Eta Espainian kartzela zigorren oihartzuna

“Elkarrekin hobeto” hasi zen ezetzaren kanpaina Eskozian, mezu erromantiko eta solidarioa kanpainaren erdian jarriz. Kanpainaren amaierarako mozorroa kendu eta argi jo du mehatxu ekonomikora: Ingalaterrako Bankuko Mark Carney agintari nagusiak Eskoziak librarekin jarraitzea ez duela sostengatuko iragarri du, eta enpresa eta finantza gune handienek ere Eskoziatik joango direla diote, besteak beste, Eskoziako petrolioa kudeatzen duen BP konpainia erraldoiak.

Enpatearen unean, botere ekonomiko nagusiak giltzarri dira beldurraren estrategian, hala izan zen Quebecen, hala izango da Eskozian eta, beste neurri batean bada ere, hala Katalunian ere. Eskozian alde bakoitzak dagoeneko egin du berea eta orain herritarren txanda da. Ezin ezkutatu ezetzak etsipen maila bat ekarriko lukeela Katalunian edo Euskal Herrian, baina erreferendumera akordioz iristea bera jadanik ipar-orratz izango da luzerako estatuek nazio gisa eta subjektu politiko gisa onartzen ez dituzten herrientzat.

Kataluniarentzat baiezkoa aldeko haize ufada litzateke. Ezezkoak ez dirudi halako eragin handirik ekarriko lukeenik. Diadak erakutsi du independentismoak inoiz baino indartsuago jarraitzen duela Kataluniako gizartean. Hedabide espainiar nagusiak bakarrik jarraitzen dituenak, ostera, katalan soberanismoa paretaren aurka ikusiko du. Kontua ez baita han gertatzen dena erakustea, Espainiako iritzi publikoa irabaztea baizik. Euskal Herriko esperientzia luzeak jadanik argi erakutsi digu garrantzitsuena hori dela Estatuko kolore desberdinetako gobernu eta alderdi nagusientzat, Espainian irabaztea. Eta horretarako barne etsaia ondo astintzea giltzarri da, Espainiaren arazoak ezkutatu eta kohesio zentralista trinkotzeko. Hala komeni denean, deabrua ETA da, Batasuna, Ibarretxe, Mas, ERC edo Podemos.

Oraingoz beldurraren estrategiak independentzia zaleen hazkundea besterik ez du ekarri Katalunian. Baina Espainiaren aldetik orain hasiko da benetako erantzun festa. Ostiral honetan, 19an, Kontsulta Legea onartuko du Kataluniako Legebiltzarrak. Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseilua 22an bilduko bide da eta hor erabakiko litzateke Kontsulta Legearen aurkako helegitea. 23an Konstituzio Auzitegia bilduko da eta honek helegitea onartu orduko Kontsulta Legea bertan behera geratuko da behin-behinekoz. Hori gertatu aurretik egin behar du Masek A9ko kontsulta deialdia, seguruenik 20an bertan edo 21ean.

Oraindik ez legoke desobedientzia zehatzik, baina halakorik gertatuz gero jadanik neurri zehatzez ere hasi dira berbetan Madrilen: Esquadra Mossoak bere agintepean har ditzake eta Masentzat 15 urteko kartzela zigorra ekar dezakeen prozedura ireki. Hori kontsultarekin aurrera jarraituko balu. Baina ez dirudi desobedientziarik  egotekotan hau kontsultaren inguruan gauzatuko denik. Katalan soberanismoaren harribitxia da kontsulta, bere ibilbide demokratikoaren sinbolo eta Generalitateak eta Kataluniako Legebiltzarrak ezinbesteko dute halako tresna garrantzitsu bat garbi mantentzea, besteak beste, atzerrian desobedienzia kutsurik duen edozerrekin zikundu gabe aurkezteko. Oraingoa kontsultaren unea da. Baina ondoren hauteskunde aurreratuena izango da, soberanismo katalanak antolatzen eta independentzia eraikitzen jarraitzeko heldu leku aproposik badu hori baita. Adostasunari eusteko gai badira bederen. Desobedientzia doinuetarako unea, izatekotan ere, geroago etorriko da.

Bitartean, Espainiako Gobernuaren biderik zentzuzkoena Konstituzio Auzitegiaren esanak aintzat hartzea litzateke: Konstituzio Auzitegiak ezin ditu konpondu ordena konstituzionalean sortzen diren arazo guztiak, bereziki Estatuaren zati batek bere izaera konstituzionala aldatu nahi badu; zeregin hori botere publikoen arteko negoziazio eta elkarrizketaren bidez konpondu behar da.

2013ko urtarrilean Kataluniako Legebiltzarrak onartutako burujabetza adierazpena bertan behera uzteko, 2014ko martxoan Konstituzio Auzitegiak emandako epaiaren aholkua da. Hirugarren bidearen hauspo da Espainia batuaren ikusmolde errealistarenarentzat. Bide logiko eta zentzuzkoena litzateke gatazka saihestu nahi duen edonorentzat.


ASTEKARIA
2014ko irailaren 21a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eskoziaren independentzia
2023-06-12 | Leire Artola Arin
Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministro ohia atxilotuta izan dute zazpi orduz

Kargurik gabe aske utzi du Poliziak, galdekatu ostean. Susmagarri gisa atxilotu dute, SNP Eskoziako Alderdi Nazionalaren finantzaketaren inguruan irekita jarraitzen duen ikerketa baten harira. Bigarren erreferenduma egiteko dohaintzan jasotako diruari lotuta dago kasua.


2022-11-23 | ARGIA
Londresen baimenik gabe, erreferendum legalik ez
Eskoziari erabakitzeko eskubidea ukatu diote Erresuma Batuko Auzitegiek

Bi hilabeteren buruan eman du ebazpena Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak: Eskoziako parlamentuak ez du independentziari buruzko galdeketaren inguruko legeak egiteko eskumenik, ezinbestekoa da horretarako Westminsterreko parlamentuaren onespena.


2022-10-11 | Leire Artola Arin
2023an independentzia erreferenduma egiteko asmoa berretsi du Eskoziako lehen ministroak

Britainiako Auzitegi Gorenak orain erabaki behar du legezkoa den ala ez Erresuma Batuko Gobernuaren onespenik gabe 2023ko urriaren 19an erreferenduma egitea. Sturgeonek ziurtatu du baimenik eman ezean hauteskundeak baliatuko dituztela independentzia galdeketa gisa.


Olatu berria Eskoziatik?

Denbora azkar pasatzen da, are gehiago pandemiaren eraginez bi urte hain geldo eta arraro bizi ostean. Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak, ekain amaieran, iragarri zuen 2023ko urrian herrialdearen independentziari buruzko kontsulta berria egiteko asmoa duela, eta horrek... [+]


2022-07-06 | ARGIA
Eskoziako bigarren independentzia erreferendumari ezezkoa eman dio Boris Johnsonek

Independentziari buruzko bigarren erreferenduma 2023ko urriaren 19an egitea proposatu zuen Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak joan den astean. Ezezkoa erantzun dio Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak


Eguneraketa berriak daude