"Norbaitek ez duenean ezer galtzekorik oso arriskutsu bihurtzen da"

  • Podemos-Ahal Dugu alderdi berriko zerrendaburu izan zen Nafarroan Europako hauteskundeetan, baina argi dio bera ez dela inor alderdian. Iruñean bizi denez, hala ere, berari egokitu zaio lehen harreman publikoen ardura, bai hedabide bai alderdiekin.

"Horrela izan da humanitatearen historia, txiroek irabazi izan dute asko izan direnean bakarrik".

Bartzelonan jaio zen (1965), baina Sant Vicent de Montalt-ekotzat du bere burua. Abenduaren 28koa, “inuzente egunean jaioa”, dio berak irribarrez. “Bai, esaten didate ondo datorkidala, ez naiz batere tentela baina dena konfiantza handiz hartzen dut. Hori bai, norbaitek traizionatzen banau, agur eta kito, ez dut bereziki gehiago gogoratzen”. Ekonomia Zientzietan lizentziatua, NUPeko irakasle, ekonomialari peritua, konkurtsoko administratzailea, Nafarroako Enpresarien Konfederazioan eta Nafarroako Industriaren Elkartean ere ikastaroak ematen ditu. Eta Atacc Nafarroako kidea da. “Aspaldi hasi nintzen begiratzen han-hemenka ekonomia kontuak eta konturatu nintzen telebistak sekulako gezurrak botatzen zituela; batez ere saiatzen gara herritarrak ekonomia kontuetan hezi daitezen, jasaten ditugun amarruez eta ahaldundu daitezen. Arrazoi berak eramaten nau Atacc edo Podemos-Ahal Dugura, jendeari esateko esna behar duela, gertatzen ari denaz jabetu. Hori da nire premia bakarra.

Donostia, Maiatzak 23. Europako Legebiltzarrerako hauteskunde kanpaina, kanpaina bukaerako mitina da. Hegoaldeko lau herrialdeetako zerrenda buruak dira hizlari eta Joan Josep Boschen hitz hauekin ekin zion bere hitzaldiari.

“Ni katalana naiz eta 2007tik Iruñean bizi naiz. Ohartzen naiz Iruñean diren desberdintasun politikoekin eta nazional sentsibilitate desberdinekin. Katalana naiz eta oso adi nago nire lurraldean gertatzen ari den prozesu soberanistarekin. Podemos Madrilen sortua da, baina kasu guztietan herritarren ahotsa  entzutearen aldeko apustua egiten du eta ez du inolako oztoporik jarriko katalanek, euskaldunek, nafarrek edo beste edozein komunitatekoek eska dezaketen kontsultari. Ulertuko duzuen bezala, nire hitzaldia gazteleraz izango da, ez bainaiz euskaraz hitz egiteko gai, euskaraz hitz egin nahiko nukeen arren. Nire hitz zintzo hauekin, zuenganako konplizitatea adierazi nahi dut. Eskerrik asko”.

Iruñea, ekainak 7. Gure Esku Dago giza katearen bezperan ari gara egiten elkarrizketa. Berritsua da Bosch, politikarien zuhurtziarik gabekoa, freskoa eta elkarrizketa hasi gabe ere bota eta bota ari da.

“Irakurri dizudan honekin dagoeneko bidali dizut mezu bat. Hala ere giza katea gai gatazkatsua izan da Nafarroako Podemosen. Ez dugu sostengatu, baina joateko askatasuna eman dugu. Nafarroa ez da Gipuzkoa bezalakoa eta Erribera ere hor dago. Herriek erabaki dezaten alde gaude, baina kasu honetan Nafarroak erabaki behar du. Niri berdin litzaidake Arens de Munt edo Val de Aranek Katalunia ez izatea erabakiko balute, herritarrek erabaki behar dute beti. 

Hori ez doa kontrajarria Gure Esku Dagok dioenarekin, honen Nafarroako adarrak argi adierazi du nafarrek erabaki behar dutela.

A bai? Ez, ez zegoen hain argi, Durango eta Iruñea lotzen dira eta horrek mezu bat du bere baitan. Baiezkoa eman izan bagenu, Nafarroako Podemoseko batzuk ezetza emango zuten. Beraz, askatasuna eman eta listo.

Hauteskunde aurretik politikaria ez zinela zenion. Eta orain?

Orain berdin, bestela a ze kokotekoak emango dizkidan amak harrapatzen banau! [Barreak]. Ez naiz politikaria eta espero dut ez izatea, nire lana dut eta horrekin jarraituko dut. Eskuineko lagun batek atzo bertan esan zidan: “Zer uste duzu Podemosen ez duzuela ustelkeriarik izango?”. “Bada, nik zer dakit –esan nion–, egongo dira akaso, baina ziurtatu ahal izango dut baldin bada norbait kanporatuko dugula eta saiatuko garela zigortua izan dadin, eta ostiraleko kontseiluko indulturik   gabe”. Nik ez dut pezeta bat nahi Podemosetik, nire lana dut eta kito.

