Hesi guztien gainetik

  • Urteko gau motzenean suak zeruraino luzatzen ditu besoak Hernaniko plazan. Gaizkiaren eta ongiaren muga ikusezin gertatzen da eszena horretan, ordena anabasa bihurtzen. Historia zimurtu egiten da, salaketa eta aldarriari bide emateko. Akelarreak sentimenduak azaleratzen ditu, kontraesanak probokatu. Ez da folklorea, ez da tradizioa. Sorginkeria hutsa da.

Inkisidore, borrero eta sorginek orgia moduko bat antzezten dute. Txalaparta eta batukadaz sorturiko erritmo primitibo bat dantzatuz gauzatzen da metamorfosia.
Inkisidore, borrero eta sorginek orgia moduko bat antzezten dute. Txalaparta eta batukadaz sorturiko erritmo primitibo bat dantzatuz gauzatzen da metamorfosia.Ikor Kotx

Akelarre hitza asmakizun bat da. 1609an sortu zuen Inkisizioak, seguruenik Juan del Valle Alvarado fiskalak. Hala dio gai hauetan eminentzia den Gustav Henningsen ikerlari daniarrak. Urte hartako otsailaren 14an Zugarramurdiko herritar batzuk Logroñon azaldu ziren, Inkisizioaren tribunalari esateko eurak ez zirela sorginak. Preso hartu zituzten, eta torturatu. Alvaradok itaunketa horien ondorioak eskribitu zituenean, lehen aldiz lotu zuen satanismoarekin ditxosozko hitza: akelarre.

Geroztik ustezko sorginen batzarrei deitu izan zaie akelarre, mendeetan barrena herri sineskeran errotu eta haren parte bihurtzeraino, nola Orozkoko Garaigortan edo Dimako Petralandan. Eta egun, hitz asmatu hura irakur dezakegu festa-egitarauetan, ikusi Alex de la Iglesiaren terrorezko komediatan edo entzun Fermin Muguruzaren ahotan: “Zugarramurdin akelarrea da, Infernuko errekak sortu leizeetan...”

Gramatikan akerrak ezinezkoa luke “r” galtzea beste hitz batekin elkartuta. Beraz, utikan akerraren larreak eta ongi etorri belar pozoitsuenak; askorentzat horixe besterik ez baita akelarre: alka-belar larrea. Egiaz, esplikazio antropologikorik ere ez dago, akerrak beti izan baitu eginkizun positiboa euskal mitologian. Eta toponimiak ere nekez onartzen ditu izaki bizidun mugikorrak. Ez, akelarre ez da euskal hitza, sorgin-mania eruditutik ernetako ipuina baizik. Baina gure egin dugu: “...Zugarramurdin akelarrea da, euskaldun askeak elizatik at!


Hernani, 1986

Krisia, drogak eta rock erradikala. Hernaniko auzoetan beste herrietako ke bera arnasten zen 80ko hamarkadan. Politizatuta eta bereizita zeuden koadrilak batu behar zirela okurritu zitzaien batzuei, eta hortik sortu ziren herri olinpiadak eta baita akelarrea ere.  

1986a zen, euskal paganismora garamatzan Pedro Olearen Akelarre filma estreinatu berria zen, baina Hernanin akelarrea jai alternatiborako tresnatzat zuten gazteek, ez zen historia gogoratzeko karroza soila. Ia 30 urte geroago funtzio sozial hori izaten segitzen du, eta urtero ekainaren 23an salatzen dira emakumeen zapalketa, euskararen diskriminazioa, torturak edo sexu estandar inposatuak.

1971n ikimilikiliklik oihukatuz euskal gazteria berriak Larraitzen egin gaupasari “akelarre” deitu zioten erreakzionarioek. Bidankotzen ere badira hamarkadak “xurgin xastea” egiten dutela. Aurrekari horiek kenduta, esan dezakegu Hernaniko akelarrea aitzindaria izan dela. Gorabehera handiak izan ditu, baina azken urteetan indar handiz ospatu da, herriko Gazte Asanbladak hartu baitu lekukoa. 

