalaugarren urtian
ni naiz Mendaron jaio nintzana
Garagartzako partian.
Mutil koxkorra, urtiak zazpi
kunplitu gabe artian
kapellauari meza laguntzen
nion konbentu batian.
-Ez zuan, ordea, Mendaron bizi...
ðEzkongaietan bai, Mendaron gehien bat. Gero Donostian. Mundua ere politto ezagutu zuan. Afrika eta Ameriketan ibili huen. Cuba-ko gerran egon huen, eta Patagoniako puntaraino ere iritsi huen, bertsoetan dioenez, behintzat.
ðZer nolako bertsolaria zen?
ðBertsolaria baino, bertso-paper egilea zuan. Ez huan bat-bateko bertsolaria, lagunartekoa. Bertsoak burutu, idatzi eta "peritik perira" kantatzen eta saltzen zituena baizik. Zabalkunde honetan gizon fina genian.
ðNolatan fina?
ðGizon organizatua alegia. Bere bertso-paper gehienak Errenterian argitara eman zitian, Makazaganeko inprimategian. Bertso-paper guztiek bere erretratua zeramaten aurrekaldean, fetxa eta etxeko zuzenbidea. Baita bertso bakoitzaren doinua ere.
ðHau guzti hau kontutan izan ahal duzue omenezku programa burotzean?
ðJakina. Bi ardatz nagusi izan zetiagu programa prestatzean. Aita Zabalaren liburuaren aurkezpena eta Mendaro Txirristakaren nortasuna bertsolari eta bertso-paper sailtzailea zela, alegia.
ðZer eratan egin duzue ba programa?
ðNolabait esateko, kultur aste delako bat moldatu diagu, bertsolaritzari atxikia erabat.
Hilaren 8an bertsolari saioa izango duk. Ondorengo astean lau hitzaldi eta mahai inguru bat bertsolaritzaren hainbat alderdiri buruz. Hilaren 14ean Aita Zabalaren liburuaren aurkezpena eta Bertso-Paper Sariketaren erabakia.
Hilaren 15ean, berriz, sortu zen egun berberean alegia, Mendaroko lau bertsolarik antzerki gisako aurkezpen bat egingo diate, Txirristakaren bertso-paperak kantatuz, Txirristakak berak egiten zuen bezalaxe. Arratsaldean, azkenik, Antton Valverde, Julen Lekuona eta Xabier Leteren bertso eta kopla zahar eta berrien erakusketa izango duk eta, hain zuzen, egun horretan Txirristakaren bertsoak ere lehendabizikoz sartuko dizkiate beren errepertorioan.
ðBertso-paperen sariketa aipatu duk. Arrakasta handia izan duela aditzera diagu...
ðArraskasta? Bai horixe, inork uste baino handiagoa. Guztira hogeita hamazazpi bertso sorta jaso zetiagu. Zahar nahiz gazte, ipar zein hego aldekoak, hogeita bat bertsolarik hartu diate parte. Mendaroko bertakoak ere, lauren batek bai, behintzat.
ðHire ustetan, zergatik ote hain harrera ona? Sariak onak direlako ala...
ðEz zekiat ba... Guk ez genian horrelako harrerarik espero. Lehen saria 8.000,ð ptakoa duk, eta, saritan, 19.000,- pta. guztiz.
Zenbaitek esan dik zergaitik ez dugun izkutuko sariketa egin, aldizkarietan argitara gabekoa alegia. Guk pentsatu izan diagu, ordea, aldizkariren baten agertzea komenigarri zela, gaur egun bertso idatzi eza susmatzen bait dugu.
ðDiru laguntzarik izan ahal duzue?
ðElgoibar eta Mutrikuko Udaletxeei eskaribana egin zieagu. Gipuzkoako Aurrezki Kutxak, berriz, 30.000,ð pta. eta zabalkundea ordaindu ziguk.
-Mendaro Txirristakarentzat kale bat ere eskatu ote duzuen entzun diagu...
ðBai, Elgoibarko Udaletxeari eskatu ere, Txirristaka Elgoibar aldekoa zuan eta, Garagartzakoa noski.
Mendaro herria osatzen duten Azpilgoeta eta Garagartza hauzoak gertu daude beren seme ospagarri bat ohoratzeko. Administrazioko banaketa bitxiek ez dute gero herri baten nortasuna desegin. Mendarok irauten du, bere seme prestuen baitan. Herri zaletasunak, eta, kasu honetan, bertso zaletasunak aste gogoangarri bat bizi ahal izango du.
KOLDO OLAZABAL
1

Gaiez\Kultura\Bertsolarit\Ekitaldiak\Omenaldiak
Gaiez\Kultura\Bertsolarit\Besteak
Pertsonaiaz\TXIRRISTAK1
Egileez\OLAZABAL1\Kultura

NIKOLAS ALZOLA ETA JOSE LUIS LIZUNDIA

Euskal kazetaritzaz arduratzen eta mintzatzen zaizkigu
Ikastaro labur batzuk eratu behar liratele kazetaritzaz
Gure astekariak, oraingoz, egunkari bihur daitezkeenik ez dut uste
Bataioko eta jatorrizko izen deiturak baino ezagunagoak gertatu zaizkio konbentukoak Nikolas Alzola Gerediagari. "Anai Berriotxoa" deituraz ezagutzen dugu gehienok. Euskal aldizkari guztietan idatzi duela uste dut, baina izenorde desberdinez: "Ozerinjauregi", "Tontorra", "Altzarte", "N. de Cortazar", "Arriurdin", "Bitaño" eta abarrez. Durangaldeko Izurtza herrixkan jaioa dugu. Euskaltzaindiko liburutegia moldatzen laguntzen dio, gaurregun, Alfonso Irigoien liburuzainari.
Jose Luis Lizundia, berriz, Euskaltzaindiko Idazkari-ordekoa dugu. Horretaz gainera, "Gerediaga Elkartea" sortu zuenetarikoa. Elkarte honen idazkari izan da bost urtetan eta lehendakari-ordeko urte betez. "J.L.L." eta "Amaitermin" deituraz idatzi ohi du gehienetan.
Ohizko "Gerediaga" sariez gainera, kazetarientzat jakina, sari egoki bat eratu da aurten Durangoko "IX euskal liburu eta diskoen azoka"n: KIRIKIÑO saria hain zuzen. "Anai Berriotxoa"k izan du burutapen argi hori. Xabier Gereño, Jose Luis Lizundia eta Abel Muniategi izan ziren mahaiko. Sariaren irabazle, berriz, gure "Amatiño" bizkorra.
Ikaragarrizko erasana du gaurregun kazetaritzak. Ez dugu behar bezala alderdi hau zaintzen eta eskertzen. Lan honetaz ohartarazi nahi genuke irekurlea.

ARGIA. Zaharrenari egingo diogu lehen galdera, "Anai Berriotxoa"ri hain zuzen. Gerediaga Elkarteak lehen aldiz jarri du KIRIKIÑO SARIA. Zer helburuak eragin dio?

Euskal kazetaritzari indarra eta laguntza ematearren asmatu genuen KIRIKIÑO SARIA.

Kontuz hasi zaigu hitzegiten "Anai Berriotxoa", euskaldunen ezpalekoa, nonbait. Ea zertxobait gehixeago ateratzen diogun Jose Luis Lizundiari. Zer dela eta jarri diozue KIRIKIÑO izena?
Durangaldeko semeen artean, euskal kazetaririk ospetsuenetakotzat dugulako gure KIRIKIÑO. Ipuialari bezala ezagutzen dute askok, baina oso kazetari ona izan zen bere garaian. EUSKADIn eta LA GACETA DEL NORTEn idatzitako hainbeste lan lekuko.

"Anai Berriotxoa", garrantzi haundia duela uste ahal duzu kazetaritzak?

Euskal Herriko kultur eginkizunen artean lehen mailan jartzen dut kazetaritza gaurregun. Telebistarik ez dugun bitartean, hauexek; kazetaritza, irratia, alfabetatzea, ikastolak, sermoigintza.

Denok dakigu garrantzi haundia duela, baina nola betetzen dute gure aldizkariek eginkizun hori, Jose Luis?

Bakoitza bere bideari lotzen zaio. Autobidea eta gurdibidea ez dira berdinak; estrata eta trenbidea ere ez, ordea. Hemen datza, ene ustez, euskal aidizkarien akatsik nabarmenetariko bat: ez dakigu gai bakoitza non argitara behar den. Azterketa sakon eta zuzen baten ondoren FONTESen edo EUSKERAn agertu behar litzatekeen hizkuntzari buruzko gaia, aldizkari arrunt batean erabiltzen dugu lotsa gutxiz. Argibide bat besterik ez da. Pilaka ezar nitzake, zenbait eztabaida garratz eta kazetaritza etika gutxikoak ekarri dituen kalteak adierazteko. Herri bidea, jakintza bidea, iker bidea, giza-politika bidea eta abar, berezi beharra ikusten dut euskal aldizkarietan. Borondatea, euskaltzaletasunezko borondote ona guztiek dute, baina borondate ona ez da aski.

