"Liburu honetako espiritualtasuna ez dut eguneroko bizitza errealetik aparte ikusten"

  • Urari ostutako poemak (Susa, 2014) liburua argitaratu berri du Pako Aristi idazleak. Urrestillakoak ondutakoen artean, orain artean ez bezalako lana, orain artean bezalakoa: Aristiren “poema guztiak lotzen dituen hari existentzial mehe bat” aipatu zuen Koldo Izagirrek XX. Mendeko Poesia Kaieretan, eta haria ez da eten oraingo lanean. Alderantziz, inoiz baino lodiago ageri da, Ekialdeko egileen irakurketen eraginez.

"Artisau lana da poemak idaztea, baina artisau tradizionalen ondoan oso lan putie da gurea" (argazkia: Zaldi Ero).

Ekialdeko pentsamendua guztiz presente zure liburu berrian.

Ekialdeko pentsamendua baino gehiago, bizitzaren aurreko jarrera bat da. Mendebaldeko kultura tradizional eta judu-kristauak oso jarrera tentsua, dogmatikoa, erasotzailea du bizitzaren aurrean. Ekialdean, aldiz, bestelako korronte batzuk aurkitu nituen aspaldi, bizitzaren aurreko jarrera lasaiagoa dutenak, proselitista ez direnak, ez dogmatikoak, kontzientziaren inbasore ez direnak. Hemen, izan ere, norberaren askatasuna errespetatzen ez duten ideiak sartzen dizkigute txikitandik. Ekialdeko egileen irakurketetan pertsonarekiko errespetu handiagoa aurkitu dut, eta horixe gustatu zait. Liburuan diren pentsamendu asko oso ohikoak dira Ekialdean, eta Europako idazle askorengan; Hermann Hesserengan, esaterako. Horra hinduismoa, sufismoa, taoismoa eta gainerakoak. Hortik dexente edan dut azken urteotan. Bizitza interpretatzeko modu bat da, azken finean, interesgarria iruditzen zaidana. Haren oinarrian, “hemen eta orain” dugu. Etorkizuneko proiekzioek ito egiten gaituzte. Iragana erreskatatzea ere zama da. “Hemen eta orain”, beraz. Bizitzan deserosotasun aldiak izaten ditugu, eta horietako batean abiatu nintzen ni, bestelako jarrera baten bila, bizitza ulertu nahian. Susmoa izan nuen bazegoela bizitza beste era batera ulertzeko modua, gure mundu Mendebaldeko honetan ez bezala ulertzeko era. Konturatu nintzen, gure kultura –dela Europakoa, dela judu-kristaua, dela greziarren filosofoena–, zati txiki bat besterik ez dela munduan, eurozentrismo baten baitan bizi garela, gure ideia judu-kristauen arabera epaitzen dugula mundu osoa. Gure lupa txikiaren bitartez ikusten dugu mundua. Nik, hartu mailua, lupa txiki-txiki egin eta bestelako liburuak irakurtzen hasi nintzen, Ekialdeko mundu hori ulertu nahian, bizitzaz jakin nahian… Azken finean, mundua mundu da, eta gizakia beti gizaki. Borgesek esaten zuena: “Asko bidaiatu dut, eta bidaia guztietan ere gizaki bera ikusi dut”.

Urari ostatuko poemak… “Eta itsasoak / ordaindu zuen bere zorra / mendeetan inspiratu dituen / poema guztien bitartez”. Yatesen poema dakarzu atariko labur, eta itsasoa zenekarrela pentsatu nuen. Irakurtzen hasi, eta bizitza da zure liburua…

