Galesko herritarrak ere astindu ditu Eskoziak

  • Bihar Eskoziarik gabe Ingalaterraren aldamenean zer egingo duten hasi dira beren buruei galdezka Galeseko jende asko. Eskoziako erreferendumean baiezkoaren aldeko kanpaina egin duten abertzale galestarrek baliatu dute abagunea burujabetza berriro agenda politikoan sartu eta gaiotan beti uzkur agertzen diren herritarrengan eragiteko.

The Telegraph and Argus egunkariaren argazkian orgatxoan jarririk dagoen andrearen alde banatan Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministro ordea (gorriz) eta Leanne Wood Plaid Cymru Galesko alderdiko buruzagia (urdinez) Eskozian baiezkoaren aldeko agerraldi
The Telegraph and Argus egunkariaren argazkian orgatxoan jarririk dagoen andrearen alde banatan Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministro ordea (gorriz) eta Leanne Wood Plaid Cymru Galesko alderdiko buruzagia (urdinez) Eskozian baiezkoaren aldeko agerraldi batean. Woodek esana du harrituta geratu zela Eskoziako jendartean aurkitu zuen ezagutza eta eztabaida mailarekin: "Sekula ez nuen horrelakorik ikusi. Kanpainan jendearekin hizketan aipatzen zen parte hartzeak %80a gaindituko zuela eta hori oso kitzikagarria da. Zeren eta Erresuma Batuko beste leku guztietan jendea aldentzen ari da politikatik. Aldiz, Adrianoren Hesiaz [Erromatarrek Eskoziako piktoen erasoak eragozteko eraiki zutena] haratago jendea benetan konprometituta dago eta pentsaketan ari dira zer nolako etorkizuna nahi duten". Irudi txikian Galesetik Eskoziako baietza sustatzeko zabaldutako propagandaren ale bat.

Galestarrak ezetzaren alde egon dira Eskoziako erreferendumean: herritarren %21 zeuden eskoziarrek baiezkoa ematearen alde, %64 kontra eta gainerakoak zalantzan. Gales ez da Katalunia, dudarik gabe, ez Euskal Herria ere. Eskoziaren aldean hizkuntza propioa indartsu mantendu duen arren, aldarrikapen politikoetan oso atzetik doaz. Baina Eskoziako traganarruak hemen ere astindu ditu bazterrak.

Herritarren iritzia neurtzen duten  erakundeek –estatuarena den Your Gov, Cardiffeko unibertsitatea...– erakutsi dute maiatzetik hona ugaritu egin direla Galesen bai Eskoziak eta bai Galesek independentzia eskura dezaten alde daudenak. %10 ingurura mugatu izan den independentismoaren aldeko jarrera irailean %17raino handitu da.

Abertzale galestarrak pozik daude hilabeteotan ikusiarekin. The Guardianek elkarrizketatu duen Angharad Tomos idazleak parte hartu du Eskoziako kanpainan. “Zoragarria izan da. Emakume taldeekin egon naiz, hitz egin dut gazte jendearekin, eztabaidak hor  burutsu eta sortzaileak izan dira. Zerbait handia ari da gertatzen (...)  Galesen denbora asko beharko da, 50 urteak paseak ditut baina agian independentzia ikusiko dut”.

Tomosek ezagutzen ditu Galesen burujabetasunaren aurkako argudioak: herrialde ahulegia dela bakarrik moldatzeko, Europarako txikiegia, Ingalaterrarekin nahastuegia dagoela ekonomian bezala azpiegituretan eta jendeak ez daukala independentzia goserik. “Baina pobreak gara ez baliabide naturalik ezaz baizik Westminsterrek agintzen duelako gure gain eta gure kontra beti. Jende askok janari bankuetara jo behar izaten du, ez nuen sekula usteko horretaraino iritsiko ginenik. Hainbesteko langabezia dago, ezen gazte jendea etsi eta alde egiten ari den”.

Autogobernuaren eta burujabetzaren kontuak Galeseko herritarren solasetaraino eraman ditu Eskoziakoak eta bereziki eragin Plaid Cymru alderdi nazionalistan. Honek independentzia etzidamurako atzeratuta baldin bazeukan bere idatzietan, fite kendu behar izan dizkie hautsak bere estrategiei.

Plaid Cymruko lehendakari Leanne Woodek parte hartu du Eskozian baiezkoaren aldeko kanpainan. Kazetariei aitortu die harrituta itzuli dela bidaiatik. Alde batetik, hunkituta han aurkitu duen eztabaida mailarekin. Mendebalde osoan herritarrek ihes egin diotenean politikari, Eskozian erreferendumaz informatutako eta iritzi eman nahi zuten herritarrak aurkitu dituela, taxizaleak bezala ostatuetako zerbitzariak.

Baina Eskoziako eztabaidaren osagaiekin ere zoratzen etxeratu da Wood.  Alegia, hautua erabakitzeko garaian herritarrek ez zerabiltzatela  independentziarekin zein moneta eduki beharko zuten edo Europar Batasunak zer leku egingo dion bezalako kontuak hainbeste, eta bai etxebizitzen zergak, zerbitzu sozialak eta abar.

“Radical Independence kanpainarekin parte hartu nuen mitin batean portuko langileak mintzo ziren langileen eskubideez eta soldata duinez eta enpleguaz. Ohartuko zara Westminsterreko parlamentuan aspaldian ez dela  horrelakorik aipatzen”. Leanne Woodek bere burua beti aurkeztu du sozialista eta errepublikano. 2004an Galeseko legebiltzarretan Elizabeth II erreginaz ari zela “Mrs. Windsor” deitzeagatik salatik kanpora bidali zuten.     