Ez dira punta puntakoak, noski, baina asko ugaldu dira euskal aldizkariak azken urteotan. Jendeak irakurtzen dituela uste ahal duzu, "Anai Berriotxoa"?

HERRIA askok irakurtzen dute baserritar, langile eta ikasien artean, nik beti entzun izan dudanez. Beste horrenbeste gertatzen dela uste dut Nafarroan PRINCIPE DE VIANArekin. ANAITASUNA eta AGURen irakurleak ez dira berdinak izango, noski, ez pentsamenduz eta ez adinez. ZERUKO ARGIA izango da gehien irakurtzen dena hemengo aldean. GOIZ ARGI ere asko irakurtzen omen da, batez ere Gipuzkoan. Kezkatutako eta lanean ari den jendeak irakurtzen ditu, batipat, aldizkariak. Herri xeheak asko irakurtzen ote ditu? Hain euskaldun gutxi izateko nahiko hedatuak dira denak ere. Baina hor dago galdera airean zintzilik: herri xeheak asko irakurtzen ote ditu?

Dena loturik dago, irakurgaiak diren neurrian irakurriko ditu jendeak, noski. Lehengora itzuliaz, zer diozu euskal kazetariez, Jose Luis?

Gauza asko. Bi gauzatxo aipatuko ditut halere. Borondate on izugarria batetik, profesionaltasun eza beldurgarria bestetik. Hala izan ere izango hein haundi batean, kazetaritza-eskola bat ez dugun bitartean. Urtean behin, gutxienez, ikastaro labur batzuk eratu behar lirateke kazetaritzaz. Bigarren, euskara gaia gehiago erabiltzen dugu. Bere alde ona badu, noski gure arazorik larrien eta behinena hizkuntzarena dela irakasten bait digu horrek. Baina kazetariek ezer berri gutxi sortzen dute gai honi buruz, gerra zibiletan ibiltzeko aitzakitzat bakarrik hartzen du zenbaitek euskara gaitzat. Hirugarren, gaien leihatila zabaldu behar da gehiago: hirigintza, kutsadura, herrietako berriak alde askotatik jorratuz, dibulgazio lanak, herria hainbeste arlotan eskolatuz, gure herriaren egoera gogoratzen eta argitzen duten kanpoko gertaerak erabiliz. Ez du etxeko burruketan itotzerik merezi. Bestalde "Herri tregua" bat eskatuko nieke egoera honetan hainbeste merezimendu duten euskal kazetariei. Badiogu denok ere horrenbeste zor Euskal Herriari.

Euskal egunkari baten ametsa ere bada; zer deritzazu "Anai Berriotxoa"?

Ez dut uste, gure astekariak, oraingoz, egunkari bihur daitezkeenik. Bere gogoko aldizkaria aukeratzen du irakurle bakoitzak. Gauzak dauden bezala, ez dut uste, asko ugalduko litzatekeenik irakurlegoa. Geroak esango du gerokoa. Halere itxaropentsu naiz ni. Mamiz eta hizkuntzaz herri xeheari arik eta gehiena hurbildu beharko litzaioke egunkari bat. Sar daitezke, noski, zenbait gai sakon euskara landuagoan, atal berezietan. HERRIA hartuko nuke nik gidaritzat, Euskal Herri guztirako egunkari bat egiteko orduan. Aldizkari guztientzat dago lekua. Jarrai bedi, beraz, bakoitza bere arloa jorratuz, indarrik duen bitartean.

Haserara itzuliaz, Jose Luis, Gerediagak urtero eratu nahi al du kazetari saria?

Urteroko Euskal Liburu eta Disko Azokan sari bat izan zedin, batzordetxo bat izendatu zuen Gerediagaren buruzagitzaren izenean. Alberdi lehendakariak. Nikolas Alzola, Balendin Lasuen, Bitor Kapanaga, Joan Antonio Aroma eta nik osatzen dugu batzorde hori. Datorren urterako ASTARLOA saria izendatu dugu. GARITAONANDIA, ARRESEBEITIA, BELAUSTEGIGOITIA, ITURRITZA sariak eta abar eratuko dira. Gai jakin bati lotuak izango dira. Eskualderen bateko gizon ospetsuren baten ohorez emanen da.

Datorren urtean, ASTARLOA saria, beraz. Esaiguzu "Anai Berriotxoa", zer egin behar dugun sari hori irabazteko?

