Teknologiaren etorkizuna ezin asmatu

1949an Popular Mechanics aldizkari espezializatuak esan zuen etorkizunean ordenagailuek tona eta erdiko pisua ez zutela gaindituko. Garaiko ordenagailuak ikusita, aurreikuspena baikortzat jo daiteke.
1949an Popular Mechanics aldizkari espezializatuak esan zuen etorkizunean ordenagailuek tona eta erdiko pisua ez zutela gaindituko. Garaiko ordenagailuak ikusita, aurreikuspena baikortzat jo daiteke.

Londres, 1876. William Henry Preece (1834-1913) elektrizitate ingeniari eta asmatzaile galestarrak Britainiar Posta Bulegoan lan egiten zuen telefonoaren patentearen berri izan zuenean. “Amerikarrek telefonoa behar dute, baina guk ez; guk mutiko mandatariak sobera ditugu”, bota zuen. 1899an posta zerbitzutik erretiratu zenean, sir titulua eman zioten egindako lanagatik –ez aurreikuspenengatik–. Baina Preeceren labankada ulergarria da nolabait, batetik telefonoa patentatu eta berehala eman baitzuen iritzia, asmakizunak izango zuen bilakaeraren zantzurik gabe. Bestetik, telegrafiaren eta irratiaren eremuan jardun zuen galestarrak, eta konpetentzia berria astintzea logikaren barruan egon daiteke. Zailagoa da ulertzea, handik aurrera, komunikazioaren teknologiari buruzko aurreikuspenak egitean, hainbatek bere buruari harrika eman izana.

Thomas J. Watson (1874-1956) IBMko presidenteak, esaterako, ez zuen nonbait fede handirik bere enpresaren ildo berritzailean. “Munduan, beharbada, bost ordenagailurentzako merkatua dago”, esan omen zuen 1943an, aipua egiztatuko duen frogarik ez dagoen arren.

Ondorengo aipua Popular Mechanics teknologiari buruzko aldizkari ezagunak argitaratu zuen 1949an eta, beraz, zinezkotasuna ez dago zalantzan jartzerik. “Etorkizunean ordenagailuek tona eta erdi baino gutxiagoko pisua izan dezakete” zioen, adorez, 1902an sortu eta oraindik ere argitaratzen den aldizkariko artikulu batek. Ezin esan oker ibili zirenik.

Popular Mechanics motz geratu zen aurreikuspenean, eta berdin egin zuen IBMk –berriro ere– 1959an. “Fotokopiagailuentzat, gehienez, 5.000 unitateko merkatu potentziala dago mundu osoan” adierazpena egin zuen enpresa multinazionalaren txosten batek. Watsonen aurreikuspenari zero batzuk gehituta ere, errealitatetik urrun geratu ziren. Hala ere, ulertzekoa da IBMren “ezkortasuna” konpetentziaren merkatuarekiko, urte berean Xeroxek merkaturatu baitzuen lehen fotokopiagailua.

1977an Ken Olsen DEC (Digital Equipment Corporation) enpresako presidenteak hauxe bota zuen: “Inork etxean ordenagailu bat nahi izateko arrazoirik ez dago”. Olsenen defentsan esan beharra dago erabat lur jota zegoela IBMk PCa, hau da, ordenagailu pertsonala, merkaturatu zuelako. Presidentearen hitzei jaramonik egin gabe, DECek hiru makina atera zituen IBMren erronkari erantzuteko; hirurek porrot egin zuten.

Bill Gates ahalguztidunak ere ederki erakutsi zuen hanka sartzeko gaitasuna 1988an, “ez dugu sekula lortuko 32 biteko sistema eragilerik” esan zuenean.

1995 urte oparoa izan zen teknologiari buruzko aurreikuspen okerrentzat. Clifford Stoll astronomo, idazle eta “hacker ehiztariak” zera esan zuen: “On-line datu baseek ez dituzte paperezko egunkariak ordezkatuko, CD-romek ez dute irakasleen tokia hartuko eta ordenagailu sareek ez dute gobernuaren lan egiteko modua aldatuko”. Robert Metcalfe, Etherneten sortzaileetako batek, aldiz, hauxe bota zuen urte berean: “Internet supernova ikusgarria izango da aurki; 1996an kolapso katastrofikoa izango du”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Otziren tatuaje modernoak

1991n Alpeetan Ötziren gorpua aurkitu zutenetik, egoera oso onean kontserbatutako 5.000 urteko arrastoak ikerketa asko egiteko erabili dituzte. Hasieratik arreta eman zuten azalean zeuzkan 61 tatuajeek. Adituek uste zuten tatuaje horiek azalean ebaki txikiak eginda eta,... [+]


Sabbatai Zevi mesiasaren irakaspenak

Esmirna (Turkia), 1647. Sabbatai Zevi rabinoak (1626-1676) bere burua mesias izendatu zuen. Autoizendatze horrek ez zuen une horretan oihartzunik izan. 1651n Esmirnatik egotzi zuten eta hainbat urtetan Grezian, Trazian, Palestinan eta Egipton ibili zen, noraezean. Baina 1665an... [+]


Baskoien beste herrixka baten aztarnak aurkitu dituzte Nafarroan eta AHTren lanek suntsitu ditzaketela salatu dute

Muru Artederreta herrian, Murugain izeneko muinoan, Burdin Aroko herrixka baten horma agerian geratu da, AHTren lanentzako laginak hartzen ari zirela.  Bizilagunen hango elkarteak salatu du trenarentzako tunel baten ahoa eraikitzeak harresiaren zati bat suntsituko lukeela.


2024-04-17 | dantzan.eus
Dantzan babestu ziren Garaziko errefuxiatuen kolonian

Gerratik ihesi 1937ko ekainean Donibane Garazin Bilbo eta inguruetako 600 haur jaso zituzten. Hiriburuko Ziudadelan Eusko Jaurlaritzaren menpeko eskola kolonia bihurtu zuten, eta bi urtean 8-14 urteko 800 bat haur igaro ziren bertatik. Haurrekin 80 bat heldu ere iritsi ziren:... [+]


Eguneraketa berriak daude