Bizitza literaturan eta literaturan bizitza

  • Joxean Agirre ::Adiskide bat nuen

    Elkar, 2013

Literaturako irakasle gizonezko baten ahots narratiboa da eleberri osoan gidatuko gaituena. Narratzaile eta protagonista honek agerian utziko du bere kontaketa prozesuaren helburua: “Egunkarietatik deitu ohi dute hil berriari buruzko iritziak biltzeko… eta horregatik hasi nintzen neure adiskideak zerrendatu eta haiei buruzko gorazarre posibleak prestatzen” (9. orr).

Baina, Adiskide bat nuen izenburuak, zendutako lagun baten  gorazarretik eleberria abiatzen badu ere, errusiar panpinen antzera zabalduko den istorio hirukoitza biltzen du bere baitan. Honela, istorioak zabalduz doazen neurrian, orotariko gai eta hausnarketa interesgarrien partaide izango gara: Historiari lotuak batzuk, euskal gatazka bezala, eta testuinguru zabalago batean, 68ko Maiatzeko mugimenduak. Eta abstraktuagoak beste batzuk: maitasuna, fantasia, desioa, identitatea. Azken hauek, Literaturaren gaineko erreferentziez indartuak datozenez, pertsonaiaren hezurdurari haragia eransteko balio dute.

Proust, Stendhal, Borges, Pessoa edo Agatha Christieren antzera narratzaile lotsatia da bera ere. “Mundua askoz ere ederragoa litzateke lotsatiz beteko balitz” (126. orr) aitortuko du momenturen batean, eta horregatik adiskide bat duela errepikatuko du etengabe bere bizitzako atal baten autobiografia literarioa idazteko.

Hiru istorio, beraz. Garibaldi, gaztetan borroka klandestinoan aritutako lagunari buruzkoa, hari zuzendua baita gorazarrea. Baina klandestinitatearen barrunbean bidaiatuz, sakabanatuko dituzten errautsak ez dira benetako Garibaldirenak, bere identitatea ordezkatu zuen erakundeko beste norbaitenak baizik.

Narratzaileak maitasunagatik sufritzen du, hala antzematen du etxe azpiko parkean saltoka hasten den Freud izeneko txakurtxoak. Bere emaztea astean hirutan kiroldegira joaten dela dio, baina beste gizon bat ikusten du errealitate gordinean. “Bera edo ni” galdetzea gustatuko litzaiokeen arren, ez du horretarako indarrik, eta Zurriolako terraza batean topatutako neska misteriotsu eta xarmant batekin amesten du. Neskaz gutxi dakigu; takoizko zapatak txilena modura eranzten dituela, futbolariek erakusten ez duten dotorezia batekin, bere ibilkerak gogoeta berezi bat merezi duela, eta abar. Azken finean protagonistaren ametsak, desioak, eta horiek idaztean ezagutzera ematen diguna besterik ez dakigu. Eleberri amaieran, Biografia eta Literatuaren inguruko eskola batean, argituko da haren identitatea.

Eleberri ederra, erreala eta ametsezkoa. Bizitza literaturan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Liburuak
2024-01-14 | Reyes Ilintxeta
Jose Mari Esparza. Ideia trafikatzailea
"Borrokaren beharra transmititu nahi dut, zerbait berria sortuko da, beti sortu da"

Jose Mari Esparza idazle, editore eta ekintzaile menderaezinak bere lanerako txokoan hartu gaitu, Altaffaylla Kultur Elkartea eta Txalaparta argitaletxearen sorlekuan, liburuz inguraturik. Gaztetan 20 urtez aritu zen Luzuriagaren Tafallako fabrikan lanean eta orain berriki... [+]


2023-11-27 | ARGIA
Eva Forest Liburutopia
Utopia letra eta kafe artean elikatzeko liburu-denda

Abenduaren 1ean inauguratuko dute Gasteizko Alde Zaharrean Eva Forest Liburutopia kafe-liburudenda. Proiektua “pentsamenduaren eta kulturaren hedapen eta gozamenerako topalekua” izatea nahi dute bere bultzatzaileek. Hilabeteko programazioa aurkeztu dute jada... [+]


Ander Berrojalbiz. Heretikoz, sorginez, Elurzuriz
"Gizartea ezin da ulertu gizakiaren parte magiko sobrenatural hori gabe"

Akelarre saiakera argitaratu zuen 2021ean, eta, iaz, berriz, perla urregorrizko bat: Elurzuriren hiru heriotzak. Grimm anaien ipuin ezaguna berridatzi zuen, eskuizkriburik zaharrena abiapuntu harturik, Grezia zaharreraino joanez, eta Elurzuriren istorioko zenbait elementuri... [+]


Eguneraketa berriak daude