Astarloaren garaia, bere bizitza, orduko haroa, kultura eta abar jorratu beharko lirateke. Hitz bitan esanik, Astarloaren denborako Euskal Herria; gehiago zehaztuz, orduko kultura. Jarriak ditu Justo Garatek "La Epoca de Astarloa y Moguel" liburuan oinarri batzuk. Baina hau guztia zehaztu gabe dago oraindik.

Atzekoz aurrera ihardun gara, agian. Mahaiko izan zaitugu, Jose Luis, KIRIKIÑO sarian. Zeuk zer diozu aurtengo irabazleez?

Miresgarria dela, uste dut, Amatiñoren lan aspergaitza. Hamaikatxok jotzen dugu laugarren orrialdera ZERUKO ARGIA hartzen dugunean. Kazetari trebe baten gisa, Euskal munduaren ikuspegi zabal bat eskaintzen digula, uste dut, irakurleoi. Agirrebalzategik, berriz, beste mota bateko lana eskaintzen digu.

Honetaz gero jakin nahi genuke, bada, zer sari eman duzuen. Ea datorren urtean, parte hartzea, erabakitzen dugun.

"Kirikiño"ren irudia eman zaio irabazleari. Amatiñok du, Bilboko Larrea irudigileak dohan egina da. Lehen ere beronek egina da, Mañarian, Kirikiñoren monumentua. Eskertzekoa da, beraz, gure irudigilearen oparia.
Euskal kazetaritzat kezkaturik dira "Anai Berriotxoa" eta Jose Luis Lizundia. Ezer onik egiten ari ote gara, galdatzen diogu geuron buruari idazleok. Izan ohi ditugu joaldi latzak behin baino gehiagotan.
Zuzpergarri gerta daitezela, idazle guztiontzat, kazetari sariaren bi eratzaile hauen hitzak.

ERRIALDE
Kirikiño Saria
12

Gaiez\Komunikabid\Prentsa\Euskaraz pr
Pertsonaiaz\ALZOLA1
Pertsonaiaz\LIZUNDIA1
Egileez\HERRIALDE1\Komunikabid

"Hitz Neurtuz" antzerkiaz Xabier Unanue eta Pili Etxanizekin
"HITZ-NEURTUETAN "ANTZERKIA ZESTOAN
Xabier Unanue eta Pili Etxaniz mintzo
Zestoako "Ur-Zaleak" taldeak, Xabier Unanue gure idazleak burutu duen "Hitz-Neurtuz"ko antzerkia emango digu "Eliz-Ondo" zineman, Abenduaren 14ean, gaueko 9,30etan.
Oraindik gutxi ezagutzen den altxor asko dago herri-bertsoetan. Bertso zaharren kantaldia moldatu ziguten lehen Xabier Letek, Antton Valverdek eta Julen Lekuonak. Gaur antzerkira daramate bertsoa zestoarrek, Xabier Unanue eta Pili Etxanizen bidez.
Bi saiotara azaldu gara nola egiten duten ikustearren. Bi ordu pasatxoko antzerkia da. Zoratzen egon gara. Jendeak, gustoko bi ordu igarako dituela, uste dugu. Era askotako sentimenduak jarriko zaizkio dantzan jendeari. Pasarte hunkigarriak, algara gozokoak, denetarik izango du.
Xabier eta Pili ditut tartetxo batean solaslari.

Zer da, hain zuzen, zuek prestatzen ari zaretena?

Antzerki bat, hain zuzen ere, zenbait bertsolariren zati bereziz Euskal Herriaren kondairan murgilduriko bertsolarien mezua agertarazi nahi genuke. Herriak gogozkoak izan ditu bertsolariak eta bertsoak. Herriaren giroaz eta gertaerez mintzo dira askotan. Bertsolari eta bertso hoik, antzerki giroz eta loturaz agertu nahi dizkiogu herriari.

Bertsozko antzerkia moldatzen, zer dela eta hasi zinen, Xabier?

Bertsolariek sortu izan dizkiguten pertsonaiez estanpa gisako zerbait agertzeko asmoa aspaldikoa dut. Ez nahiz behin ere ahaztuko, Anjel Garaizabal eta Lurdes Arrizabalagak "Maritxu nora zoaz" abestiaz egin zuten antzerkitxoaz. Ume nintzelarik ikusi nuen Zesteako zinema aretoan. Txikitako oroitzapen gozo hark burutarazi dit. Herriak ezagutu behar du bertsolarien lana eta mezua. Antzerki giroa horretarako onenetarikoa, noski.

Hari bat, ardatz bat, izan ohi du antzerkiak.