Baina politika egiten duzu, politika egiteko beste modu bat aldarrikatzen duzue…

Bai, hala da, ikusten dudalako guk egiten ez badugu besteek egiten dutela herritarren aurka, eta kokoteraino nago. Askotan abstenitu naiz, baina egoera jasanezina bihurtzen da eta sentitzen duzu zerbait egin behar duzula. Pertsona onak ezer ez egitea, hori da maltzurrak arrakastarako behar duen bakarra. Orduan pentsatu nuen, ‘brikolagean oso txarra zara, marrazten ere bai eta beste hainbat gauzetan ere txarra, baina gauzak azaltzen oso ona zara –hori esaten didate ikasleek ere, kar, kar–, baduzu jendearengana iristeko gaitasuna, beraz egin zerbait txo’. Gobernatu eta halakoak? Ez, ez, nik jendea astintzen dakit eta horretan nabil. Baina izandako emaitzak izan ditugu eta orain denak datoz nigana, bai hedabideak eta bai beste politikari batzuk, eta ni ez naiz ezer Podemosen, 23. postuan aurkeztu eta eserlekua atera ez zuen hura besterik ez  –baldintza zen ez ateratzeko postuetan joatea–. Hori bai, orain ezagunena naiz Nafarroan, besterik ez.

Boterearen erantzuna oso gogorra izan da. Zuek diozuen kasta horrek beldurra sentitu du?

Beldurra… hainbeste ez dakit, baina arduratuta badaude. Niri ez zait gustatzen kastarena erabiltzea –nahiz eta hala dela uste dudan–, ulertzen dut Pablo Iglesiasek erabiltzea baina ez doa nire izaerarekin eta ez naiz eroso sentitzen, nahiago dut inor irainduko ez duena erabili. Orain PPn eta PSOEn goian daudenak oso ustelduta daude. Euro bat gastatu gabe sekulako eztanda ekarri dugu. Ohiko alderdiek boto-papera bidali dute etxe bakoitzera eta horrek papertxoko 10 zentimoko kostua du. Beraz, 25 milioi pertsonari bidali zaienez, 2,5 milio euro horretan bakarrik gastatu dituzte. Hori bankuen maileguetatik ateratzen da. Gurea gure poltsikoetatik: txapak, fotokopiak, mitinetara joateko gasolina gure patrikatik… Uste dut barrabaskeriak egingo dituztela gure aurka, bereziki hainbeste arduratzen dituen Pablo Iglesiasen aurka, baina arazo bat ere badute eta hori da gure indargunea: gu oso pertsona libreak gara, ez dugu ezer espero eta norbaitek ez duenean ezer galtzekorik oso arriskutsu bihurtzen da. Horrela izan da humanitatearen historia, txiroek bakarrik irabazi izan dute asko izan direnean.

Nafarroan, lehenbiziz ikusi da oposizioak gobernua har dezakeela datorren urteko foru eta udal hauteskundeetan.

Bai, agian. Guretzat, dena den, orain garrantzitsuena jendeak parte-hartzea da, herritarrak ahalduntzea. Ohiko alderdiek molde zahar eta muga asko dituzte eta Ezker Batuko eta PSOEko oinarrizko jendeak oso ondo ulertu du gure mezua. Duela egun  batzuk Nafarroako ezkerreko zenbait jenderen bilera bat egin zen, hauteskundeetako irakurketa egin genuen eta beste hainbat kontu. Sakonean, ni ohartu nintzen haiek kalkulu politikoetan ari zirela, batek eta besteak zenbat boto atera dezaketen pentsatzen. Nik bukaeran hartu nuen hitza eta zera esan nien: “Aizue, berdin zait botoak zuek eramaten badituzue, nire mitinetan ere esan izan diet entzuleei, nahi ez badute ez emateko botorik Podemosi, baina ez geratzeko etxean, esnatzeko eta botoa emateko. Nik aldaketa nahi dut, jendeak botoa ezkerreko alderdien alde eman dezan, aldaketa haiek egiten badute hobeto, ni etxera joango naiz tenisera jolastera eta listo, hori da nahi dudana. Ni ez nintzen aurkeztu Nafarroan pentsatuz, Europan baino.


Baina urtebete barru Nafarroan zer egin erabaki beharko duzue.