Egun, toki askotan ospatzen dute solstizioa akelarrearekin. Leioan dozena bat urte baino gehiago daramatzate eta zita garrantzitsua bilakatu da eskualde osoan. Barañainen herriko festen ekitaldi nagusietakoa da, herritarrek egina, autogestionatua eta errealitate politiko eta sozialarekiko kritikoa. Zugarramurdin gau horretan ere egiten ziren milaka laguneko kontzertu eta akelarre ikaragarriak, kasu honetan Hernanikoa zuten eredu. Masifikazioa dela-eta jada ez da halakorik egiten eta Sorginaren Egunak ordezkatu du.

1610eko autofedearen 400. urteurrenaren karietara, Zugarramurdin makina bat ekitaldi antolatu zituzten jazotakoa gogoratzeko. Akelarrerik ez baitzen existitu, eta sorginak auskalo, baina sorgin ehiza bai, hori euren haragitan nozitu zuten sutan erretako 11 zugarramurdiar emakume eta gizonek. Berrikitan, Mikel Azurmendi antropologoak liburu batean azaldu du garai horietako monarkia absolutistek erlijio hutsetik ideologiara jauzi egin zutela eta sorgin ehiza erabili zutela hizkuntza bera zuten herritarren artean muga psikologikoa sortzeko: Bidasoako muga.

Paradoxikoa da. Lau mende geroago gertaera horiek erabiltzen dira, ez mugak sortzeko, baizik jendartean dirauten konbentzioekin hausteko. Kontu ilun eta konplikatu asko gurutzatu ziren XVI. mendeko autofede horietan. Urte gutxira Inkisizioak onartu zuen dena asmakizuna zela –Alonso Salazar inkisidoreak hala aitortuta–, baina egungo errealitatetik interpretazioak aske dira, belargile paganoen pertsekuzioa izan zela dioen imajinariotik hasita: Akerra erdian zen / ilargi beteko gau hartan –dio Labriten abestiak–. Orain sinestu ala ez / zuen eskuetan dago.


Sorgin dantza

Oriako sorgin dantza tradizionalari lapurtutako melodia eta koreografiaz ehunka sorgin, galtzagorri eta zirikok ilara amaiezinak osatzen dituzte Hernanin barrena, musika eskolako dultzaineroen doinu indartsuari segituz –Juan Mari Beltranek dultzainarentzat moldatu zuen airea–. Bi ordu eta erdiko kalejiran ikusiko ditugu zortziko solemnez osatutako paseoak, deiak, kortejatzeak eta baita keinu itsusi samarren bat ere. Azken pausoan, sorginak tximistaren abiadan aterako dira, sasi guztien gainetik garrasika, eta plazan sartuko, laino guztien azpitik irrintzika.   

Euforia giro horretan antzerkia egiten da. Sorginek inkisidore zitalen tormentua ezagutuko dute, eta halako batean Aker azalduko da. Ez galdetu nola, baina azkenean denek, inkisidore, borrero, sorgin-ama, monagilo... Denek orgia batean amaituko dute kasik larru-bizik, eta txalaparta eta batukadaz sorturiko erritmo primitibo bat dantzatuz milaka begiren aurrean.

Irudi luke halako muntaia batek antolaketa landua behar lukeela. Baina hemen ez da zuzendaririk, ezta gidaritza talderik ere. Hierarkizatu gabea eta asanblearioa da akelarrea: “Urte batean astebete lehenago ezer prestatu gabe geunden. Ez dakit nola, baina azkenean dena  ondo ateratzen da, lurretik sortutako zerbait balitz bezala”. Garikoitz Arrese-Igorrek badaki zertaz hitz egiten duen, ez alferrik daramatza 17 urte akelarreko antzerki taldean.  


“Europa osoan ez dago halakorik”

Arrese-Igor aspaldi hasi zen homosexualen eskubideen aldeko mugimenduetan eta azkar ulertu zuen akelarrearen benetako funtsa, ez bakarrik sexu askatasunari zegokionez –antzerkian saiatzen dira eszena hetero, gay, lesbiko eta bisexualak nahasten–, baita aldarrikatzeko emakumeen papera, edo droga eta alkoholaren kontsumoaz hausnartzeko. 39 urteko donostiarrak apustu egingo luke ez dela Europa osoan halako plaza, jendetza eta ordutegian antzeko ekitaldirik egiten.  