Askotan joaten naiz itsasertzera. Batean oinez ibiliko naiz, bestean irakurtzen, baina beti itsasoari begira. Itsasoaren indar hipnotikoa ere hor da, beti mugimenduan itsasoa, Azpeitiko haitzak ez bezala. Itsasoaren mugimendu horrek bizitzaren joan-etorriarekin zerikusia ote duen nago. Horixe pentsarazten dit, behintzat, olatuen joan-etorri horrek, eta itsasertzeko egonaldi horiexek eginarazi dizkidate liburu honetako hainbat poema. Bestalde, mundu esoterikoan, sua, egurra eta lurrarekin batera ura da sentimenduen adierazle indartsuena. Nire kasuan, itsasoaren aurrean sortu dira poema hauek. Etxera etorri eta idatzi egiten nituen. Horregatik diot liburuaren tituluan urari ostu dizkiodala, itsasoak nire baitan sorrarazi dituelako. Taoismoak ere horixe dio, inori ezin zaiola ezer irakatsi, norberaren barruan egia bilatzeko gogoa pitz litekeela, soilik. Dio egia ez dela transferigarria, transferitzen denean dogma bihurtzen dela: poemak nire barruan zeuden, irten zain. Gainera, Getariako Ketarri tabernan liburuak edukitzen zituzten bezeroentzat, eta egunero Tomas Transtömer Suediako poeta eta Nobel saridunaren poemak irakurtzen nituen. Esan dezaket pasa den udan ikasi dudala poemak idazten, Transtömerri esker.

50 urte jiratuak dituzu. Bizitzaz orain arte ez bezala pentsatzen hasteko garaia?

Baliteke. Orain irakurri dut Goetheren zera bat, gustatu zaidana: “Umea errealista da; gaztea, idealista; heldua, eszeptikoa, eta zaharra, mistikoa”. Bizitzak lau urrats horiek dituela, alegia. Bide espiritualaren bila abiatzea, horixe mistika, nolabait. Poema batean horretaz ari naiz, gazteak duen energia mugagabeaz, zaharrak duen mugatuaz: Gorputzaren finitudea ezagutu nuen/ eta galdera baten zirrara:/ gure energia mugatua bada/ zer dago gugan mugatua ez dena?… Balio ez duten gauzak alde batera uzten eta funtsaren bila abiatzen garen garaian bizi naiz. Bestalde, txikitatik sentitu dut ez naizela mundu honetara etorri aurrekoek egin zutena errepikatzera, zer edo zer berri sortzera baizik. Tradizioa bera eraldatzera. Etengabea izan da hori nire bizitzan.

“Hari existentzial mehea”: bizitza, denboraren joana, heriotza…

Gaztetan ez dago heriotzarik. Alegia, badago, baina ez dagoela iruditzen zaigu, ingurukorik ez da hiltzen, istripuz ez bada. Adinarekin batera, agertu egiten da heriotza, eta hemen aldi baterako gaudela ulertzen hasten gara, errentan gaudela hemen. Taoismoak ere horixe azpimarratzen du, gure bizitzak duen funts falta, huskeria. Uste bai guk, ikaragarriak garela, baina ehun urte barru inor ez da oroituko existitu ginela ere. Taoismoak hori, eta kapitalismoak, berriz, kontrakoa aldarrikatzen du: aberastu eta aberastu egin behar garela, hil arte dirua pilatu, gero herentzia oparoa uzteko. Nik uste dut ezetz, adin batez gero gauzak, anbizioak, egoa… baztertu egin behar ditugula.

Maitasuna ere indartsu ageri da liburuko poema askotan. Maitasuna, eta ezmaitasuna… “Maitasuna zelakoan” poema, adibidez: “Emakume asko izan da nire bizitzan, / baina maitasunik ez da hainbeste izan. / Amodioa emakumeekin identifikatzea / izan da nire akatsa”…

“Ni poetikoa” esaten da, baina poesia liburua pertsona batek egiten du, liburuan dagoen materiala pertsona horren baitan irakiten zegoen. Disimulatzeko edo, “ni poetikoa” asmatu zuen baten batek, hau da, maskara bat. Hala ere, sinatzen duen huraxe bera da egile, izan Szymborska, Beckett edo Aristi. Zure galderari erantzunez, liburu honetan poetak dio asko maitatu baino, emakume askorekin egon dela. Poeta gogoeta egiten hasten da, esperientzia erotiko-erromantikoa eta benetako maitasuna bereizi nahian. Azken finean, gure gizarteak eraiki duen maitasunaren definizioaren kritika egiten du poetak. Esaterako, gizarteak maitasunaren inguruan eraiki duen ideia bat da irautea ona dela: jendea betiko ezkontzen da; inor dibortziatzen denean, zoritxartzat hartzen da eta kasik doluminak ematen dira. Beharbada, ezkontzen direnean eman behar dira doluminak! “Betiko ezkondu? Seguru al hago?”. Gizarteak mundua era batera definitzen du eta poetak, askotan, desdefinitu egin behar du, galderak egin, kuestionatu. “Hiru urte iraun duk ezkonduta? Ondo zegok!”. Gure gizartean maitasunaren inguruan dagoen tramoia kritikatzeko baliatu ditut poemak. “Amodioa uberarik gabeko / jario bat dela / ulertu nuen arte…”. Ekialdean dioten moduan, beti dago elkar besarkatzeko garai bat, eta beste garai bat bata bestEa libre uzten joateko.

Bizitzaz beste, badira gure egoera politikoari, indarkeria politikoari lotzen zaizkion poemak. “Ni, Rosa Ugartemendia Sarobe”, –“23 urte eman ditut / Espainiako espetxeetan…”–, edo Telegrama bat –atentatu bat ardatz–, nabarmenak dira liburuaren tonuan…

Dena da bizitza, izan ere… Poema horiek idazteko, Edgar Lee Masters-en Spoon River Anthology hartu dut oinarri. XX. mende hasieran idatzia, AEBetako literaturan klasiko bat. Herri bateko hilerriko historiak kontatzen ditu. Hilarri bat, poema bat, pertsonaren bizitza kontatuz. Hor inspiratu nintzen zuk aipatu dituzun poema horiek egiteko. Poema narratiboagoak dira, ipuin kutsukoak, nahi baduzu. Spoon River. Poemaren bidez pertsonaren bizitza laburtzera jo dut, haren argi-itzalak agerian jarriz. Bizitza bizitza da eta, bestalde, ni munduko leku zehatz batean bizi naiz, Euskal Herrian, eta gure egoera historikoa, politiko eta soziala interesatzen zaizkit. ETAk bere jarduera utzi zuenetik modan dago gaia, literaturan, parlamentuan eta gainerakoetan. Poema horien bidez nire ekarpena egin nahi izan dut, nire ikuspegia azaldu…

Liburuaren haritik aldentzen dira, hala ere…

Kutsu espirituala da nagusi, baina nik ez dut espiritualtasun hori eguneroko bizitza errealetik aparte ikusten. Batzuek diote errealitatea eta espiritualtasuna bi gauza direla, bata dela lagunekin egotea, larrutan egitea eta hau eta hori, eta bestea dela, zeharo diferentea, norberaren laino mistikoan ibiltzea, pentsamendu jasoagoak egitea, unibertsoari buruzko galderak ibiltzea buruan. Nik ez ditut bi aldeak bereizten, dikotomia hori apurtu egin nahi dut, bi aldeak batu. Pentsalariek diotenez, norberaren espiritualtasunaren froga eguneroko bizitza arruntean ikusten da ondoen. Gure espiritualtasunak ez du batere balio egunerokoan zipotz, zakar eta insolidario baldin bagara. Horretaz ere ari naiz liburuan.

Jendea ingelesez ari denean, lanetan ingelesezko tituluak, hitzak edo esaerak ageri, zuk galegoz dakarkiguzu –partez, bederen–, poema bat: Aizkolaria. Joxe Mari Mendizabal aizkolari txapeldunaren heriotza da gaia…

Harrigarria izan zen. Galizian nengoela irakurri nuen albistea, galegoz, egunkari bateko gertakarien atalean. Morre dun infarto / un aizkolari vasco / logo dunha rifada aposta, / Galiziaraino ere iritsi zen / zure heriotza tristearen albistea… Testuak erritmoa eta errima zituen. Musika horrek berak idaztera jarri ninduen. Konturatu nintzen albisteak Euskal Herrian garrantzia zeukala, Mendizabal kirolari miretsia zelako, apustua tartean zelako, aizkolariaren adin handia ere hor zelako… Mendizabalek 63 urte zituen. Hala ere, gure mistikak hori onetsi egiten du, nahiz eta aizkolari zaharrak goratzeko gure kultura hori logikaren kontrakoa den... Hemen logikaren kontrako gauza asko egiten dira, eta osasunaren kontrakoak ere bai. Hemen jaten den adina jatea, esate batera, osasunaren aurkakoa da zeharo. “Gastronomiak suntsitutako hiria da Donostia”, dio nire lagun batek. Horko pintxoa eta horko basoerdia!... Mendizabal aizkolariaren kasuan, hemen lehen mailako albistea zena, kontu exotikoa zen Galizian. Horrela sortu zen poema. Mendizabalek zer behar ote zuen apusturako galdetzen diot neure buruari, zer hutsune ote zuen barruan…

