Sasoi betean berriro ere

  • KASHBAD :: Arrakala

    Bonberenea Ekintzak, 2014

90eko hamarkadan, ordura arteko punk/heavy dikotomiak eztanda egin zuen eta sormen askeagotik askoz errekasto gehiago isurtzen hasi ziren. Proposamen berri haiek detektatzen eta ezagutzera ematen lan handia egin zuten Fermin Muguruzak eta Esan Ozenki diskoetxeko lan-taldeak. Ahots bereziko neska txiki bezain kementsuak gidatuta, Jingo de Lunch eta Bad Brains taldeetatik edaten zuen Kashbad boskote gaztea izan zen horietako bat, maketa kaleratu berritan.

Negu Gorriak, Banda Bassotti, Radio Bemba eta halako talde handiekin zuzenean aritu ostean, Egin Txotx lehiaketako finalera heldu ziren 1996an. Urte berean Kashbad (Esan Ozenki) izeneko diskoa argitaratu zuten. Hardcorea eta reggaea, arrakastatsua suertatu zen emaitza, Hegaz singela tarteko. 1997an gitarra bakarrarekin laukote bihurtu eta Distantzia (Esan Ozenki) kaleratu zuten. Ordurako abiadura apur bat moteldu eta intentsitatea hartu zuten, nahiz eta oraindik tarteka reggaeari eutsi, hardcoretik harago irekita. 1999an, hirugarren diskorako kantuak idazten ari zirela, Gorka taldekidea atxilotu zuten, eta espetxeratu zutenean, taldearen etorkizuna kolokan gelditu zen, baina Lisabö taldeko Karlos Osinaga gehitu zitzaien, eta Hesiak (Esan Ozenki) plazaratu zuten. Ordurako post-rockaren irmotasun eta iluntasuna barneratuta zuen taldeak, baita intentsitatea ere. Gorka bueltatu ostean, epe laburrera agur esan zuen taldeak. Taldekideak beste hainbat proiektutan murgilduta ibili ziren (Sorkun, Fermin Muguruza, Peiremans+, Lau Itzal, Trumbo…). 2007an hiru kontzertu soilik emateko elkartu zen Kashbad.

Orain bueltan dator taldea berriro Arrakala (Bonberenea Ekintzak) lanarekin eta dozenaka emanaldi egin dituzte. Bederatzi kantuz osatutako diskoan giro eta estilo dezente batu dira, baina guztiek taldearen zigilua dute. Karlos Osinaga aspaldiko bidelagunarekin grabatu dute eta emaitza oso landuta eta mimatuta dago. Malabareak riff potente, ia kiribilekoak, zabaltzen du lana eta Sorkunen ahotsa protagonista dela, erritmo joko aberatsak ditu. Aita urrea-k Quotsa ekarri dit gogora, stoner oso irekia edo estilo handiko rock gogorra, oso dotorea. Arrakala spotifyrako hit-a da, goxo jaio eta intentsitatez izugarri hazten den pieza ederra, indartsua. Lokatz siderala xuxurlatuz atseden hartuko dugu. Hortaz gu kantan erritmo tribalek instrumentuei askatasun osoa ematen diete. Okila berezia da: stonerretik eta post-punketik pasata, garraztu eta biderkatzen dena, hau ere indartsu. Nor gehiago rock irmo eta jostaria da eta iluntzen badoa ere, taldearen marka oso presente duena. Erraiak-ek punk-rocketik asko dauka, indartsutik, ilunetik eta arrisku sentsaziotik. Bukatzeko, 90eko hamarkadan Gasteizko Gaztetxearen alde grabatutako Zuen eskaparateetan sutsua berreskuratu dute: taldea zapalgailu rockero bihurtuta, zirrikitu edo arrakalarik utzi gabe, eta Sorkunen ahotsa gainetik abestu-errezitatu nahian. Itzela!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Diskoak
2022-11-27 | Iker Barandiaran
Bizi(g)arria

Harritu nau –zentzu onean– proiektu berri honek. Adiera edo zentzu asko ditu hitzak eta Bergaran Aitor Aldanondok harri baten inguruan sortutako honek baditu hainbat. Urteetan hartutakoa –bizitakoa– nolabait atera nahi izan du lan honetan.

Ibilbide... [+]


2022-11-20 | Xalba Ramirez
Zintzo izatearen fantasia

Eñaut Elorrietaren inguruko dokumental bat egin zutela-eta, Tabakalerara gonbidatu ninduten orain bizpahiru aste. Gustuz hartu nuen lagunarteko estreinaldirako gonbita, baina zinema aretora hurbiltzean jende asko hasi nintzen topatzen; hor Paul eta Itziar, hor Sarri, hor... [+]


2022-11-06 | Iker Barandiaran
Katuek baino ertz gehiago

Batzuetan elementu asko elkartu behar dira aurreikusi ez duzun emaitza bat ateratzeko. Hori gertatu da nolabait Gernika eta Bermeo artean sortutako Feline taldearekin. Primeros Auxilios punk taldeko Iñaki Baini-k etxean elektronikarekin jolasteari ekin eta maketa batzuk... [+]


2022-10-30 | Xalba Ramirez
Gustuko lautadan nekerik ez

"Hemen, errebelazio bat bezala, espazioa eta denbora argiago ikusten dira". Miren Narbaiza bueltan da berriz, eta eskerrak. Eszenak eman duen kantugilerik berezienetako bat da Narbaiza. Kanta berriak nola gobernatzen dituen ikustea besterik ez dago.

Zeren, sortzaile... [+]


2022-10-16 | Iker Barandiaran
Bi altxor eta sorleku bakarra: Buenawixta

Asko poztu nintzen Artza anaiek diskoetxe berria abiaraztearekin bat Barrakos-en maketa –non erosiko nuen, Boga tabernan?– berreskuratu eta biniloan ateratzeko asmoa zutela jakitean. Izan ere, aipatutako maketa –1990koa– gure musika historian oharkabean... [+]


Eguneraketa berriak daude