Horrek kritikak ere ekarri dizkie. “Denetarik entzun izan dugu. Hasi ginenean Akerrekin halako keinu sexualak egiten protesta handiak izan ziren. Gogoratzen dut guraso elkartekoek egunkarira gutuna bidali zutela eta nik erantzun nuen esanez gurea probokazioa bazen, haurrek bideo-jokoetan ikusten dutena zer ote den. Gure artean ere eztabaida sortu zen. Ni ez nengoen inondik inora prest makurtzeko, bestela ez nintzateke aterako”.

Bestelako iritziak ere izan dituzte. Talde feministek maiz kritikatu izan dute Akerren funtzioa eta erotismo falikoaren nagusitasuna. Arrese-Igorrentzat ez zaie arrazoirik falta eta seguruenik aldaketak egin beharko dituzte zentzu horretan.

Akelarrean kontziente dira une batzuetan irudiak gogorrak direla, deserosoak akaso. Zein da probokazioaren muga? Mugarik badu agian? Errebindikatzea eta dogmak haustea akelarrearen esentzia dira eta detaile txikienetan ere igartzen da hori. Zer pentsatuko luke militar parakaidistak jakingo balu bere uniforme zaharrari zakil bat josi diotela Hernaniko Akerraren mozorro bihurtzeko?

Plazaren erdian sua, eta haren inguruan sorginak eta sorginduak, azken dantza frenetikoan: bagak hatza aurrera eramanez, bigak bizkarra konkortu eta jauzika.... Zirkulu horretan  sortzen diren sentsazioak deskribatzea ez da erraza: “Hor zaude erdi biluzik, lastoz josita, jendea begira, lotsa, txantxak... Polita da azkeneko momentu hori”. Eta horrela, astiro-astiro, sugarrak hiltzen doaz, Exkixuren kanta hark zioen moduan, gauak ere ondo baitaki noiz datorkion goiza.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Jai herrikoiak
Ehun bat eragilek Mugimendu Sozialistak txosnetan parte hartzea defendatu dute

"Mugimendu Sozialista gure herriaren errealitate politiko eta sozialaren parte da, eta ideologia baztertzailerik ez duen beste edozein eragilek bezala, espazio zabaletan eta jai herrikoien antolaketan parte hartzeko eskubidea dauka", adierazi dute oharrean. Makina bat... [+]


2024-02-14 | ARGIA
Ertzaintzak begia larri zauritu dion gaztearen aita
"Ez da bidezkoa, hamasei urte ditu; bada garaia gauzak aldatzeko eta asko gainera"

Villabonako Berdura plaza bete dute herritarrek otsailaren 13 iluntzean, Tolosako inauterietan Ertzaintzak gazte bati begia larri zauritu ziola salatzeko. Bere aitak azaldu ditu begian dituen lesio larriak eta Ertzaintzaren jokabidearekiko haserrea plazaratu du: "Ez da... [+]


Irungo inauterietako kartel irabazlea adimen artifizialak egina dela salatu dute

Irungo inauterietako kartel lehiaketa irabazi duen gizonak adimen artifizial bidez sortu du irudia, ziurtatu du Luis Doviso diseinatzaileak: “Iruzur egin du, bere burua egiletzat aurkeztu duen pertsonak ez duelako kartela egin, makina batek baizik”. Jakin gabe,... [+]


2024-01-31 | dantzan.eus
Inauteriak 2024 oinarrizko egutegia

Kaskarotak eta maskaradak kasik urtearekin batera hasi dira eta jarraian etorri dira beste zenbait inauteri festa. Goiztiarrenak urtarrilean ari dira ospatzen, baina aurten inauteri gehienak datoz oso goiz. Otsailaren 8an izango da Ostegun gizena eta 13an Inaute asteartea. Hadi!... [+]


Eguneraketa berriak daude