Musikari segika ondu zenuen Aizkolaria poema ederra. Nola asmatu duzu gainerakoan, poemei forma ematen?

Askotan, eginak etortzen zaizkigu esaldi batzuk. Testuaren txinparta edo ideia sortzen denean, esaldia ere badator. Orduan, hari tiraka egin besterik ez dago. Horixe esaten zuen García Márquezek, garrantzi handia eman izan ziola beti nobelaren hasierari, lehen lerroari berari, bertan zegoelako nobela osoaren hazia. Berdin gertatzen zait niri poemen kasuan: hasierako esaldien paretsura moldatzen dut poemaren gorputza, esaldi haiek markatutako tonuari segitzen diot, bide hori puskatu gabe… Poemak egostea dator gero, testuaren barruko oreka lortu arte behin eta berriz lantzea. Horixe dio Zumetak ere: “Margotzea, funtsean, oso sinplea da: kolore bat han, beste bat hemen… Oreka da kontua”. Oreka da edertasunaren adierazlea, eta oreka lortu behar da esaldietan, tonuan… Artisau lana da poemak idaztea, baina artisau tradizionalen ondoan oso lan putie da gurea –ez dakit hau nola jarriko duzun–, artisau batek ofizioa menderatu duenean bai baitaki ongi aterako zaiola altzaria, baina guk inoiz ez dakigu ongi aterako zaigun poema, ipuina, nobela… edo gaizki.

Irakurleak esango du…

Baina hor ere beti dira kontuak: batak ontzat eman duena, besteari ez zaio gustatzen. Ezin jakin nori kasurik egin. Azkenean, inori ere ez egitea onena, nork bere buruari beste inori ez. Izan ere, norbera da liburuaren arduraduna, norberaren izena dator liburuan: lana ona bada, egilearen meritua da; liburua txarra bada, berdin, egilearena da erru osoa. Norbera.

Libreta horiko poemak (Susa, 2003) duzu aurreko poema liburua. Zer aldatu da ordutik hona zure poesian?

Duela hamaika urte argitaratu nuen Libreta horiko poemak! Poesia soziala zen hangoa, nahi baduzu, baina Urari ostatutako… honen hazia hango zenbait poematan dagoela esango nuke. Hark Euskal Herriaren egoera zuen ardatz, erraz irakurtzeko moduan idatzita zegoen –badakit gazte askok irakurri zutela, poema batzuk kopiatu eta paretan jarri zituztela–, baina liburu hartatik aldendu egin da oraingo hau, ni duela hamaika urte nintzen hartatik aldendu naizen bezala… Nik esatera, hau ez da hura bezain erraza, ez sinplista ere. Liburu hura populista zen, hau exigenteagoa da. Hark jakinduria maila estandarragoa zeukan; honetan irakurleari idazlearen prozesu existentzialetik hurbilago egotea exijituko zaio. Edo, agian, hain hurbil egon gabe ere, mundu berrietara erakarria sentituko da.

Jendaurreko emanaldiak egingo dituzu?

Bai. Dena dela, oraingoan ahotsa besterik ez dut erabiliko. Urte askoan Mikel Markezen musika izan dut lagun, baina musika, multimedia eta gainerako modak joandako ura direla esan zidan Gorka Arrese editoreak. Sofistikaziotik biluztasun arora igaro gara. Beraz, ez musika, ez itsasoaren marmararik, ez argazkirik. Hutsa. Dikzioa hobetzen jardun dut Itziar Gomez aktorearekin, eta jendaurrean irakurtzeko prest nago.