Ez dugu bertsolaritzaren kondaira urtez-urte harildurik ematen. Hiru zati ditu antzerki honek: Fernando Amezketarraren ipuinez hasten dugu lehen zatia, Iztuetaren "Kontxexi" deitu bertsoez jarraitzen da, ondoren Etxahunen zenbait bertso eta beronen bizitzako zenbait pasarte agertzen dira, Pedro Mari Otañoren zenbait ibilaldi, Bilintxen "Nagusi Jauna eta Joana Bixenta Olabe". Iparragirren bizitzako zenbait xehetasunez amaitzen dugu lehen zatia. Bigarren zatia, berriz, sagardotegiroan egiten dugu. Pello Errota, Txirrita, Gaztelu eta Xenpelarren zenbait bertso azaltzen ditugu zati honetan. Hirugarren zatia Uztapideren ohoretan moldaturik da. Uztapideren bertsoak eta bertso saioak dira ardatz, harekin eta honekin, han eta hemen kantatu izan dituen bertsoak, alegia.

Gaika, bertsolarika edo beste nolabait egin nahi izan ahal duzue bertsoen lotura?

Ez du lotura orokor bat antzerki honek, ez gaiaren aldetik eta ez bertsolarien aldetik. Estanpa gisako antzerkia da lehen zatian behintzat. Argiz, doinuz eta ilununez jazten ditugu bakoitzaren ihardunak. Era horretan egin nahi izaten dugu, ihardun batetik besterako lotura giroa gal ez dadin, jendea antzerkiaren mezuan murgil dadin.

Helbururen bat izan ohi dute gizonaren ekintzek.

Bertsotan gorde, historian zehar, gure ahozko literatura. Aiton-amonengandik ikasiak izan dira bertso asko. Herriak berak jaso du bertso asko. Gaur, zorionez, liburuetan gorde dira herriari ikasitako bertso hoik. Ahozko literatura honi omenaldi bat egin nahi genioke. Helburua, berriz, urruti dago: Euskal Komedia-Musikal bat sortu nahi genuke bertsolarien personaia eta ipuinez. Lehen urrats bat besterik ez da gurea. Helburuaren atzetik abiatze bat besterik ez.

Bide berri bat urratzera zoazte. Bidezko da zalantza eta beldurra edukitzea. Jendeari gustatuko zaiola uste ahal duzue?

Lehen esan dugunez, herriak gogozkoak ditu bertsoak, maite ditu bertsolariak. Antzeslari bakoitzak ondo egiten du bertsolariaren papera, giroak eta bertsoak eskatzen duen erara egiten du lan. "Kontxexi"ri jarritako bertsoak, esate baterako. Espetxetik barrutik kantatzen ditu bertsolariak bertso hauk. Une bakoitzeko giroa biziarazi nahi diogu entzule-ikusleari. Antzerkiak duen indarraz eta erraztasunaz baliatzen gara horretarako. Bertsoa kantatu hutsez baino garai bakoitzeko gertaerez herria honela hobeto jabetuko dela, uste dugu.

Bertsolari zahar bakoitzari dagokion jantzi, imintzio eta tankera hartuko ahal du antzeslariak?

Hori ezinezkoa da, gaurkoz behintzat. Baina ez dira, noski, eztai eguneko jantziz ere agertuko. Eguneroko jantziz azalduko dira.

Lan haundi samarra hartu ote duzuen deritzat.

Haundia baino gehiago, luzea izan dela esango genuke. Hogeita bost personaia desberdin agertzen dira antzerki osoan. Antzeslari gehienak bertsozale izateak asko erraztu digu langintza. Hor dugu, adibidez, Uztapide zaharraren iloba. Bertsozale izateak, bertsolari asko ezagutzea eta berso asko jakitea dakar. Oso zaila zatekeen antzerki hau baratzea taldean bertsozalerik izan ez bagenu.
Tabernari ordu goxoak kenduz ari da Zestoako "Ur-Zaleak" taldea antzerkia gertutzen. Urnietako "Egi-billa", Oiartzungo "Intxixu" eta Donostiako "Xaribari"ri beste senide bat jaio zaie. Oso senide desberdina, baina guraso berdinen seme, laurak ere.
Euskal antzerki berri baten hasikin bilaka daitezke Zestoako "Ur-Zaleak". Hori opa diegu.

MUTIOZABAL
"Kontexi"ri abesten.
Pili Etxaniz eta Xabier Unanue
2


Gaiez\Kultura\Antzerkia\Aktoreak
Pertsonaiaz\UNANUE2
Egileez\ETXANIZ4\Kultura

hemeroteka

613. zenbakia | 1974-12-01
612. zenbakia | 1974-11-24

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan