Pobreek zergatik ematen diote botoa eskuinari?

  • Herritar aurrerazaleak etsipenez berresten du hauteskundez hauteskunde: bere inguruan bizi ezin direlako kexu ari diren herritar xumeek boza ematen dietela aberatsenei zergak kentzen dizkieten politikariei. Fenomeno zaharraren osagai berriak aztertu ditu AEBetan Thomas Frank historiagile eta kazetariak eta Serge Halimik berridatzi Europatik.

"Cathosavecsarko" izen iradokitzailea (Catholiques avec Sarkozy esaldiaren laburdura) daukan webgunean daukate eskegirik 2012ko maiatzean, Frantziako lehendakaritzarako kanpaina betean, azkenean galtzaile atera zenari egindako elkarrizketa hau. Lerro-burua euskaratu daiteke "Nire balioak Frantziarentzako" bezala "Frantziaren aldeko nire balioak". Sarreran diote Alexis Brézet eta Karl Meeuzek: "Lana, erantzukizuna, autoritatea: Errepublikako lehendakariak ezarri ditu kanpainaren oinarriak. Homosexualen arteko ezkontzaren eta eutanasiaren kontrarioa, iragartzen du hezkuntzaren erreforma handi bat eta aurreikusten erreferendum bat langabetuen diru-laguntzaz eta immigrazioaz". François Hollandek irabazi arren, eskuinaren programak aurrera dirauela ikusi da hilabete gutxiren buruan. Ezkerra beldurturik bozemaileak beldurtuko ote zaizkion, eskuina gero eta konplexu gutxiagorekin.

Thomas Frank historialari eta kazetari iparramerikarra (Kansas City, AEB, 1965) izkribu bikainak argitaratua dago Harper’s Magazine, The Wall Street Journal eta Le Monde Diplomatiquen. Egin dituen bederatzi liburu nabarmenetatik gaztelaniara itzulita daude, guk dakigula, kontra-kulturaren erradiografia den “La conquista de lo ‘cool’”, “Pobres magnates” eta “¿Qué pasa con Kansas? Cómo los ultraconservadores conquistaron el corazón de EE.UU”.

Azken hau argitaratu berri diote frantsesez (“Pourquoi les pauvres votent à droite”), hitzaurrea egin diolarik Le Monde Diplomatiqueko zuzendari Serge Halimik. “Thomas Frankek –dio honek hasieran– sorterri duen Kansasen zer gertatu zen aztertu du. Ikusi baitu egia bilakatzen kontserbadoreen ametsa: langileriaren zati batek eman die ahalmen politikoa aurretik obreroek nekez lortutako babes sistema suntsitzeko”. Frankek Kansasen deskribatua Frantzian ere –eta Espainian gehitu genezake guk– aplikatzeko modukoa dela azaltzen du Halimik.

Frankek aipatu ditu, noski, azalpen erlijioso edo kulturazkoak, talde sozial baten barruan zatiketak eragin ditzaketenak: abortoa, homosexualen ezkontza, eskoletako otoitza, heriotza zigorra, armak edukitzeko askatasuna, pornografia, gutxiengoak, immigrazioa... 

Baina, beste hau ere badago: kapitalismo berriak eragindako segurtasun ekonomikorik ezak eraman ditu proletario eta klase ertainetako asko segurtasuna beste nonbait biltzera, moralaren alorrean. Langile eta enplegatuok Errepublikarrei emango diete botoa hauek trebeziaz beren kontserbadorismoa balioen eremuan kokatzea lortu dutelako.

“Pentsio funtsekin espekulazioa eginez aldi berean abortuaren kontra egon daiteke. Eskuinak orduan bi alorretan irabazten du, tradizioarenean eta liberalean”, laburbildu du Halimik. Langileen lehengo lorpenak aurkeztuko dira garai nahasi batek utzitako zaharkeriatzat, iruzurra baimentzen dutenak, nagikeria, diru-laguntzetatik bizitzea.

Lehen osagaia, balio erlijiozkoena, ez da AEBen berezitasuna. Zer kontatuko digute gogozko edo derrigorrezko espainoloi, hamabostean behin kardinal batek ez bada apezpikuak gerra zibilarekin berriz mehatxatzen gaituztenoi. Baina laikotasuna ikurtzat daukan Frantzian ere mamitu da.

Nicolas Sarkozyk 2004an “La République, les religions, l’espérance” liburuan dio: “Azken urteotan garrantzia handiegia eman zaie soziologiako gaiei, gutxiegi baloratuz erlijioa, izpiritua (...) Katekesiak moralaren zentzua eman die belaunaldi askori. Erlijioa irakasten zen baita familia sinesgabeetan ere. Balio horiek oreka ematen zioten gizarteari”.

Negarrez bildua barrez jan

Kansaseko eta oro har AEBetako gizartearen eskuineratzea 1960ko hamarkada bukaerako krisian gertatu zen. Ordura arte balio kolektiboek eta Estatuarekiko itxaropenak –azken finean honek gainditu zuen 1929ko krisia, II. Mundu Gerran garaitu nazismoa, komunismoari hortzak erakutsi mundu osoan...– izoztu egin ziren. Nazioartean konkurritzeko arazoak aurkitu zituzten yankien produktuek, lanpostuak urrutira joaten hasi, auzuneetako karriketan istilu larriak gertatu... eta segurtasunik eza obsesio bihurtzen hasi zen.

