"Duela hogeita bost urte kontratenorrik ez zegoen hemen"

  • Mezzosopranoa, sopranoa eta kontraltoa ditugu emakumezkoen ahotsetan. Gizasemeetan, baritonoa, tenorra eta baxua. Erdian bada eremu bat: kontratenorra, antzinako musika kantatzeko berariazkoa. Horixe landu zuen Euken Ostolazak, gurean horretan inor ari ez zen sasoian. Tenor ari da gaur egun Parisen.

Euken Ostolaza Zamora (Donostia, 1961) Kresala dantza taldean hasi zen txistulari; Donostiako Orfeoiaren eskolan, musika ikasketak egiten.
Euken Ostolaza Zamora (Donostia, 1961) Kresala dantza taldean hasi zen txistulari; Donostiako Orfeoiaren eskolan, musika ikasketak egiten. Dani Blanco

Ez zaude gustura… Donostian, Europako Kultur Hiriburuaren inguruan gertatu direnak ez dituzu kontu gozoak. Hala ere, konponbidean da, nonbait.

Konpondu? Bi urte barru egin behar dugu! Hau herri suizidario baten dialektika da, horrelakorik ez da inon gertatzen. Proiektuak eginda egon behar zuen orain dela bost urte, eta orain, lanak bukatzen! Frantzian Marseillan egin zuten bezala. Ez dut esan nahi Marseillan egin zutena egin behar zenik hemen, baina Marseillan egin dute, portura sartzen zarenean, museo bat… zo-ra-ga-rri-a! Hiri guztiak irabazi du kohesioa. Lanpostuak sortu dira, mordoa. Eta turismo mailan piperrik ere balio ez zuena, helburu turistiko da orain. Hor dira Europaren laguntzak, jakina. Hemen ibili dituzten gatazkak, ordea… Konpondu omen dira! Eta zenbat jendek dimititu du? Eta izendatu zuten jendearen artean, zer?... Gurea dialektika suizida hutsa da, zeharo perbertituta gaude. Lasaituko ahal naiz, hala ere! Parisetik etortzen naizenean erresuminduta, tristatuta, nazkatuta egoten naiz; gero, baretu egiten naiz poliki-poliki. Nola daiteke Guggenheim egiteko gai den herri bat, Espainia kontra genuen garaian, Donostiakoa egin ezinik…
 

Parisen zaudela ere, baduzu hemengo berri.

Ez da garai batean bezala. Etorkina joaten zen, eta ez zuen etxeko berri. Orain, internet bidez beti hemen sartuta nago. Edo Euskal Telebista ikusten dut, edo hemengo egunkariak irakurtzen ditut. Eta Parisen banago ere, urtean hamar aldiz Igeldon naiz ni, Euskal Herrian, bultzia hartuta. Bertan pasatzen ditut opor guztiak. Batzuek galdetu ere egin didate: “Hemen bizi al zara? Etorri al zinen?”. Ez dut ezer idealizatu nahi, baina atzerrian zaudenean, egoera erlatibizatzen ikasten duzu.


Zer esan nahi duzu?

Anekdota bat. Anekdotek balio anekdotikoa besterik ez daukate, baina balio bat. Espainiako telebista piztu eta: “Andaluziarra naiz… Hori baino gehiago: ni, andaluziarra, eta nire familia osoa ere andaluziarra”. Hori euskaldun batek esango balu, akabo! Arrazista, xenofobo eta gainerako arrosarioa entzun beharko luke. Euskaldunok geureganatuta daukagu horrelakorik ez esatea. Hezur mamiraino sartuta daukagu kritikatu egingo gaituztela. Eta, orduan, aitatu ere ez. Ez naiz harrokeriaz ari, harrotasunaz baizik. Zentsurarik txarrena autozentsura da, zentsurarik bortitzena, perbertsoena, pentsamendu kritikoa ere galarazten diguna. Euskal Herria maite dudala ere ezin esan!


Ez zaitugu enbaxadore makala.

Asko ibili naiz batean eta bestean. Jakinaren gainean ari naiz: Europako txokorik onenetakoa iruditzen zait Euskal Herria. Ez da “iruditzen zait”, “da” baizik. Frantziarrari esan euskalduna zarela eta, automatikoki: “Zein eder! Zoragarria da!”. Frantziarrari zoragarri zaio hau. Eta badakizu zergatik?


