Piraten araudi eredugarria

Henry Morgan (1636-1688) kapitainaren kodea da guregana iritsi den piraten araudi bakanetakoa.
Henry Morgan (1636-1688) kapitainaren kodea da guregana iritsi den piraten araudi bakanetakoa.Alexandre Axquemelin

Londres, 1724. Charles Johnsonen A General History of the Pirates lana argitaratu zen. Bertan, egileak lau pirata-kode bildu zituen, edo kode zatiak behintzat. Araudi moduko horiek piratak zigortzeko froga gisa erabili ohi zirenez, atxilotu baino lehen erre edo itsasoan desagerrarazten zituzten. Horregatik, Johnsonek bildutakok dira ale bakarrak. Kapitain bakoitzak bere araudia izan ohi zuen, baina oro har hiru eremu arautu ohi zituzten kodeok: diziplina, irabazien banaketa eta zaurituentzako kalte ordainak. Literaturan zein filmetan kodea pistolak edo ezpatak gurutzatuta edo eskua giza burezur baten gainean jarrita zin egiten zela esan arren, gehienetan Biblia erabiltzen zuten araudia onartzeko. Johnsonek honela laburbildu zuen piraten kodea:

I. Gizon guztiek dute botoa eta jaki freskoak eta likoreak hartzeko eskubidea.

II. Harrapakina banan-banan eta ordenan banatuko da.

III. Ezin da kartetan edo dadoetan diru truk jokatu.

IV. Argiak eta kandelak iluntzeko 8etan itzaliko dira.

V. Pistola eta ezpata garbiak eta borrokarako prest izan behar dira.

VI. Ontzian ez da onartzen ez haurrik ez emakumerik .

VII. Guduan ontzitik ihes egitea edo giltzatuta geratzea heriotzaz edo arau-hauslea uharte batean utzita zigortuko da.

VIII. Borroka debekatuta dago ontzian. Liskarrak lehorrean konponduko dira, ezpataz edo pistolaz.

IX. Bizimodu hau uzteko mila libera utzi behar dira potoan.

X. Kapitainak eta intendenteak harrapakinaren bi zati jasoko dituzte; maisuak, kontramaisuak eta kanoilariak, zati eta erdi; gainerako ofizialek zati eta laurden.

XI. Musikariek larunbatetan atseden hartuko dute.

Guregana iritsi den koderik zaharrena Henry Morgan kapitainarena da. Soldatak eta kalte-ordainak zehazten dituelako da bereziki interesgarria. Arotzek 150 erreal jaso ohi zituzten; medikuek 250. Eskuineko hanka galtzen zuenari 500 erreal edo bost esklabo ematen zitzaizkion; ezkerrekoak 100 erreal –edo esklabo bat– gutxiago balio zuen. Galdutako begi eta hatz bakoitzak 100 erreal balio zuen.
Edward Low eta George Lowther kapitainei egozten zaien araudia 1722koa da. Kode horren berrikuntza bitxiena: zerumugan ontzi bat ikusten zuen lehenak pistola onena aukeratzeko eskubidea zuen.

1724an John Phillips Revenge ontziko kapitainak ez-erretzaileak eta emakumeak hartu zituen kontuan. Pipan estalkirik jarri gabe erretzen zuenak 39 zigor kolpe jasoko zituen, eta emakumearen baimenik gabe sexu harremanak behartzen zituenak, heriotza.

Oro har, kontratu haiek aitzindari izan ziren. Kortsarioen artean hedatu ziren lehenik, eta XIX. mendean iritsi ziren “legezko” merkataritza ontzietara. Baina ordurako, irabazien banaketa askoz desorekatuagoa zen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Otziren tatuaje modernoak

1991n Alpeetan Ötziren gorpua aurkitu zutenetik, egoera oso onean kontserbatutako 5.000 urteko arrastoak ikerketa asko egiteko erabili dituzte. Hasieratik arreta eman zuten azalean zeuzkan 61 tatuajeek. Adituek uste zuten tatuaje horiek azalean ebaki txikiak eginda eta,... [+]


Sabbatai Zevi mesiasaren irakaspenak

Esmirna (Turkia), 1647. Sabbatai Zevi rabinoak (1626-1676) bere burua mesias izendatu zuen. Autoizendatze horrek ez zuen une horretan oihartzunik izan. 1651n Esmirnatik egotzi zuten eta hainbat urtetan Grezian, Trazian, Palestinan eta Egipton ibili zen, noraezean. Baina 1665an... [+]


Baskoien beste herrixka baten aztarnak aurkitu dituzte Nafarroan eta AHTren lanek suntsitu ditzaketela salatu dute

Muru Artederreta herrian, Murugain izeneko muinoan, Burdin Aroko herrixka baten horma agerian geratu da, AHTren lanentzako laginak hartzen ari zirela.  Bizilagunen hango elkarteak salatu du trenarentzako tunel baten ahoa eraikitzeak harresiaren zati bat suntsituko lukeela.


2024-04-17 | dantzan.eus
Dantzan babestu ziren Garaziko errefuxiatuen kolonian

Gerratik ihesi 1937ko ekainean Donibane Garazin Bilbo eta inguruetako 600 haur jaso zituzten. Hiriburuko Ziudadelan Eusko Jaurlaritzaren menpeko eskola kolonia bihurtu zuten, eta bi urtean 8-14 urteko 800 bat haur igaro ziren bertatik. Haurrekin 80 bat heldu ere iritsi ziren:... [+]


Eguneraketa berriak daude