Dibertsifikazioarekin, lanpostuak

Industria sektoreko teknologia eta espezializazioari esker lanpostuak mantendu ditu Gureak Taldeak.
Industria sektoreko teknologia eta espezializazioari esker lanpostuak mantendu ditu Gureak Taldeak. Imanol Otegi / Argazki Press

“Guri negozio batean esaten badigute %20ko etekina lortuko dugula, baina lanposturik ez, hor ez gara sartuko. Alderantziz, inbertsio txikiarekin lanpostu asko sortuko dugula ikusten badugu, ba orduan bai”. Horrela deskribatu du euren jarduteko filosofia Jon Ander Arzallus Galparsorok, Gureak Taldeko Berrikuntza Zuzendariak eta Komunikazio Arduradunak.

Gureak desgaitasunak dituzten pertsonentzako eta merkatuan lana aurkitzeko zailtasunak dituztenentzako Gipuzkoako gizarteratze enpresa da. 1975ean sortu zen, aurretik Bergaran, Donostian eta beste hainbat tokitako tailer txikitan izandako esperientziek eta Atzegi desgaitasun intelektualak dituzten pertsonen familien elkarteak bultzatuta.

18 enpresak eta 2 fundaziok osatzen dute taldea eta denera 4.302 lagun aritzen dira, tailer industrialetan eta zerbitzu-enpresetan, batez ere. Taldeko enpresak S.A eta S.L.ak dira, ohiko enpresen eredu bera dute, baina kategoria berezi batekin: Enplegurako Zentro Bereziak dira. Legediak araututako bide bati esker, desgaitasunak dituzten pertsonentzako lanpostuak mantentzeagatik diru-laguntzak jasotzen dute; lanpostuen %70 baino gehiago desgaitasuna duten pertsonek bete behar dute. “Gu juridikoki enpresa normalak bagara ere, estatutuetan daukagun baldintzetako bat da etekinak ez direla banatzen, erreserbatara joan eta hurrengo urtean inbertitzeko erabiltzen dira. Horrek ekarri du krisiaren aurrean beste enpresa batzuen zorpetzerik ez izatea. Etxeko ekonomia batek bezala funtzionatzen dugu, aurreztu eta gero inbertitu, eta horrek finantzetan agoantatzeko aukera eman digu”, dio Arzallusek.

Enpresa askok erregulazio espedienteak eta kaleratzeak egin dituztenean, Gureak-en enplegua mantendu dute. 2010ean ikusi zuten krisia luzerako zetorrela. Hala, enpleguari eusteko neurriak hartu zituzten eta 2012an etekinak asko murriztu zituzten arren, lantaldeak bere horretan segitzea lortu zuten. 2013an 46 lagun gehiagori eman diote lana eta beste 120 birkolokatu egin dituzte.

Dena dela, merkatuaren exijentzia igo egin da eta Gureak-ek ere nozitu du hori. “Bezeroak ez digu erosten desgaitasuna dutenekin lan egiten dugulako, merkatuak betiko gakoetan funtzionatzen du: prezioa eta kalitatea”. Arzallusen hitzetan Gureak-era lan bila doan jendearen perfila kualifikazio gutxikoa da eta horrek sektore zehatz batzuetara mugatzen ditu, lorezaintza eta garbiketetara kasu: “Geroz eta zailago egiten zaigu zailtasun handiak dituztenei aukera ematea”.

Zein da irtenbidea? “Dibertsifikazio bila gabiltza gau eta egun. Dibertsifikazioak bi aurpegi ditu: laguntzen digu krisiari aurre egiten, eta bestalde, horren bidez aukera desberdin asko izaten ditugu pertsona bakoitzari gehien egokitzen zaion lanpostuak eskaintzeko”. Industria sektorean, zenbait teknologia erabilita, espezializazio handia lortu dute eta horri esker zerbitzu integralak eskaintzeko kapaz dira: I+G, logistika, erosketak… “Jadanik ez gara azpikontrata bat”, dio Berrikuntza Zuzendariak. Horrela lortu dute zailtasun handiak dituztenentzako lanari eustea.

Ekarpena ongizatean

2013an Gureak-ek 104 milioi euroko salmentak izan zituen eta 2,6 milioi euroko irabazia. Gipuzkoako ekonomiari egiten dion ekarpena, beraz, ez da txantxetakoa. Euren kalkuluen arabera, administrazio publikotik jasotzen duten euro bakoitzeko 2,56 euro sortzen dituzte, soldatak, zergak eta kantitate guztiak kontuan hartuta. Zailtasunak dituzten pertsonak okupaturik edukita ere dirua aurrezten du administrazioak, segur aski zerbitzu sozialen erabiltzaile lirateke bestela.