Zein da, bada, arrazoia?

Halaxe delako: zo-ra-ga-rri-a! Hemengo mikroklima, hemengo Pirinioak, itsasoa, bi kultura aldamenean –Frantziakoa, batean; Espainiakoa, bestean–… Mikroklima batean bizi gara, bizitzeko gozotasuna daukagu hemen. Udan, gure itsasoko urak ere lau gradu gehiago ditu Asturiasen edo Landetan baino. Klima gozoa da gurea. Euria daukagu, eta eguzkia. Europa osoan euria daukate, eguzkirik ez. Guk, berriz, bietatik daukagu. Aldiz, hemengo eguraldia txarra dela sartu digute buruan, eta ezin atera. Zoaz Almeriara, ikusiko duzu astebetera nola itzultzen zaren. Mila gauza... Gure hizkuntzarekiko errespetu falta izugarria, adibidez. Gure musikarekikoa.


Atera da zure lanbidea, tenorra baitzara. Irakasle ikasketak egiten ari zinela ezagutu zintugun. Baina ez zenuen bide hartan aurrera egin.

Jendea hitz egiten hasi zen, beti bezala: “Gure promozioan irakasle asko izango da [1980], lanik ez da izango, haur gutxiago dator…”. Eta, horretan, deialdi bat egin zuen Gipuzkoako Diputazioak, lehiaketa, eta sartu nintzen. Azterketa egin eta aho batez onartu ninduten. Foruak, karlismoa eta gainerakoak ikasi nituen… Marxek karlismoa defendatu zuen, Karl Marxek, ez nik. Baina PSOEko irakasle progreak hor ziren beti, karlismo guztiak bat eginda: Iparragirreren, Sabino Aranaren, Santa Kruzen karlismoak ez du ikustekorik Francoren garaiko karlistekin. Bi mundu kontrajarriak dira zeharo: hizkuntza gal, arima gal… Oso onak gara amalgamak egiten.
 

Tenor bitarteko bidea kontatzen hasi behar duzu.

Goizez besterik ez genuen lan egiten diputazioan eta, abantaila, arratsaldean Donostiako Orfeoiaren entsegu guztietara joaten nintzen. Hango eskolan hasi nintzen ikasten, berandu, 27 urte nituela, diputazioan eszedentzia eskatuta. Oraindik ez naiz itzuli. Handik, Frantziara. Orain Frantziako Irrati Nazionaleko abesbatzan ari naiz, baina txistuari esker nago han.


Txistuari esker?

Bai, han sartzeko proba baztertzailea, solfeo modernoa izan zen, ondo jakin behar duzu solfeoa, tonalitate ezberdinak. Irrati Nazionaleko abesbatzan errepertorioa asko aldatzen da, eta ezin ditugu kanta guztiak buruz ikasi. Aste batetik bestera, partiturak ekartzen dizkigute, eta ondo irakurri behar duzu. Eta nik txistuari zor diot hori. Gero ondu egin dut, jakina, baina txistuari zor diot. 15-16 urte izango nituen Jose Inazio Ansorenarekin hasi nintzenean. Hari zor diot. Antzerkia, euskara, gaztelania… Oso maisu ona zen. Larramendi ikastetxean eta kontserbatorioan, bietan izan nuen. Meritu handiko pertsona. Langile porrokatua. Eta euskaldun berria bera, baina nola ikasi zuen euskaraz!


Nola sartu zinen Orfeoian?

Audizioa eginda. Legendako zuzendaria izan nuen audizioan, Antxon Aiestaran. Musika irakurtzen nuen, bai, baina ahotsa, berriz, halakoxea neukan. Antxonek, hala ere, aukera eman zidan. Gero hobetu nuen ahotsa, abestuz eta abestuz, eta errepertorio ezberdinak eginez. Horrela egin nuen bidea, Frantziara joan nintzen arte. Arriskuak gustatzen zaizkit, eta, bestalde, batere materialista ez naiz. Etxean asko kostatu zitzaien ulertzea, administrazio karrera utzi eta kantatzen hasi behar nuela. “Diputazioko postua galduko duzu”, baina nik abestu egin nahi nuen. Zazpi urte eta erdi egin nituen diputazioan, ordenantza, eta oso zoriontsu ere! Jendearekin harremanetan beti. Hura utzi eta kantatzen hasteko erabakia hartzeko, berriz, eroxka izan behar da, edo zeure buruari “behin bakarrik bizi gara” esan behar diozu. Bestela ez dago…