641 gaztelurekin morroi   

Bi herrialdeen arteko kutsatzeaz New York Timesentzako galdezka (“As Scots Weigh Independence, Wales Takes Note”) ibili den Katrin Bennhold kazetariari Gerald Holtham ekonomialari galestarrak zehaztu dio alde nagusia: “Gure ekonomian laurden bateko zuloa egiten dugu”. Hau da, Galeseko gobernuak 30.000 milioi libra gastatzen ditu urtean eta 17.000 baino gehiago jasotzen ez zergatan. Urruntxo dabiltzala Eskozian independentistek harrotasunez haizatu duten argudiotik: Europak daukan petrolioaren %60 gure eremuan dago.

Egia esan, Gales bai zegoen XX. mende hasieran antzeko argudioa erabiltzeko moduan, Britainia Handia hain boteretsu egiten zuen siderurgia hein batean hemengo ikatzak berotzen zuelako. Duela justu mende bat, 1913an, eduki zuen ikazkintzak bere urte oparoena: 5 milioi tona atera zizkioten lurrari 233.000 meatzari galestarrek. 233.000 enplegu asko lirateke gaur ere: hiru milioi biztanle dauzka Galesek. Baina heldu zen 1929ko krisi handia eta gainbehera hasi. 1980ko hamarkadan Tatcherrek errematea emateko.

Horregatik dio Peter Florence, Galesko Hay literatur jardunaldien arduradunak: “Ehun urte beranduegi heldu gara. Eskoziarra banintz baiezko botoa emango nuen, baina hemen argi eta garbi ezin dugu independente izatea ordaindu”. Aldiz, kazetariari Mr. Price izeneko enpresa-gizon nazionalista batek esan dio: “Justu alderantziz da, Gales pobrea da independentea ez delako. Baina ez zaigu horretarako eguna iritsi oraindik. Galesek lehenbizi ikasi behar du nazio izaten”.

Konkistatutako herrialdea da Gales, armada ingelesak 1282an menderatu zuen. Eskoziak, berriz, beti aldarrikatu dezake bere parlamentuak duela hiru mende bozkatu zuela, behartuta izanik ere, Ingalaterrarekin elkartzea. Honen alderantziz, Galesek duela zazpi mende eta erdi galdu zituen lege propioak, eskola, eliza eta Ingalaterragandik berezi lezakeen oro. Union Jack bandera famatuak Eskoziaren koloreak baditu, Galesen dragoiaren usainik ere ez.

“Ingelesen lehenbiziko kolonia geu gara”, diote abertzaleek. Kolonietan gertatzen den moduan, azpiegiturak hemen ere metropoliari begira antolatuta daude, autopista, tren eta errepide nagusiek Galeseko eskualde bakoitza Ingalaterrari lotzen diote mendebaldetik ekialdera zeharkatuz, ez daude iparretik hegora antolatuta.

Galeseko gazteluek liluratzen dituzte turistak. Menpekotasunaren lekuko dira, hain zuzen, Cardiffeko unibertsitatean irakasten duen Richard Wyn Jonesen hitzetan: “641 gaztelu dauzka Galesek, Europan okupazio militar gogorrena jasan duen nazioa izango gara. Orain gure burmuinak askatzeko bidea egin beharra daukagu. Behar bada mende honetan, edo gure belaunaldian, independente izango gara. Prest egon behar dugu”.

Menderakuntzak erabatekoa zirudien: 1979an erreferendumean galestarrek ezetz esan zioten autonomiari. Eskoziarrek eskuratutakoan,  1997an, Galesek ere baietz esan zuen.  Orain berriro mugiaraziko ote du Eskoziako lokomotorrak?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eskoziaren independentzia
2023-06-12 | Leire Artola Arin
Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministro ohia atxilotuta izan dute zazpi orduz

Kargurik gabe aske utzi du Poliziak, galdekatu ostean. Susmagarri gisa atxilotu dute, SNP Eskoziako Alderdi Nazionalaren finantzaketaren inguruan irekita jarraitzen duen ikerketa baten harira. Bigarren erreferenduma egiteko dohaintzan jasotako diruari lotuta dago kasua.


2022-11-23 | ARGIA
Londresen baimenik gabe, erreferendum legalik ez
Eskoziari erabakitzeko eskubidea ukatu diote Erresuma Batuko Auzitegiek

Bi hilabeteren buruan eman du ebazpena Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak: Eskoziako parlamentuak ez du independentziari buruzko galdeketaren inguruko legeak egiteko eskumenik, ezinbestekoa da horretarako Westminsterreko parlamentuaren onespena.


2022-10-11 | Leire Artola Arin
2023an independentzia erreferenduma egiteko asmoa berretsi du Eskoziako lehen ministroak

Britainiako Auzitegi Gorenak orain erabaki behar du legezkoa den ala ez Erresuma Batuko Gobernuaren onespenik gabe 2023ko urriaren 19an erreferenduma egitea. Sturgeonek ziurtatu du baimenik eman ezean hauteskundeak baliatuko dituztela independentzia galdeketa gisa.


Olatu berria Eskoziatik?

Denbora azkar pasatzen da, are gehiago pandemiaren eraginez bi urte hain geldo eta arraro bizi ostean. Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak, ekain amaieran, iragarri zuen 2023ko urrian herrialdearen independentziari buruzko kontsulta berria egiteko asmoa duela, eta horrek... [+]


2022-07-06 | ARGIA
Eskoziako bigarren independentzia erreferendumari ezezkoa eman dio Boris Johnsonek

Independentziari buruzko bigarren erreferenduma 2023ko urriaren 19an egitea proposatu zuen Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak joan den astean. Ezezkoa erantzun dio Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak


Eguneraketa berriak daude