Autogestioan oinarritzen dugu gure bizimodua

Autogestioan oinarritzen dugu gure bizimodua

Jexux Agirresarobe Arzallus naiz, usurbildarra, eta nire 44 urteetatik 20 fabrikan pasa ondoren, azken lau urteak nekazari lanetan daramatzat. Nire bizitza autogestionatzen saiatzen naiz.

Orain lau urte hasi nintzen nire enplegua sortzen. Nekazari ofizioz, lur mutur batean etxerako adina elikagai ateratzen dugu eta oiloek ematen dituzten arrautzetatik ateratzen dugu bizimodua. Ez naiz, baina, betiko baserritar bat, baserri mundutik datorren mutila izanda ere.

Moulinex enpresan egiten nuen lan, eta ez genbiltzan oso ondo. 2006an enpresa beste nagusi baten eskuetara pasa zen eta txartu egin zen giroa. Nekatuta, behar horretan aritzeko ilusiorik gabe, 2010ean lana uztea erabaki nuen. Hurrengo egunean bertan ekin genion etxeko negozioa antolatzeari, eta Aitziberrek, emazteak, asko lagundu dit horretan. Terreno puska bat bagenuen eta bi urteko langabezia-prestazioa zegokidanez, horixe aprobetxatu nuen gaur daukaguna martxan jartzeko.

Jende askok galdetu zidan ea zertan nenbilen, fabrikan egunero zortzi orduz lanean aritu eta hilero soldata finko bat poltsikoratzea gauza ederra dela eta amets txoro batekin bueltaka ari nintzela. Batzuetan pentsatzen genuen, “egia da, ur handiegietan sartu ote gara”, baina niri hori gustatu! Txikitatik izan dut arantza hori. Ume nintzela ondoko baserrikoak esnea partitzera joaten ikusten nituenean arretaz begiratzen nituen eta beti gustatu izan zait etxez etxeko salmentan sortzen den tratua, gertutasuna. Produktore txikiek handiei aurre egiteko baliatu behar dugu harreman hori, gainera. Handiak merkeago egingo ditu gauzak igual, baina hura han dago; eta guk konfiantza eskaintzen dugu.
Badakit gaurko ofizio honetan ez dagoela oporrik, dedikazioa eskatzen duela eta soldata, seguru aski, lehen bezainbestekoa ez dela izango, baina gustatzen zaizun horretan aritzea eta eguneroko bizipoza izatea… Aldea dago. Juxtu biziko garela? Ados. Baina bizi gara, geurea eginez, geure modura antolatuz, eta hori baloratzen dugu guk. Orain ez daukagu handiaren menpe aritu beharrik, autogestionatu egiten dugu gure txikian produzitzen duguna, eta gure erara moldatzen dugu. Asko ikasten da, gainera, beharrezkoa dena eta ez dena bereizi eta kontsumitzen. Bi galtza pare gutxiagorekin ibiliko garela? Bale. Baina janaririk ez zaigu sekula falta izan mahaian, eta are gehiago, badakigu zer sartzen dugun ahora, jaten dugunaren parte handi bat gure baratze eta oiloetatik lortutakoa baita.

Hemen ez dago zortzi orduko txanda egin eta alde egiterik, ez eta ostiraletik astelehenera arteko deskantsurik ere. Beste modu batera bizitzen erakutsi digu: lotura estua eskatzen du ofizioak, baina askatasun handia ere ematen du. Geldirik egotea da txarrena, eta garai hauetan irtenbideetako bat izan liteke nekazaritzarena, behintzat etxerako janaria ateratzeko. Txikitik eta pixkanaka, baina biziz.