Hardcorea baino gehiago

  • Enkore::Kanala

    Oihuka, 2014

Erritmo biziak, doinu mardula, gitarra zorrotzak, melodia itsaskorrak, erraz gogoratzen diren leloak eta arretaz landutako ahotsak entzun daitezke Enkoreren Kanala bigarren disko luzean.

Faktore komunak (2013) haien aurreko disko luzea entzunez gero nabarmena da taldeak 80ko hamarkadako AEBetako hardcore melodikoa atsegin duela, eta lan berrian estilo horren zantzuak suma daitezke, baina kantuetan denbora erdiko erritmoak, astunagoak diren beste batzuk, pasarte samurrak eta beste hainbat ezuste aurki daitezke. Grabazioan, besteak beste, pianoa eta organoa erabili dituzte, eta egin dituzten hainbat moldaketa hardcore talde batean ez dira ohikoak.

Enkore taldeak jotzen duen musika hardcorea baino gehiago baita. Zenbait kantuk pop edo rock kutsua dute, eta beste hainbat kantutan giro hunkigarriak ere gauzatu dituzte. Azken batean, taldekideak heldutasun puntu batera iritsi dira, eta kantuak osatzeko ukitu eta xehetasun egokienak bilatu eta aurkitzen dituzte.

Enkore taldea Bilbokoa da. Xabi Hoo (ahotsa) Urtzi Iza (gitarra), Aitor Gallastegi (baxua) eta Alvaro Olaetxea (bateria) dira taldekideak. Grabazioa saioetan, Kauta taldeko Mikel Morenok eta Hesian taldeko Zuriñe Hidalgok ere parte hartu dute, eta ederki aritu dira Begiak itxi eta Ozen oihukatu kantuetan abesten, hurrenez hurren.

Halaber, grabazioan, produktore batekin aritu dira lehen adiz, Jagoba Ormaetxearekin, eta beren sustraiak alde batera utzi gabe, taldekideek moldaketa berri batzuk probatu dituzte haren laguntzaz.
Hitzetan, eguneroko bizimoduan ikusten edo sentitzen dutenaz zuzen mintzo dira: “Azken juizioaren ordua heldu da; biktimak izan arren, gaizkide gara” (Gaizkide gara).

Abiadura bizian kantuan aurrera begiratu behar dela diote: “Helmugarik gabeko trena hartu dugu; atzean utzitakoa ahaztu, arnas hartu eta aurrera; gogoak, kemena, grina, ilusioa eta indarra gure bidelagun dira; ametsak etengabe berrituz, ezin gara gelditu azken geltokian”.

Borrokatzearen beharra ere aldarrikatzen dute: “Libre bizi, borrokatu; askatasun ametsak egi bihurtu; maite duguna defendatu; entzun gaitzaten ozen oihukatu!” (Ozen oihukatu).

Beren barrura ere begiratzen dute —”Zerotik hasi nahi nuke, ni neu izateko; bihotza biluztu larrutik haratago, ni neu izateko”. (Ni neu)—, eta maitasuna eta gai samurrak ere ukitzen dituzte: “Jolastu nahi baduzu, jolas dezagun izaren artean; biok bakarrik gaude, lotsarik ez da; eta marraztu ditzagun kolore bako haragizko tximeletak” (Izaren artean); “Airea izan nahi dut; zure hasperen bakoitzean nik aire izan nahi dut” (Airea); “Hemen gaude elkarri begira, sekretuen berotasunean; engaina nazazu, esan egongo garela… elkarri begira” (Begiak itxi); “Hemen nago, bai, zure ondoan; oihuka ezazu berriz nire izena, eta betiko zurekin izango nauzu”(Zure ondoan).

Enkore 2009an Bilboko Errekalde auzoan sortu zen. Urteotan, oihartzun handia lortu dute. Bi EP (Multiplo Komunetako Txikiena eta Zatitzaile Komunetako Handiena) eta single bat (Zer Garen) beren kabuz ekoitzi ondoren, 2013an Faktore Komunak lehen disko luzea kaleratu zuten. Disko horretako hainbat kantuk Euskadi Gaztean arrakasta izan zuten.

2011n Gaztea Maketa Lehiaketako epaimahaiaren saria lortu zuten, eta beste hainbat lehiaketatan ere sarituak izan dira: Bilboko talde berrien lehiaketa, Bizkaia TV maketa lehiaketa, Banden Lehia 2010, Barakaldoko Pop-Rock Lehiaketa Nazionala 2010, Leioa Pop-Rock 2011…

Euskal Herrian ez ezik, Europako beste hainbat herritan ere aritu dira jotzen. Guztira, 70 emanaldi baino gehiago egin dituzte haien ibilbide laburrean.


ASTEKARIA
2014ko martxoaren 30a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Diskoak
2022-11-27 | Iker Barandiaran
Bizi(g)arria

Harritu nau –zentzu onean– proiektu berri honek. Adiera edo zentzu asko ditu hitzak eta Bergaran Aitor Aldanondok harri baten inguruan sortutako honek baditu hainbat. Urteetan hartutakoa –bizitakoa– nolabait atera nahi izan du lan honetan.

Ibilbide... [+]


2022-11-20 | Xalba Ramirez
Zintzo izatearen fantasia

Eñaut Elorrietaren inguruko dokumental bat egin zutela-eta, Tabakalerara gonbidatu ninduten orain bizpahiru aste. Gustuz hartu nuen lagunarteko estreinaldirako gonbita, baina zinema aretora hurbiltzean jende asko hasi nintzen topatzen; hor Paul eta Itziar, hor Sarri, hor... [+]


2022-11-06 | Iker Barandiaran
Katuek baino ertz gehiago

Batzuetan elementu asko elkartu behar dira aurreikusi ez duzun emaitza bat ateratzeko. Hori gertatu da nolabait Gernika eta Bermeo artean sortutako Feline taldearekin. Primeros Auxilios punk taldeko Iñaki Baini-k etxean elektronikarekin jolasteari ekin eta maketa batzuk... [+]


2022-10-30 | Xalba Ramirez
Gustuko lautadan nekerik ez

"Hemen, errebelazio bat bezala, espazioa eta denbora argiago ikusten dira". Miren Narbaiza bueltan da berriz, eta eskerrak. Eszenak eman duen kantugilerik berezienetako bat da Narbaiza. Kanta berriak nola gobernatzen dituen ikustea besterik ez dago.

Zeren, sortzaile... [+]


2022-10-16 | Iker Barandiaran
Bi altxor eta sorleku bakarra: Buenawixta

Asko poztu nintzen Artza anaiek diskoetxe berria abiaraztearekin bat Barrakos-en maketa –non erosiko nuen, Boga tabernan?– berreskuratu eta biniloan ateratzeko asmoa zutela jakitean. Izan ere, aipatutako maketa –1990koa– gure musika historian oharkabean... [+]


Eguneraketa berriak daude