Badakit eta zirkuluak [Podemoseko batzarrak] erabakiko du. Orain antolatzen ari gara eta lan itzela dugu. Hauteskunde aurretik batzarretan 14-18 pertsona biltzen ginen, hauteskunde ondorengo astebete eta erdian baginen 200 eta handitzen jarraitzen dugu, bakoitzak beste bi ekartzen dituelako. Milaka izango gara. Eta batzarrean hitz egiteko aukera banu, esango nieke: “Eta orain, bozka nahi duzuena, baina mugitu, astindu, aldatu! Beraz, hara laburpena: nire interesa? Hau alda dadila. Non? Ahal den toki guztietan. Norekin? Aldatu nahi duenarekin. Ni Ezker Batukoa edo PSNkoa banintz zera esango nuke: zein da produkturik freskoena, modan dagoena? Podemos. Ba orduan, denak Podemosera, eta arrakasta itzela litzateke. Baina ez dute halakorik egingo, hierarkia egitura zaharkituak dituztelako eta jendeak ez duelako horretan sinesten, haiek beren kalkulu politikoetan daudelako.

Oinarrizko zein lauzpabost punturen gainean eraiki behar da alternatiba.

Ezkerrak gauza asko ditu amankomunean baina, hasteko, PSOE ez da ezkerrekoa eta gainera hilda dago. PSOEeko maila guztietako jendea hurbiltzen ari zaigu. Ezker Batua bai, jakina, ezkerrekoak dira eta Bildu ere bai, baina Nafarroako identitate kontuengatik zapaia dute hauteskundeetan. Oro har ari naiz pentsatzen: zor publikoa kontrolatu behar da dirua eduki ahal izateko, AHT geldiarazi, Navarra Arena eta Los Arcoseko zirkuitua astakeriak izan dira, jantoki sozialak eta Cáritas sostengatu, etxegabetxeak geldiarazi… funtsean finantza sistema baino herritarren erreskatea gauzatu.

Nola antolatuko zarete?

Lan itzela dugu alor horretan, baina gure ezaugarriak zintzotasuna eta gardentasuna izango dira. Pablo Iglesiasek bildu du jende talde bat antolaketa proposamen bat egin dezan eta udazkenean erabakiko dugu. Batzarra oso demokratikoa da, baina ez du denerako balio, batez ere erabaki azkarrak hartu behar direnean. Nafarroako zirkulua –oraingoz Iruñekoa horrela deitzen dugu– ekainaren 21ean egingo dugu. Iruñean hasi zen Podemos Nafarroa, baina gero Tuterako Podemos sortu zen eta orain beste toki batzuetan ere sortzen ari dira, nahi duenak sortzen baitu zirkulu bat; interesgarriena ahalik eta gehien sortzea, herrietan eta auzoetan.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Podemos
Ahal Dugu eta Sumar bananduta aurkeztuko dira Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetara

Lander Martínez Sumarreko bozeramaileak egintzat eman du banaketa eta Alba García alderdi horretako lehendakarigaiak ere ez du gaur gaurkoz posible ikusten koaliziorik.


Bilboko eraso homofoboa Legebiltzarrera iritsi da

Santomasetan bi homofobok sudurra apurtu zioten 23 urteko gazte bati eta kasu horren harira hainbat galdera egin dizkio Elkarrekin Podemos-IUk Eusko Jaurlaritzari, LGBTfobiari aurre egiteko neurrien inguruan. Bilboko EHGAMek ere badu zer esana: "Zisheteronorma babesten... [+]


Sumar koalizioa Madrilen bai, baina Gasteizen ez

Euskadiko Podemosen koordinatzaile nagusi Pilar Garrido, Sumarren Gipuzkoako zerrendaburua izan zena Espainiako hauteskundeetan, koaliziotik kanpo aurkeztearen alde mintzatu da Eusko Legebiltzarreko datozen bozketei begira. “Euskadiko jendea mobilizatzeko balio du... [+]


Inbestidura prozesua ezusteko gabe igarota, Chivitek Nafarroako lehendakari kargua hartu du

11:30ean izan da kargua hartzeko ekitaldia Nafarroako Parlamentuan, eta gonbidatu gisa joan dira hainbat ordezkari politiko, tartean Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria. Kontseilari berriak ere izendatu dituzte: lau Geroa Baik gidatuko ditu eta bat Zurekin Nafarroak;... [+]


2023-05-29 | ARGIA
EH Bilduk eta abstentzioak EAJren nagusitasuna apaldu dute

Abstentzio handiko hauteskundeak izan dira, eta lehia handiena EAJ eta EH Bilduren artean izan da: lehenengoak behera egin du eta bigarrenak gora. Nafarroako Legebiltzarrean UPNk mantendu du 2019ko garaipena, eta PSNk bigarren postua. Araba eta Bizkaiko Batzar Nagusietan, EAJk... [+]


Eguneraketa berriak daude