Erraietako jarrera ospatzailea

“Gizarte konbentzioen kontrakoa izan naiz beti. Konbentzio horiek lotu egiten ninduten, kortse baten moduan. Gizarte honek balioesten ez zituen gauzak egin nahi nituen nik. Gizarte hau hiperkapitalista da, euskal gizartea kokoteraino da kapitalista: hemengo enpresak, hemengo dirua egin beharra… Niri, berriz, ankerkeria ikaragarria iruditu zait hori beti, bizitza disfrutatzea galarazten duen jarrera. ‘Lan egin, lan egin, lan egin… dirua aurreztu, aurreztu, aurreztu… etxea erosi, erosi bat, erosi bi…’. Bizitza disfrutatzen ez du uzten horrek. Ekialdeko gogoeta bidea Mendebaldera ekarri duenetako bat da Osho, Indiako mistikoa, Thomas Merton, Krishnamurti eta beste hainbatekin batera. Oshok, esaterako, bi pertsona mota bereizten ditu: anbiziodunak eta ospatzaileak. Batzuek, dirua pilatu besterik ez dute buruan; besteek, egunero bizirik daudela ospatu nahi dute, osasunez, lagunarte ederrean. Nik, umetatik dut ospatzaile gogoa, dirua irabazteak aspertu egin nau beti; hori bai: egindako lana kobratzea gustatzen zait. Bi gauza ezberdinak dira”.

Mesfidantza hitzei

“Mesfidantza handia diet hitzei; gero eta handiagoa, gainera. Hori gauza larria da idazlearentzat, idazleak hitzak baliatzen ditu-eta bere lanean. Hitzak, berriz, oso aldakorrak dira, eta eskasak, norberak adierazi nahi duena adierazteko. Sufiek diote hitzak oskola besterik ez direla, ideia bat transmititzen dutela, baina ez dutela balio errealitatea bereganatzeko, eta osotasunean beste norbaiti agertzeko. Hortaz, ez fidatzeko gehiegi hitzekin. Ni, iritzi horretakoa naiz, hitzetan tragedia gehiago ezkutatzen dela, sarri, benetako gertaeretan baino. Alegia; gertatu zaigun hori, ezartzen dizkiogun hitzek bihurtzen dutela izugarri tragiko, askotan. Gure bizitzako gertaerak bakean utziko bagenitu, ez lirateke hain mingarri izango sarritan. Minaren sortzaile geu gara, ez bizitza”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
Otsoa dator!

Gizakiak istorio kontatzaileak gara, hainbeste, ezen esan ere egin daitekeen narrazio gaitasuna dela gizaki egiten gaituen ezaugarrietako bat. Kontakizunak behar beharrezkoak zaizkigu geure burua eta errealitatea eraikitzeko, eta bereziki aipatzekoa da ipuin klasikoek horretan... [+]


Uxue Alberdi. Hamarkada bi idazten (I)
Aulkitik aulkira, euli-giro eta Jenisjoplin, kontrako eztarritik dendaostera

Uxue Alberdiren lanari begira jarriko gara oraingoan. Lehenengo artikulu honetan helduentzako idatzi dituen ipuinak, eleberriak, saiakera eta kronika hartuko ditugu kontuan. Bigarren artikulu batean ilustratutako anekdotez, istorioez, filosofia liburuez eta idatzizko bertsoez... [+]


2024-02-12 | Jakoba Errekondo
Indi gaztainondoaren gerrateak

Zuloan sartuta egotea ez duk txarrena –esan zion Manuk–, txarrena duk ez jakitea noiz aterako haizen, edo inoiz aterako haizen ere. Lander Garroren Gerra Txikia nobelan, non gerra bateko iheslarien gorabeherak azaltzen dituen, pertsonaien artean, Anna Frank dakarte... [+]


2024-02-06 | Estitxu Eizagirre
Gorka Setien idazlea hil da

Gorka Setien Berakoetxea poemagile hernaniarra hil da otsailaren 4tik 5erako gauean. Bost liburu idatzi zituen, irrati libreetako ahotsa izan zen eta gozo entzuten eta zaintzen zekien. 2019an autoedizioan argitaratu zuen bere poema liburu berriena, Naufragoen altzoa.


Eguneraketa berriak daude