Donostiako Orfeoian sartu zinen…

Ahots berezia neukala esaten zidaten, ahots polita, eta kontratenor hasi nintzen, antzinako musika kantatzen. Jakina, esaten zidaten nik entzun nahi nuena, kar, kar. Horrela etorri zen. Musikari eta artista guztiei gertatzen zaiena gertatu zait niri ere, aurrena espero nuena ez dudala egin. Nik, izan ere, nazioarte mailako bakarlari karrera egin nahi nuen. Parisen, nire lana abesbatza profesionalean lan egitea da, baina, horretaz aparte, solista karrera txiki bat egiten ari naiz. Lehengo batean, artean maiatzean, Bretainiako Quimper-en abestu nuen, bakarlari. Bernard Cavannaren A l’ agité du bocal (Buruz nahastutakoari), Celineren testu baten gainean egindako opera. Zuzendariak nahi zuen hiru tenorretako bat neu izatea. Horixe ohorea! Musika modernoa abestu nuen, eta abenduan Parisen egingo dugu. Lehenago, Parisko operan nengoenean, hainbat paper jokatzen nituen, baina txikiak. Hiru urtean, hiru paper txiki. Eta Parisko operatik aparte zerbait egin nahi nuenean, baimena eskatu eta erantzuna beti zen “ez”, sistematikoki. Eta horrela ezin da. Irratian, berriz, hamalau urte daramatzat, eta askotan egiten dut handik aparteko lanik. Hainbatetan baimena eskatuta ere, behin bakarrik esan didate ezetz.


Hortaz, Frantziako Irrati Nazionaleko abesbatzan ez ezik kantari zabiltza.

Proposatzen dizkidaten operak, kontzertuak eta gainerakoak egiten ditut. Baietz esaten diet horrelako proposamenei, beti. Aberasgarria zait, oso, baita intelektualki ere. Nire lana da irratiko abesbatzan lan egitea, oso ondo, baina horretaz aparte, bakarlari jardutea gustatzen zait, oraindik orain Bretainiako opera berri horretan egin dudan bezala.


Intelektualki aberasgarria…

Errepertorioa asko aldatzen baita. Askoz ere musika gehiago ezagutzen duzu. Horregatik eskatzen dute oso ondo irakurtzen dakien jendea, hizkuntzetan trebea dena, eta tonalitate eta erritmo zailetan ere ondo moldatzen dena.
 

Kontratenor hasi zinen, baina tenor ari zara orain.

Kontratenorrak faltsete ahots naturala du, eta horri edertasuna ematen saiatzen da. Gizaseme oro kontratenor gara, baina ni hasi nintzen garaian inork ez zuen hori lantzen. Duela hogeita bost urte Donostian zegoen gustu musikalarekin konparatuz gero, ni oso aurrerakoia nintzen. Garai hartan, jendeari kontratenor ahotsa lantzeak lotsa emango zion. Niri, berriz, inolako lotsarik ez zidan ematen. Niri beti gustatu izan zait antzinako musika, Erdi Arokoa, barrokoa eta hori dena. Orain normalagoa da, baina duela hogeita bost urte kontratenorrik ez zegoen hemen, jendeak ez zuen ezagutzen ahots tipo hori, ez zen ausartzen. Diputazioan ari nintzela beka bat lortu nuen, eta hasi nintzen.


Eta gaur egun, tenor ari zara.

Bai, bestelako erregistroa hartu dut. Kontratenor ari nintzen, baina errepertorio handiagoa du tenorrak, dela opera kantatzeko, dela beste edozertarako. “Bai, bai, tenor ahots interesgarria daukazu”, esaten zidaten nire maisuek. Sei bat hilabetean, biak egiten ibili nintzen, kontratenor eta tenor. Behin, kontratenor ari nintzen azken sasoian, kontzertu bat egin nuen, baina txarra. Hartu eta itzuli egin nuen txekea! Tira, ez nituen nota asko utzi egin gabe, bizpahiru, baina neure ahotsak esan zidan: “Zeuk aukeratu: edo kontratenor izaten jarraitzen dugu, edo tenor”. Handik atzera tenor hasi nintzen; tenor, bakarrik. Serio abestekotan, edo kontratenorra zara, edo tenorra, edo baritonoa. Zeure ahotsari dagokion tesitura landu behar duzu, ez besterik. Eta tenorra naiz. Kontratenorra izan nahi izan banu ere, behin ere ez nintzen Parisko operan izango. Kontratenor ahotsa antzinako musika edota barrokoa egiteko erabiltzen da, ez besterik. Egitura profesionaletan ahots estandarrak besterik ez dituzte onartzen.
 

