Ez naiz gai

Ez naiz brikolaje zalea. Txikitan erabaki nuen eskuekin ez nintzela trebe, eta hortik aurrera bonbillak aldatzea izan da etxean egindako lanik konplexuena. Managuara bizitzera etorri naiz, eta hemen etxeak hutsik, altzaririk gabe, alokatzen dira. Oihalezko armairu bat eta oinetako altzari oso sinple bat erosi eta nik muntatu ditut, planoa begiratuz. Ez dauka misteriorik, baina trebe sentitu naiz. Hurrengo erronka egurrezko taula bat lixatzea eta margotzea izango da, apal bezala erabiltzeko.

Beste anekdota bat: Managuatik gertu dagoen urmael famatu batera joan nintzen bainatzera orain dela gutxi. Ur gainean egurrezko plataforma batzuk daude, jendea eguzkipean etzanda erlaxatzeko, aintzirako mugimenduak kulunkatua. Gizonezko lagun batekin joan nintzen eta bera, eskailerak erabili ordez, pultsuan igo zen. Nik esan nion argi neukala ez nintzela horrela igotzeko gai, ez baitaukat indarrik besoetan. “Saia zaitez!”, esan zidan. Eta nik ezetz. Hurrengo egunean saiatu nintzen: eskuak taulan jarri, besoen indarra erabiliz gorputza uretatik atera, taulan eseri arte: “Eup!”. Bosgarren saiakeran lortu nuen.

Seguru asko nire bi lorpen txiki horiek tuntunak irudituko zaizkizue eta ez duzue nire poztasun eta harrotasuna ulertuko. Baina zera gogorarazi didate: “June, ez esan berriro ‘ez naiz gai’. Saiatu”. Haurtzarotik “ez naiz indartsua” eta “ez naiz trebea” ditut garunean grabatuak. Hori dela eta, giharrak atrofiatuta ditut eta ez dut eskuz ezer ere egiten.

Feminista naizen neurrian, sexismoari lotutako irakurketa bat egiten dut. Neskatila tipikoa izan naiz: soinekoak maite nituen, balleta egiten nuen, patioan soka-saltoan ibiltzen nintzen eta baloiak beldurra ematen zidan. Orain inbidia ematen didate lagunekin futbolean edo saskibaloian jolastera biltzen diren gizonak. Batzuetan nire neska-lagunekin komentatu dut: “Zergatik ez gara saiatzen? Bost axola baloia behin ere ukitu ez badugu...”. Genero rol tradizionalek gure ahalmenak mugatzen dituzte. Gizonen kasuan txikitan dantzatzea maritxuen kontua zela uste izateak gozatzeko bidea itxi die, esaterako. Askok sexuen arteko desberdintasunak biologia kontua dela diote, baina hezkuntza eta estimulu guztiz bestelakoak jasotzen ditugun neurrian, nola dakigu halabeharrezkoak diren ala ez?

Bestalde, hezkuntza berdin zalea jaso dugun belaunaldiok, trebetasuna gehiago garatu ordez, gero eta eskasagoa daukagu. Gaur egungo emakume gehienok ez dakigu gure amamek bezain ondo janaria prestatzen, baina ez dugu mekanika edo iturgintzari buruz ezer ikasi. Gizonek gero eta ardura gehiago hartzen dute etxeko lanetan, baina gutxik ikasi dute josten, eta aldi berean, gutxi dira euren kabuz, elektrikari edo igeltsero bati ordaindu ordez, etxeko erreformak eta konponketak egiteko nire aitite bezain gai.

Aro birtualizatu honetan, uste dut bizitzaren jasangarritasunari lotutako lanei arreta handiagoa jarri beharko geniekela, ekonomia feministak erabili ohi duen kontzeptu hori eguneroko bizitzan praktikara eramaten, eta ez bakarrik zaintza lanen garrantzia aldarrikatzeko, baizik eta, baita ere, rol maskulinoei lotutako trebeziak mantentzeko eta emakumeen jabekuntza prozesuetan gehitzeko. Denok, neskek zein mutilek, genero rolak astinduz, brodatzen zein sarrailak aldatzen gai izatea izan behar dugula helburu. Horrela izango gara gizaki autonomoak eta osoak, gure oinarrizko beharrak asetzeko emazte, senar edo gurasoen beharrik ez dutenak, eta erantzunkidetasunean oinarritutako harremanak dituztenak.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


ASTEKARIA
2014ko martxoaren 30a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude