Apirilaren 5ean, milaka lagun bildu ziren Iruñean mugimendu feministak egindako deialdira.
Apirilaren 5ean, milaka lagun bildu ziren Iruñean mugimendu feministak egindako deialdira.

Izenburua idazterakoan zalantza ortografikoak izan ditut. Esaldia galdera ikurren artean jarriko al dut, ez ote du gobernuak ez-dakit-zer-egin horietako batean aurreproiektua aktibatuko? Ez al litzateke hobe esaldia harridura ikur sendoen artean jartzea, zeren irabazi dugu, “la oxtia”, eta bikaina da hori? Ala baieztapen bat da, besterik gabe, esateko baietz, oraingoan aurrera egin dugula. Bada asko interesatzen zaidan aukera bat, irabazi aditzak orainaldi jarraituan jokatzen duena dela uste dut: irabazten ari gara.

Hurrengo galdera da zer irabazi dugun eta nori ari garen irabazten. Irabazitakoarekin zer egin jakitea ere garrantzitsua da, garaipenak kudeatu gure eskubideen alde hurrengo pausoak ematen jarraitzeko.

Irabazteak esan nahi badu PPk azkenean ez duela aurkeztuko aurreproiektua eta horrela gaudenean gaudela, bada horrek politika aritmetiko hutsa dirudi. (…) Nik uste dut galdera sakonagoa dela, korapilatsuagoa eta ñabardura gehiago ditu. Dagoeneko, aurreproiektua atzera bota ala ez, gauza askotan irabazi dugu.

Kalean irabazi dugu. Milioika emakume eta gizonek, aldaera askotakoek, aurreproiektuaren kontra egin dute. Inoiz ez bezala, aurkakotasuna eta gaitzespena sorrarazi ditu. Ikus dezagun nolakoak:

Mugimendu feministak berak (edo mugimenduek) gorputza hartu du, gizendu egin da, giharrak erakutsi ditu ezetz esateko. Eta mugimendu honek bereizgarri berriak ditu, garrantzitsuak, masiboak, erradikalak… Gazteak etortzea eta aspaldiko borrokalariak itzultzea batze pozgarria izan da.

Mugimenduak sektore garrantzitsuak elkartzen jakin du eta asmatu du. Beti lehen lerrokoa den osasun arloa funtzio oso garrantzitsua betetzen ari da.

Feminismoaren sektore ofizialista eta liberalenek jendarteko beste sektore batzuekiko lotura interesgarria lortu dute. Erradikala ez izanagatik, kalera atera den jendarte sektorea biltzea lortu dute.

Ultraeskuindarrekin eta kontserbadoreekin eztabaidetako lerro lodienetan irabazi dugu. Lehenengo aldiz, nik uste dut, “ferminico”ren (nasciturus nafarra, entzierroan ateratzeko prest) eskubideez eztabaida inozoak alboratu direla eta arreta emakumearengan eta bere eskubideengan jarri da, eta batik bat, bere gorputzaren jabetzarengan.

Irabazi dugu, eztabaidaren erdian askatasuna eta erabakitzeko eskubidea jarri ditugulako: ama izan ala ez; ama izan emakumeek haien kabuz erabakitzen duten baldintzetan; nahi dutenarekin; nahi dutenean; nahi duten kopurua izateko… Mugimenduari emakumeen eskubideekin, emakume guztien eskubideekin, bat egiten lagundu dio: laguntza bidezko ugalketara jotzea erabakitzen duten lesbianak, bakarrik edo bikotearekin; bikotea duten emakumeak zeinak haurra izatea erabakitzen duten; bikoterik ez dutenak eta bakarrik ama izatea erabakitzen dutenak; emakume immigranteak zeinak jendarte honetako batez bestekoa baino haur gehiago ekartzea erabakitzen duten, nahiz eta batzuek uste ez dagoela modan.

Gutxienez bi urtez landu dugun erronka hau ez da momentuko apustua. Luzerako borroka da, non feministok gure gorputzekiko burujabetza osagaiak definitu ditugun. Horregatik diot borroka honetan irabazten ari garela.

* Begoña Zabala González, Emakume Internaziolanistak eta Abortatzeko eskubidearen aldeko Nafarroako batzarreko kidea.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude