"Lampedusan 200 migratzaile hil ostean izandako antzerki politikoari erantzuna da gutuna"

  • Europar Batasuneko migrazio politikaren aurka, mugimendu sozial ugari elkartu ziren Italiako Lampedusa uhartean, joan den otsailean. Irla sinbolikoki hartu eta migratzaileen giza-eskubideak aldarrikatzen dituen Lampedusako Gutuna egituratu zuten. Prozesuan parte hartu zuen Francesco Borselino aktibistarekin izan gara.

Francesco Borselinoz gain (eskuinean), Parmako beste hiru aktibista izan ziren berarekin: Adele Marri (ezkerrean), Andrea Scannavino (Borselinoren alboan) eta Sandra Martorano (ez da argazkian ageri).
Francesco Borselinoz gain (eskuinean), Parmako beste hiru aktibista izan ziren berarekin: Adele Marri (ezkerrean), Andrea Scannavino (Borselinoren alboan) eta Sandra Martorano (ez da argazkian ageri).Dani Blanco

Migrazio politikaren inguruko eztabaida sakona behar du Europak. Azken hilabeteotan, Melilla eta Ceutako muga kontroletan Espainiako poliziak migratzaileen aurka izan duen jarrera doilorrak hautsak harrotu ditu. Hauteskunde europarren kanpainan ere gai izarretako bat izan dugu migrazioa. Eta Italian, iazko urrian Lampedusako itsasertzean gertatutako ezbeharrak piztu zuen alarma. Afrikatik gertuen dagoen irla italiarrera zihoan itsasontzia hondoratu eta 200 lagun baino gehiago hil ziren, itota. Tragediaren ostean sortutako galderek eta Italiako Gobernuaren gestio kaxkarrak mugimendu sozial ugari mobilizatu zituen, Lampedusako migratzaileen defentsan.

Hiru eguneko kanpaldian, Lampedusako Gutuna idatzi zuten, eta Italia eta Europako hirietan berau aurkezten dabiltza ordutik. Elkartasun kanpaldian izan zen Borselino.

Zergatik ikusi zenuten Lampedusako Gutuna sortzeko beharra?

Lampedusako ezbeharraren ostean izandako antzerki politikoari erantzuna da gutuna. Gobernuak faltsukeriaz jokatu zuen, ezbeharrari izugarrizko garrantzia emanez, baina hilabete baten buruan dena ahaztu eta betiko politika baztertzaileak mantenduz. Gutuna fartsa mediatiko horren aurkako erantzuna izan zen, jakin bagenekielako instituzioen aldetik ez zela benetako aldaketarik emango.

Zer da gutunean eskatzen duzuena?

Lehenik eta behin, mugimendu guztiek erabaki genuen gutuna egituratzeko kanpaldia Lampedusan egin behar genuela, lekuak sinbolikoki zuen esanahiagatik. Bertan landutako gutunak dio migrazio politika aldatzeko oinarriak ezarri behar direla. Nolabait, bi zatitan banatu dugu idatzia: alde teorikoa eta praktikoa, eta bien arteko lotura lortzea da helburua.

Alde teorikoan, giza-eskubideen aldarrikapena egiten dugu, eta nahitaezko eskubide gisa aldarrikatzen ditugu lekuz mugitzeko askatasuna, lekua aukeratzekoa eta erabakitako lekuan geratzekoa.

Bestetik, ideia horiek praktikara eramateko behar diren mekanismoak martxan jarri behar direla diogu, eta indarrean dauden beste mekanismo batzuk deuseztatzeko eskatu dugu, etorkinen giza-eskubideen aurka doazelako, hain zuzen. Lampedusako eta beste muga guneetako desmilitarizazioa behar-beharrezkoa ikusten dugu, adibidez. Etorkinentzako zentro prebentiboen egoera hobetzeko ere eskatzen dugu, baita migratzaileak atzemateko eta kontrolatuta mantentzeko instituzioetatik gastatzen den dirua (zentroetan, itsasontziak identifikatzeko antena eta droneetan…) migratzaileen birgizarteratze planetan inbertitu dezatela ere.

Etorkinentzako zentro horien inguruan asko hitz egin da, zer-nolako instalazioak aurkitu dituzue Lampedusan?

Kanporatze egoeran dauden etorkinak mantentzen dituzte bertan, Italia, Espainia, Frantzia eta Portugalgo mugetan, eta 1995. urtean Schengenen egindako hitzarmenean, kontzentrazio gune hauek definitu ziren migrazio politikaren garapenerako Europar Batasunean hedatuta dauden tresna gisa. Baina errealitatea nabarmen ilunagoa da: zentro hauek maiz enpresa pribatuen menpe daude eta migratzaileen aurkako jazarpen eta umilazioak sistematikoak dira. Hala salatu dute, behin baino gehiagotan, S.O.S Arrazakeriak eta hainbat errefuxiatu elkartek.

Hori gutxi balitz, krisi garaiotan egin diren murrizketek gehiago okertu dute zentroetako bizi-maila. Sarri jendez gainezka daude eta barnean dituztenentzat ez dago ez birgizarteratze planik ezta umeentzako hezkuntza planik ere. Haien egoera oso larria bihurtzen da zentroetan, beren buruaz beste egiten saiatu direnen kasu dezente ezagutzen ditugu, zoritxarrez.

Lampedusakoa salbuespena da ala beste zentroetan ere antzekoa da egoera?

Lampedusa ez da salbuespena, adibide gordinena baizik, baina Sizilian dagoen Augusta herriko zentroan ere egoera nahiko gogorra da, migratzaileek salatu izan dutenez. Barruan duten jende kopurua zentroak har dezakeena baino nabarmen handiagoa da eta egoera jasanezina da. Azken finean, pertsonez hitz egiten ari gara eta ez dago eskubiderik pertsonak animaliak bailiran zentroetan pilatuta edukitzeko.

Nola ikusten duzue gizarte italiarra arazo honen aurrean?

Zoritxarrez, migratzaileen arazoa ez dago italiar gehiengoaren agendan, eta gaia lantzen denean beldur eta ezjakintasun askorekin lantzen da. Erantzule nagusia prentsa dela uste dugu. Interes desberdinei erantzunez etorkinen inguruko beldurra sortzen dute sistematikoki eta horrela ezinezkoa da gizartean etorkinen inguruko hausnarketa eta eztabaida sakonik egitea.

Europako migrazio politikaren inguruko eztabaida behar da, beraz.

Politika europar horiek sortzen dituzte Lampedusako, Ceutako edo Melillako jazarpen egoerak. Politika horiek aldatzen ez diren bitartean, Melillako hesiek min egiten jarraituko dute eta Lampedusakoa bezalako ezbeharrak etengabe gertatuko dira. Europa mailako eztabaida behar da migrazioaren aferari heltzeko. Tamalez, ez dugu aldaketarako borondate politikorik ikusten eta hortaz, Lampedusan burututakoaren moduko kanpaldiak eta adierazpenak egiten jarraituko dugu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errefuxiatu krisi globala
2024-02-29 | Euskal Irratiak
Otsailean 600 migratzaile lagundu ditu Irungo Harrera Sareak

Migratzaileen kopurua anitz emendatu da Irun eta Hendaia arteko pasabidean. Irungo Harrera Sareak ohartarazi duenez, otsailean 600 pertsona lagundu dituzte, iaz, urte osoan 2.700 izan zirelarik. Iragan urtarrilean, 2.700 etorkin heldu dira Kanariar Uharteetara, egunero 80... [+]


Egunean hemezortzi migratzaile hil ziren bataz beste iaz Espainiako Estatura iristeko ahaleginetan

Caminando Fronteras gobernuz kanpoko erakundeak “Monitoreo Derecho a la Vida” txostenaren edizio berrian egindako balantzea da: 6.618 hildako izan dira mendebaldeko Muga Euroafrikarrean; horien artean, 384 haur.


2023-09-29 | ARGIA
Frantziako Gobernuak Bidasoako muga ixtea ez dela zilegi berretsi du Europako Auzitegiak

Europako Justizia Auzitegiak (EBJA) erabakia hartu du mugako barne-kontrolak berrezartzeko Frantziako Gobernuaren politikari buruz. Bidasoaren mugan ohikoak diren zenbait praktika. hala nola muga igarotzeko debekuak eta berehalako itzulketak, ez direla legearen araberakoak... [+]


Hil gaitzazue

2021eko abuztuaren 15ean, talibanek Kabul mendean hartu zutenean, milaka afganiar ihes egiten saiatu ziren. Soilik hilabete hartan, 35.000 pertsona baino gehiagok zeharkatu zuten Pakistango muga, eta 2022. urtea hasi orduko 145.000 ziren beste aldean. Aldiz, gertakari horien... [+]


2023-08-21 | Hiruka .eus
Pertsona guztien erroldatzea bermatuko duen protokoloa eskatu du Marea Horiak

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak urteroko Marea Horia izeneko mobilizazioa egin du zapatuan, Plentzia eta Gorlizko hondartzetan. Horietan bildutako lagunek salatu dute mundu osoko milioika pertsonak, euren jatorrizko herrialdeak utzi eta Europara iritsi nahian,... [+]


Eguneraketa berriak daude