argia.eus
INPRIMATU
Txano gorriak: energia-trantsizioa ere bada jokoan
  • Bonnets rouges frantsesez, bonedoù ruz bretainieraz, euskaraz txano gorriak. Iazko udazkenean Bretainia astindu zuten autobideetako peaje atariak kiskaliz, Parisko gobernuak ezarritako ekotasari bidea ixteko. Isilago bada ere lanean segitzen dute geroztik. Erreketak gertatzen dira tarteka. Eta martxoaren 10ean biltzar nagusia izan berri dute.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2014ko apirilaren 13a
Le Journal du Dimanche egunkarian Maxppp batek sinatutako irudian, bonedoù ruz bretoi bat Frantziako gobernuak kamioiei ekotasa kobratzeko eraikitako atari bat suak nola kiskaltzen duen begira; aurrean jendarmeak. Irudi txikia, Bizi! kolektiboak bere gun
Le Journal du Dimanche egunkarian Maxppp batek sinatutako irudian, bonedoù ruz bretoi bat Frantziako gobernuak kamioiei ekotasa kobratzeko eraikitako atari bat suak nola kiskaltzen duen begira; aurrean jendarmeak. Irudi txikia, Bizi! kolektiboak bere gunean erakusten duena, Lapurdiko Miarritzen hartuta dago: Bizi!-ko kideak autopista gaineko zubian kamioientzako pollutaxe edo kutsazerga ezartzea aldarrikatzen, eragiten duten kutsadura pagatu dezaten. Bretainian txano gorriek sortutako liskarrek hainbat irakurketa eragin dituzte, seguruenik osagai asko nahasita sortu delako mugimendu interklasista hau. Bada herri arazoa, hizkuntzarena ere bai, bada sistema aldatu nahi dutenen ezinegona, bada ere sistemaren kudeatzaile diren patronal eta sindikatu handien eskua ere. Horrelako borrokak ugaritzen ari dira energiaren eta klimaren krisi bikoitzak eraginda.

Hiru mila lagun inguru bildu dira Morlaixen (Montroulez breizheraz) martxoaren 10ean, Le Telegramme egunkariaren fotoetan ikus daitezke beren txano gorri ezagunak buruetan.

Erwan Kernek Argian “Bretainiaren kolera gorria” kronikan azaldu zituen bretainiar matxinoon aldarrikapenak. Horiek 15 ataletan bildurik onartu dituzte Montroulezeko biltzar nagusian. Le Telegrammek kontatu duenez, lehentasuna dute kamioientzako ekotasaren betirako baztertzeak eta Frantziak eskualdeei (regionalisation asko esatea da Hexagonoan, inor gutxi ausartzen da frantsesa ez den beste naziorik aipatzera) ahalmen handiagoak emateak.

Eskari gehiago ere badira, ordea. Bretainiari berriro atxikitzea Loire-Atlantique departamendua, Nantes-Ar Naoned barne. Bretainiak zigortzen duten zenbait lege eta arau frantses desegitea. Bretainieraren erabilera zabaltzea eskoletan. Breizherazko hedabideak gehiago babestea. Itsas bazterreko trafikoa sustatzea. Eskualde jakin bat “zona franko” izendatzea. Bretainiaren historia sartzea eskoletan.

Baina osagai gehiago ere baditu Bretainiako matxinada berriak, eta horretaz ohartarazi digu Nafarroa Beheretik I.E. irakurleak (zorionekoak Argiako langileok, irakurle zorrotzak edukitzeagatik), gure esku jarriz joan den abenduaren 18an Mediapart hedabideak eskaini zuen eztabaida interesgarria: “Bonnets rouges et écotaxe: le débat Troadec-Etxeverry”. Osorik ikusgai daude bere 43 minutuak Dailymotionen.

Christian Troadec alkate abertzalea da Carhaix-Karaezen. Euskaldun askok ezagutzen dute ondo herri hau, Oiartzunekin senidetua. Troadec da, gainera, txano gorrien lider ezagunena.
Noël Txetx Etxeberri Iparraldeko Bizi! mugimenduko liderretakoa da, Abertzaleen Batasuneko kide ezagunetarik. Mediapartekoek ez diote alferrik deitu Txetxi: azken hilabeteotan Lapurdiko autobideetan ekitaldi deigarriak burutu dituzte Bizi!-koek... kamioientzako pollutaxe edo kutsatzeagatiko zerga eskatuz preseski.

Bizi!-koak askoz lehenagotik ari ziren kutsatzaileek ordaindu dezaten exijituz. Petrolioa, gasa, ikatza... gero eta urriagoak dira, dagoenekoz garestitzen ari eta etorkizunean askoz karioago izanen dira. Bide batez, milioika urtez pilatu diren erregai fosilak urte gutxitan kiskaliz klimaren aldaketa ari gara eragiten, dagoenekoz gertatzen ari da.