Baina sortutako ongizatearen bidez ere neurtu daiteke ekarpen hori: “Pertsona batek behar duena lana da. Lana duen momentutik bere bizitzari estruktura bat ematen dio, ohiturak eta giza erlazioak sortzen dira, lanpostua bihurtzen da euren bizitzako bizkarrezur. Gaixotasun mentalak dituzten pertsonak momentu honetan 700 dira Gureak-en. Halako pertsona batek kontratua galtzen badu, duen arriskurik handiena etxean geratzea da”. Familiei ere zeharka ongizatea ekartzen die desgaitasuna duen pertsonak lan egin ahal izateak, ez delako hain menpeko eta egoera beste lasaitasun batekin hartzen laguntzen dielako.

Asko dira, bestalde, Gureak-en lan egin ondotik enpresa “normaletara” jauzi egin duten lagunak. Taldean unitate berezi bat ari da arlo hori lantzen duela 15 urtez geroztik. Enpresaz enpresa aholkuak ematen dituzte, legediaren onurak esplikatu, prestakuntza eta laguntzailea eskaini… Dena den, gaur egungo egoera ekonomikoan halako pausoa ematea ez dela erraza onartu du Arzallusek eta lan asko udako ordezkapenak egiteko omen dira. Momentu honetan 200 lagun dira Gureak-en ekimenez Gipuzkoako enpresetan lanpostu egonkorra dutenak. Zenbait kalkuluren arabera, desgaitasuna duen biztanleriaren %60 ez da aktiboa, etxean geratzen da, eta lanik aurkitzen ez dutenen portzentajea 12 puntu altuagoa da, bataz bestekoarekin konparatuta. Hortaz, bistan da oraindik asko dagoela hobetzeko.

Desgaitasuna dutenen garapena lantzeko hainbat proiektu dituzte martxan. Ekonomia sozialeko beste antolaketa eredu batzuekin probatzeko asmotan ere badabiltza: “Negozio ideia bat gure enpresan lantzerik ez badago, saiatu gara desgaitasunak dituztenen artean kooperatiba txikiak sortzen. Orain arte apenas izan dugu emaitzarik, baina auto-enpleguko aktibitateak bai sustatu ditugu”.  Dena den, Gureak moduko aterpe zabaletik irtetea kosta egiten zaio askori, Arzallusen esanetan.

Fakturazio milioiduna eta ehunka langileko enpresen taldea den arren, Gureak-ek PYME baten antza handiagoa du: “Egitura oso planoa da, guk ez daukagu multinazional batek duen hierarkia edo eskailerarik”. Horrek, Arzallusen ustez, baditu alde onak eta txarrak: erabakiak azkar hartzeko aukera ematen baitu, baina berrikuntzarako edo proiektu berriak martxan jartzeko jende gutxi daude: “Estruktura motzarekin eta presio dezenterekin egiten dugu lan. Baina hori konpentsatu egiten da, soldatez aparte, Gureak-en lan egiten duten profesionalek enpresaren misioa barruan daramatelako eta horrek plus bat ematen du”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


2024-04-21 | Iñaki Barcena
Mecaner ez itxi!

Euskal autogintzaren industrian gertatzen ari den adibide esanguratsu batekin natorkizue. Duela urte erditik (2023-09-01), Mecaner Urdulizko (Uribe Kosta) autogintzako trokelgintza enpresako 148 langile euren lanpostuak galtzeko zorian daude. Enpresa bideragarria da eta... [+]


2024-04-18 | Gedar
Lanuzteei ekin diete berriz Trapagarango Amazonen

Aste honetan egiten ari dira lanuzteak, lan-baldintzetan hobekuntzak exijitzeko. Aurreko hiru hilabeteetan ere izan dituzte grebak.


2024-04-17 | ARGIA
Berangoko Otxantegiko nekazal lurren desalojoa gelditzen laguntzeko deia egin dute

Berangoko Otxantegiko nekazal lurrak modu kolektiboan lantzen bi urte eman ditu proiektu agroekologikoak, baina desalojo agindua dute apirilaren 18rako. Kanporatzea gelditzea lortu zuten iaz, eta berriro ere lortuko dutelakoan, gosari herrikoia deitu dute egun horretarako... [+]


Eguneraketa berriak daude