Zer eman dizu Parisek, zer Frantziak?

Asko. Ikasketak hemen hasi nituen, baina han bukatu. Dena eman dit: musika, bizia, maitasuna… Oso esker onekoa naiz. Hemen baino desumanizatuago dago Frantzia, hemen baino materialistago da jendea. Horixe du Frantziak, Jainkoa hil zuten, eta Jainkoarekin batera, humanismoaren balio asko ere bai. Eta oso gaizki dabiltza horrela. Konflikto izugarria dute erlijioarekin. Eta hizkuntzarekin. Garai batean pentsatzen zuten hizkuntza patois-ak frantsesaren arerioak zirela. Orain konturatu dira ezetz, frantsesaren arerio bakarra ingelesa dela.


Arerio?

Espainian gertatzen den bezala. Ematen du katalana eta euskara, espainolaren arerio direla, baina espainolak ez du areriorik behar. Espainolaren problema da bigarren mailako hizkuntza bihurtu dela. Inportantea da, baina mamboa dantzatzeko besterik ez du balio. Horrelaxe! Bi edo hiru belaunaldi barru, espainola ama-hizkuntza izatea mundura irteteko zailtasuna izango da. Guk euskara eta ingelesa beharko genuke, eta kito. Bai, espainola hizkuntza handia da, baina bigarren mailakoa, eta gero eta bigarren mailakoagoa izango da. Espainola, zailtasun erantsia da.


Ez alferrik, idatzita dago Euskaldunak eta espainolak, Joxe Azurmendirena. Zein musikagile interpretatu nahi izaten dituzu?

Gero eta gehiago gustatzen zait Verdi, eta Puccini ere bai. Errepertorio alemana ere asko estimatzen dut; Richard Strauss, adibidez, XX. mendekoa… Baina musika ez da musika bakarrik, musika hizkuntzak ere bada, literatura, mitologia, folklorea, tradizioa.... Horregatik, musika klasikoa interesatzen zaion pertsona askoz irekiagoa da, interesatzen ez zaiona baino. Hasteko, hiru hizkuntza dituzu musika klasikoan: italiera, alemana eta frantsesa. Errepertorio ikaragarria dago hiru hizkuntza horietan. Errepertorio germanikoa bera zoragarria da. Wagner, esaterako. “Zein abestu nahiko zenuke?” galdetuko bazenit, Wagner esango nuke, baina Wagner ez da ahotsa, turbo motorra baizik. Munduan oso gutxi dira Wagner abestu dezaketen ahotsak. Horretarako ahotsa, turboa behar duzu!

Nortasun agiria

Euken Ostolaza Zamora (Donostia, 1961) Kresala dantza taldean hasi zen txistulari; Donostiako Orfeoiaren eskolan, musika ikasketak egiten. Lyoneko Goi Kontserbatorioan segitu zuen ikasten bi urtez, eta lau urtez Versaillesen. Ikasketak amaitu eta abeslari karrera hasi zuen. Bi urte egin zituen Estrasburgoko operan, hiru Pariskoan, eta Frantziako Irrati Nazionaleko abesbatzan da orain, Le Choeur de Radio France-n, aldatzeko asmorik gabe. Joxe Mari Usandizaga, Nicanor Zabaleta, euskara, Gernikako arbola, betiereko Nafarroa –betiko euskal estatua–, gure kanta zaharrak… Iritziak ere baditu, eta batere herdoilik ez mihian. Erbestean bizitzeak ematen duen libertate eta freskotasuna ditu lagun.

