Jean McConville in memoriam: egia, justizia eta ordaintza

Ez nuen Jean McConville ezagutu, noski. Orain arte ez dut bere izena ezagutu, ezta bere bizitzaren eta heriotzaren berri izan ere. Apirilaren 29an entzun dut izen hori lehen aldiz, Gerry Adams atxilotu dutenean.

Jean McConville 1971n alargundu zela jakin dut, hamar seme-alabaren ama zela eta pobrezia handian bizi zela. Ipar Irlandan gertatutako gatazka gogor hartan, Jeanek 37 urte zituela, IRAko kide batzuek jipoi ikaragarria eman zioten beldurtzeko asmoz, eta handik denbora gutxira –iturri batzuen arabera, hurrengo egunean–, 1972ko abenduan, bere etxetik bahitu bere seme-alaben aurrean, larriki torturatu eta tiro batez hil zuten. Ez zen gehiago jakin 1999ra arte, IRAk hilketa onartu zuenean, Ostiral Santuko Akordioak sinatu eta handik urtebetera. Gero, 2003an, gorpua azaldu zen, ibiltari batek aurkiturik, Belfastetik 80 kilometrora, hondartza batean ehortzita. Bere seme-alabek bizitza oso gogorrak izan dituzte, eta orain egia eta justizia eskatzen dituzte.

Hau guztia jakiterakoan ezinbestekoa egin zait gurera etortzera. Ez ditut ezagutzen Ipar Irlandako giltzarriak. Beraz, ez dakit hau guztia Gerry Adamsen aurkako kanpaina politiko maltzurra den edota zergatik azaldu den garai honetan. Bere etxean bahitu zuten ere, ez zait gehiegi interesatzen. Hau da, berdin zait gertaera honek nori egiten dion kalte edo mesede. Niri interesatzen zaidana da erabakitzea, denon artean, honek zer suposatzen duen: iraganeko mamuak itzultzea ala egia eta justizia gauzatzea.

Gure erronkei begira, argi dago –horrela ulertu dut nik, behintzat–, bake prozesu eraginkorrak aurrera egin ahal izateko elkarbizitza sendotu behar da. Eta, aldi berean, elkarbizitza ez dagoela errotzerik egia, justizia eta ordaintza bermatzen ez badira.

Horrela onartu zen orain urtebete, iazko maiatzean, Foro Sozialak aurkeztu zituen Bake Prozesurako Gomendioetan. Hauen artean, labur bilduz, hauek daude: erakundeek egia eta adiskidetzerako mekanismoa baliabide eraginkor modura bultzatu behar dute. Gure “kontaketa” egiterakoan era ezberdinak egongo diren arren, sektore sozial eta politiko guztietan autokritika eta egindako akats larriak aintzatesteko jardun zintzoa bultzatu behar dira, biktima guztiek daukaten egia, justizia eta ordaintza eskubideak kontuan harturik.

Ez dakit hau guztia nola gauzatuko den. Ez dakit noraino jakin nahi dugun egia eta noraino egin nahi dugun justizia. Oraindik nire zalantzak dauzkat. Ez dakit ere, noraino izango den “praktikoa”, Ipar Irlandan Gerry Adamsena ezagutu eta gero egin diren hausnarketak kontuan hartzen baditut.

Nik errealitate bat ezagutzen dut, amaituta –horrela dirudi, zoritxarrez–, borobilduta eta –inozoak!– hainbat tokitan amestuta. Espainiako errealitateaz ari naiz, “trantsizio politikoaz”, non, egia, justizia eta ordaintzaren ordez, “amnesia” nagusitu zen.

Badakit denbora asko igaro dela Jean McConville hil zutenetik eta egoera soziala eta pertsonak sakonki aldatu direla. Ez dut ezagutzen hango Zigor Zuzenbidea; ez dakit delituen preskripzioa edo indultuak nola dauden araututa. Bestalde, badakit justiziaren erantzuna egokitu behar zaiola garai berriari. Baina, zer egingo dugu egiarekin? Uztargarriak dira, nire iritziz, egia, justizia, aitortza eta etorkizunerako nahi dugun elkarbizitza. Gure gizarteak baditu horretarako tresnak –indultua tartean–, baina horretaz beste batean hausnartuko dut.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
"Mario Lopez" eta "Gernika"

Krimen matxistak, mediatizatzen direnean, emakumeontzat lezio bilakatu ohi dira, eta bizirik badago, biktimarentzat. Nerea Barjola ikertzaileak Alcasserko kasuaren bidez azaldu zigun hori. Eta Nagore Laffageren hilketak ere lezio astun bilakatzeko arriskua izan zuen, lezioa... [+]


2024-03-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


2024-03-31 | Diana Franco
Teknologia
Gorputzaren memoria

Mekanografia ikasi baduzu, gitarra jotzen, josten edo eskuz idazten, ulertzen duzu zure gorputzak zelan memorizatzen dituen zenbait jarduera. Gorputza eta adimena modu miresgarrian daude harremanduta, bat dira. Gizakiok sortu dugun teknologia eta honek gure gorputzarekin duen... [+]


Energia berriztagarrien zabalpen masiboaren iruzurra

EH Biziriketik sarritan salatu izan dugu energia berriztagarrien zabalpen masibo honen atzean   ezkutatzen   den   eredu   ekonomikoa.   Hazkunde   ekonomikoa   ezinbesteko baldintza duen eredu ekonomikoan... [+]


Eguneraketa berriak daude