Zer dira kolonia israeldarrak?

  • Hebron inguruko kolonia batetik irtetean hil zituzten hiru gazte israeldarren kasuak mendeku politikari ateak ireki dizkio: ehunka hildako eta milaka zauritu eragin ditu Israelgo armadaren azken operazio militarrak. Eta sorburuan kolonien arazoa agertzen zaigu.

Har Homa koloniaren eraikuntza, Jerusalem ekialdean.
Har Homa koloniaren eraikuntza, Jerusalem ekialdean.EPA/Abir Sultan

Israelek okupatutako lur palestinarretan eraiki dituen bizitokiak dira koloniak. Bertan juduen komunitateak bizi dira. Txalet-multzo itxurako gotorleku armatu hauek Nazio Batuen Ginebrako Hitzarmena urratzen dute. Militarki okupatutako lurretara herritarrak eramatea zehazki debekatzen badu ere, Israelek guztiz kontrakoa egin du 1967ko gerran Zisjordania okupatu zuenetik.

Zergatik aritu nazioarteko legearen kontra?

Herrixka horien eraikuntzaren bitartez lurren gaineko jabetza ziurtatu nahi du Israelgo Gobernuak; etorkizunean bake-akordiorik balego horrek suposatuko lukeenari aurre hartuz. Kolonien eraispena izan da palestinarrekin bake-hitzarmenik ez lortzeko arrazoi nagusietako bat. Israelek presionatzeko duen karta bat da: akordio guztiek kolonien biziraupena jaso behar dute. Palestinarrek, jakina denez,  diote ezinezkoa dela Israelek de facto indarrez okupatuta duen lur baten gainean negoziatzea. 1993ko Osloko negoziazioen hastapenetik hona Palestinako lurretan bizi diren kolono israeldarren kopurua bikoiztu egin da. Gaur egun, milioi erdi inguru kolono daude.

Zerk bultzatu du norbait legez kanpoko zonalde militarizatu batean bizitzera?

Arrisku horiek hartzeko prest direnen argudio nagusia erlijioa da. Jainkoak judutarrei han bizitzeko eskubidea eman diela uste dute kolonoek. Halere, badira ulerterrazagoak diren beste arrazoi batzuk ere: Kolonoek zerga txikiagoak ordaintzen dituzte. Etxebizitzarako eta kredituak lortzeko laguntza bereziak dituzte. Enpresek hobariak jasotzen dituzte kolonietan egoitza jar dezaten. Laguntza hauei esker lan eskaintza handia dago kolonietan eta, paradoxikoa bada ere, kolono enpresariek palestinarrei lana ematea beste biderik ez dute.

Bestetik, kolonoen %75 (360.000) ultraortodoxoa da. Beraz, laguntza orokorrei gehitu behar zaizkie erlijio-komunitate horrentzat espresuki dauden aparteko laguntzak. Ultraortodoxoen komunitateetan hamarretik seik ez du lan egiten. Torá, haien liburu sakratua ikastera dedikatzen dira eta hilero 500 euroko pentsioa jasotzen dute. Umeentzako laguntza berezia ere jasotzen dute. Kontuan hartu behar da familia ultraortodoxoek, batez beste, bost eta zazpi seme-alaba artean izaten dituztela. Eta Israelen derrigorrezkoa den hiru urteko zerbitzu militarra egitetik salbuetsita daude.

Kolonoek bakarrik erabil dezaketen 200 kilometrotik gorako errepide sarea eraiki dute lur palestinarretan. Koloniak eta kolonoak babestea helburu bakarra duten Israelgo armadaren milaka soldadu daude Zisjordanian. Checkpointak, gaueko etxeratze-aginduak, kargurik gabeko atxiloketa prebentiboak eta bestelako murrizketa andana dira aginte militarraren ondorioak palestinarrentzat.

Gatazkaren konponbideari eta balizko Palestinako Estatu baten sorrerari nola eragiten dio?

Zisjordania gaur egun gruyère gazta baten modukoa da; elkarren artean deskonektatuta bizi diren zonalde txiki askok osatutakoa. Koloniek Zisjordaniako lurraren %3 okupatzen badute ere, errepideek, base militarrek, Checkpointen, Harresiaren eta gainerako segurtasun zonaldeen inguruko azpiegiturek lurren %40 hartzen dute.

Urteak joan, urteak etorri bake negoziazioak hasi, gelditu, bertan behera utzi eta berriz hasten dira. Bien bitartean, errealitatea da Israelgo Gobernua geroz eta lur gehiago kentzen ari zaiela palestinarrei.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Palestina
2024-03-27 | ARGIA
NBEk lehen aldiz su etena eskatu du Gazan

32.000 hildakotik gora eragin ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


2024-03-24 | Reyes Ilintxeta
Kristina Berasain. Sahararekin kateatuta
"Palestinakoa ikusita, zer egingo du orain Marokok Sahararekin?"

Arnas luzeko kazetaritza maite du Kristina Berasainek. Kazetaritza pausatua. Haimaz haima ibili da sahararrekin hizketan, kontakizunak eta testigantzak bilduz, gero horiek guztiak liburu eder batean harilkatzeko. Pasioz eta pazientziaz, ia 50 urte erresistentzian daraman saharar... [+]


2024-03-24 | Marta Maroto
Inork nahi ez duen gerra saihetsezina

Hezbollah, Ekialde Hurbileko miliziarik boteretsuena, Libanoko lurretatik Israeli eraso egiten hasi zen, Gazako sarraskia hasi eta biharamunean. Palestinari elkartasuna adierazteko bigarren fronte honen etorkizuna Zerrendan gertatzen denarekin lotuta dago. 91.000 lagun inguru... [+]


Eguneraketa berriak daude