Murrizketarik ez egitea ez da nahikoa, beharra handitzen denean

Murrizketarik ez egitea ez da nahikoa, beharra handitzen denean

Bego Arrieta Jauregi dut izena, 56 urte ditut, eta 38 dira Gasteizen bizi naizela. 16 eta 18 urteko bi neska-mutilen ama naiz. Iskemia bat tarteko, semeak behar bereziak ditu. Borrokatzera behartuta gaudela jakinda, zenbait guraso elkartu eta plataforma bat sortu dugu, gure haurrek euren beharretara egokitutako hezkuntza jaso dezaten.

Jaio zenean, semea oxigeno gabe geratu zen, eta ondorioz, tetraplegikoa da eta iskemia bat du. Ez du hitz egiten, baina bada komunikatzeko gai. Erakunde publikoek diru-laguntzak eta bestelako erraztasunak ematen dituzten arren, lehenengo urteak oso gogorrak dira, inork ez baitizu baliabide horien berri ematen. Zure kabuz, eta mila ate jota, informazioa bildu behar duzu lehenengo, eta horren ostean, borrokatu dagozkizun laguntzak eskuratzeko. Lan horri, gainera, zure haurrari gertatu zaiona onartzeak dakarren mina gehitu behar zaio.

Lehenengo urteak eta gero, egokitu zarenean ere, etengabeko borroka da behar bereziak dituen senide bat izatea. Gainera, normala denez, kezka edo ardura horri jende gehienak ere badituenak gehitu behar zaizkio: lan falta, soldata gero eta kaskarragoak…

Hezkuntzara etorrita, aurretik beste eskola batzuetan integratuta egon bada ere, EAEko hezkuntza bereziko eskola publiko bakarrera joaten da semea orain. Egia esan, bertan ez dugu murrizketarik nabaritu, eta orain dela gutxi, berrikuntza lanak ere egin dituzte. Dena dela, behar bereziko seme-alabak beste ikastetxeetan dituzten guraso asko hasiak dira murrizketen ondorioak nabaritzen. Batez ere, hezkuntza-laguntzaile espezialisten eta logopeden kopuruak egin du behera. Lehen zortzi ikasleren ardura zuenak orain hamarrekin aritu behar du, eta gainera hainbat hezitzailek eskola batetik bestera joaten pasa behar dute eguna. Azken finean, profesional horiek ere pertsonak direnez, presio eta eginkizun gehiegi izateak ondorioak ditu euren lanaren kalitatean, nahiz eta asmo onez egindako lana izan. Eta zuzenean murrizketarik egin ez arren ere, lehen orain baino haur gutxiago baldin bazeuden behar bereziak dituztenak, aurrekontua eta langile kopurua mantentzea ez da nahikoa.

Pasa den ekainean, hasi berri den ikasturte honetan hezkuntza-laguntzaile espezialisten kopurua are gehiago murriztuko zutela zabaldu zen gurasoen artean. Mugikor bidez hainbat mezu trukatu genituen, eta azkenean, Arabako 60 familia bildu ginen egitura bat sortu eta gure eskubideak borrokatzeko. Horren emaitza da Hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleen senitartekoen plataforma.

Plataformako familien artean, batzuk eskola publikoaren aldekoak gara, beste batzuk ez horrenbeste; nik argi dut gure semeak euskaraz ikasi behar duela, baina hori ez da lehentasuna beste zenbaitentzat. Helburu partekatua badugu, haatik: gu geu izatea gure ahotsa eta negoziaketarako ordezkaritza, eta ez guk hautatu ez dugun elkarte edo bestelako bitartekari bat. Plataformari esker, Eusko Jaurlaritzarekin izan gara harremanetan, eta entzuteko prest dira behintzat. Eskolara itzuli eta gabeziak identifikatzen baditugu, salatu eta eskaerak egiteko esan digute. Ikasturtea hasi baino ez da egin, ikusteke dago zer gertatuko den.