“Gure haurrak –dio Txetxek– harrapaturik utziko ditugu giltzarrapo bikoitz batean. Alde batetik geuk eragindako klimaren aldaketaren ondorio ikaragarriak. Bestetik, geuk xahuturik, horiei aurre egiteko behar den energia gabe, dela dikeak egiteko eta abar”. Hortik pollutaxe bezalako zergen beharra, egin beharreko trantsizioa finantzatzeko.

Bizi!-k trantsiziorako politika baterako proposamen zabala landu du azken urteotan, eta lortu du azken udal hauteskundeetan ateratako euskal alkateen hiru laurdenek beren kanpainan estrategia hori onartua edukitzea.

Aldatu beharra krisiaren erdian

Karaezeko alkatearentzako, berdin txano gorrientzako, ekotasa iritsi zaio Bretainiari bere ekonomia lur jota dagoenean, milaka lanpostu itxita, agro-elikadura osoa krisian itoa. Ahularen buru gainera zerga berri bat, ustez alternatibak eraikitzeko balio behar duena, baina oraindik alternatibarik ez dagoenean. Bretainia penintsula da, bere produkzio gehiena esportatzen du eta ia dena kamioiz.

Azken 50 urteotan Bretainiak trenbide sarea ia guztiz galdu du. Kamioiek, gainera, produktu bera batera eta bestera darabilte produkzio katean, handik pentsuak ekarri, hemen oilaskoak gizendu, harantzago hil, urrun eraman zatitzera, berriro ekarri ontziratzeko... ekotasa txikia izan arren joan-etorri guztiok garestitzen dute dagoeneko lehiakorra ez den produktua. “Gure onerako dela esanez dagoeneko ahulduta dagoen eskualde bati Paristik zerga berri bat ezartzea, hori jendeek ez dute onartzen”.

Bretainiak ez du onartzen kamioiak ukitzerik. Aldiz, Bizi!-k salatzen du gehiegi laguntzen zaiela kamioiei: zergatan gutxiegi pagatzen dute autobideen mantenua kostatzen denaren aldean. Azken finean, herritar guztiak ari dira pagatzen kamioiek eragindako gastuak. Bitartean, SNCF tren konpainiak segitzen du bere lanpostuak gutxitzen, burdinbide gaineko garraioa ahultzen. “SNCFk nahi du trenbideko langileak bihurtu daitezen kamioi txofer”, argudiatzen du Txetxek.

Azkenean ekotasa bertan behera utzi du Parisko gobernuak, Bretainiako protesten baina baita ere kamioi jabe handien lobbyaren presioz. Baina Bretainiak krisi ekonomikoan murgildurik jarraitzen du, hein handi batean herrialde horren indargunea izan den agro-elikadura gainbehera datorrelako.

Nekazaritzan oinarritua eta esportazioari begira antolatua dago Bretainiako ekonomia 1960ko hamarkadatik. Globalizazioarekin prezioen gerra betean sartuta, lehiakortasuna eten gabe galdu du. Oilasko eta txerri haragi merkean berezitu baldin bazara, beti egonen da munduan horiek merkeago gizendu eta salduko dituenik. Orain Europa bere PAC arau nagusia berritzera doanean, okela merkea merkaturatzen berezitutako industriak diru-laguntzen parte bat galduko du. Askoz diru gehiago, ekotasarekin pagatu beharko zutena baino.

Bretainiako nekazaritzak sortzen duen balioa arras erori da azken hamarkadotan. Sortzen diren labore eta aziendetatik oso gutxi transformatzen da bertan, granjetan hazitako txerrien herena. Frantziak gaur egun inportatzen du kontsumitzen dituen oilaskoen %44. Aldiz, Bretainiak esportatzen ditu oilasko merkeak Ekialde Hurbilera. Frantsesendako txarregiak. Eta oilasko horietan txapelduna den Doux lantegien jabea da Frantziako aberatsenetakoa eta nekazaritzako PACetik diru gehien jaso duena.

Kontua da trantsizioa ez dela erraza. Troadecek dioen moduan, “eredu hori eraiki da 1950-1960 urteetatik, horretan utzi dute bizia gure gurasoek, nireak barne, eta eredu horretan lortu dute gutako asko Bretainian geratzea, bertan lan eta bizitzea erabakita. Ez dute beste aukerarik izan. Orain ikusten dira haren hutsak”.

Txetx Etxeberrik defenditu du kamioien kutsadurarentzako tasa nekazaritzan duela 60 urte egindako okerra berriro gerta ez dadin. Nekazaritzan ez zituzten aurreikusi erabaki haiekin sortu behar zituzten arazoak. Orain arriskua dugu etorkizunean beharko dugun energia alaiki xahutzen jarraitzeko.