Entzun arren, San Fermin, zu ez zaitugu patroi

San Saturninoren irudia Iruñeko kaleetan prozesioan.
San Saturninoren irudia Iruñeko kaleetan prozesioan.Miguel Urzainqui

Tolosa (Galia), 250. Saturnino misiolari erromatarra Akitaniara iritsi zen Grazio eta Dezioren kontsulgo urteetan. Fede kristaua hedatzeko predikatzen aritu zen Galian, Pirinioetan eta Iberiar penintsularen iparraldean, eta Tolosako lehen gotzaina izan zen, handik urte gutxira, 257. urte inguruan, paganoek martirizatuta hil zen arte. Horixe diote behintzat Surioaren Agiriek; beste iturri batzuek, San Saturninoren agiriek esaterako, predikaria K.o. I. mendean bizi izan zela diote.

Tradizio kristauaren arabera, Tolosako apezpikua zela Saturnino Iruñera joan zen Honesto laguntzailearekin batera. Gaur egun San Saturnino eliza dagoen tokian Diana jainkosari eskainirako tenplua omen zegoen orduan, eta parean, ur putzu bat. Honestok, Saturninok eta haien jarraitzaileek 40.000 pertsona bataiatu omen zituzten putzu horretan.

Besteak beste Firmo senatari erromatarra bihurtu zuen kristautasunera Pompaelon zen bitartean. Firmoren seme Fermin Saturninok berak bataiatu omen zuen; baina San Saturnino eta San Ferminen jaiotza eta heriotza data zehatzak jakiterik ez badago ere, lehena 257. urte inguruan hil zen eta bigarrena 272an jaio. Beraz, ez dirudi elezaharrak dioena benetan gertatu zenik.

Fermin 24 urterekin izendatu zuten Amienseko gotzain. Zazpi urte geroago, hainbat erromatar aurkarik bultzatuta, kartzelan sartu zuten eta burua ebaki zioten. 1186an Pariseko gotzain Pedrok San Ferminen erlikiak Iruñean egon behar zirela erabaki zuen, eta santuaren arrastoak –haren kristautza lanaren aurka zeudenek moztutako burua, hain zuzen– Amiensetik Iruñera eraman zituzten. Horrek San Ferminen gurtzari bultzada handia eman zion, baina ordurako Iruñean jaiotako santua ez zen bakarra iruindarren zaindari izateko lehian.

X. mendean biztanle frankoen kopuruak nabarmen egin zuen gora Iruñean. Etorkinek beren zaletasun erlijiosoak eraman zituzten, eta hala, Tolosako lehen gotzainaren omenezko eliza eraiki eta San Saturninoren gurtza zabaldu zuten.

Duela 400 bat urte, 1611n, San Saturnino Iruñeko zaindari izendatu zuten, eta azaroaren 29ko festa hari eskaini zioten.

Entzierroan irten aurretik, korrikalariek zera kantatzen diote santuari: “A San Fermin pedimos, por ser nuestro patrón...”. 2009tik aurrera euskarazko itzulpena erantsi diote kantari: “Entzun, arren, San Fermin, zu zaitugu patroi....”. Egia da San Fermin Amienseko eta Lesakako zaindaria dela, eta Nafarroako patroigoa partekatzen duela San Frantzisko Xabierrekin. Baina Iruñeko patroia San Saturnino da. Eta, gainera, haren martirioak antz handiagoa du entzierroekin San Ferminenak baino. Passio Saturnini dokumentuaren arabera, Saturnino zezen bati lotuta Kapitolioko eskaileretan gora eta behera ibili zuten, bere gorpua txikituta geratu zen arte.


ASTEKARIA
2014ko uztailaren 06a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Industria agortu eta gero, zer?

Beriain (Nafarroa), 1974ko otsaila. Potasas de Navarra enpresako langileek greba egin zuten, besteak beste, aurreko urtean Motor Ibérica lantegiko langileek egindako grebak bultzatuta. Ez zen, beraz, Nafarroako industriako lehen greba, ezta Potasasena ere. Baina Potasas... [+]


Errobi, beste bat!

Errobi musika taldea duela 50 urte igo zen lehen aldiz oholtzara. Hori dela eta, berriz itzuliko dira eszenatokira Mixel Ducau eta Anje Duhalde sortzaileak, euskarazko lehen rock musika taldearen abesti mitikoenak kantatzeko asmotan. Maiatzaren 4an izango da, Bilboko Euskalduna... [+]


2024-03-13 | Euskal Irratiak
Amaia Bessouet: «Afrikar gazteek ez dute gehiago Frantziaren mespretsua onartzen»

Malin, Burkina Fason eta Nigerren Frantzia haizatua da. Mendebaldeko potentziek haien eragina galtzen ari dira Afrikako kolonia zaharretan. Afrika frankofonoko populazioa bereziki gaztea da, eta ez du frantses kolonialismoa zuzenki ezagutu. 35 urtez peko gazteek populazioaren... [+]


Eguneraketa berriak daude