Igeldo

“Igeldon jaioa naiz, Leku Eder etxean bertan, eta Antiguan hazia. Txikitan, Igeldoko herrira joaten ginen. Igeldo eta Donostia, gatazka politikoa da, besterik ez. Hemen beti batzuk besteen kontra. 53 urte ditut, eta jada ez didazu Donostia kenduko. Kresalan dantzari, Donostiako Orfeoian abesten, Diputazioan lanean… Zeinek esan behar dit ni baino donostiarragoa dela?”.
 

Errespetua

“Euskal Telebista piztu. Nola hitz egiten du jendeak euskaraz? Frantzian berriz, ipurdia galdu beharrean, frantsesez ondo hitz egiteko. Italian berdin. Eta Espainian, ipurdia galdu beharrean, ahoskera ederrena erabiltzeko, inflexio egokienak baliatzeko, seduzigarri izateko… Gurean, jendeak nola hitz egiten du euskaraz? 250 hitz baino ez ditugu erabiltzen. Horrela ezin duzu sentimendurik azaldu ez ezer. Heriotzara goaz!”.
 

Galde shorta
Bada hamahiru

Igeldo. Nire herria.
Leku Eder. Urterik politenak, unerik saminenak. Gure familia.
Donostiako Orfeoia. Ahots ikasketak Isabel Alvarezekin. Bizikizunak, eta bi lagun, betiko. Bidaia ahantzezinak. Eta Antxon Aiestarani esker ona, betiko.
Txistua. Zer errepertorio, zer aberastasun!
Gipuzkoako Diputazioa. Aldundia. Nik ezagutu nuena, sendi bat zen. Santa Rita zaindariaren eguneko bazkaria. Lana, umorez.
Donostia. Zenbat eta espainolago, orduan eta probintzialago. “¡Qué pena!”, en español.
Frantzia. Dena eman dit. Haien kultura, tradizioa, aberastasuna. Gure mentalitate espainolarentzat Frantzia ez da existitzen. Guretzat okerrago!
Espainia. Mejor no hablar (hobe ez aitatu).
Euskal Herria. Independentzia oraintxe, hemendik ordu laurdenera. Eta bizi, eta munduari gure aberastasuna eskaini. Donostiako martxak dioena: Bagera! Ba al gea? Bai, bagara!
Musika. Zenbat emozio!
Euskara. Nire hizkuntza. Badakizu Bibliak zer dioen: hasieran bazen hitza. Nirea, euskaraz.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Donostia 2016
Kulturak hiria eraldatu nahi izan zuen urtea

Urteak igaro genituen “Donostia 2016” entzuten. Europako kultur hiriburua, herritarren energia olatua, elkarbizitzaren kultura... Hitz handien atzean, krisiz eta gatazkez betetako prozesua izan zen. Nork ez du oroitzen Odon Elorza eta Juan Karlos Izagirreren arteko... [+]


2016: kultura aitzakia gisa erabili zen urtea?

Atzera begira, inork gutxik uste du 2016ak bere helburu kulturalak bete zituenik. Kontrara, ordutik hona, hiriaren turistifikazio masiboaren erantzuleetako baten moduan ikusten dute askok egitasmoa. Baina zer zioten garaian hiriburutzaren kontrakoek? Izan al du hiriburutzak... [+]


Streisand efektuak ez gaitu zentsuratik libratuko, Donostia 2016n ikusi genuen

Iazko abenduko egun bat izan zen, larunbat goiza. Ahoz aho zabaldutako informazioari esker izan nuen filmaren proiekzioaren berri eta kulturgune batera joan nintzen, Donostian, gauza handirik jakin gabe: zer ikusiko genuen pantailan, sarrerarik ordaindu behar ote zen, zenbat... [+]


Donostia 2016k eragindako diru sarrerek apenas berdindu dute proiektuaren aurrekontua, datu ofizialen arabera

Donostiako Udalak eta Donostia 2016 kultur hiriburuaren zuzendaritzak kalkulatu dute kultur hiriburuak 47,1 milioi euro utzi dituela hiriko ehundura ekonomikoan. Kultur hiriburuaren aurrekontua 46,8 milioi eurokoa zela.


Donostia 2016: amaitu da festa

Azkar pasa da Donostia Europako Kultur Hiriburu izan den urtea ezta? Nolanahi, errepasatzen hasita etorkizunean ere zeresana eman dezaketen gaiak plazaratu dira proiektuaren inguruan. Donostia 2016ri begiratu diogu, Donostia 2017tik.


Eguneraketa berriak daude