1969tik 2005era bitarteko 36 urteetatik 24tan agintean egon da eskuina AEBetan. Estatuaren gainerako mekanismoak ere kontrolpean dauzka. Baina ez du sekula aski, eta lortu du herritar askoren artean pasaraztea bere diskurtso biktimista: eskuindarrei entzunez badirudi agintean ezkerra dagoela eta beraiek oposizioan.

George W. Bush, AEBetako presidentearen semea eta senadore baten biloba, kexu zen New Yorkeko establishmentak mespretxatzen omen zuelako. 29 urterekin Frantziako hiri aberatsenetako baten alkate izaten hasi eta Errepublikako kargu guztiak eduki dituen Sarkozyk frantses txiroei esango die eliteak kontra dauzkala.

Dio Halimik: “Eskuinaren errezeta zaharra darabil: interes ekonomikoez ez hitz egitearren –ondo erabakita, jende gutxi batzuenak defenditzen baititu– hitz eta pitz aritu behar du balioez, kulturaz eta jarrerez: ordena, autoritatea, lana, meritua, moralitatea, familia”.

Nork jarri ditu arriskuan ordena, autoritatea, lana, meritua, moralitatea eta familia? 1968ko maiatz hark. Berriro Sarkozy: “Aldarrikatu zuten dena zela libre, agintea bukatua zela, fini edukazioa, fini errespetua, jadanik ez zegoela ezer handirik, ezer sakraturik, ezer miresgarririk, araurik ez, ezta debekurik ere (...) Lanaren krisia ezer baino lehen krisi morala da, eta horretan erantzukizun handia dauka 68ko maiatzak”.

Dena ez da, hala ere, ideologia. Aldaketa soziologiko eta antropologiko sakonak gertatu dira AEBetan bezala Europan. Obreroen multzoak ahuldu egin dira, multzoa ahultzean nor bere etorkizunaz modu indibidualistagoan egiten hasi kalkuluak. Aukerak nahi ditu bakoitzak, bere merituak onar daitezen, bere lanaren balioa aitortu. Lana beltz egiten duen arren ez zaio behar bezala ordaintzen.

Obrero askoren bizimoduak langabetuen eta etorkinenaren gero eta antza handiagoa dauka. Eta oldartzen dira: “Eskola edo bizilekua aukeratzeko eskubidea nahi dute, txarragoak ez dituzte nozitu nahi (...). Aberatsen pribilegioak hain urrun ikusiz, ez dute haietan amets ere egiten. Eten ekonomikoaren lerroa ez da hainbeste aberatsen eta pobreen edo kapitalisten eta obreroen artekoa; gehiago da soldatapekoen eta diru-laguntzetatik bizi direnen artekoa. Zuriak eta gutxiengoak, langileak eta iruzurgileak”.

Ondo saldu du eskuinak diru-laguntzetatik bibalapepa bizi den familiaren ipuina. Ronald Reaganek asmatu zuen subentziotan urtean 150.000 dolar pilatzen ei zuen etxekoandrea. Jacques Chiracek hilabetean estatuari 7.500 euro osten zizkion aita familiako alferra. Sarkozyk 2006an abisatu zuen txalo artean: “Besteren lanetik bizi nahi duten horiei (...) ezer egin gabe dena nahi duten horiei, nik esaten diet ez daudela behartuta gure lurrean bizitzera”. Alde hemendik, kapar horiek! Alferkeria, diru-laguntzak eta etorkinak, Euskal Herrian ere funtzionatzen du koktelak.

Eta funtzionatzen du, gogorarazten du Halimik, jende xehearen anti-intelektualismoak baduelako sustraia: mundializazioak beste asko baino hobeto tratatu ditu ikurren erabiltzaileak: idazleak, abokatuak, arkitektoak, bankariak, kazetariak. “Azken hauek lezioak ematen hastean irekitasunaz, tolerantziaz, ekologiaz, bertuteaz, eltzea lehertzen da”. Buruarekin lan egiten dugunon kontra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia
“Heriotzaren merkatariak jada ez dira ezkutatzen, euskaldunak ere ez”

Ezohiko irudia ikusi zen Madrileko Moncloako jauregian martxoaren 18an: estatuko industria militarraren buru nagusiak Pedro Sánchez presidentearekin eta Margarita Robles Defentsa ministroarekin bilduta. Bertan ziren ere Hego Euskal Herriko enpresa militarretako buru... [+]


Europa gainbeheran?

Europar Batasuneko (EB) Legebiltzarra berritzeko hauteskundeak deituta daude datorren ekainerako eta iraupena 2029 artekoa izango da. Amaitzear dagoen legealdi honetarako, Ursula von der Leyen batzordeburuaren helburuetako bat zen Europa berdea sustatzea, baina xede hori... [+]


Analisia
Ez iskin egin zaintza sistemari

Arabako Foru Aldundiaren erabaki batek etxez etxeko zerbitzurik gabe utzi ditu 150 pertsonatik gora, EH Bilduk salatu duenez. 700 euroren truke etxe barruko langile edo interna jarri behar izaten dira emakume etorkin asko, ez dutelako logela bat ordaintzeko modurik, Nafarroako... [+]


Eguneraketa berriak daude