Borroka, festa eta gerra zikina

  • Roberto Herrero eta Isidro Lopez::El estado de las cosas de Kortatu (Lucha, fiesta y guerra sucia)

    Lengua de trapo. Cara B bilduma. 2013

25 urtetik gora joan dira Irungo Kortatu desegin zenetik. Zeresan handia eman zuen taldeak eta gorenean zegoenean eman zuen azken agurra. Egia da Muguruza anaiek segidan abiarazi zutela Negu Gorriak taldea, eta gerizpean utzi zutela hastapenetako punk, ska eta rock proiektua, baina Kortaturi zor zaio gero etorriko zenaren hazia, proiektu honetan batutako esperientzia eta lantzen hasitako estrategia ez direlako eten; han ikasi eta planifikatutakoa garatu da.

Kortatu taldeaz landutako lehen liburua Madrilgo bi kazetarik egin dute, eta Lengua de Trapo argitaletxeak kaleratu du, disko esanguratsuei buruzko lanak landu eta argitaratzen dituen Cara B bilduma kuttunean (Aurretik Enrique Morente eta Lagartija Nick taldearen Omega, Los Planetas taldearen Una semana en el motor de.., Nacho Vegasen Cajas de música difíciles de parar eta Mecano 82 diskoei barrenak atera eta argitaratu dituzte). Prozesu oso luzea izan da berorren gauzatzea eta 2011tik 2013ra aritu ziren Euskal Herriko eta Espainiako musikari, kazetari, soziologo eta bestelako pertsonak elkarrizketatzen eta Kortatu taldearen El estado de las cosas diskoaren inguruko testuinguru politiko, sozial eta musikala azaltzeko kontakizuna harilkatzen.

Ez da musika talde baten ohiko biografia, helburua disko baten inguruan hausnartzea baita, baina taldea ezagutzera emateko –pasarteak ere barne– oso baliagarria izateaz gain, Euskal Herriko mugimendu sindikalean, elkarteetan eta eta politikoan izandako esperientziak erretratatu egiten ditu; eta Ezker Abertzalearen eta mugimendu autonomoen arteko zenbait jomuga ere plazaratzen ditu. Horrez gain, GAL eta Espainiako aparatu polizialen ustelkeria ere agerian uzten du, estatu terrorismoa, tortura nahiz narkotrafikoa berbagai dituela.

Eta horrekin guztiarekin bat, Fermin Muguruzak eta taldekideek musikaren eta politikaren gainean zuten iritzia eta lan-ildoa. Izan ere, Kortatu ordura arteko musika talde bat baino askoz gehiago izan zen, musikalki kanpotik soinu asko ekarri eta bere egin zituelako; profesionaltasun handiz talde oso landua bilakatu zelako; Aldi berean, musikak gailu moduan duen indarraz oso azkar jabetu zirelako eta hala baliatu zutelako.

El Estado de las Cosas garai jakin baten ezinbestek soinu banda da, 80ko hamarkadan Espainiako Estatu osoan parekorik ez duena. Hori erakutsi nahi izan dute egileek. Liburuaren hitzaurrea Bernardo Atxagak egin du.
Orain arte liburuan jaso gabeko musika talde interesgarri baten bitartez, gertatutakoa eta bizi izandakoa gainbegiratzeko, eta ezagutu ez dutenek deskubritzeko, aukera aparta.


ASTEKARIA
2014ko apirilaren 06a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal Rock Erradikala
2022-09-23 | ARGIA
Hertzainak taldea agertokietara igoko da berriz, agur esateko

‘Azkena gure alde’ izeneko azken bira egingo dute taldeko Gari, Josu Zabala eta Txanpik. Irailaren 29an emango dute xehetasun gehiago.


Uda gehiagorik ez reggeatoi euskaldunik gabe

Udako jai ibilbidea bukatu da, eta jende askok bere gorputza astindu du reggeatoiaren erritmora. Dantza horiek hauspotu dituen abestietako bat ere ez da euskaraz izan.


Iñigo Muguruza hil da

Iñigo Muguruza Irungo musikaria ostegun honetan hil da. Esklerosi anizkoitza zeukan eta gaixotasun hori dela-eta eszenatokiak utzi zituen 2015ean.


Garik eta Josu Zabalak bigarren kontzertu bat ere emango dute Hertzainak taldearen errepertorioarekin

Asteazken honetan iragarri dutenez, Garik eta Josu Zabalak bi kontzertu emango dituzte Hertzainak taldearen errepertorioa joz. Irailaren 26an Bilboko Euskalduna jauregian ematekoak diren kontzerturako sarrera guztiak agortu ondoren, irailaren 25ean beste zita bat jarri dute 80ko... [+]


2019-07-01 | Hala Bedi
Josu Zabalak eta Garik Hertzainak taldearen 38. urteurrena ospatzeko kontzertua iragarri dute

Kontzertua irailean izango da eta Hertzainak taldearen sei diskoetako abestiak joko dituzte eskainiko duten kontzertu "errepikaezinean".


Eguneraketa berriak daude