Hainbesterako eta gehiago

Arrasate 1936: emakumea, gerra eta errepresioa.
Arrasate 1936: emakumea, gerra eta errepresioa.

1936ko azaroaren hasieran Arrasateko bost emakume fusilatu zituzten tropa frankistek. Florencia Olazagoitiak 40 urte zituen hil zutenean. Hiru seme-alaben ama zen eta bost hilabeteko haurdun hil zuten. Baina halako kasuak “salbuespena” izan ziren; gerran atxilotu, kartzelaratu eta fusilatutako gehienak gizonezkoak izan ziren. Arrasate 1936: emakumea, gerra eta errepresioa dokumentalean lekukotza eman dutenak gerrako protagonisten azken lerroan daude, ezkutuan, isilpean. Galtzaileen alderdian daude eta, gainera, emakumeak dira.

Dokumentalaren aurkezpenean, Intxorta 1937 elkarteko kide Julia Mongek esan zuen lekukotza horiek biltzea ez dela lan erraza izan, batzuek atzera egin zutelako, eta hitz egin dutenek, askotan, beren bizipenei dagokien garrantzia ematen ez dietelako. Agian horregatik, lekukotzak apalak dira, duinak. Eta dokumentalaren egileek tonu horri eusten asmatu dute. Gertatutakoaren irudi errealik ezean, dramatizazioetara jo dute. Errepresentazioak egoki girotzeaz gain, dramatismo funsgabea saihestu dute. Protagonistak ez dira biktimismoan jausten, biktimak izan arren. Bizirik ateratzeak ez baitu esan nahi biktimak izan ez zirenik. Fusilatuen emazteak, arrebak, alabak ziren, haien gorpuen bila Ondarretako kartzelara joan behar izan zuten, edo ilea larru-arras moztu zieten eta horrek zekarren umiliazioa jasan behar izan zuten.

Lehengo batean, blog batean irakurri nuen emakumeei ilea moztearena faxisten kontua izan ohi dela, baina ez esklusiboki. Bigarren Mundu Gerraren amaieran naziekin harremanak izandako emakume frantziar askori ere ilea moztu zieten, umiliazio publiko gisa. Dokumentala ikustean, blogaren sarreraren amaieran irakurle batek utzitako iruzkinaz gogoratu nintzen: “Ez da hainbesterako, ilea hazi egiten da”. Iruzkinaren sinplismoa iraingarria da, eta metafora gisa, erabat okerra. Ilea berez hazten baita, baina gerra ostean emakume arrasatear haientzat gauzak ez ziren bere onera etorri besterik gabe. Erbestera joan behar izan zuten batzuek, familia osoa jaso behar izan zuten besteek, eta gogor lan egin behar izan zuten, lan egiteko aukera zutenean behintzat, lan bila zebiltzanek erantzun hau jaso ohi baitzuten maiz: “Galtzaileentzat ez dago lanik”.

Emakume horien meritua ez da soilik gerraren ondorioak jasan izana, gerra oste luzean aurrera egiteko gaitasuna baizik. Baina haien hitzetan ez dago heroikotasunik, ezta amorrurik ere, gerran bizitakoekin bakeak egin balituzte bezala. Dokumentalean hitz egiteari uko egin ziotenek nahiago dute ez oroitu. Parte hartu duten batzuek besterenak nabarmendu dituzte, beren buruari garrantzia kenduta. Baina dokumentalaren amaiera aldera lekuko batek urtetako gutxiesteei, mesprezuei, isiltasunari erantzuten die, serio, kamerari zuzen-zuzen begira: “Hainbesterako ez zen izango… Hainbesterako ez, gehiago”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: 1936ko gerra
Jokin Pantxeska Etxebarria. Gerrako ume, aitaita
"Hiru aldiz esan dute gorria naizela, komunista!"

Irisarriko herrigunera sartu orduko, hantxe, etxe baten atarian, ikurrina eta estelada. Jokin Etxebarriaren bizitokia duzu. Gerrako ume izandakoa, hamaika ibilera –eta hamaika baino gehiago ere bai–, han eta hemen egindakoa. 92 urtek nahi beste bizitzeko aukera... [+]


Missak Manouchianen lorratza
Euskal partisano komunistak nazien kontra

Otsailaren 21ean Missak Manouchian eta Melinée Assadourian senar-emazte armeniarren gorpuzkiak Pariseko Panteoian sartuko dituzte ohore guztiekin. Poeta eta partisano komunista, Manouchianek ekintza ikusgarriak gidatu zituen Bigarren Mundu Gerran okupaturiko Frantzian,... [+]


Frankismoko bunkerrak
Hormigoizko orbainak Pirinioetako mugan

1936ko Gerra amaitzear zela, Franco diktadoreak Pirinioetan milaka bunker eraikitzea agindu zuen. Mendian horiek ikusten aspaldi ohituak gaude, baina ez genekien defentsarako lerro erraldoi bat osatzen zutela, eta azken urteetan berreskuratzeko ekimenak jarri dira abian. Izan... [+]


Espoliazio frankista
Ibex35 eta euskal oligarkiaren zimenduak

Frankismoa ez zela 1975ean amaitu diktadoreak ohean azken hatsa eman zuenean, hori badakigu. Erregimenaren haziek bizirik iraun zuten poliziaren tortura ziegetan, justizia auzitegien sumarioetan eta militarren zein politikarien deklarazio kolpistetan –Aznarrek azkenaldian... [+]


Eguneraketa berriak daude